LaTeX
LaTeX | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 1980(e)ko hamarkada |
Argitaratze-data | 1984 |
Azken bertsioa | June 2024 LaTeX release |
Behar ditu | TeX |
Ezaugarriak | |
Programazio-lengoaia | TeX |
Media mota | application/x-latex |
Irakur dezake | Plataforma-anitz |
Lizentzia | LaTeX Project Public License (en) |
Deskribapena | |
Oinarritua | TeX |
Ekoizpena | |
Garatzailea | Leslie Lamport |
latex-project.org | |
Iturri-kodea | https://github.com/latex3/latex2e eta https://github.com/latex3/latex3 |
(edo LaTeX) testuen konposiziorako sistema bat da, kalitate handiko tipografia duten dokumentuen sorrerarako diseinatutakoa. Bere ezaugarriengatik eta eskaintzen dituen aukerengatik, artikulu eta liburu zientifikoak sortzeko asko erabiltzen da, besteak beste, adierazpen matematikoak dituztenetan.
TeX-makro multzo handi batek osatzen du LaTeX. Leslie Lamport-ek sortu zuen 1984an, Donald Knuth-ek konposizio tipografikorako sortutako TeX lengoaiaren erabilera errazteko asmoz. Artikulu akademikoak, tesiak eta liburu teknikoak idazteko oso egokia gertatzen da, eskaintzen duen tipografiaren kalitate altuari esker maila goreneko zientzia arloko argitaletxeen beharretara oso ondo moldatzen delako.
LaTeX software librea da, LaTeX Project Public License (LPPL)[1] lizentziapean dagoena[2].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leslie Lamport-ek sortu zuen LaTeX 1980ko hamarkadaren hasieran, Stanford Research Institute (SRI) institutuan lanean ari zenean. TeX makroak idazteko beharra sortu zitzaion, eta egiten ari zen ahaleginarekin besteek ere erabiltzeko moduko pakete orokor bat sor zezakeela pentsatu zuen. Addison-Wesley argitaletxeko Peter Gordon editoreak LaTeX erabiltzaile-eskuliburua argitaratzeko konbentzitu zuen. Lamport hasieran ezkor agertu bazen ere, 1986an argitaratu zuen eta ehunka milaka kopia saldu zituen. Bitartean, Lamportek bere LaTeX makroen bertsioak argitaratu zituen 1984an eta 1985ean[3]. 1989an TeX Users Group (TUG) taldeak Stanford-en izandako bilera batean, LaTeXen mantentze-lana eta garapena Frank Mittelbach-en esku uztea adostu zuen.
LaTeX kode askekoa denez, erabiltzaile askok erabilera berriak garatu zituen sistemaren gaitasuna zabalduz, baina batzuetan hasierako helburuekin bat ez zetozen xedeekin. Ondorioz, LaTeXen aldaera ezberdinak sortu ziren, batzuetan elkarren artean bateraezinak zirenak (LaTeX 2.09 bertsioak). Arazo horri aurre egiteko, 1989. urtean Frank Mittelbach, Johannes Braams, Chris Rowley eta Rainer Schöpf elkartu eta Leslie Lamportekin batera LaTeX3 taldea osatu zuten. 1993ko udazkenean LaTeX sistemaren normalizazioa iragarri zuten eta hasierako bertsioari egindako hedapen gehigarri gehienak biltzen zituen bertsio berria sortu zen: LaTeX2e bertsioa ("The New Standard LaTeX"). 1994an kaleratu zen gaur egun estandar den bertsio hori, besteak beste gardenkiak idazteko eta American Mathematical Society-ren sinbologia erabiltzeko aukera ere ematen dituena. Horrela, LaTeX proiektuak uniformetasuna lortu zuen. Taldeak LaTeX3 bertsioarekin lanean dihardu oraindik eta urtero argitaratzen da bertsio berriren bat, nahiz eta aldaketak oso txikiak diren eta beti ondo dokumentatuak dauden[4].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LaTeX testuen konposiziorako sistema bat da, behe-mailako TeX programazio-lengoaian oinarrituta dagoena. "The TeXbook" izeneko eskuliburuan deskribatutako TeX aginduak erabiliz, LaTeXen gaitasunak handi daitezke. Horrela, LaTeX tresna oso baliagarri eta praktikoa bihurtzen da, erabilerraza izateaz gain TeXen ahalmen guztia gehitzen zaiolako. Horri esker, azkar hedatu zen bere erabilpena, batez ere sektore zientifikoan eta teknikoan, hainbat biltzar eta aldizkaritan bere erabilera derrigorrezkoa izateraino.
Bertsioen bateragarritasunerako egin zen ahaleginean, LaTeXen arkitektura modularra lortu zen. Nukleo zentral bat dauka, konpilatzailea, aurreko bertsioen funtzionaltasuna mantentzen duena, eta aldi berean LaTeXen ahalmena eta moldakortasuna handitzeko aukera ematen dituena. Horretarako, beharrezkoak direnean bakarrik kargatzen diren pakete ugari daude eskuragarri. Erabilera orokorreko paketeak zein behar berezietarako garatutakoak daude. Pakete horietako asko banaketa ofizialaren barruan datoz.
