Antonio Starabba
Antonio Starrabba (edo Starabba) Rudiniko markesa (Palermo, 1839ko apirilaren 16a - Erroma, 1908ko abuztuaren 6a) italiar politikaria izan zen. Italiako lehen ministroa izan zen 1891tik 1892ra eta 1896tik 1898ra.
Siziliako familia aristokratiko batean jaioa, 1859an Garibaldiren iraultzarekin bat egin zuen. Palermoko alkate izendatu zuten eta 1866an matxinada separatista eta erreakzionarioa zapaldu zuen. Lortutako prestigioa zela eta, Palermoko prefektua izendatu zuten, eta Napolikoa gero. 1869ko urrian Barne ministro izendatu zuten Luigi Federico Menabrearen gobernuan.
1886tik eskuina zuzendu zuen eta 1891n lehen ministro eta Kanpo Arazoetako ministro hautatu zuten. Bere gobernua Giovanni Nicoterak zuzenduta ezkerreko zati batekin koaliziokoa izan zen. Erreforma ekonomikoak egin zituen eta Aliantza Hirukoitzaren ituna berritu zuen. Gobernua 1892an erori zen, Ganberan zentsura-boto bat jaso ondoren.
1896an berriro zuzendu zuen gobernua, Adwako guduan Italiak porrot egin ondoren. Addis Abebako Ituna sinatu eta Etiopiaren independentzia onartu zuen. Kassala Erresuma Batuari ere utzi zion, eta horrek haserrea eragin zuen Italian. 1898ko maiatzean gogor zapaldu zituen prezioen gorakadak eragindako protestak eta hildakoak izan ziren Milanen. Ezkerrak eta eskuinak babesa kendu zioten eta 1898ko ekainean kargutik kendu zuten.