Absolutu (filosofia)
Absolutu hitzak, zentzu filosofikoan, “berez dena” esan nahi du. Absolutu terminoak izendatu du beste zerbaitetik banandua edo independentea dena, hau da, baldintzagabea dena. Horregatik, zentzu komunari dagokionez, absolutuaren ideiak negatiboa den zerbait esan nahi du, hau da, “absolutua” ezeztapenez azaltzen den termino izango da, ez baita definitzen, egian, termino positiboa eta errealitatearen betetasuna adierazten duenean. Zentzu horretan, "absolutua2 beste kontzeptu bati aurka egiten dionean ulertzen dena izango da. Dena den, arrazoimen espekulatiboak arrazoimen hori lehen eta zerizanezkotzat hartzen duenean, enpirikoki hautematen diren erlazio guztien nukleo eta printzipio esplikatzaile gisa kokatzen da. Beste hitz batzuekin esanda, hasierako negazioa termino zentralean bihurtzen da.[1]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]“Absolutu” hitza latineko absolutus hitzetik dator, absorvere aditzaren partizipio perfektua dena. Absolutu hitza ab- aurrizkiak (gabezia, banaketa) eta solvere aditzak (askatu) osatzen dute, eta, beraz, “norbait zerbaitetik askatzea” esan nahi du.[2] Horrenbestez, edozein lotura edo mugapenetatik aske eta independente dena adierazi nahi du; hortaz, Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du terminoa: «Berez halakoa dena, beste ezeren arabera hartzen ez dena».[3]
Absolutu motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuarki, absolutu mota desberdinen arteko bereizketa egiten da. Oinarrizko bereizketa absolutu hutsaren, absolutum simpliciter, eta sinplearen, absolutum secundum quid, artean ematen da, hau da, bere baitako absolutuaren eta beste batekiko erlazioz absolutua denaren artean. Lehena Jainkoarekin, Printzipioarekin, Kausarekin, Izatearekin, Batarekin eta abarrekin identifikatu da, hau da, nozio teologikoekin edo filosofikoekin. Bigarrenari dagokionez, absolutu mota ezberdinak bereiz daitezke, adibidez, absolutuki gorria dena, absolutuki biribila dena, etab. Ikusten denez, beti beste errealitate bati lotua. Bestalde, badira aurrekoak bezain tradizionalak ez diren, baina literatura filosofiko modernoan hain ohikoak diren zenbait bereizketa: absolutua zentzu formalean eta absolutua zentzu zehatzean; absolutu arrazionala eta irrazionala; absolutua errealitate gisa eta absolutua printzipio gisa; absolutu isolatua eta erlazionatua; immanentea eta transzendentea; infinitua eta finitua; esperimentala eta ez-esperimentala, etab. Dena dela, absolutuari buruzko espekulazio gehienak lehen motari lotzen zaizkionez, hau da, simpliciter absolutuari, lehen bereizketa funtsezkotzat hartu behar da.[1]
Absolutua eta izate erlatiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatura filosofikoan sarri irakurtzen da absolutua mendekoari, baldintzatuari eta erlatiboari kontrajartzen zaiela. Absolutua denak, logikoa denez, erlatiboaren aurka egiten du, eta, horrela, bere interpretazio negatiboa, mugatua, baldintzatua, ezeren (ez inoren) ondorio ez dena bezala agertzen da, hau da, beste ezein gauza edo ideiaren menpe ez dagoena. Hortik sortzen da, agian, absolutuaren balio positiboa egia gisa, non beste guztiak oinarritzen diren eta horren menpe dauden, eta beste inorengandik eratortzen ez den eta bere izateko arrazoia bere baitan daraman printzipio gisa.
