[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Kataluniar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manifestazio katalanista Bartzelonako Gràcia pasealekua betez. 2010eko uztailaren 10a.

Kataluniar nazionalismoa edo katalanismoa Katalunia nahiz Herrialde Katalanen nortasuna, hizkuntza, kultura eta herrialdea babestu eta politikoki bultzatu nahi dituen (autonomia maila handiago batera ala independentzia osora) herri mugimendu bat da. Mugimendu hau garai hartan Europa osoan piztu zen nazionalismoaren eraginpean XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasieraldera politikoki antolatuta sortu zen, halere, beste nazionalismoekin gertatzen den antzera antzinagoko aurrekariak ere baditu.

Katalanismoa eta kataluniar nazionalismoa sinonimoak dira batzuentzat, baina ez dira gutxi haien arteko ezberdintasunak agerian jartzen dituztenak: biek ala biek Katalunia (eta hainbat kasutan, Herrialde Katalanak) naziotzat jotzen dute, baina katalanistek naziotasun hori alderdi kultural eta linguistikoetara mugatzen dituzten bitartean, nazionalistak -horretaz gain- maila politikoan ere burujabetza gehiago eskatzen ari dira [1] [2].

2012tik Kataluniako alderdi politiko nazionalista gehienek berezko Estatuaren aldeko aldarrikapena ozen egiten dute.

  • Hizkuntza, kultura eta nazio katalanaren eskubide kolektiboen defentsa. Beste nazionalismo batzuen aldean (Eskoziakoa, Irlandakoa....) hizkuntza da katalanismoaren ardatz nagusia, nazio katalanaren funtsa, ezaugarri bereizgarri nabarmenena [3]
  • Burujabetza politiko eta ekonomikoaren eskaera. XIX. mendearen bukaeran, agertu zenean, katalanismo politikoak 1714an galdutako berezko erakundeen berreskurapena aldarrikatzen zuen. Harrezkero, burujabetzaren eskaera etengabea izan da, autonomia estatutuak lortzeko (1932an -Estatut de Núria- eta 1979an -Estatut de Sau-) eta, 2012tik hona, berezko Estatu bat eskuratzeko Europar Batasunaren barnean.

Katalanismoaren ildo nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kataluniar nazionalismoak hiru joera nagusi ditu eta izan ditu bere historian zehar: autonomista, federalista eta independentista.

Alderdi hauek aukera honen alde agertu dira:

Eredu horren aldeko aldarrikapena egin dute alderdi hauek:

Independentista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berezko Estatua Kataluniarentzat alderdi politiko hauek eskatu dute:

Kataluniar nazionalismoaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalanen porrotak Espainiako Ondorengotza Gerran (1714an) Kataluniako berezko erakundeen (Corts Catalanes) galera ekarri zuen, eta bere erregimen foralaren suntsiketa. Horrek politika zentralista berri baten ezarpena eragin zuen, Planta Berriko Dekretuen bidez ezarria, katalan hizkuntzaren debekua eta gaztelaniaren ezarpena, besteak beste, zekarrena [1].

Katalanismo politikoaren sorreran faktore ezberdinek eragin zuten: XIX. mendearen bigarren erdialdean Europa astindu zuen olatu nazionalista (Alemania eta Italiako batasuna, Irlandar nazionalismoaren sorrera...), urte batzuk lehenago sortutako berpizkunde kulturala (Renaixença), Espainiak Kuban eta Filipinetan jasandako porrota (1898an), burgesia katalanaren ezinegona Estatuak bere interes ekonomikoak ez babesteagatik (hots, muga-zergak ez jartzeagatik), etab. [4].

XIX. mendearen erdialdean, urte luzeetan gainbeherean ibili ondoren, katalan hizkuntzak susperraldi garrantzitsua izan zuen, Renaixença izeneko prozesu bati esker (B. Aribau, Rubió i Ors, Milà i Fontanals...). Lore Jokoak (Jocs Florals) antolatu ziren, eta literatura katalanak aro oparoa bizi zuen. Berpizkunde kultural honek talde-kontzientzia sortuko du gizartean, katalanismoaren ondorengo agerpena erraztuko duena.

Lo Catalanisme, Valentí Almirallen lan nagusia, katalanismoaren oinarriak finkatzen zituena.

