Auguste Comte
Auguste Comte (izen osoa Isidore Marie Auguste François Xavier Comte) (Montpellier, Frantzia 1798ko urtarrilaren 19a - Paris, 1857ko irailaren 5a) frantses pentsalaria eta soziologia hitzaren sortzailea izan zen. Hasiera batean, zientziaren izena fisika soziala zen, honela, bere ikuspuntua besteengandik desberdintzeko soziologia hitza sortuz. Modu honetan, soziologia zientzia bezala sortu zen. Garai horretan, Frantziako iraultzak aldaketa sozial garrantzitsuak ekarri zituen eta industriaren garapenarekin gora-behera handiak pairatzen ari zen gizateria. Honela, bera saiatu zen gizartea aztertzen duen zientzia eraikitzen. Comteren ustetan, diziplina bakoitzak badu objektu propioa ikaskuntzan, denek elkarren artean logika eta metodo zientifiko komunak dituzte. Comtek soziologia zientzia positibo bezala hartzen du, eta positibismoaren sortzailea da.
Filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Comteren filosofiak Francis Baconek hasitako filosofia modernoari jarraipena eman zion. Comtek orden soziala ezarri nahi zuen teoria zientifikoak aintzat hartuta. Horrela, teoria teologikoak edo metafisikoak albo batera utzi zituen.
Rousseauk eta Voltairek ez bezala, Comtek erreforma soziala kontserbadoreagoa eta kontrairaultzaileagoa planteatu zuen. Iraultza Frantsesa oinarri hartuta, aipatutako bi autoreei Comtek haien metafisika utopikoaren bidez ezin zutela gizartean orden eta moral soziala ezarri leporatu zien.
Comteren oinarrizko ideia zera da; zientzia guztiak mailakatuta zeudela. Horrela, piramidearen oinarrian matematika zegoen. Horri jarraituz, mekanika, fisika, kimika, biologia. Eta gailurrean Gizartearen Zientziarekin topo egingo dugu, hau da, Soziologia topatuko dugu. Comtek Soziologian gizartearen arazoen erantzunak ikusi zituen. Soziologiarekiko gehiegizko mirespenaren ondorioz, gizarte zientzia hori erlijio laikotzat hartu zuen, positibismoa sortuz. Positibismoak zera esaten du; zientziak ikusi ahal eta neurtu ahal ditugun gauzetan bakarrik zentratu behar duela, hau da, esperientziaren bitartez ezagutzen ditugunak.
Positibismoa, arazo sozialak eta moralak ikuspuntu positibo-zientifiko batetik analizatu behar dira. Horretarako, fenomenoen ikuspuntu enpirikoa behar da. Horrela, aurkitu eta azaldu ahalko dira lege unibertsalak gizakiarentzat erabilgarriak izan daitezen.
Hiru aroen legea eta aurrerakuntzaren ideia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinarrizko legea ere deitua den hiru aroen lege honek dioenez, gizateria bere osotasunean eta gizabanakoa horren zati gisa, garapen maila intelektual ezberdinei dagozkien hiru garai sozial ezberdinetatik igarotzera mugatua dago: Aro erlijioso edo teologikoa, aro metafisikoa eta aro positiboa edo zientifikoa.
Aro batetik bestera igarotzeak gizartearen aurrerapen lege bat suposatzen du, beharrezkoa eta unibertsala dena. Lege honen arabera aro teologikoan, gizakiak, naturako zergatiak eta azalpenak naturaz gaineko indarretan bilatzen ditu, mitologia adibidez.
Aro metafisikoan arrazionaltasun teologikoa zalantzan jartzen da eta naturaz gaindiko indarrak benetako gauzetan ordezkatzen dira.
Aro positiboan gizakiak ez du bilatzen gauzak zer diren jakitea, baizik eta esperientzia eta behaketaren bidez horiek nola jokatzen duten azaltzea.
Filosofia positibistaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filosofia positiboa legearen hirugarren zatiari dagokio. Rousseau eta Voltaire-ren filosofia negatibo eta kritikoaren aurkaritza gisa definitzen da.
Positibo terminoak errealitateari egiten dio erreferentzia, hau da, subjektuari dagokiona alde batera utziz. Honek erabilgarria, egiazkoa, zehatza, konstruktiboa eta erlatiboa izatea du helburu. Azken batean, ez du determinismo absoluturik lortzen apriorizko nozioen bidez. Baiezta liteke filosofia positibistak bere ezagutzak gauza baikorretan oinarritzen dituela,hau da, benetakoa denean, alde batera utziz teoria abstraktuak.
Comtek giza ezagutzaren hiru egoera proposatzen ditu: egoera teologikoa, egoera metafisikoa eta egoera positiboa, azken hau goraipatuena izanik.
Laburbilduz Auguste Comten filosofia positibista gizarte,politika eta ekonomiaren berrantolaketa litzateke industri iraultzaren testuinguruan.
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean, soziologiaren ideia garrantzitsua izan zen, ez soilik Comterentzat. Hala ere, Comte zientzia horrekiko izan zuen mirespena izugarrizkoa izan zen. Comtek gizarte zientzia hori zientzia guztietatik nagusiena eta beste guztiak honen barnean zeudela uste zuen, denak erlazionatuta eta integratuta geratuko zirelakoan. Soziologia hitza ezarri zuen, horregatik kontsideratzen zaio lehen soziologo modernoa. Hala ere, gaur egun, Comteren pentsamendua muturrekoa dela eta bere soziologiaren ideia ( zientzia guztietatik nagusiena ) ez da haintzat hartzen.
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cours de philosophie positive. 6 vols. 1842.
- Discours sur l'esprit positif. 1844.
- Système de politique positive, ou Traité de sociologie, instituant la religión de l'humanité. 4 vols. 1851-1854.
- Catéchisme positiviste, ou Sommaire exposition de la religión universelle, en onze entretiens systématiques entre une femme et un prêtre de l'humanité. 1852.
- Philosophie des sciences, éd. Gallimard, Tel, 1997 (recueil de textes d'A. Comte).
- Science et politique : Les conclusions générales des cours de philosophie positive, éd. Pocket, 2003.
- Premiers cours de philosophie positive : Préliminaires généraux et philosophie mathématique, éd. PUF, 2007.
- Catéchisme positiviste, 1852, éd. Sandre, 2009.