[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Molukak

Koordenatuak: 2°S 128°E / 2°S 128°E / -2; 128
Wikipedia, Entziklopedia askea
Molukak

Moluka uharteak
Geografia
KokapenaHego-ekialdeko Asia
Uharteak denera~1000
Uharte nagusiakHalmahera, Seram, Buru, Ambon, Ternate, Tidore, Aru uharteak, Kai uharteak
Azalera74.505 km²
Punturik garaienaBinaiya
Politika
Herrialdea Indonesia
ProbintziakMolukak, Ipar Molukak
Hiri populatuenaAmbon
Gizartea
Biztanleria2.100.000 bizt. (2006)
Dentsitatea28,2
Talde etnikoakNuaulu, Manusela

Molukak[1] Indonesiako uhartedia da, Ozeano Barean dagoena, Sulawesi eta Timor uhartearen artean. 74.505 kilometro koadroko eremua du, eta 2006an 2.100.000 biztanle zituen. Hiriburua Ambon da.

Lehen, txinatarrek eta europarrek Espezien uharteak esaten zieten, espezia asko zegoelako han. Egungo izena arabiar merkatariek erabiltzen zuten deituratik dator: Jazirat al-Muluk («Erregeen uhartea»).[2]

Moluka uharteak hego-ekialdeko Asian daude. Mendebaldean Sulawesi dute, iparraldean Filipinetako itsasoa, Filipinak eta Ozeano Barea, ekialdean Ginea Berria, eta hegoaldean Arafura itsasoa eta Timor[3]. 1027 uharte direla jotzen da; handienak Halmahera eta Seram dira, baina biztanle dentsitate handiena Ambon eta Ternaten dago. Uharte gehienak menditsu eta oihantsuak dira; mendirik garaiena, Binaiya (3.027 m) Seramen dago. Uharte batzuk, Ternate esaterako (1721 m), itsasotik azaleratutako sumendiak dira. Klima montzoi haizeen mende dago.

Uhartedira duela 40.000 urte inguru heldu ziren gizakiak. Harremanak izan zituzten ingurukoekin, bertan aitzinako aztarna induistak eta budistak topatu baitira.

Kristo aurreko 2. mendeko zilar eta harribitxi aztarnek Indiarekiko harremanak adierazten dituzte, Baina gure aroko 6. eta 7. mendeetan Txinarekin harremana ikusten da bertako herrien aztarnetan. Handik gutxira iritsi ziren lehen misiolari eta merkatari musulmanak bertara, baina 14. mendera arte ez zen nagusitu uharteen islamizazioa[4].

Portugaldarrek 1512an esploratu zituzten Moluka uharteak. Herbehereek eskuratu zituzten XVII. mendean, eta XIX. mendearen hasieran ingelesak jabetu ziren uhartediaz, urte gutxiz izan bazen ere, ondoren berriro ere Herbehereen eskuetara igaro baitziren.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren uhartedia Indonesiaren eskuetan geratu zen, eta ordutik aurrera bertako probintzia da. 1950ean Moluka uharteen burujabetasunaren aldeko higikundea sortu zen Ambonen. 1999 eta 2002 artean, musulman eta kristauen arteko liskar latzak izan ziren[5]. 2010ean, Richter eskalaren arabera 6,1 graduko indarra hartu zuen lurrikarak astindu zuen uhartedia[6].

Talde etnikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moluketan 100 hizkuntza inguru hitz egiten dira, austronesiar taldeko adar batekoak gehienak: erdialdeko hizkuntza malaio-polinesiarrak[7]. Salbuespena Halmahera uhartea eta inguruko Ipar Moluketako uharte batzuk, non papuar hizkuntzak hitz egiten diren.

Mendebalderago jatorria duen malaierak sortu ditu halaber kreolera batzuk Moluketan, eta horien artean Ambon eta Ceram uharteetako ambonera dago, eta baita Ipar Moluketako malaiera, zenbait uhartetan hedatuta.

Erlijioz Ipar Moluketako biztanle gehienak musulmanak dira, baina erdialdeko eta hegoaldeko uharteetan kristauak gehiago dira. Kei uharteetan, nagusitrasun katoliko baten artean, hinduistak ere badaude.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moluka uharteek Indonesiako probintzia bakarra osatu zuten, 1999an bitan banatu zituzten arte: Ipar Molukak (Maluku Utara) eta Molukak (Provinsi Maluku). Ipar Molukak probintzian daude, besteak beste, Ternate, Bacan, Halmahera, Morotai, Obi uharteak, Sula uharteak eta Tidore. Molukak probintziako uharte nagusiak, berriz, hauek dira: Ambon, Aru uharteak, Babar uharteak, Banda uharteak, Buru, Kai uharteak, Kisar, Leti uharteak, Seram, Tanimbar uharteak eta Wetar.

Oraindik lantzen dira espezia batzuk, hala nola iltzea eta intxaur muskatua, eta baita kakaoa, kafea eta fruituak ere. Hala ere, arrantza da ekonomiaren oinarria, bereziki Halmahera eta Bacanen. Aru uharteetatik perlak esportatzen dira, eta Serametik otarrainak. Zenbait uharteetan zur baliotsuak ekoizten dira, teka eta ebanoa esate baterako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
  2. Ricklefs, M.C.. (1991). A History of Modern Indonesia Since c.1300. (2. argitaraldia) Londres: MacMillan, 24 or. ISBN 0-333-57689-6..
  3. Moluccas. global.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).
  4. «Maluku Islands History Facts and Timeline: Maluku Islands, Indonesia» www.world-guides.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-07).
  5. Troubled history of the Moluccas. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).
  6. 6,1eko lurrikara Indonesian, Moluka uharteetan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-9-16).
  7. Bellwood, Peter. (2019). The Spice Islands in Prehistory : Archaeology in the Northern Moluccas, Indonesia.. ANU Press ISBN 978-1-76046-291-8. PMC 1107600632. (Noiz kontsultatua: 2022-05-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]