Hala ere, bi aurkakotasun bereizi behar dira: (1) absolutua mendekoari kontrajartzen zaio eta (2) absolutua erlatiboari kontrajartzen zaio. Autore tradizionalek (batez ere eskolastikoek) sarritan jo dute lehen aurkakotasunera, eta argudiatu dute horrek bakarrik ahalbidetzen duela absolutuaren eta absolutuak ez diren zerizanen artean ezar daitekeen harremanaren auzia konpontzea. Autore modernoek, aldiz, bigarren aurkakotasuna hobetsi dute. Azken adiera honekin doktrina ugari eraiki dira. Adibidez, monismoa absolutu bati dagokion guztia murrizteko saio gisa defini daiteke; fenomenalismoa, absolutua erlatiboa den guztiari lotzeko asmo gisa; dualismoa, absolutua bi zerizan absolututan edo gehiagotan zatitzeko ahalegin gisa, eta abar.[1]
Absolutuaren ezagutza posiblea?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraganeko filosofo gehienek absolutua onartu dute, edo gutxienez haren kontzeptuari buruz zentzuz hitz egiteko aukera. Ez da beharrezkoa izan haientzat metafisika guztiz arrazionalista sostengatzea; absolutuari buruzko ikuskera enpiristak ez dira erabat baztertuta geratzen. Aitzitik, filosofo batzuek, garai garaikidean bereziki ugariak, uko egin diote absolutu baten ideia beren pentsamenduan sartzeari.
Ukapen horrek hiru formula izan ditzake. Alde batetik, ukatu egin daiteke absolutua denik, eta haren inguruan esaten dena irudimenaren ondorio gisa har daiteke; absolutuaren inguruko espekulazioak, ezeztapen mota hori aldarrikatzen duten autoreen arabera, ez dira berez filosofikoak, eta are gutxiago zientifikoak, literarioak edo poetikoak baizik. Bestalde, ukatu egin daiteke zilegi denik absolutuaren ezein kontzeptu garatzea, bereziki horrelako saio orok antinomia disolbaezinak ekartzen dituelako. Azkenik, ukatu egin daiteke "absolutua" esamoldea zentzuz ere erabili ahal izatea, adierazpen horrek erreferentzia behagarririk ez duela edo hizkuntzaren arau sintaktikoak urratzen dituela argudiatuz. Lehenengo iritziari enpirista askok eutsi diote; bigarrenari, arrazionalista ugarik; azkenari, neopositibista gehienek.[4]
Absolutua ulertzeko hainbat modu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Absolutua bururatzeko moduei dagokienez, ez dago beti adostasunik, ezta absolutu bat bururatzeko aukera onartzen dutenen artean ere. Batzuek uste dute absolutua arrazoimen huts edo espekulatiboaren bidez ulertzen dela; beste batzuek, berriz, esperientziaz ezagutzen dela uste dute, bai esperientzia arruntaz, bai esperientzia bereziaz. Beste batzuen ustez, ordea, arrazoimena eta esperientzia ez dira bide egokiak; izan ere, Absolutua ez da gauza zehatz bat, eta horrela ezin da pentsatu, ezta esan ere, susmatu baino ez da egiten.
Bestalde, intuizioa intelektuala, emozionala, borondatezkoa eta abar izan daiteke. Beste pentsalari batzuek ohartarazten dute absolutuaren inguruan jardutea tautologikoa dela ezinbestean, ezin baita alde batera utzi baieztapena, “absolutua absolutua baita”. Orduan ondorioztatzen dute absolutuaren alderdi zehatzei buruz bakarrik hitz egin daitekeela, alferrik baita alderdi formalei buruz hitz egin nahi izatea. Absolutuaren inguruan egon daitekeen argipen bakarra, beraz, absolutu hori existitzen dela frogatzea da, eta ez absolutuaren izaera ikertzen saiatzea.[4]
Absolutuaren hainbat forma historiko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Absolutuaren erabilera ohikoa izan da tradizio filosofikoan. Absolutuaren analisia egiteko asmorik izan ez duten autoreek ere beren pentsamenduan zerizan absolututzat hartu ohi denari erreferentzia egiten dioten kontzeptuak sartu dituzte. Kontuan hartu, adibidez, Parmenidesen Esfera, Platonen Ongiaren ideia, Aristotelesen lehen motore mugiezina, Plotinoren Bat-a, Spinozaren substantzia, Kanten bere baitako gauza, Fichteren Nia, Hegeliar izpiritu absolutua, Schopenhauerren nahia, etab. Azter ditzagun, beraz, ideia horietako batzuk sakonago.
Agustin Hiponakoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere irakaskuntzaren aurrekari historiko asko dauden arren, Agustin absolutuaren adiera filosofikoa eta teologikoa azpimarratu zuen pentsalaria da. Dakigunez, Plotinoren bitartekaritzarekin batera, platonismoa da doktrina augustindarraren iturri nagusia. Afrikako gotzain handiak Akademia Berriaren eszeptizismoaren aurkako defentsa egin behar izan zuen lehenik. Akademia Berriak, ezagutzaren kausa bezala Platonen irakaspena onartu zuen, zentzumenen munduaren desegokitasunari buruz, baina ez zuen bere ziurtasuna ideien existentzian partekatu. Horrela, ezagutzaren posibilitatea zalantzan jartzen zen.
