Karlheinz Stockhausen
Karlheinz Stockhausen (kaʁlˈhaɪnts ˈʃtɔkhaʊzn̩ ahoskatua; Mödrath, Kerpen, 1928ko abuztuaren 22a - Kürten, 2007ko abenduaren 5a) alemaniar musikagilea izan zen. F. Martin, O. Messiaen eta D. Milhaudekin egin zituen musika-ikasketak. Parisko Musique Concrète Estudioan lan egin zuen P. Schaefferrekin. Koloniara itzuli zenean, alemaniar irratiko musika elektronikoaren estudioko laguntzaile izan zen, eta, geroago, zuzendari. A. Schoenberg, A. Webern eta B. Bartóken lana aztertu zuen, eta Darmstadteko uda-ikastaroetan irakasle aritu zen. Gerra osteko musika-abangoardiaren aitzindari izan zen. Serieko musika idatzi zuen, eta maisu izan zen musika elektronikoan. Lan-mota ugari egin zituen. Orkestrarako: Formel (1951), Punkte (1952), Gruppen (1955-1957), Trans (1971), Licht (1977-1978). Ganbera musika: Kreuzspiel (1951); Zeitmasse (1955-1956); Tierkreis (1975). Musika elektronikoa: Kontakte (1959-1960); Hymen (1966-1967); Sirius (1975). Ahotserako, pianorako eta perkusiorako musika ere egin zuen. Sari ugari eman zizkioten, Alemanian bertan zein beste herrialde askotan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlheinz Stockhausen |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.