Heineken
Heineken edo Heineken Brouwerijen 1864az geroztik Herbehereetan ekoizten den garagardotegi ezaguna da. Gerard Adriaan Heinekenek Amsterdamgo erdigunean zegoen errentagarritasun gutxiko Haystack garagardotegia erosi zuenean sortu zen. Heinekenek langileak suspertu zituen, eta prozesuak modernizatu. 20 langile besterik ez zuela, lehendabiziko urtebetean 2.100 kupeletatik 5.000ra iritsi zen, eta hiriko kanpoaldean zen fabrika handiago eta modernoago batera mugitu zuen enpresa.
2004aren amaierarako Heineken 65 herrialde baino gehiagotan kokatuta zegoen, 130 garagardotegiren jabe zen, eta 61.732 langile zituen. Urteko 121,8 milioi hektolitroko ekoizpenarekin, munduko garagardogile handienetan hirugarrena da, InBev eta SABMiller konpainien atzetik.
Bere izena (aldi berean bere logoa dena) beti hizki txikiz eta izkina biribilduz agertzen da, betiere lagunkoi eta ez erasokorrak izateko asmoz (honexegatik "e" hizkiak gorantz makurtzen dira). Hizki handiz idatziriko izenak irudi latz edo gogorragoa ematen du, saihestu nahi izan zuen irudia.
Heineken botilaren izar gorria garagardogintzaren ikur antzinako eta misteriotsuenetakoa da; erdi aroko garagardogileek beren tinen gainaldean ipini ohi zuten garagardoaren benekotasun eta kalitatea bere izarraren 5 puntuen boterearekin ziurtatzeko. Bost puntu hauek zera irudikatzen dute: Lurra, sua, haizea, ura eta eurak "magia" hausnartzen zuten bosgarren elementua. (Heinekenen edalontzi azpiko kartoizko babeskietan aipatzen den kondaira).
Heineken garagardotegia Heineken (%5 alkohol bolumena), Amstel (%5) eta Buckler (%0,5) bezalako marken jabe da.
Holandan garagardotegiak Zoeterwoude eta 's-Hertogenboschen kokatzen dira.
"Heineken Experience" museoa Amsterdameko antzineko garagardotegi batean kokatzen da (Helbidea: Stadhouderskade 78, 1072 AE, Amsterdam). Heinekenek taberna-jatetxeen negozioan ere bere hedapen eta zabalkuntza hasi berri du Heineken Life izenpean.
Era berean, musulman herrialde askoetan gehien edaten den garagardo marka da, gizarte hauetan garagardoaren kontsumoa gaizki ikusia da eta kasu batzuetan debekatua ere bai. Hau markak duen ospea eta iragarkiek duten eraginari esker zor dio.