[go: up one dir, main page]

Edukira joan

KV60

Koordenatuak: 25°44′27″N 32°36′08″E / 25.7408°N 32.6022°E / 25.7408; 32.6022
Wikipedia, Entziklopedia askea
KV60
Kokapena
Koordenatuak25°44′27″N 32°36′08″E / 25.7408°N 32.6022°E / 25.7408; 32.6022
Map
ErabiltzaileaSitre In (en) Itzuli

KV60 Erregeen Haranean dagoen hilobi bat da. Tebastar nekropoliko hilobietatik zalantza gehien sortzen dituenetako bat da hilobi honetan aurkitutako emakume baten momiaren nortasunari buruzko ziurgabetasunaren ondorioz (KV60A deitua), Elizabeth Thomas egiptologo estatubatuarrak eta beste zenbaitek Egiptoko XVIII. dinastiako erregina-faraoia izan zen Hatshepsut bezala identifikatu dutena. Identifikazio hau Zahi Hawass egiptologo egiptoarrak berretsi du.

Hilobiaren deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

KV60 hilobia KV20aren aurrean dago, azken hau Hatshepsuten benetako hilobia dena, atea KV19 hilobiaren parean duelarik, Mentuherkhepshef printzearen hilobia dena. Txikia da eta ez du apaindurarik. Ezkutaleku bat dirudi hilobia baino gehiago. Bere arkitektura estiloagatik, Donald Ryanek Egiptoko XX. dinastian datatu zuen.

Nabarmena da antzinaroan jasan zuen arpilaketa, eta soilik bere jatorrizko edukiaren hondakinak geratzen ziren: zurezko zerraldo baten estalkia, tresnak, zeramika hondarrak, zigiluak eta eskarabeoak. Dagoen apaindura bakarra Horusen begi "Udyat" batzuk dira sarreraren albo banatan.

Hilobia 1903an Howard Carterrek aurkitu zuenean, profanatua eta arpilatua izan zela ikusi zuen, baina bere barnean oraindik oso kaltetutako objektu batzuk eta bi momia zeuden: XVIII. dinastiako idazkun bat zuen zerraldo batean atseden hartzen zegoen emakume txiki bat, eta beste bat handia eta lodia lurrean utzia, bere sarkofagotik kanpo, aurrealdetik burusoila eta ile adats luze batekin atzealdean. Ezkerreko besoa paparraren gainean gurutzatua du ukabila estutua, errege momia bat dela iradokitzen duena (erregeenak ez diren eskua posizio horretan duten momiak ere badauden arren). Carterrek ez zuen askorik lan egin hilobi honetan.

1906an Edward R. Ayrtonek berriz ireki zuen eta momia bat, KV60B izendatua, bere sarkofagoarekin batera Kairoko Egiptoar Museora eraman zuen. Zerraldoak errege inude, In idazkuna du. Pertsonaia hau Sitra bezala identifikatua izan da, In edo Inet ere deitua, Hatshepsuten inudea. Carterrek eta Ayrtonek hilobi honen planorik egin ez zituztenez, hilobiaren kokapena galdu egin zen.

Elizabeth Thomasek 1966an bigarren momia (identifikatu gabea) Hatshepsut izan zitekeela proposatu zuen, Tutmosis III.ak inudearen hilobira eraman zuena Hatshepsuten oroitzapena galarazteko bere kanpainaren zati bezala.

1990ean hilobia berriz aurkitu zen eta Donald P. Ryanek eta Mark Papworthek zuzendutako talde batek zuzen industu zuen. Thomasen teoria berresten zituzten ebidentziak aurkitu zituzten, baina baita teoria hori ezeztatzen zutenak ere. Teoria berresten zuten ebidentzien artean, momia, oso ondo kontserbatua dagoena, errege momiak bezala, besoa paparrean gurutzatua duen atso batena izatea dago. Beste alde batetik, indusketan aurkitutako zeramika txatal bakar bat bera ere ezin izan dira Egiptoko XX. dinastia baino lehenago datatu. Gizonezko batentzako zerraldo batena zen zurezko mozorro bat ere aurkitu zen (gezurrezko bizarrarentzako tokia zuen) baina hilobiak emakumeak baino ez zituen izan eta Hapshetsutek gezurrezko bizarra erabiltzen zuela ezagutzen da. Ryanek momia zurezko zerraldo berri batean jarri zuen, eta hilobia berriz itxi zuen.

2007 hasieran, hilobia ireki egin zen eta bigarren momia, KV60A, ikertzeko atera zen. Urte bereko ekainak 27an Egiptoko Antzinatasunen Kontseilu Goreneko zuzendaria den Zahi Hawassek gorputz sendo, nagusi hau benetan Hapshetsutena zela frogatzen zuen behin betiko frogatzat hartu zuena eman zuen: KV60A momiari hortz bat falta zitzaion, DB320ko ontzi kanopoetako batean zegoena. Bere ADNa ere alderatu da Hatshepsuten amona zen Ahmose-Nefertarirenarekin, eta emaitzek antzekotasunak adierazten dituzte.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]