Pavel Kohout
Pavel Kohout (Praga, 1928ko uztailaren 20a) txekiar eta austriar idazlea da. 77. Gutuna komunismoaren aurkako mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen.
1952an antzerkian eta estetikan graduatu zen Pragako Unibertsitate Karolinoan. Ideologia komunistakoa, Txekoslovakiako Gazte Batasuneko batzorde zentraleko kidea izan zen. Garai hartan hasi zen antzerki eta olerkigintza lanak idazten eta Idazle Elkartean sartu zen.
1956an Txekoslovakiako Telebistako berriemaile eta komentarista izan zen, eta 1963tik 1966ra Vinohrady Antzokiko zuzendaria. Garai hartan, jarrera politiko erreformistetara hurbildu eta Idazleen Batasunetik atera zen. Antzerki ofizialean lan egitea debekatu zioten eta antzerki konpainia propioa sortu zuen.
1968ko Pragako Udaberriko protagonista nagusietako bat izan zen. 1969an alderdi komunistatik bota zuten eta bere lana zentsuratu egin zuten. 1978an Vienara emaztearekin joan eta Burgtheaterren lan egiteko baimena jaso zuen. Txekoslovakiako nazionalitatea kendu zioten eta sl herrialdea itzultzea debekatu zioten. 1980an austriar herritartasuna jaso zuen eta Vienan lanean jarraitu zuen Txekoslovakiako komunismoaren erorketarekin bere herrialdera itzuli ahal izan zen arte.
Olerkigintza, eleberri eta antzerki lanen egilea da.