Valentí Almirall da, zalantzarik gabe, katalanismo politikoari edukia eman ziona. Rubió i Ors katalanismo kulturalaren aitatzat jotzen den modu berean, Almirall da katalanismo politiko modernoaren sortzaile eta ideologoa. 1879an Diari de Catalunya egunkaria sortu zuen (katalan hutsez sortutako lehenengo egunkaria), 1880an Lehenengo Batzar Katalanista antolatu zuen (katalanismo politikoa, hizkuntz normalizazioa eta zuzenbide zibil katalana defendatu zituena), Centre Català erakunde katalanista zibila sortu zuen urte berean, eta 1886an Lo Catalanisme liburua idatzi zuen, katalanismo politikoaren oinarriak finkatzen dituen lehenengo lana. Bere lan horretan, Almirallek klasearteko katalanismo zeharkakoa aldarrikatzen du.

1888an Centre Catalàren zatiketa batek Lliga de Catalunya sortzen du, joera askoz kontserbadoragoa duena. Honen bidez, 1892an Manresa herrian Bases de Manresa deritzonak (Manresako Oinarriak) adostuko zituen batzar nagusia antolatu zen. Oinarri horietan katalanismoaren eskakizun nagusiak biltzen ziren: autonomia politikoa, katalanaren ofizialtasuna, eskumen legegileak, etab.

1901ean lehenengo alderdi politiko katalanista agertu zen: Lliga Regionalista, kontserbadorea eta burgesa. Enric Prat de la Riba eta Francesc Cambó izan ziren bere buruzagiak. Kataluniako alderdi hegemonikoa izan zen XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetan, Primo de Riveraren diktadurara arte. Lligak nolabaiteko autonomia eskuratu zuen Madriletik, Kataluniako Mankomunitatea 1914an lortu zuenean. Prat de la Riba izan zen erakunde horretako lehenengo presidentea. Era berean, hurrengo urteetan Madrileko Gorteetan Kataluniako autonomia estatutua behin eta berriz eskatu zuten LLigako ordezkariek, arrakastarik gabe (Kataluniak ez baitzuen bere estatutua lortu II. errepublika iritsi arte).

1906an Prat de la Riba bere lan nagusia kaleratu zuen, La Nacionalitat Catalana, non Kataluniako identitate nazionala aldarrikatzen du Espainiarekin apurtu gabe.

Azpimarratzekoa da euskal nazionalismoaren aldean XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako katalanismoa ez zela independentista izan, autonomista baizik. Lehenengo talde independentistak geroago agertuko dira Katalunian (Estat Català, 1922an).

Hurrengo urteetan alderdi katalanista berriak agertuko dira, ezkerrekoak eta federalistak: 1910ean Unió Federal Nacionalista Republicana, eta 1917an Partit Republicà Català deritzona (Francesc Layret izan zen alderdi honetako buruzagi nagusietako bat).

1922an Francesc Macià Estat Català sortzen du, Kataluniako lehenengo alderdi independentista. Alderdi honek borroka armatuaren aldeko hautua egin zuen bere helburu politikoak eskuratzeko (Maciàk hezkuntza militarra zuen, espainiar armadaren koronela izan baitzen katalanista izan aurretik).

1931an Esquerra Republicana de Catalunya jaio zen, alderdi politiko ezberdinetako (Estat Català, Partit Nacionalista Republicà eta independienteak) ordezkariek bultzatuta. Lehenengo urteetan alderdi hau konfederalismo eta independentismoaren artean kokatuko da, beti ere ezkerreko jarrerak mantenduz. Espainiako II. errepublikaren garaian Kataluniako alderdi hegemonikoa izan zen (Macíà eta Companys izan ziren Kataluniako Generalitatearen bi presidenteak)

Frankismoa eta frankismoaren osteko nazionalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herrialde Katalanen aldeko murala Vilassar de Mar-en

Francoren garaipenak (1939an) Espainiako Gerra Zibilean espainiarra ez zen nazionalismo ororen kontrako errepresio bortitza ekarri zuen. Erregimen berriak Generalitateko presidentea Lluis Companys epaitu eta fusilatu zuen 1940an. Katalan hizkuntza debekatua izan zen, katalan kultura zokoratua, eta Kataluniako sinbolo nazionalak jazarriak [5].

