[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Kalisto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Jupiterreko sateliteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kalisto (argipena)».
Kalisto 
Behaketa
Itxurazko magnitudea (V)5,65
Gorputz-gurasoaJupiter
AurkitzaileaGalileo Galilei
Aurkikuntza-data1610eko urtarrilaren 7a
Honen izena daramaKalisto
Orbitaren ezaugarriak
Apoapsis1.897.000 km
Periapsis1.869.000 km
Ardatzerdi handia1.882.700 km
Eszentrikotasuna0,0074
Orbita-periodoa16,689 egun
Makurdura orbitala2,017 °
Ezaugarri fisikoak
Erradioa2.410,3 km
Azalera73.000.000 km²
Bolumena59.000.000.000 km³
Masa107,566 Yg
Dentsitatea1,8344 g/cm³
Tenperatura80 K
134 K
165 K
Albedoa0,22
Valhalla kraterraren eraztun kontzentrikoak.

Kalisto Jupiter planetaren sateliteetako bat da, bigarren handiena Ganimederen atzetik eta Eguzki sistemaren hirugarrena. "Satelite galiearren" artean Jupiterretik urrutien biratzen duena da, 1.880.000 kilometrotara hain zuzen ere[1].

Merkurioren diametro ia berdina du, baina haren masaren herena. Errotazio sinkronikoa du, hau da, beti aurpegi bera erakusten dio Jupiterri, Ilargiak Lurrari bezala.

Kalisto arrokaz eta izotzez osatua dago, gutxi gorabehera proportzio berdinean. 1.830 kg/m3-ko bataz besteko dentsitatea du. Satelitearen azalari egindako espektroskopiak izotzaren, karbono dioxidoaren, silikatoen eta konposatu organikoen existentzia antzeman zuen. Galileo zundak Kalistoren nukleoa batez ere silikatoz osaturik dagoela argitu zuen.

Litosferaren azpian ozeano bat egon daitekeela pentsatzen da[2], Ganimedes eta Europan gertatzen den bezala, baina Jupiterrengandik hain urruti egonda honen grabitazio eragina txikia da eta mugimendu handirik eragiten ez duenez Kalistok ez du jarduera tektonikorik[3]. Hori dela eta, satelitearen azala oso zaharra eta milioika urtetan jo duten meteoritoek utzitako kraterrak ikusten zaizkio[4][5]. Horiek dira Kaliston dauden erliebearen osagai guztien jatorria. Aipagarriak dira Valhalla eta Asgard kraterrak. Oso zaharrak dira eta eraztun kontzentriko ugariz osaturik daude[6]. Meteoritoak material biguneko (agian litosfera azpiko ozeanoa) eremuan jo ondoren sorturiko egitura erraldoiak dira, Valhallak 1.800 km-ko diametroa du eta Asgardek 1.600 km-koa[7]. Krater kateak (Catenae) ere ikusten dira, meteoritoa talka egin aurretik apurtu zelako sortuak edo angelu zeiharrean eroritakoak[4].

Atmosfera fina du, karbono dioxidoz eta oxigenoz osaturikoa[8]. Ionosfera aldiz oso indartsua da. Bestalde Jupiterretik urruti egoteak haren magnetosferaren eragina txikia izatea dakar eta erradiazio partikula gutxi iristen zaizkio[9].

Galileo Galileik 1610 urteko urtarrilaren 7an aurkitu zuen beste bi sateliterekin batera[10]. Hurrengo gauean laugarrena aurkitu zuen. Ganimedes, Io, Europa eta Kalisto ziren, Jupiterren lau satelite handienak. Galileok berak "astro medizearrak" izena eman zien, bere mezenasa zen Cosimo II.a Medici-ren omenez, baina astronomoei ez zitzaien gustatu eta Simon Marius-ek gaur egungo izenak jarri zizkien greziar mitologian oinarriturik. Galileok orduan Jupiter I, II, III eta IV izenak proposatu zituen eta XX mendearen erdialdera arte horrela ezagutu ziren[11]. Lau satelite hauen multzoa "satelite galilearrak" izenarekin ere ezagutzen da[12].

Hainbat zundak exploratu dute Kalisto gertutik. Pioneer 10 eta 11 1973 eta 1974an Jupiterren ondotik pasa ziren, baina gainerako satelite galilearrekin ez bezala Kalistotik urruti pasa ziren. Voyager 1 eta Voyager 2-k 1979 eta 1980 urteetan Kalistoren azalaren %50-ari argazkiak atera zizkioten eta tenperatura eta masa neurtu zizkioten. Galileo zundak 1995 eta 2003 artean Kalistoren kartografia burutu zuen, 15 metrotako erresoluzioarekin. 2000 urtean Saturnora bidean zihoan Cassini-Huygens zundak erresoluzio altuko argazkiak atera zituen[13].

Kalistoren balizko kolonizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeanoa eduki dezakeen arren satelitearen barne bero gabeziak ezinezko egiten du bertan izaki bizidunak aurkitzeko aukera. Dena dela bere geologia orekatuak eta jasotzen duen erradiazio murriztuak giza kolonizaziorako aukeraturiko astroen artean sartu du Kalisto, 2003ko NASAren Human Outer Planets Exploration (HOPE)[14] proiektuan adierazten den bezala. 2040. hamarkadan misio tripulatu bat burutu daitekeela ere esan zuen Espazio Agentziak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Chamberlin, Alan. «HORIZONS System» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  2. (Ingelesez) Kuskov, O.L.; Kronrod, V.A.. (2005-10). «Internal structure of Europa and Callisto» Icarus 177 (2): 550–569.  doi:10.1016/j.icarus.2005.04.014. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  3. (Ingelesez) Musotto, S. (2002-10). «Numerical Simulations of the Orbits of the Galilean Satellites» Icarus 159 (2): 500–504.  doi:10.1006/icar.2002.6939. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  4. a b (Ingelesez) Greeley, R.; Klemaszewski, J.E.; Wagner, R.. (2000-08). «Galileo views of the geology of Callisto» Planetary and Space Science 48 (9): 829–853.  doi:10.1016/S0032-0633(00)00050-7. ISSN 0032-0633. (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  5. Wayback Machine. 2008-02-27 (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  6. «Geologic Mapping: Project Details» planetarymapping.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  7. (U.S.), Geological Survey. «USGS Geologic Investigation Series I-2770: Controlled photomosaic map of Callisto JC 15M CMN» pubs.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  8. Wayback Machine. 2011-12-12 (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  9. Wayback Machine. 2009-02-25 (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  10. Galileo Galilei; Sidereus Nuncius (1610eko martxoak 13)
  11. Marazzini, Claudio. (2005). I nomi dei satelliti di Giove: da Galileo a Simon Marius (The names of the satellites of Jupiter: from Galileo to Simon Marius). Lettere Italiane, 391–407 or..
  12. Bell, Jim. (2014). El libro de la astronomía. Kerkdriel ISBN 978-90-8998-357-2..
  13. (Ingelesez) Brown, R.H.; Baines, K.H.; Bellucci, G.; Bibring, J.-P.; Buratti, B.J.; Capaccioni, F.; Cerroni, P.; Clark, R.N. et al.. (2003-08). «Observations with the Visual and Infrared Mapping Spectrometer (VIMS) during Cassini's flyby of Jupiter» Icarus 164 (2): 461–470.  doi:10.1016/S0019-1035(03)00134-9. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  14. Wayback Machine. 2012-01-19 (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]