Agustinek, akademiko berriei eraso egin zienean, zentzumenen mundutik independentea izango zen mundu ulergarri baten existentzia defendatu zuen, Platonen terminologia bera erabiliz. Harentzat, ideien existentzia Jainkoak sortu eta zuzendutako mundu bat da. Horregatik ideiak Jainkoak sortzen dituen ereduak dira, eta hor kokatzen da filosofoek beti bilatzen duten jakinduria. Horrela, Jainkoaren atributu gorena, Agustinen arabera, egia da, bertan Jainkoak funtsatzen baititu beste egia guztiak.
Laburbilduz, Agustinentzat Absolutua Jainkoari dagokio, izaki eta existentzia ororen sorburu baitak. Berak uste zuen Jainkoa dela egiazko errealitate bakarra eta gainerako guztia harengandik sortua dela. Horrenbestez, argudiatzen zuen munduko gauzak gure zentzumenen bidez ezagut ditzakegun arren, egia absolutua arrazoimenaren eta Jainkoarenganako fedearen bidez bakarrik uler dezakegula. Horrela defendatzen du bere "Aitorpenak" lanean, non bere ezagutzaren eta egiaren aldeko bilaketa propioa deskribatzen duen, azkenean Absolutua bezalako Jainkoaren ulermen sakonagora eraman duena.[5]
Tomas Akinokoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tomas Akinokoren pentsamenduan absolutuaren existentzia lehen kausaren frogapenean agertzen da,. Hau da, izaki absolutuarekin lotuta dago, unibertsoan pentsa eta ezagut daitekeen Jainkoaz haraindi. Jainkoaren existentziaren frogapenaren bost bideen teoriaz aparte, Jainkoaren existentziara Jainkoaren existentziara sortutako gauzen ezagutzaren bidez irits daitekeela proposatzen du.
Era berean, Akinoko Tomasen pentsamenduan lotura estua dago betiereko edo erabateko egiaren nozioaren eta izate absolutuaren artean. Jainkoa egia absolutua ote den galdetzean egiazta dezakegu. Ikus dezagun, beraz, esaldien egia adimenaren egia besterik ez dela, esaten dena gogamenean eta hizkuntzan ere badelako. Horrela, hitz egiten denean, egia dela esaten da gogamenean egia dela adierazten duen heinean. Gauza bera esan dezakegu adimenaren egiari dagokionez. Horregatik, gogamena betierekoa ez balitz, ezein egia ez litzateke betierekoa izango. Eta, Jainkoaren Izpiritua bakarrik betierekoa denez, horretan bakarrik du egiak betierekotasuna. Eta hortik ez da ateratzen Jainkoaz kanpoko zerbait betierekoa denik, zeren Jainkoaren Izpirituaren egia Jainkoa bera baita. Akinosen ontologiak Jainkoa bere izaera duen izate gisa deskribatzen du. Jainkoa ez den beste edozein izaki ez da existitzen, eta, beraz, bere baitatik kanpo bilatu behar da haren existentziaren kausa. Jainkoa, beraz, absolutua da, beste zerizanetik erabat independentea.[5]
Fichte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ni absolutuaren esanahia, J. G. Fichte-ren pentsamenduan, idealismo kritiko kantiarraren zuzentzaile gisa ulertu behar da. Kantiar kritiken emaitza izan zen kritika horiek oinarri bat eman ziotela gizakiari askatasunaren esparruan fede arrazional bat izateko. Bere baitako gauza, jatorriz kantiar sisteman oinarrituriko elementu postulatua, moralaren eta Jainkoaren erresuma bihurtu zen, arrazoimen kritikoari helezina zaiona. Kanten ustez, barne-lege moralak oinarri bat ematen du Jainkoaren existentzian, ordena izpiritualean eta arimaren hilezintasunean sinesteko, baina ez haiek ezagutzeko. Bere ustez, nahiz eta gizakiak ezin duen horrelako ezer frogen bidez ezagutu, badu berme bat arrazoi praktikoengatik onartzeko. Fichtek uko egin zion askatasunaren eta ni-aren baztertze hori egiazko ezagutzaren bazterretara uzteari; bere filosofia bera askatasunaren, ni-aren, kontzepzioaren baieztapenarekin hasi zen, erabat oinarrizko printzipio gisa. Printzipio horretatik atera behar dira esperientziaren kategoriak. Horrela, ni aske eta prestua ezagutza eta esperientzia ororen iturri bihurtu zen Fichteren filosofian.