Giro itogarri horretan nazionalismoa erbesteratua edo klandestinitatean zegoen. Kataluniako Fronte Nazionala (FNC), Estat Català eta ERC-ren militante batzuek sortua 1940ean, katalanismoaren sugarra mentendu zuen urte zailetan. Diktaduraren azken urteetan Nazio Askapenerako Alderdi Sozialista (Partit Socialista de Lliberament Nacional-PSAN) sortu zen, ezkerreko abertzaletasunaren eremua osatzeko.

1971ean Kataluniako Batzarra (Assemblea de Catalunya) agertu zen, demokrazia eta Kataluniako eskubide nazionalen aldeko alderdi politiko esanguratsuenak bultzatua. Erakunde honek askatasuna, amnistia eta autonomia estatutua exijitu zuen Francoren azken urteetan eta trantsizio politikoaren lehenengo garaietan.

1962an Joan Fuster valentziarrak Nosaltres, els valencians liburua kaleratu zuen, non Herrialde Katalanen aldeko gogoeta burutzen zuen. Kataluniatik haratago, katalanismoak erroak zituela agerian uzten zuen lan horrek.

1979an Generalitatea eta berezko erakundeak berreskuratu zituen Kataluniak (Sau-ko estatutua). Estatutu berri horrek nazionalitate hitza erabiltzen zuen Kataluniarentzat, katalanaren koofizialtasuna ezarri eta eskumen batzuk ematen zizkion katalan gobernuari. Finantziazioaren arloan, berriz, hutsune nabarmenak zituen.

Harrezkero, eta 2006ra arte, Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza gehien lortu zituzten alderdi nazionalistak Convergència i Unió (alderdi nagusia, zentro-eskuinekoa eta konfederalismoaren aldekoa) eta ERC (ezkerrekoa eta independentista) izan ziren. Parlamentutik kanpo jardun zuten PSAN-ek eta MDT-k (Moviment de Defensa de la Terra).

1981ean Terra Lliure erakundea agertu zen, borroka armatuaren aldeko hautua egin zuena. Atentatu eta bahiketa batzuk egin zituen (ospetsuena Federico Jimenez Losantos kazetari espainiarraren aurkakoa), eta 1995ean desegin zen.

2006an autonomia estatutuaren erreforma planteatu zuen Gobernu katalanak, eta herriak bozkatu [6]. Espainiako gobernuak, ordea (2006an) eta ondoren Espainiako Auzitegi Nagusiak (2010ean), Kataluniako klase politikoak eta herriak onetsitako estatutu berria baliogabetu zuten atal askotan, ezinegon eta haserre bizia sortuz Katalunian. Manifestazio jendetsuak ikusi zituzten Bartzelonako kaleek, eta 2012an Assemblea Nacional Catalana sortu zen, Kataluniako independentziaren aldeko herri mugimendu zabala. Erakunde berri honek 2012ko irailaren 11an (Diada egunean) independentziaren aldeko inoizko manifestaziorik handiena antolatu zuen. Horren arrakastak, Madrileko ezetz hertsiak finantziazio formula berriari eta autonomia estatutu berriaren kontrako sententziak gertaerak azkartu zituzten. Ordura arte autonomista izan zen alderdi abertzale nagusia (Convergència Democràtica de Catalunya) independentista bihurtu zen, eta Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilaren 23an Kataluniako erabakitze eskubidea eta burujabetzaren aldeko aldarrikapena onartu zuen gehiengo handi batez [7]. Kataluniako prozesu independentista ("el procés", katalanez) abian jarri zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Masgrau, Roser: Els origens del catalanisme polític, Barcanova (1992)
  2. Miquel Iceta abre las puertas al catalanismo huérfano de CiU El País egunkaria, 2016-11-5ean
  3. catalanisme El catalanisme (1833-1931)
  4. Nueva Historia Universal, vol. 6, Ed. Marín SA (1969)
  5. Abellán, Manuel L Censura y literaturas peninsulares Amsterdam: Rodopi, 1987, p. 73 (Diálogos hispánicos de Amsterdam nº 5)
  6. [1] La Vanguardia egunkaria, 2006-06-19an
  7. Kataluniako Parlamentua (2013-01-23an)Resolució del Parlament de Catalunya per la qual s'aproba la Declaració de Soberania i del dret a decidir del poble de Catalunya (katalanez)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]