LaTeXekin lan egiteko modua ez da ohiko testu-prozesadoreekin lan egitea bezala. WYSIWYG (“What You See Is What You Get”)-en akronimoaz ezagutzen den filosofiari jarraitzen diote ohiko testu-prozesadoreek. Euskaraz "Ikusten duzuna da lortzen duzuna" moduan itzul daiteke akronimo hori. Mota horretako editoreek dokumentua nola geratuko den erakusten dute uneoro. LibreOffice Writer edo Microsoft Word editoreak, adibidez, filosofia horretan oinarritzen dira. Baina LaTeXek WYSIWYM (“What You See Is What You Mean”) edo euskaraz "Ikusten duzuna da esan nahi duzuna" filosofiari jarraitzen dio. Aginduak idazten dira, baina ez da ikusten dokumentua nola geratuko den, konpilatu eta gerora arte. Tradizionalki, alderdi hori desabantailatzat jo izan da, ziurrenik bakarra. WYSIWYM motako testu-prozesadoreen helburua idazten duenari edukian soilik zentratzeko aukera ematea da, dokumentuaren formatuaren xehetasunez arduratu beharrik izan gabe. Ekuazioak, formula konplexuak, notazio zientifikoa edo musikala irudikatzeko gaitasun grafikoez gain, dokumentua erraz egituratzeko aukera ematen du, kapituluekin, atalekin, oharrekin, bibliografiarekin, aurkibide analitikoekin eta abarrekin. Horrek erosotasuna ematen du eta artikulu akademikoetarako eta liburu teknikoetarako oso baliagarria da. Gaur egun, hala ere, badaude LaTeXekin modu bisualagoan lan egiteko aukera ematen duten tresnak.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LaTeX dokumentu bat sortzeko bi etapa behar izaten dira. Lehenengoan, edozein testu-editore lau erabiliz testua idazten da, eta bertan idazten dira, baita, dokumentuari formatua emango dioten LaTeX aginduak. Hori iturburu-fitxategia da eta .tex luzapena du. Bigarren etapa batean, iturburu-fitxategi hori prozesatu egiten da, hau da, bertan idatzitako aginduak interpretatu egiten ditu testu-prozesadoreak; dokumentua konpilatu egiten da. Prozesu horretatik lortzen da azken formatua duen fitxategia, pantailan ikusteko moduko bertsioa edo inprimagailu batera bidaltzeko modukoa. Dokumentuan zerbait gehitu edo aldatu nahi izanez gero, .tex luzapeneko iturburu-fitxategian egin behar da, eta berriro prozesatu. Horrela egiten da lan goi-mailako programazio-lengoaiekin ere (C, C++, etab.); konpilazio-prozesua guztiz analogoa da.
LaTeXen abantailetako bat da eskaintzen duen irteera beti bera dela, gailuarekiko (inprimagailua, pantaila, etab.) edo sistema eragilearekiko (MS Windows, Mac OS, Unix, GNU/Linux, etab.) independentea da, eta iturburu-fitxategi beretik hainbat formatutara esporta daiteke: Postscript, pdf, SGML (Standard Generalized Markup Language), HTML, RTF, etab. Sistema eragile ohikoenetan lan egiteko banaketak eta garapenerako inguruneak existitzen dira. Gainera, plataforma-anitzeko editoreak ere badaude (MacOS, Windows eta Unix) Texmaker, eta Kile, adibidez, GPL lizentzia dutenak. Hodeian, online eta dokumentuetan elkarlanean edizio partekatua egiteko aukera ere badago gaur egun: Overleaf[5].
LaTeX logoa eta grafia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LaTeX hain kalitate altuko tipografia eskaintzen duen testu-prozesadorea izanik, bere burua izendatzeko grafia berezia dauka.
LaTeX logoa
LaTeX logoa sortzeko erabili behar den agindua "\LaTeX {}" da. Behar bezala bistaratu ezin denean, testu lauan idaztean adibidez, kontsonanteak letra larriz idatzi ohi dira horrela: "LaTeX".
LaTeX grafia Wiki formatuan
Wiki formatuan LaTeX idazteko honako kodea erabil daiteke:
"<i>L<sup>A</sup>T<sub>E</sub>X</i>" kodeak 'LATEX' sortzen du.
"L<sup>A</sup>T<sub>E</sub>X" kodeak LATEX sortzen du.
"<math>L^AT_EX</math>" kodeak honako hau sortzen du: .
Adibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LaTeX dokumentu baten adibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kodea |
---|
\documentclass[12pt]{article}
\usepackage[spanish]{babel}
\usepackage{amsmath}
\title{\LaTeX}
\date{}
% Hau iruzkin bat da, ez da azken dokumentuan erakutsiko.
\begin{document}
\maketitle
\LaTeX {} dokumentuak prestatzeko programa bat da, \TeX{} tipografia\footnote{%orri-oineko oharra
Wikipediaren arabera, Tipografia (grezieratik typos, forma, eta graphein, idatzi) idatzitakoa letra-tipo, letra-tamaina, lerro-altuera, eta lerroen eta letren arteko tarteen bitartez definitzen duen artea eta teknika da.} %orri-oineko iruzkinaren amaiera
sistema erabiltzen duena. \LaTeX {} Leslie Lamportek garatu zuen 1984an eta \TeX erabiltzeko modu zabalduena bihurtu zen.
Dokumentu hau sortzeko erabili den bertsioa \LaTeXe \hspace{0,1cm} da.
\newline
% Formula matematikoak idazteko LaTeXek eskaintzen duen tipografiaren kalitatea ikus daiteke kode honetan:
\begin{align}
E &= mc^2 \\
m &= \frac{m_0}{\sqrt{1-\frac{v^2}{c^2}}}
\end{align}
\end{document}
|
Emaitza |
---|
LaTeX euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LaTeX sistema, nahiz eta hainbat hizkuntzatan lan egiteko aukera eman, ingelesarekin eta ingelesaren antzeko hizkuntzekin lan egiteko dago prestatuta. Ingelesaren egitura eta zenbatze-arauak betetzen ez dituzten hizkuntzetan idazteko, euskaraz adibidez, paketeak eta agindu batzuen aldaketak erabiltzen dira.[6] [7][8][9]
Dokumentu zientifiko-teknikoen euskarazko ediziorako hurrengo konfigurazioa gomendatzen dute[10]:
Egokitutako dokumentuaren hasiera |
---|
\documentclass[a4paper,11pt]{article}
\usepackage[basque]{babel}
\usepackage{basque-date}
\usepackage[latin1]{inputenc}
\usepackage[T1]{fontenc}
\title{<izenburua>}
\date{\eusdata}
\begin{document}
\renewcommand\thesection {\arabic{section}.}
\renewcommand\thesubsection {\thesection \arabic{subsection}.}
\renewcommand\thesubsubsection {\thesubsection \arabic{subsubsection}.}
\renewcommand\theparagraph {\thesubsubsection \arabic{paragraph}.}
\renewcommand\thesubparagraph {\theparagraph \arabic{subparagraph}.}
%Taulak:
\renewcommand{\tablename}{taula}
\makeatletter
\def\fnum@table{\thetable .\ \tablename}
\makeatother
%Irudiak:
\renewcommand{\figurename}{irudia}
\makeatletter
\def\fnum@figure{\thefigure .\ \figurename}
\makeatother
|
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «The LaTeX project public license» www.latex-project.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ Lamport, Leslie.. (1994). LATEX : a document preparation system : user's guide and reference manual. (2nd ed. argitaraldia) Addison-Wesley Pub. Co ISBN 0-201-52983-1. PMC 29225162. (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ Knuth, Donald Ervin, 1938-. The TeXbook. ISBN 0-201-13447-0. PMC 12973034. (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ «The LaTeX3 Project» www.latex-project.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ (Ingelesez) «Overleaf, Online LaTeX Editor» www.overleaf.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ «CTAN: Package babel-basque» www.ctan.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-15).
- ↑ «CTAN: /tex-archive/macros/latex/contrib/basque-book» ctan.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-15).
- ↑ «Debian -- Details of package texlive-lang-french in sid» packages.debian.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-15).
- ↑ (Ingelesez) «International language support» www.overleaf.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-15).
- ↑ Ibarra, Edorta; Etxebarria, Jose Ramon. (2014). LATEX: euskarazko dokumentu zientifiko-teknikoen ediziorako baliabideak. UPV/EHU Press ISBN 0214-9001..
Bibliografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sanguino Botella, Javier. Iniciación a LaTeX2e. Un sistema para preparar documentos, Madril, Addison-Wesley, 1997. ISBN 84-7829-013-3
- B. Cascales, P. Lucas, J. M. Mira, A. J. Pallarés eta S. Sánchez-Pedreño, LaTeX, una imprenta en sus manos, Madril, ADI, 2000.
- B. Cascales, P. Lucas, J. M. Mira, A. J. Pallarés eta S. Sánchez-Pedreño., El libro de LaTeX, Madril, Pearson, 2003. ISBN 84-205-3779-9
- Lamport, Leslie. LaTeX: A document preparation system (2. edizioa). LaTeX2e-k argitaratua, Reading, Mass., Addisson-Weley, 1994, 288 orrialde. ISBN 0-201-52983-1
- Mittelbach, Frank, and Goossens, Michel. The LaTeX Companion, 2. edizioa. Addison-Wesley, 2004, 1120 orrialde. ISBN 0-201-36299-6
- Castro Korgi, Rodrigo. El universo LaTeX, 2. edizioa, Kolonbiako Unibertsitate Nazionala, Zientzia fakultatea, Matematika Saila, Bogotá, 2003, 467 orrialde. ISBN 958-701-060-4