Lyme gaitz
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Lyme gaitza | |
---|---|
“Eritema migrans”, Lyme gaitzaren lehenbiziko sintoma, handituz eta argituz doan eraztun itxurako lesio gorriska da. Ez da mingarria eta bere kasa ere desagertzen da. | |
Deskribapena | |
Mota | infekzio bakteriano primarioa, borreliosia eritasuna |
Espezialitatea | infektologia, dermatologia, neurologia Kardiologia |
Arrazoia(k) | Borrelia burgdorferi |
Sintoma(k) | eritema migrans kronikoa, betealdia, buruko mina, artralgia, mialgia, faszikulazioa, parestesia, bertigoa, bihotzeko arritmia, min neuropatiko kronikoa, sukarra, neuritisa, meningitisa, meningo-entzefalitisa, miokarditisa, artritisa, entzefalomielitisa Miokardiopatia hipertrofikoa |
Patogenoaren transmisioa | akain bidezko transmisio, Ixodes pacificus Ixodes scapularis |
Azterketa medikoa | western blot (en) , miaketa fisiko, ELISA, ziztada lunbar biopsia |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | zeftriaxona, zefuroxima, amoxizilina, doxiziklina eta Azitromizina |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | GA.69 |
GNS-9-MK | 088.81 |
GNS-10 | GA.69 |
GNS-9 | 088.81 |
DiseasesDB | 1531 |
MedlinePlus | 001319 |
eMedicine | article/330178 |
MeSH | D008193D008193 |
Disease Ontology ID | DOID:11729 |
Lyme gaitza edo Lyme borreliosia gaixotasun infekzioso multisistemikoa da, Borrelia burgdorferi bakterioak eragindakoa, akainen bitartez transmititzen dena. Larruazalari, nerbio-sistemari, bihotzari eta artikulazioei eraso egiten die. Garaiz tratatzen ez bada, infekzioa kroniko bihur daiteke, eta ondorio larriak eragin ditzake osasunean.[1]
Gaixotasunaren lehenengo kasuak 1975ean agertu ziren AEBetako Old Lyme herrian, eskola batean, artritis izurrite bat umeen artean zabaldu zenean, eta bakterio eragilea 1982. urtean isolatu zen. Geroztik, Ameriketan ez ezik, Europan eta Asian ere azaldu da gaitza, eta gaur egun AEBetan bektoreen bidez transmititzen den eritasunik garrantzitsuena bihurtu da (10.000 gaixo inguru urtean) [2].
Ixodes generoko lakastak dira gaitzaren bektoreak (Europan Ixodes ricinus batez ere), Borrelia patogenoa eramaten baitute, eta ausiki egiterakoan gizakia infektatzen. Maiatza eta iraila bitarteko hilabeteetan sarriago hartzen da infekzioa, batez ere nekazaritza-arloan eta mendiko txangoetan. Beraz, naturarekin loturiko hobbiak (mendiko txangoak, ehiza, etab.) eta lanbideak (abeltzaintza, basozaintza, erlezaintza, etab.) gaixotasunaren arrisku-faktoreak dira.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lyme gaitzak AEBetan lehen aldiz deskribatu zeneko herriari zor dio izena. Izan ere, 1975ean AEBetako ekialdeko Connecticut estatuko Old Lyme herriko umeen artean artritis-epidemia gertatu zen. Zenbait umeren amek arazoa osasun agintariei jakinarazi zieten. Horren ostean egindako ikerketak Ixodes generoko kaparrek eragindako infekzioa izan zitekeela ondorioztatu zuen, gaixotasunaren hedapena kaparrenarekin bat zetorrelako. Ikerketek aurrera egin zuten eta 1982an kaparrotan mikroorganismo bat aurkitu zuten; Borrelia burgdorferi izenez bataiatu zen bakterioa, aurkikuntzan parte hartu zuen Willy Burgdorfer doktorearen omenez. Gero, gaixotasunak jotako gaixoek mikroorganismo honen aurkako antigorputzak zituztela frogatu zen eta hauek gaixo batzuen odol eta likido zefalorrakideotik isolatu ahal izan ziren.[3]
Hala ere, Europan XX. mendearen hasieratik ezagunak ziren gaixotasun honen agerpen klinikoak, bere kausak ezagutu baino urte asko lehenago. 1909an, Afzelius suediar dermatologoak “eritema migrans” deituriko azaleko lesioa deskribatu zuen. Frantzian, 1922an Garin eta Bujadoux-ek “eritema migrans”-i loturiko arazo neurologikoak deskribatu zituzten. Gero, 1941-1944 urteen artean, Bannwarth alemanak larruazal-lesio eta kaparraren ausiki osteko aldaketa neurologiko gehiago ikusi zuen. Kaparraren ausikiaren ostean agertutako anomalia neurologikoak gero eta sarriagoak eta ezagunagoak izan ziren erdialdeko eta iparraldeko Europan. Honela, arazo-mota hau Alemania, Suitza, Austria, Suedia, Finlandia eta Frantzian, besteak beste, arrunta bilakatu zen. AEBetan agente kausala aurkitzean, Europan arazo hauek sortzen zituen berbera zela frogatu ahal izan zen.[3]
