[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Izar gorri (ikurra)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izar gorri terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Izar gorri (argipena)»
Izar gorria

Bost puntako izar gorria sozialismoarekin nahiz komunismoarekin lotu ohi den ikurra da. Karl Marxek eta Friedrich Engelsek ikur gisa erabiltzen zuten, eta Sobietar Batasun ohian ere hainbat ikurretan erabiltzen zen. Alderdi komunistek euren ikur gisa erabiltzen hasi ziren, komunismoarekin hertsiki lotutako igitaia eta mailuarekin batera.

Guztiz argiturik ez badago ere, badirudi izar gorriaren bost puntek langileriaren eskuaren bost atzamarrei, batetik, eta bost kontinenteei, bestetik, erreferentzia egiten dietela. Beraz, langile mugimenduaren eta internazionalismoaren ikurra da, marxismoaren leloa sinbolizatuz: Munduko langileok, batu zaitezte!

Beste ikuspuntu baten arabera, izar gorriak sozialismoa ahalbidetu zuten bost gizarte taldeak sinbolizatzen ditu: gazteria, militarrak, langileak, nekazariak eta intelektualak.

Izar gorria hainbat ikurretan erabili da eta, egun, erabiltzen da. Hainbat estatuko banderetan, mugimendu politiko nahiz armatu sozialista edo komunista hainbatek eta Espainiako mugimendu nazionalista batzuek, besteak beste, erabiltzen dute.

Sozialismoari lotutako erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Koreako Herri Errepublika Demokratikoko bandera

Izar gorriaren erabilera nagusia mugimendu sozialista edo komunisten ikur gisakoa da. Izar gorria, zentzu honetan, hainbat estatu sozialistek erabili dute euren banderan historian zehar. Sobietar Batasunak, horrela, bere banderan eta bere errepublikakoetan, besteak beste, erabiltzen zuen. Berdin gertatzen da armarriekin ere. Jugoslaviak ere ikurra zerabilen bere banderan. Gaur egun, Ipar Koreak darabil izar gorria bere banderan.

Munduko alderdi politiko komunista ia denez gain, bestalde, hainbat talde armatuk ere izar gorria erabili dute ikur gisa, adibidez: GRAPOk Espainian, EZLNk Mexikon edota RAF Armada Gorriaren Fakzioak Alemanian.

Espainiako erabilera zehatza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako hainbat mugimendu nazionalistek euren herrialdearen banderari izar gorria gehitzen diote, independentismoaren ikur gisa. Gehienetan, ordea, ikur horiek ezkertiartzat jotzen dira, izar gorriaren jatorrizko esanahiarekin harremana izanez.

Sozialismoarekin zerikusirik gabeko erabilerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Panamako Errepublikako bandera

Herrialde batzuen banderetan (Panama, AEBetako Kalifornia, etab.) izar gorria erabiltzen da, sozialismoarekin zerikusirik ez duen esanahi batekin.

Sozialismotik aldendutako esanahi honekin jarraituz, Heineken garagardo markaren ikurra ere izar gorria da.

Sobietar Batasunak okupaturiko lurralde batzuetan, izar gorria zein igitaia eta mailua okupazioaren ikurtzat hartzen dira, eta nazien ikurrekin alderatzen dute. Hungarian, adibidez, ikur hauek ezin dira modu publikoan erabili[1]. Estonian ere antzeko saiakerak izan dira.

Diktadura erregimenak dituzten beste herrialde batzuetan, aldiz, oposizioaren edo-eta errebeldeen ikur gisa jazartzen da izar gorria.

Enblema eta logotipoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rage Against the Machine kontzertu batean. Eszenatokiaren atzealdean izan gorria ageri da, baterian agertzeaz gain.

Izar gorria Mozilla proiektuaren, Heineken garagardoaren eta Macy's dendaren logoetan ageri da.

Rage Against the Machine metal alternatiboa jotzen duen talde estatubatuarrak bere logotipoan erabiltzen du ikurra, baina kutsu politiko nabarmenarekin; izan ere, bere kide Zack de la Rocha eta Tom Morelloren ideologia erakusten du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Prohíben el uso de símbolos nazis o comunistas en Hungría» web.archive.org 2014-11-29 (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]