Gauzak horrela, askatasuna, mundu-ordena eta Jainkoa ziren oinarrizko errealitateak; beste edozer onartu behar bazen errealtzat, horietatik ondorioztatu behar zen. Beraz, ordena praktikoa ez zen bere baitako erresuma gisa bakarrik salbatu, baizik eta errealitatearen funtsezko ordena erregulatzaile bihurtu zen. Fichtek, bere niaren errealitate osoa ondorioztatzen ari zela salatzea saihesteko, ni partikularren eta ni absolutuaren arteko bereizketa bat sartu zuen, ni indibidualak azkenengoaren adierazpenak izanda. Horregatik, ukatu egin zuen idealismo subjektiboaren sistema bat garatu zuenik. Kanpoko munduaren existentziaren berri emateko gai izan zen, bere gogobetetzeari zegokionez, ez baitzen bere niaren mende bere osotasunean. Horrela Fichteren filosofiaren erdigune bihurtu zen ni absolutua Jainkoa da, baina Jainkoa prozesu gisa ulertua, eboluzio espiritual autodeterminatu gisa. Ni absolutu hori ni indibidualetan adierazten eta agertzen da; haien baitan bere izaeraren lege gisa bizi eta jokatzen du, mundu fenomenikoaren zein pentsamenduaren lege beharrezkoen azken oinarri gisa.[6]
Schelling
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fichterenean, natura ni absolutuaren emaitza da; hala ere, ni indibidualari dagokionez, oztopo bat besterik ez da. F. W. J. Schelling saiatu zen dualismo horretatik harago joaten, absolutu-deenaren kontzeptuan, natura edo prozesu gisa, errealitaterako oinarri erabat monista aurkitzeko. Harentzat natura jada ez da prozesu hil eta mekaniko bat; adimen inkontzientea da, gizakia adimen kontzientea den bezala. Bada, beraz, ezagutza ahalbidetzen duen kidetasun bat.
Errealitatearen nota komuna, Schellingentzat, aktibitate hutsa da, energia autodeterminatzailea; natura eta adimena ez dira alderdi paraleloak, ni absolutuaren garapenean etapak baizik. Absolutua ez da existitzen den zerbait, baizik eta eboluzionatzen duen zerbait, garatzen dena, historia bat duena; eta natura eta adimena historia horren uneak dira. Horrela, Schellingek dio ni indibidualak, adimen itsua bere buruaz jabetzen den lekuak direnez, ezin direla errealak izan absolutuan errotuta ez badaude. Schellingen izaera, beraz, physis presokratikoaren oso antzekoa da; zientziarako ezartzen duen ideala pentsamenduaren legeen eta naturaren legeen azken identifikazioa da. Identitate horren bidez, errealitate osoa adimenera mugatzen da.[6]
Hegel
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pentsamenduaren eta errealitatearen legeen identifikazioa, Schellingek irakatsia, G. W. F. Hegelek onartu zuen. Hegelentzat absolutua dena ez da lausoa eta amorfoa, absolutuak Schellingengandik hartu zuen bezala, eta ez da substantziala, Spinozarentzat izan zen bezala. Absolutua une inkontzienteetatik igarotzen den prozesua da, baina bere oihalak autokontzientzia osoa dira. Prozesuaren zentzua azken xede horretan dago, non absolutua bere buruaz erabat kontziente izatera iritsi den eta bere identitatea unibertsoaren azken xedearekin berrezagutzen duen.
