[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Bengala

Koordenatuak: 23°59′20″N 88°43′52″E / 23.9888°N 88.7311°E / 23.9888; 88.7311
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bengala
Datu orokorrak
Motaeskualde historiko eta eskualde geografiko
Azalera236.322 km²
Geografia
Map
Koordenatuak23°59′20″N 88°43′52″E / 23.9888°N 88.7311°E / 23.9888; 88.7311
Herrialdea India
Indiako estatuaMendebaldeko Bengala
Leku geografikoaHegoaldeko Asia

Bengala Indiako azpikontinentearen ipar-ekialdeko eskualde bat da. Gaur egun, independenteak diren bi herrialdetan banatuta dago: India eta Bangladesh. Indian, antzinako Bengala, Mendebaldeko Bengala estatuari dagokio, Britainiar Inperioaren garaian antzinako eskualdearen zatiak, gaur egun, Bihar, Tripura eta Orissa estatuetan dauden arren.

Bengalaren historia, neurri handi batean, bere gobernariek praktikatu zuten erlijioaren arabera bana daiteke.

Antzinako historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. VI. mendetik, Bengala gehiena, Magadhako erresumaren zati zen, erresuma hau, antzinako Indiako erresuma indoario bat zelarik, Vanga bezala, Ramaiana eta Mahabarathan aipatua.

Siddhartha Gautamaren garaian, Indiako lau erresuma nagusietako bat ere bazen, Binbisara (K.a. 544-K.a. 491) eta bere seme Ajatashatruren (K.a. 491-K.a. 460) "erregealdi"etan garatu zirenak. Magadhako erresuma, gaur egungo Bihar eta Bengalaren zatiak barnean izan arte hedatu zen.

Tradizioaren arabera, Magadha garai honetan 16 mahā jana pada deritzenetako (sanskritoz mahā: handia, jana: jendea, herria, pada: sekzioa, erakundea, erkidegoa) bat zen, gizarte errepublikarrak, Rajakumara bezala. Janapada hitza (herri erkidegoa) rājyaren aurka doa, 'erresuma' (heredentziazkoa, absolutista, demokraziaz kontrakoa), eta, beharbada, hitz gutxiesgarri bezala erabili zuten sistema honen etsaiek. Herrixka (grāmaka) bakoitzak, bere biltzar propioa zuen. Administrazioa, funtzio betearazle, judizial eta militarretan banatuta zegoen.

Binbisarak harreman onak zituen jainistekin zein budistekin, brahmanismoaren mendebaldeko ideia berrik bere erresumatik kanpo mantentzen saiatu zen arren, (beste bi erlijioetakoak baino xenofobo eta misoginoagoa), eta, ibai gurutzatzeetan kobratzea suspenditu zuen aszeta guztientzat (baita hinduistentzat ere), Budak, Ganges ibaia gurutzatu ezin izan zuen aldi batetatik, txalupazainari ordaintzeko dirurik ez zuelako.

Alexandro Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 326an, Alexandro Handiaren armada Magadharen mendebaldeko mugaraino iritsi zen. Armada -ahitua eta Ganges ibaian beste armada indiar handi bat topatuko zuela pentsatuz- Hyphasis ibaian matxinatu zen (gaur egungo Beas ibaia) eta ez zuten ekialderago joan nahi izan. Alexandrok, bere ofizial Koenusekin hitz egin ondoren, hoberena Mazedoniara itzultzea zela erabaki zuen.

Magadha, Maurya Inperioaren egoitza izan zen -Chandragupta Mauryak sortua- Ashoka Handiaren erregealdian, Asia hegoalde osotik eta Iran eta Afganistango zatietatik hedatzen zelarik. Beranduago Gupta Inperio boteretsua sortu zen, toki bera okupatu zuena.

Bengalaren lehen atzerriko erreferentzia historikoetako bat K.a. 100ean agertzen da, eskualdea, greziarrek, Gangaridai bezala aipatzen dutenean. Uste denez, hitz hau Ganga-hridai hitzetik dator (literalki bengaleraz "Ganges ibaiaren bihotza" edo "Ganges erdian duen lurra") eta, uste denez, Bengala inguruari erreferentzia egiten dio.

Adibidez, Diodoro Sikulok (K.a. 90-K.a. 30) honako hau dio: "...Gandaridai, elefante kopuru handiena duen nazioa eta handiena tamainaz".

