[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Biozenosi

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ur gezatako uretako eta lurreko elikagai-sarea.

Biozenosia bizitza izateko baldintza egokiak dituen eremu mugatu batean (biotopoa) elkarrekin bizi diren landareen eta animalien komunitatea da. Biozenosiaren eta biotopoaren baturak ekosistema sortzen du[1]. Biozenosia bi adarretan sailka daiteke: fitozenosia (landareak) eta zoozenosia (animaliak).

Biozenosiko espezieen artean, bi motatako elkarrekintzak sortzen dira:

  1. Norgehiagoka: argia, ura, lekua edota elikagaiak lortzeko.
  2. Mendekotasuna: sinbiosia, komentsalismoa, bizkarroitasuna eta harraparitza.

1877an sartu zen hizkuntza zientifikoan biozenosi hitza, Karl Möbius alemaniar biologoak organismo ugari elkartzen zaizkien ostra sarden ikerketan erabili zuenean. Ikertzaile horren arabera, biozenosia izaki bizien multzokatze bat da, eta haren osaerak, moten eta banakoen kopuruak ingurunearen batez besteko baldintza jakin batzuk islatzen ditu; izaki horiek elkarrekiko mendekotasun-harremanen bidez loturik daude. Beharrezkoa da, gainera, biozenosia kokatzen den tokian —biotopoan— espezieak ugaldu ahal izatea, horrek eusten baitio taldeari toki horretan.

Bi puntu garrantzitsutan —banakoen kuantifikazioan eta haien elkarrekiko mendekotasun-harremanetan— aurrerapen nabarmena ekarri zien biozenosi kontzeptuak ordu arte egin ziren komunitate biotikoen deskribapenei. 1850 aurretik, baldintza geoklimatiko zehatz batzuekin loturik zeuden talde naturalak identifikatu besterik ez zuten egiten naturalistek.

Möbiusek masa-fenomenoak, haien elkarrekiko eraginak eta haien oreka orokorra kontuan hartzeak zerikusi handia zuen, dudarik gabe, XIX. mendean garatu ziren gizarte-harremanak aztertzeko teoria berriekin eta Charles Darwinen pentsamenduak izan zuen eraginarekin. Espeziearen ideia arketipo biologikoaren ideiarekin lotzen zuen tesia baztertuz, Darwinek populazio naturalen eta bizitzagatiko borrokaren gaiak landu zituen, eta horrek komunitate biotikoak metodo estatistikoen bidez aztertzera eraman zuen. Izan ere, bizidunen mundua eratzen duten antolakuntza-mailen multzoan, unitate egituradunak osatzen dituzte biozenosiek populazioei dagokienez, eta garai jakin batean inguru jakin batean bizi diren banakoen taldeak multzokatzen dituzte.

Marea arteko putzu baten alboa. Itsas izarrak (Dermasterias), itsas anemonak (Anthopleura) eta itsas belakiak ditu. Tokia: Santa Cruz, Kalifornia.

Inguruari egokitzen ez baldin bazaizkio, espezie batzuk desagertu egiten dira, hautespen naturalaren eraginez. Beren batez besteko balioetatik hurbil dagoen baldintzen aldaketa zabal samarra onartzen dutenak, ordea, komunitatean integratu ahal izango dira, biztanle batzuen eta besteen artean iraupen-harremanak sortzen baldin badira. Horrelako izakien eta inguruaren arteko akzio-erreakzio sisteman eta izakien arteko eraginen sisteman bi elementu nagusik eratzen dute espezieen antolaketa: biozenosiari egitura espaziala ematen dion antolakuntza berezi baten bidez banatzen dira, eta, biozenosia egonkorra baldin bada, ziklikoki errepikatzen diren fase jakin batzuen (fenofaseen) hurrenkeraz egiten da denborazko segida.

Biozenosia espazioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da erraza biozenosiaren kontzeptua zehazki definitzea, izen horren pean itxuraz oso izaki desberdinak sailka baitaitezke. Adiera baten arabera, biozenosia espazioan ongi mugatuta dagoen multzo irregularra da. Urmael bateko komunitate biologikoa horren adibide bat izan liteke, edota itsasertz batekoa. Ertzak eta erdia desberdinak dira, eta baita sakonera ere eremu batzuetan eta bestetan, baina beren osotasunean izaki biologiko funtzionalak dira, non organismo batzuek eta besteek ezin konta ahala harreman baitute beren artean, eta populazio egonkor eta nahiko autonomoa osatzen baitute. Ongi mugatutako multzoen adiera horren barruan, biozenositzat jo daitezke komunitate txikiagoak ere, zuhaitz hil baten populazioa edota usteltzen ari den gorpu batena, esate baterako. Komunitate murritz horiek, ordea, oso autonomia ezegonkorra eta oso iraupen mugatua dute. Hobe da, horrelakoetan, biozenosi zabalagoen zatitzat jotzea.

Biozenosia eremu zabal gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren adiera batean, biozenosia oso eremu zabalean heda daiteke (basoa edo sabana, esate baterako), eta zaila izaten da hari mugak jartzea. Hala ere, espazioan errepikatzen den egitura bat izan ohi du; beraz, maila jakin batean homogeneotzat jo daiteke. Horrelakoetan, azaleko azterketa batekin ere berehala hautematen dira populazio horretako landarediarenfitozenosiaren— ezaugarri nagusiak, bere homogeneotasunaren lehen ideia bat jasoz. Beraz, botanikoak izan dira, hain zuzen ere, multzo homogeneoak definitzen eta mugatzen laguntzen duten arauak lehenik definitu dituztenak. Animalienak —zoozenosiarenak— aurretik mugatu eta definitzea, berriz, zaila da; animaliak ikertzeko, behaketa- eta atzemate-teknika bereziak erabili behar dira.

Ikerketak prozedura grafiko, nahiko enpirikoen bidez egin ziren lehendabizi, Jan Czekanowskiren analisi diferentzialaren taulekin, esate baterako, baina, kalkulu automatikoaren garapenari esker, datuen arteko korrelazio-koefizienteak berehala finka daitezke, eta horrela, ikertu nahi diren kidetasunak kuantitatiboki agertzen diren taulak estatistikoki finkatu eta lan daitezke. Praktikan, beraz, biozenosi baten definizioa pausoz pauso egiten da. Lehen azterketa batean gehien ikusten diren eta ugarien diren organismoetan oinarritutako miaketa egin daiteke, hau da, lehorreko zonetan goi-mailako landareetan oinarritutakoa. Horrela banatutako multzoen datuak analizatuz, komunitateen mugak eta ezaugarriak zehaztu daitezke gero.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Manten, A. A.. (1965). «Principles of paleoecology : D. V. Ager. McGraw-Hill, New York, N.Y., 1963, 371 pp., 86s» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology (Noiz kontsultatua: 2018-12-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Biozenosi