Hegeliar absolutua aldi berean presente dago prozesu orotan eta bertatik sortzen da. Filosofiak, beraz, arrazoimena bilatu eta aurkitu behar du prozesu orotan, irrazionala eta absurdua badirudi ere. Hegelek historiarekiko duen interesa aurreikus daiteke: historian absolutua bilatzeko eskatzen dio gizakiari. Motibo erlijiosoak ematen ditu bilaketa honetarako, esanez gizakiari Jainkoa maitatzeko ez ezik, hura ezagutzeko ere esaten zaiola. Jainkoa gizakiari agertzen zaio historian. Pentsa daiteke historian gauzak halabeharrez eta modu txarrean gertatzen direla, baina hau ezin da izan. Gizakiak ez du pentsatu behar bereizketa bat dagoenik gauzak nolakoak diren eta nolakoak izan beharko luketen. Historian dena gertatzen da nahitaez eta onerako, eta filosofoaren zeregina da hori frogatzea.
Prozesu dialektikoa eta kontraesanaren printzipioak dena gobernatzen duela dioen baieztapena Hegelek pentsamenduaren eta errealitatearen inguruan egiten duen identifikazioaren adierazgarri dira. Pentsamendua nahasmen globaletik determinazio eta bereizketara doan prozesu gisa pentsa litekeen bezala, Hegelek errealitatea abstraktu homogeneo eta bereizgabetik bereizketa konkreturaino garatzen dela uste du. Prozesuaren urrats bakoitzak atzera eta aurrera begiratzen du. Dena ez da izan zena, ezta izango dena ere: oraingo egoera aurreko egoera baten kontraesankorra da, eta orain denaren kontraesanera darama. Kontraesana, beraz, bizitzaren eta mugimenduaren legea da. Guztiz, kontrakoak eta kontraesankorrak irentsiak eta adiskidetuak dira. Pentsamenduaren metodo dialektikoa bere kontraesana sortzen duen nozio abstraktu batekin hasten da, eta bi hauek hirugarren kontzeptu batean biltzen dira: tesia, antitesia eta sintesia. Higidura abstraktutik orokor-den konkretura da. Horrela, Hegelek pentsamenduaren aurrerapenaz eta errealitatearen bilakaeraz egiten duen deskribapena berbera da. Hegelen absolutua, beraz, errealitatearen prozesu ebolutiboa eta prozesu horren helmuga da, Espiritu Absolutua, alegia.
Hegelentzat horrek esan nahi du ezagutza absolutuak erlazio absolutua baino ezin duela adierazi, non esperientziaren oinarria eta hura esperimentatzen duen eragilea bat eta bera diren: ezagutzen den objektua ezagutzen duen subjektua da esplizituki. Hau da, egiazki absolutua den "gauza" bakarra bere burua erabat auto-baldintzatua duena da, eta Hegelen arabera, hori gogoak bere burua objektu propiotzat hartzen duenean bakarrik gertatzen da. Beste hitz batzuekin esanda, absolutua dena da beste kontzientzien beharra ez duena bere burua definitzeko, bere burua auto-baldintzatze baitu. Hau da, bestearen ezeztapena beharrezkoa ez denean kontzeptua ulertzeko, erabat, autonomoa delako.[6]
Simone de Beauvoir
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Simone de Beauvoirrek Bigarren Sexua liburuan emakumearen inguruan plazaratu diren esentzia ezberdinak komentatzen ditu. Berak, ikuspuntu existentziala batetik azterketa egiten badu ere (kritika egiteko), Hegelen terminologia erabiltzen du emakumearen auzia jorratzeko. Liburuari heltzen badiogu, labur esanda, Beauvoirrek emakumea izatea zertan datzan galderari erantzun nahi dio, hau da, emakume izatearen definizio bat ematen saiatzen da. Horretarako, aipatu denez, subjektu eta objektuaz hitz egiten digu (Hegelen terminologia).
Hegelen ustez, besteak funtsezkoak dira gure nortasuna eratzeko. Nahiz eta gure ziurtasunarentzat eta munduaren egia izateko nahiarentzat mehatxu bat izan, besteak gabe ezingo genuke gure nortasuna eratu. Zergatik? Gure nortasuna osatzeko, errekonozimendua behar delako, eta hori beste gizaki batek bakarrik eman dezake alteritatearekin. Kasuak kasu, botilaren adibidea ekarri dezakegu gogora. Botila nigandik aparte dagoen objektua da, horregatik honekiko ni agentea izango naiz. Horrela, botila objektua den heinean, ez digu ezer berririk ematen. Dena den, nik pertsona batekin topo egiten badut (Unax demagun), Unax, ni bezala, agentea izango da, berak nire existentziaren kontzientzia duelako, eta alderantziz. Horregatik existentziaren kontzientzia elkarrekikotasuna eskatzen du. Bi subjektuen artean elkarrekikotasun bat dago, hau da, bestea zuretzako bestea izango da, baina uler dezakezu bestearentzat norbera bestea izango dela ere. Edozein kasutan, bestearen nozioaren bitartez konturatzen naiz ni naizela, zerbait naizela. Norberaren kontzientzia sortzen da bestearen bitartez (alteritatea), nire burua kontrajarriz. Hitz gutxitan esan da, norbera izateko bestea behar dugu.