Bengala entitate politiko batean bihurtu zen VII. mendean, garai honetan, Shashankak, Bengalako lehen errege independenteak gobernatu zuelarik. Honen erregealdia 606an hasi zen.

Pala dinastia budistaren lehen erregea, Gopala I.a, 750ean iritsi zen boterera, Gaurren, hauteskunde batzuen ondoren. Gertaera hau, Asia hegoaldeko lehen gertaera demokratiko bezala onartua dago maha jana padaren garaitik. Dinastia honetako erregerik boteretsuenak, Dharmapala (775etik 810 arte errege izan zena) eta Devapala (810etik 850 arte), Bengala batu eta Pala familia Indiako dinastiarik garrantzitsuenetako bat bihurrarazi zuten. Bengalako hizkuntza eta literaturaren garapen garai bat izan zen, nekazaritza indarra hartzen hasi zen eta merkataritzak gora egin zuen. Dinastia gainbehera joaten hasi zen Naraianpalaren erregealdian (854-908), administrazio gehiegikeria eta barne borrokaz betea.

Mahipala I.aren erregealdian (977-1027) dinastiak pizkunde txiki bat izan zuen, Txolatarren erresuma ahaltsuaren aurkako gerrarekin amaitu zena. Chandra dinastiaren igoerak Pala dinastiaren gainbehera bizkortu zuen. Dinastia honetako azken erregea, Madanpala, 1161ean hil zen.

Malla dinastia Bengalan agertu zen VII. mendean. Pala eta Chandra dinastiak budistak ez bezala, Malla dinastiakoak hinduistak ziren. Bengalan errege izan ziren garaian tenplu eta monumentu erlijioso ikusgarriak eraiki zituzten.

Sena dinastiapean, 1095etik 1260 arte iraun zuena, bengalera hizkuntza garrantzitsua izaten hasi zen India iparraldean, eta hinduismoa, budismoaren lekukoa hartzen hasi zen erlijio nagusi bezala.

Indiaren inbasioa Turkiatik heldutako armaden aldetik, XIII. mende hasieran gertatu zen. Inbaditzaileek (Ikhtiar Uddin Muhammad Bin Bakhtiyar Khilji buruzagi zutela), Palastarren erregea zen Lakshman garaitu zuten, Nabadwip bere hiriburuan, 1203 edo 1204an. Deva familiak, Bengala gobernatu zuen azkeneko dinastia hindua, denbora laburrez gobernatu zuen eskualdearen ekialdeko zatia, eta tronutik bota zituzten XIV. mendearen erdialdean.

Musulmandar garaiaren hasiera aldean, antzinako erresuma "Bangala"ko sultanerri bihurtu zen, aldika gobernatua Delhiko sultanerritik. Garai honetan bizi izan zen Txaitania santu bengalarra (1486-1534), Nabadwip herrian jaioa, vishnuismoaren adar bat bultzatu zuena (jada India osotik zabalduta zegoena), gaudiya adarra (Gaudatik: azukre kanabera(ren lurra): Bengala). Sultan afganiar eta turkiarren arteko aldaketa nahaspilatsuak, XVI. mendean Mogoldar Inperioa Bengalan ezarri zenean amaitu ziren.

1534an, Sher Shah Suri buruzagi afganiarrak (Farid Khan bezala ere ezaguna, talentu militar eta politiko sinestezinduna), askoz gehiago ziren Humaiunek gidatutako mogoldarrak garaitu zituen Txausan (1539) eta Kannaujen (1540). Sher Shahk aurrera egin zuen Agra eta Delhi hartu arte, eta sekula existitu den bengalar erresumarik boteretsu eta zabalena ezarri zuen, Paniaberaino hedatzen zena. Bere abilezia administratiboek lan publikoak erraztu zituzten, inguru osoko lehen errepide handia barne, Bengalako Sonargaon herria eta gaur egungo Pakistango Peshawar herria lotzen zituena. Sher Shahk, 1545ean hil zen arte gobernatu zuen, erregealdiko bost urte horiek, Indiako gizarte, politika, ekonomia eta irudietan eragin handia izan duten arren.

Sher Shahren ondorengoak ez zuen halako abilezia administratiborik eta bere inperioak indarra galdu zuen. Humaiunek, bere inperioa berrezartzeko aukera ikusi zuen, eta 1554an Lahore eta Delhi konkistatu zituen. Humaiun hil ondoren, mogoldar tronura Akbar igo zen, mogoldar erregerik handiena, Bengalako Karaniar gobernariak garaitu zituena 1576an eta gobernarien bidez errege izan zena. Akbarren erregealdia, oparotasun handiko garaia izan zen Bengalan eta India iparralde osoan.

