Pedro Pablo Abarca de Bolea
Pedro Pablo Abarca de Bolea y Jiménez de Urrea (Siétamo, Huesca, 1719ko abuztuaren 1a — Épila, Zaragoza, 1798ko urtarrilaren 9a), X. Arandako kondea, espainiar noble, militar eta estatu-politikaria izan zen. Espainiako erreforma eta ilustrazio zale sutsuenetakoa izan zen bere garaian eta, aldi berean, tinko agertu zen gaztelania (espainiera) hizkuntzaren alde, argitalpenetan eta hezkuntzan euskara, katalana eta monarkiako beste hizkuntzak debekatuz.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boloniako apaizgaitegian hasi zituen ikasketak, baina 18 urte zituelarik Parmako Eskola Militarrean sartu zen. Austriako Ondorengotza Gerran parte hartu zuen. Ondoren, armadatik irten eta Parisen bizi izan zen. Han entziklopedistak (Diderot, Voltaire eta D'Alembert) ezagutu zituen[1].
1755ean Fernando VI.ak Espainiako enbaxadore Portugalen izendatu zuen. 1766an, Esquilacheren aurkako matxinadaren ondoren, Karlos III.ak Gaztelako Kontseiluko lehendakari izendatu zuen. 1767an jesuitak egotzi zituen Espainiatik, erregearen aurka aritzen zirela leporaturik[2]. Floridablancako kondearekin etsaitu zen eta 1773an kargua utzi behar izan zuen[1]. 1773-1787 bitartean Parisko enbaxadorea izan zen.
1792ko otsailean Karlos IV.ak Estatu Idazkari izendatu zuen. Frantziako Iraultzaren aldeko ideiengatik, hilabete gutxiren buruan kargugabetu zuten eta arazoak izan zituen Inkisizioarekin. Manuel Godoyren aurkakoa izaki, atxilotu eta Jaenera erbesteratu zuten, Inkisizioak bere aurkako epairik eman ez bazuen ere. Barkatua izan ostean, politika utzi eta Epilara erretiratu zen[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Pablo Abarca de Bolea |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/04/28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Aranda, conde de. Pedro Pablo Abarca de Bolea Ximénez Artehistoria.jcyl.es
- ↑ Conde de Aranda Biografiasyvidas.com