[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Souvanna Phouma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Souvanna Phouma

Laosko Lehen Ministro

1951ko azaroaren 21a - 1954ko urriaren 20a
Bizitza
JaiotzaLuang Prabang1901eko urriaren 7a
Herrialdea Laos
HeriotzaVientian1984ko urtarrilaren 10a (82 urte)
Familia
AitaBounkhong
Ezkontidea(k)Aline Claire Allard (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaGrenobleko Unibertsitatea
Parisko Unibertsitatea
HizkuntzakLaosera
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakVietnamgo Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaNational Progressive Party (Laos) (en) Itzuli

Find a Grave: 151452104 Edit the value on Wikidata

Souvanna Phouma printzea, Suvanna Fuma edo Tiao printzea ere esan ohi zaio, (laoseraz: ເຈົ້າສຸວັນນະພູມາ; Luang Prabang, 1901eko urriaren 7aVientian, 1984ko urtarrilaren 10a) talde neutralistaren burua zen eta Laosko Erresumako Lehen Ministroa izan zen 4 alditan: 1951-1954, 1956-1958, 1960 eta 1962-1975 tarteetan.

Souvanna Phouma printzea (Luang Prabangen - laoseraz: ເຈົ້າສຸວັນນະພູມາ- jaio zen, Laosen, 1901eko urriaren 7an. Errege familian jaio zen, Bounjong printzearen semea baitzen eta Laosko Errege zen Sisavang Vongen iloba.

Frantziar kolonialismoaren usadioan hezi zuten, Hanoi, Paris eta Grenoblen. Azken honetan, arkitektura eta ingeniaritza lizentziaturak jaso zituen[1]. 1931n Laosera itzuli zen eta funtzionario gisa egin zuen lan Indotxinako administrazioan; Aline Claire Allardekin ezkondu zen.

II. Mundu Gerraren amaieran, bere anaia Phetsarath Ratanavongsa printzea eta anaiaorde zuen Souphanouvong printzearekin batera, Erresumako politikan hartu zuen parte, frantziarren okupazioa indargabetzeko asmoz, Lao Issara ezarri zen garai berean.

Lehen Ministro

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
John F. Kennedyrekin
John F. Kennedyrekin

1951n, Laosko Lehen Ministro izan zen gehiengoaren botoei esker eta hurrengo urterarte egon zen karguan. Bere lanaren helburu nagusia Laos Frantziatik independentea izateko negoziazioa izan zen eta jarrera neutrala erakutsi zuen. Pathet Laoren mugimendu komunistari gobernu batu bat osatzeko ideia luzatu zion eta, aldi berean, mendebaldeko herrialdeekin harremanetan izan zen, AEB-ekin nagusiki. Gerora, 1954 eta 1955 urteen artean Lehen Ministro-orde eta Defentsa Ministro ere izan zen.

1955eko abenduko hauteskundeetan, printzeak kargua berreskuratu zuen adiskidetasun nazionala eskuratzeko plataforma bat aurkeztuz. 1956ko abuztuan, Souvanna Phouma eta Pathet Laoren buruzagiek Batasun Nazionaleko Gobernua adostu zuten. 1958ko maiatzeko hauteskundeetan, Pathet Laoren alderdi aliatuek 21 eserlekutatik 13 eskuratu zituzten batzarrean. Souphanouvongek Ekonomia Ministro kargua hartu zuen baita Phoumi Vongvichit, Laosko beste liderrak ere. Souvanna printzearen botere metaketa kaltegarri ikusi zuten estatubatuarrek eta, horregatik, laguntzarik ez ematea erabaki zuten.

1958ko ekainean, Souvanna printzeak karguari uko egin behar izan zion gobernuaren batasuna gainbeherara eramanez. Laosko erregeak Souvannaren dimisioa onartu zuen Nº 282 Errege Ordenaren pean eta Komite Iraultzaileari indarra eman zitzaion. Geroago, errege-dekretu baten bidez, behin-behineko gobernua eratu zuten, Boun Oum printzea buru. Pathet Laoren aurkari zen Phoui Sananikonen izenean administratzen zuen printze horrek, jenerala zela-eta, erregeak ez baitzuen lehen ministro izendatu nahi.

1959an, Sisavang Vong erregearen heriotzarekin, neutralisten eta eskuindarren arteko tira-birak hasi ziren. 1960an, Kong Le kapitainak, neutralisteko kideak, Vientian hiria hartu eta Souvanna Phouma printzeak Lehen Ministro kargua berreskuratu zuen. Gerora, Souphanouvong printzearekin eta Pathet Laorekin akordio batera heldu zen. 1960ko abenduan, ordea, tropa eskuindarrak eta errealak, Phoumi Nosavan buru zutela, Vientianera heldu ziren Kong Le eta Souvanna printzea bertatik botaz.

Souvanna Phoumak Khang Khayn gobernu neutralista bat sortzea erabaki zuen. Joera komunistako herrialdeek eta Lerrokatu Gabeko Herrialdeek, Indiak esaterako, Souvanna Lehen ministrotzat joko zuten. AEBk eta Mendebaldeko Herrialdeentzat, aldiz, Vientiango gobernu militarra Boun Oumenan izango zen.

1961eko urtarrilean, AEB-etako John F. Kennedy presidenteak Laosko bake-akordio eta neutraltasun deia egin zuen. 1961eko maiatzean, Genevako Hitzarmenak ere estatuaren neutraltasuna eta independentzia hitzartu zuen. Gauzak horrela, ekainean, Boun Oum, Souvanna Phouma eta Souphanouvong printzeek Batasun Nazionaleko Gobernua hitzartu zuten, 1962ko uztailean, Souvanna printzea Lehen Ministro izango zelarik eta beste biak, berriz, Ministroorde.

Koalizio honek ez zuen egonkortasun handirik izan eta, 1964an, printzea bere postutik kentzeko saiakera egin zen, baina berriro ere berak eutsi zion aginteari[2]. Hala ere, Pathet Laok gobernua uztea erabaki zuen, garai honetarako, Souvanna printzea AEB-en titerea besterik ez zela ikusten zuelako. Pathet Laok borroka iraultzaileari ekin zion, Vietnamgo gerrarekin batera eman zena eta 1975era arte bukatuko ez zena. Orduan, monarkia eraitsi zuten Laosen eta gobernu komunista ezarri.

Erregimen berriak Souvanna printzea erretiratu zuen, baina kontseilari egin zuen gaixotasun luze batek hil zuen arte[3]. Bederatzi urte geroago gertatu zen hori, 1984ko urtarrilaren 10ean

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Souvanna Phouma Aldatu lotura Wikidatan