Bengalaren oparotasunak hain harrituak utzi zituen mogoldarrak, "nazioen paradisua" bezala deitzera heldu zirela. Mogoldar gorte inperialak zenbait gobernari ezarri zituen eskualdea administratzeko, eskualdea, erdi independentziazko berrogei urtera eraman zuena Nawaben gobernupean. Nawabek, Ekialdeko Indietako Frantziar Konpainiari baimena eman zion Txandernagoren merkataritza gune bat ezartzeko, 1673an, eta beste hainbeste egin zuen Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiarekin Kalkutaren kasuan 1690ean.

Britainiar Inperioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiar konpainia bere defentsak Fort Williamen (Kalkutan) gogortzen hasi zenean, Siraj ud Daulah nawabak, frantziarrek animatua, eraso egin zuen. Britainiar tropek eta tokiko bere aliatuek Txandernagore hartu zuten 1757ko martxoan eta nawabak garaitu zituzten 1757ko ekainak 23an.

Britainiarrek euren nawab propioa ezarri zuten Bengalan, eta euren kontrola hegoalderantz hedatu zuten. Txandernagore frantziarrei itzuli zieten 1763an. Bengalarrak, euren lurraldea berreskuratzen saiatu ziren urte horretan, Sha Alam II.a mogoldar enperadorearekin aliantza bat ezarriz, baina berriz garaituak izan ziren 1765ean. India iparraldeko gune kulturala Delhitik Kalkutara pasa zen mogoldar inperioa erori zenean.

Bengala, 1850etik aurrera, indiar merkataritza eta industriaren gune nagusietako bat bihurtu zen, nagusiki Kalkutan bildua. Biztanleria gehienak, baina, nekazaritzaren mende jarraitu zuen, eskualdeak Indiako aktibitate politiko eta intelektualean zuen lidertzari arrotz.

1905ean britainiarrek, Bengala bi probintziatan banatu zuten: mendebaldekoa, gehiengo hindua zuena (gaur egungo Bihar eta Orissa estatuak hartzen zituena), eta ekialdekoa (gaur egungo Assam estatua hartzen zuena) gehiengo musulmanduna. Prozesu politiko hau Bengalaren lehen zatiketa bezala ezagutzen da. Indiar nazionalistek, ekintza honetan, historiak eta hizkuntzak elkartutako lurralde baten batasunaren zatiketa ikusi zuten. Bortizkeriaz betetako liskar batzuen ondoren, britainiarrek Bengala berriz batu zuten 1912an eta Bihar eta Orissa probintzia banandu batean bihurtu zituzten.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947an India britainiarra domeinu hindu eta musulmanetan zatitu ondoren, Bengala, berriz ere, beste bi zatitan banatu zen: Mendebaldeko Bengala estatua, gehiengo hindua zuena eta Ekialdeko Bengala, gehiengo musulmana, Pakistanen mende zegoena. Prozesu hau Bengalaren bigarren zatiketa bezala ezagutzen da. 1958an tokia, Ekialdeko Pakistan bezala berrizendatua izan zen. Ekialdeko Pakistan, beranduago, pakistandar gobernu militarraren aurka altxatu zen eta, 1971n izandako independentzia gerra baten ondoren, Bangladesheko errepublika independentean bihurtu zen "Bengalako herrialdea" esan nahi duena (Bangla: Bengala, desa: herrialdea, lurraldea). Bengalako mendebaldeko zatiak Indian jarraitu zuen. Hala eta guztiz ere, kultural eta soziologikoki, Bengalako bi zatiek, amankomuneko hizkuntza bat baino gehiago dute.

Bengalak, biktima mordoa eragin zituzten bi gosete jasan behar izan zituen: lehena, 1770ean, britainiarren erregealdia hasi eta handik bost urte eskasera. Gosete honen ondorioz, Bengalako biztanleriaren herena hil zen, proportzionalki, munduko goseterik handienetako bat izan dena. Bigarrena 1943an izan zen (Bigarren Mundu Gerran), gosete honen ondorioz 3 milioi bengaliar hil zirelarik. Baina, zorionez, Bengalako jendea desastre hauek gainditu eta euren lurraldea berreraikitzeko gai izan da. Nobel saria jaso zuen Rabindranath Tagorek deskribatu zuen bezala: "Urrezko Bengala".

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]