Espainian “eritema migrans”-a 1977an deskribatu zuten Uruñuela eta Diaz dermatologoek. Agente kausala ezagutu ostean, 1987az geroztik, Euskal Herriko zenbait lekutan gaixotasun honen pazienteak deskribatzen hasi ziren. García-Moncó doktorearen ikerketa-taldeak isolatu zuen bakterio hau lehenbizikoz Kantabrian hartutako kaparretik. Gaixotasun honekiko interesak gora egin du azken urteotan eta gaur egun kaparrek kutsaturiko gaixotasunik sarriena da. Hain zuzen ere, Euskal Herrian zenbait kasu kliniko diagnostikatu dira jadanik.[3]
Sintoma klinikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Infekzioa kaparraren ausikiaren ostean hasten da. Egun batzuk geroago gaixotasun honen ezaugarria den larruazal-lesioa (“eritema migrans”) ager daiteke, eta gripearen antzeko sintoma orokorrekin elkartu (sukarra, nekea, min osteomuskularra, etab.). Eritema handituz eta argituz doan eraztun itxurako lesio gorriska da. Haren neurria 2 eta 50 cm bitartekoa da. Ez da mingarria eta desagertu egin ohi da, baita tratamendurik gabe ere, hilabete bat edo biren buruan.[3]
Ausikitik 3-4 astetara, konplikazioak ager daitezke nerbio-sisteman edo bihotzean. Azken hauek dira, hain zuzen, Europan XX. mendearen hasieratik deskribatu zirenak. Meningitis linfozitarioa ager daiteke, sukarra, buruko mina, garondoko gogordura eta okadak izanik sintoma nagusiak. Likido zefalorrakideoa (bizkarrezur-muina eta burmuina bustitzen duena) ateratzeko ziztada lunbarra egiten denean, hanturazko zelulak (linfozitoak) ikus daitezke proteina-gorakada bati loturik, hau guztia meninge-hantura gertatu deneko seinale izanik. Meningitis hau aurpegiko paralisiari loturik joan daiteke, eta gorputz-adarreko minari ere bai, gorputz-adar hauen nerbio-erroen hanturagatik (erradikulitis). Agerpen kliniko hauek Garin-Bujadoux-Bannwarth sindromea izena dute, bere aurkitzaileen omenez. Bihotzari erasotzen dionean nerbio kinadaren transmisioan arazo bat agertzen da, behin-behineko taupada-markagailua behar duen blokeo aurikulobentrikularraz ezagutzen den berbera.[3]
Kaparraren ausikiaren osteko hilabete edo urte batzuetan, artikulazio handiei (belauna, orkatila) erasotzen dien artikulazio-hantura (artritis), kasu batzuetan kronikoa, ager daiteke. Gainera arazo neurologiko kronikoak izan daitezke, esaterako nerbio periferikoen lesioa (polineuropatia) eta burmuineko lesioa (ibilera eta portaeraren aldaketak, etab.).[3]
Diagnostikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lyme gaizaren sintomak beste gaixotasun askoren antzekoak dira. Akainaren ausikia edota “eritema migrans”-a hauteman badira diagnostikoa errazagoa da. Proba serologikoen bitartez egiaztatu ohi da: proba horietan bakterioen aurkako antigorputzak bilatzen dira gaixoaren odolean (ELISA eta Western Blot proben bidez). Proba serologiko hauek ez dira fidagarriak izaten gaixotasunaren hasieran, une horietan antigorputzak gutxi eta atzematen zailak direlako. Bakterioaren kultiboa ez da oso baliagarria, gaixo askoren laginetan ez baita lortzen patogenoaren hazkuntza laborategian.[4] Beti ere, tratamendu zailagoa duten fase berantiarretara iritsi beharrik ez izateko, garrantzitsua da ahal den lasterren neurriko diagnostikoa egitea eta tratamendu egokia ezartzea.[3]
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako faseetan (“eritema migrans”) doxiziklina, amoxizilina edo azitromizina antibiotikoak erabiltzen dira, eta fase berantiarretan bena barneko antibiotikoak (penizilina edo zeftriaxona).[3][5]
Prebentzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ausikiaren arriskua handiagoa da, beren lanbide edo zaletasunengatik, naturarekin lotura duten pertsonengan. Horrela, artzain, nekazari, basozain, perretxiko-biltzaile, mendizale eta mendietako jolasguneetan eguna igarotzen duten familiek kaparren ausikiaren biktima izateko arriskua dute eta. Hezetasun erlatibo altua atxikitzen duen landaredi zerratuak maite dituzte akainek. Baso eta sastrakadietan izan daitezke ugariak, beti ere mikroklima egokia sortzen duen zuhaixka-formako landaredia baldin bada (iratze arrunta, txilarrak eta ote zuria). Urte osoan indarrean irauten dute, baina bereziki udaberri eta udako hilabeteetako egun eguzkitsuetan.[3]
Ausikia saihesteko, praka luze edo galtzerdi altuak janztea komeni da; hala ere, akainak arropetatik igo ahal dira eta larruazalean itsatsi. Horregatik, mendirako txango baten ondoren, ibili garen tokiak lehen aipaturiko ezaugarriak baditu, neurririk zuzenena larruazala eta jantziak arakatzea da kaparren bila. Argitaratutako ikerlanen arabera, kaparrak gaixotasuna kutsatzeko 24 eta 48 ordu bitartean egon behar du larruazalari loturik, horregatik lehenbailehen kentzeko garrantzia. Lakasta zenbat eta denbora gehiago egon den elikatzen orduan eta gaixotzeko arrisku gehiago dago.[3]
Kapar bat kentzeko modurik onena, matxarda batzuekin larruazaletik ahalik eta hurbilen eutsi eta modu iraunkorrean norabide berean kanporantz erakartzea da, osorik ateratzen saiatuz, hau da, larruazalean sartzen duen bere ahoaldea (hipostoma) barruan utzi gabe. Lakastak kentzeko, alkohola, olioa, gasolina edo bestelako substantziaz busti edo zigarroaz erretzeko herri-ohiturak ez dira gomendagarriak, zeren eta erantzun gisa, kaparrak bakterioak dauden hesteko edukia injekta diezaioke bere biktimari, gaixotasunaren kutsadura erraztuz.[3]
Lyme gaitza etxabereetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiarengan diagnostikaturiko kasuez gain, zenbait animalia espezietan Borrelia burgdorferi dagoela baieztatu da. Hala ere, infekzio horrek ez du esan nahi gaixotasuna nahitaez agertuko denik. Gaixotasuna ondo finkatua duten animaliei buruzko ikerketetan giza gaixotasunaren pareko sintomak deskribatu dira.[3]
Txakurretan, esaterako, anorexia, sukarra, indargabetzea, gihar eta artikulazioetako minak, herrentasuna, artikulazioetako beroa eta hantura, eta aurreragoko estadioetan, artritis, miocarditis, giltzurrunetako asaldura eta portaeraren aldaketak azaltzen dira. Zaldietan, gogoaren beheraldia, anorexia eta argaltzea, sukarra, artikulazioetako mina eta hantura eta herrentasunak. Behietan, kasu batzuetan abortuak eta esne-ekoizpena gutxitzeaz gainera, sintomatologia bera deskribatu da. Ardietan, artritisarekin baino ez da lotu.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lyme gaixotasuna. a-lyme.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:918 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n Anda, Pedro; Barral, Marta; García-Moncó, J. Carlos eta Garcia-Pérez, Ana. Lymeko gaixotasuna. Kaparrek kutsaturiko infekzio-gaixotasuna. Elhuyar aldizkaria, 130. zenbakia, 1998/04/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
- ↑ Rodríguez Arranz, C.. Enfermedades transmitidas por garrapatas en pediatría. aepap.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
- ↑ Wright, W.F., Riedel, D.J., Talwani, R., Gilliam, B.L.. Diagnosis and Management of Lyme Disease. American Family Physician. 85 (11): 1086–1093, aafp.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lyme Gaixotasunaren Euskal Herriko Elkartea, a-lyme.org
- Lartzanguren, Edu Zomorroaren gaitz mozorroa, Berria egunkaria, 2017/05/26, berria.eus
- Anda, Pedro; Barral, Marta; García-Moncó, J. Carlos eta Garcia-Pérez, Ana Lymeko gaixotasuna. Kaparrek kutsaturiko infekzio-gaixotasuna, Elhuyar aldizkaria, 130. zenbakia, 1998/04/01, aldizkaria.elhuyar.eus
- Lakastaren ausiki gaitza, Iparraldeko Hitza, 2016/07/08, iparraldekohitza.eus