Ignacy Jan Paderewski
Ignacy Jan Paderewski (Kurylowka, 1860ko azaroaren 18agreg./azaroaren 6ajul. - New York, 1941eko ekainaren 29a) Poloniako musikagile, pianista eta politikoa izan zen. Varsoviako kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta 1878. urtean piano-irakasle izendatu zuten bertan. 1884-1887 urteetan Vienan ikasi zuen Leschetizkyrekin, eta pianoan zuen teknika ondu zuen. Lehen kontzertuak Vienan, Parisen, Londresen eta New Yorken eman zituen, eta ospe handia lortu zuen pianista gisa. Chopin, Bach, Beethoven eta Schumann izan zituen errepertorioko musikagile nagusiak. 1914-1918 urteetan bere herriaren independentziaren alde borrokatu zen, eta Poloniak burujabetasuna lortu zuenean, Kontseiluko lehendakari eta Atzerri Arazoetako ministro izendatu zuten, baina urtebete geroago utzi zituen karguak eta politika, politikari batzuekin izandako gorabeheren ondorioz. 1921. urtean berriz hasi zen kontzertuak ematen Europan eta Estatu Batuetan, gerrako umezurtzen alde batik bat. 1936-1938 urteetan Chopinen obra guztien argitalpenaren ardura izan zuen. Lan gehienak pianorako idatzi zituen. Aipagarriak dira: 6 Humoresques de Concert; kontzertu bat do minorrean, eta Poloniako Fantasia, piano eta orkestrarako. Kamerako musika ere idatzi zuen, eta Manru opera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignacy Jan Paderewski |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.