[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Mendizorrotza (auzoa)

Koordenatuak: 42°50′22″N 2°40′53″W / 42.83945°N 2.68143°W / 42.83945; -2.68143
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mendizorrotza
 Euskal Herria
Mendizorrotzeko lorategi-hiriko etxe bat
  
Map
Kokapena
Herrialdea Araba
UdalerriaGasteiz
Geografia
Koordenatuak42°50′22″N 2°40′53″W / 42.83945°N 2.68143°W / 42.83945; -2.68143
Demografia
Biztanleria4.819 (2023)

Mendizorrotza Gasteizko (Araba) auzoa da. Hiriaren hego-mendebaldean dagoen auzo handi bat da, eta bere baitan izaera propioa daukaten hainbat gune daude. Mendizorrotza, izatez, gaur egun izen bereko kiroldegiaren barruan dagoen mendixka bat da, izena bere forma zorrotzari zor diona. Mendizorrotzaren parez pare, Lasarteko atearen beste aldean, Mendizabala izeneko beste muinotxo bat existitzen da, hau ere horrela deitutakoa bere formaren ondorioz. Auzoak Batan izena ere jasotzen du, auzoa zeharkatzen duen ibaiak izen hori baitauka.

Mendizorrotzeko guneak

Izatez, banaketa administratibo honen baitan askotariko auzo-izaerak daude bilduta. Ekialdean, Unibertsitateen inguruko esparrua hezkuntza eta administrazio eraikinez beteta dago, eta bere giroa gazteen joan-etorriek baldintzatzen dute. Mendebalderago, familiabakarreko etxebizitzen etxadi txiki batek Gasteizko lorategi-hiria osatzen du. Honen alboan eta Mendizorrotzeko kirolguneraino dagoen eremuan Batan errekak goi mailako etxebizitzen blokez osaturiko auzoa (hain zuzen, Batan auzoa honi deitzen zaio) egituratzen du. Batanen hegoaldean Mendizabala dago. Batanen eta trenbidearen artean, Frai Francisco Vitoria ibilbideak jauretxez betetako etorbide bat eratzen du. Hementxe daude lehendakariaren egoitza den Ajuriaenea jauregia, Arabako Arte Ederretako Museoa eta Arabako Arma Museoa, besteak beste. Hego-mendebaldean, Cervantes ibilbideak Gasteizko kirol eremu handiena zeharkatzen du. Hemen daude Mendizorrotza bera eta Vital Kutxaren Estadio Fundazioak hirian daukan kirol-esparru nagusia. Mendebalderago, Gasteiz mendiek eskualde horretan eratzen duten lehen muinotxoetako baten gainean, Uleta izeneko familiabakarreko etxebizitzen hiritartze modernoa dago, justu Armentia herriaren ondoan. Armentia bera ere Mendizorrotz auzoaren eremuan sarturik dago. Azkenik, auzo honen mugen barruan dago, baita ere, N-1 errepide zaharretik (orain N-102) iparraldera dagoen eremu handi bat. Lur hauek nekazaritzarako erabili izan dira 2006. urtea arte, baina egun Zabalganeko auzo berrien kokaleku da.

Auzo honen mugak finkatu zirenean ez ziren existitzen Zabalganeko auzo berriak. Auzo horiek, behin-behinean Ipar Zabalgana eta Hego Zabalgana deitzen direnak, Medizorrotz auzoaren mugen barruan eraiki dira, hain zuzen Ariznabarraren eta Gasteizko Eraztun Berdearen parte den Zabalganeko parkearen artean. Ipar Zabalgana eta Hego Zabalgana populatzen joan diren heinean, biztanleria-kopuru osoak gora egin du. Haatik, kontuan izan behar da izatez auzo berri horiek beste nortasun bat edukiko dutela etorkizunean eta, beraz, biztanle-datuak ez dutela errealitatea ondo jasotzen.

Biztanleriaren bilakaera
Errolda
urtea
Biztanleria
2001 4.822
2002 4.794
2003 4.822
2004 4.835
2005 4.904
2006 5.457
2007 7.254
2008 9.471

Auzoak Mendizorrotzeko futbol zelaiari eta honen inguruan dagoen kirolguneari izena ematen dio. Futbol zelaiaren jabetza udalak daukan arren, Alaves futbol taldeak bertan jokatzen ditu bere partidak. 20.000 pertsona hartzeko tokia dauka.

Mendizorrotzeko kiroldegia Gasteizko kiroldegi handiena da. Igerilekuz eta bestelako kirol ekipamenduz horniturik dago: atletismorako pista, teniserako pistak, etab. Horrez gain, Ogeta pilotalekua ere bertan dago.

Leku nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Salbatierrabide kalea
  • Prado parkea
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gasteiz

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]