[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Nerbio-ehun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nerbio-ehuna

Nerbio-ehuna ornodunen laugarren ehun nagusia da, eta guztietan konplexuena. Garuna, bizkarrezur-muina eta nerbio periferikoak osatzen duten zelulak dira. Berariazko hartzaileen bitartez estimuluak jasotzen, nerbio zentroetatara informazioa transmititzen, erantzunak sortzen eta, euren jarduera egokitu dezaten, erantzun horiek organo eragileei bidaltzen berezituta daude. Organismo osoan zabalduta daude, sistema baten barruan antolatuta: nerbio-sisteman.

Bi elementu mota ditu: nerbio zelulak edo neuronak eta glia edo neuroglia zelulak.

Sakontzeko, irakurri: «Neurona»

Neurona guztiek gorputz neuronala edo perikarion izeneko gorputz zelularra eta zitoplasmako luzapenak dituzte. Gorputz neuronalek itxura bat baino gehiago izan dezakete: izar itxura, piramide itxura, esferikoa... Nukleo handia dute, neurofibrila ugari eta gorputz besikularrak edo Nisselen granuluak.

Perikarionetik bi luzapen mota irteten dira:

  • Dentritak: laburrak, ugariak eta adar askokoak izaten dira normalean. Adarraren muturrera hurbiltzen diren neurrian, diametroa txikitu egiten zaie. Dentritek beste neurona batzuen nerbio kinada jasotzen dute.
  • Axoia edo neurita: luzapen bakarra izaten da gehienetan, oso luzea, oso adar edo kolateral gutxi dituena, eta luzera osoan diametro finkoa duena. Nerbio kinada gorputz neuronaletik kanpora bidali eta nerbio, muskulu edo epitelioko zelula batera transmititzeaz arduratzen da. Azken adarrak puxika antzeko zabalguneetan amaitzen dira, botoi terminaletan. Botoi horietan kinada beste zelula batzuetara transmititzen da neurotransmisore izeneko zelulen jariakinaren bitartez. Neuronen arteko loturak sinapsiak dira.

Funtzioaren arabera, neuronak bi eratakoak izan daitezke: sentikorrak, estimulua jasotzen dutenak, eta eragileak, erantzuna sortzen dutenak. Bi neurona mota horien artean nerbio kinada zuzentzen, erregulatzen eta aldatzen duten beste neurona batzuk egon daitezke. Ornogabeetan oso ugariak dira jariatzen neuronak, ornogabeetan ez dira hain ugariak. Neurona mota horiek odol-hormonak askatzen dituzte.

Sakontzeko, irakurri: «Glia»

Neuronak bete, eutsi eta bakantzeaz gain, ziur aski euren elikaduran partea hartzen dute (astrozitoak eta oligodendrozitoak), hau da, neuronen mantenuaz arduratzen dira. Nerbio ehunak garbitzen ere jarduten dute eta zaurituta edota hilda dauden neuronak digeritzen dituzte (mikroglia). Neurona bakoitzeko hamar glia daudela kalkulatzen da.

Glia mota desberdinak:

  • Astrozitoak: neuronak inguratzen duten izar itxurako zelulak dira. Kapilarrekin lotzen diren hedapenak dituzte.
  • Oligodendrozitoak: Txikiagoak dira eta astrozitoek baino luzapen laburragoa eta gutxiago dituzte. Nerbio sistema zentraleko axoiak inturatzen dituen mielinazko zorroa eratzen dute.
  • Mikroglia zelulak: txikiak eta urriak dira. Luzapen laburrak dituzte eta, “arantza” txikiz estalita daudenez, itxura arantzatsua.
  • Schwannen zelulak: zapalak dira eta zitoplasman banda bikoitza dute, fina eta zurbila; mielinazko zorroaren alde bietan ezarrita dago. Substantzia hori lipidikoa da: batez ere molekula fosfolipidoekin, eta kolesterol eta proteina loturekin osatua. Zelula horien oinarrizko funtzioa nerbio sistema periferikoko zuntzak estaltze da eta euren degenerazio eta birsorkuntzan parte hartzea.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]