Beauvoirren teoriara bueltatuz dio emakumea alteritatearen bitartez definitzen den izakia dela. Gizon-emakume dikotomian gizona subjektuak izango da eta emakumea bestea, objektua. Emakumea topatzen da egoera batean non kondenatuta dagoen beti bestea izatera. Gizonen taldeak bere burua subjektu bat bezala hartu du, eta horretarako, bere kontzientzia bermatzeko, emakumea bestea izatea tokatzen zaio kanpotik eman zaizkion balore batzuen bitartez: feminitatea, errespetatua, aginduak betetzea,... kasu. Gainera, ordena naturaltzat saldu dute. Bere transzendentziari uko egin behar dio emakumeak, izaki inmanente batean bihurtzeko. Horren ondorioz, gizona emakumearen bestea da, emakume gizonaren bestea izan gabe. Horrela laburtzen du autoreak:
Bi sexuen harremana ez da bi elektrizitaterena, bi polorena: gizonak positiboa eta neutroa ordezkatzen ditu aldi berean, "gizonak" erabiltzen denez gero gizakiak izendatzeko, "vir" hitzaren zentzu singularra eta "homo" hitzaren zentzu orokorra baturik. Emakumea negatibo gisa ageri da,... [7]
Zer esan nahi du horrekin? Aurrerago dagoen azalpen batekin argitzen digu:
Gizonaren gorputzak berez du zentzua, emakumearena kontuan hartu gabe ere; emakumearenak, berriz, gabetua ematen du gizasemea gogoan ez badugu [.] Gizona pentsa daiteke emakumea gabe. Emakumea ez daiteke pentsa gizona gabe". Eta emakumea ez da gizonak erabakitzen duena baizik; hala, "sexua" deitzen zaio, eta horrek esan nahi du emakumea, gizonarentzat, izaki sexudun bat dela funtsean: gizonarentzat, emakumea sexu da, eta, beraz, horixe da guztiz. Gizonaren aldean determinatzen eta bereiten da emakumea, baina ez emakumearen aldean gizona; emakumea inesentziala da, esentzialaren kontrakarrean. Gizona Subjektua da, Absolutua: emakumea Bestea da: (Beauvoir, 2019, 10)[8]
Honekin autoreak azaldu nahi digu, emakumeak gizonaren aurrean bestea dela, hori den guztiaren kontrakoa delako. Baina gizona, bere aldetik, ez da emakumearen negazioarekin identifikatzen, absolutua delako. Gizona norbera da, subjektua, absolutua, hau da, izaki esentzial bat. Gizonak askatasuna du bere nortasuna eraikitzeko, hain zuzen, absolutua delako, espirituaren azkenengo pausuan dagoelako. Gizona historia da, zientzia, filosofia, Gizonak ez du inoren beharrik behar definitzeko, are gutxiago emakumearen beharra. Horregatik, emakumea bestea izango da, izaki inesentziala.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Ferrater Mora, José. (1990). Diccionario de filosofía. Alianza Editorial.
- ↑ (Gaztelaniaz) «ABSOLUTO» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
- ↑ «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
- ↑ a b Diccionario de filosofia de bolsillo. Alianza Editorial 2006 ISBN 84-206-3670-3. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
- ↑ a b The Absolute. .
- ↑ a b c (S.I.), Copleston, Frederick,. (1999). Historia de la filosofía 7. Ariel ISBN 84-344-8728-4. PMC 1055103922. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
- ↑ de Beauvoir, Simone. (2019). Bigarren Sexua. Elkar Argitaletxea, 9 or. ISBN 978-84-90279-45-8..
- ↑ de Beauvoir, Simone. (2019). Bigarren sexua. Elkar Argitaletxea, 10 or. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).