[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Chanakya

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Chanakya

katedradun

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKauṭilya or Vishnu Gupta, Kauṭilya, Vishnu Gupta
JaiotzaTaksila, K.a. 375
HeriotzaPatna, K.a. 283 (91/92 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzaksanskritoa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakidazlea, filosofoa, ekonomialaria, irakaslea, astrologoa, aholkularia eta politikaria
Lan nabarmenak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioahinduismoa

Chāṇakya, Kautilia izenez ere ezaguna (340. - K.a. 280), Indiako brahman eta idazle hinduista izan zen. Chandraguptaren (Maurya dinastiaren sortzaile)[1] kontseilari eta ministroa izan zen, eta hura boterera igotzen lagundu zuen.

Seguru asko Dhanaren ministroa zen, Nanda dinastiaren azken erregea, eta, harekin etsaituta, dinastia berriko usurpatzaile eta fundatzailearen igoera bultzatu zuen. Hori da, behintzat, Mudra-raksasan jasotako kontakizuna (IV. mendeko drama historikoa, ustez Vishaka Dattak idatzia).

Izena sanskritoz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Chāṇakya, IAST sisteman.
  • चाणक्य, sanskritoaren devanagari idazkeran.
  • Etimologia: «Chanin-en semea»[2],​ chaṇa: txitxiro izanik.

Chanakya Chandragupta Mauryaren aholkularia eta ministro izan zen. Chandragupta Maurya dinastiaren sortzailea izan zen, eta, Chanakyaren laguntzaz, boterea eskuratu zuen.[3] Chanakya, ziur aski, Dhanaren, Nanda dinastiaren azken erregearen aholkularia izan zen. Baina elkarrekin haserretu ziren, eta horregatik lagundu zion Chanakyak dinastia berriaren sortzaileari. Horrela azaltzen da, behintzat, Mudra-raksasa, K.a. IV. mendean, Vishaka Dattak idatzi omen zuen antzezlan historikoan.

Chanakyari kantziler eta Chandraguptaren lehen ministro deitzen zitzaion. Politikaria ekonomiaren aurrekaria izan zen: Ibn Khaldun baino mila urte lehenago ekonomiari buruz idatzi zuen.

Chāṇakyari buruzko iturriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentatutako informazio historiko gutxi dago Chāṇakyari buruz: ezagutzen den gehiena kontakizun erdi-legendarioetatik dator. Thomas Trautmannek Chanakya-Chandraguptari buruzko istorio zaharraren lau kontakizun ezberdin identifikatzen ditu[4]:

Istorioaren bertsioa Adibide-testuak
Bertsio budista Mahavamsa eta bere Vamsatthappakasini iruzkina (palieraz)
Bertsio jainista Hemachandraren Parishishtaparvana
Kaxmirreko bertsioa Somadevaren Kathasaritsagara, Ksemendraren Brihat-Katha-Manjaria
Vishakhadatta-ren bertsioa Mudrarakshasa, Vishakhadattaren lan sanskritoa

Lau bertsioetan, Chanakia, izan ere, Nanda erregeaz irainduta sentitzen da, eta ezdeustuko duela zin egiten du. Nanda ezereztu ondoren, Chandragupta jarriko du errege berri.

Bertsio budista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chanakya eta Chandraguptaren kondaira Sri Lankako paliera hizkuntzako kronika budistetan zehazten da. Ez da Dipavamsan aipatzen, kronika horietako zaharrena[5].​ Istorioak aipatzen duen iturri budistarik zaharrena Mahavamsa da, gure aroko V. eta VI. mendeen artean datatu ohi dena. Vamsatthappakasinik (Mahvamsa Tika ere esaten zaio), Mahavamsari buruzko iruzkin batek, istorioari buruzko xehetasun batzuk gehiago ematen ditu. Egilea ezezaguna da, eta gure aroko VI. eta XIII. mendeen artean dago datatuta. Beste testu batzuek istorioari buruzko xehetasun gehigarriak ematen dituzte; adibidez, Maha-Bodhi-Vamsak eta Atthakathak Chandragupta-ren aurretik omen zeuden bederatzi Nanda erregeen izenak ematen dituzte​[5].

Bertsio jainista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chandragupta-Chanakyaren kondaira Shvetambara kanonaren zenbait iruzkinetan aipatzen da. Jainismoaren kondairaren bertsiorik ezagunena, XII. mendeko Hemachandra[6] idazleak idatzitako Sthaviravali-Charita edo Parishishta-Parvan obran dago.​ Hemachandraren kontakizuna Prakrit kathanaka literaturan oinarritzen da (kondairak eta pasadizoak). Literatura hori gure garaiko I. mendearen amaieratik VIII. mendearen erdialdera bitartean sortu zen. Kondaira horiek Uttaradhyayana eta Avashyaka Niryukti moduko testu kanonikoen iruzkinetan (churni eta tika) daude[7].

Thomas Trautmannek uste du bertsio jainista istorioaren bertsio budista baino zaharragoa eta sendoagoa dela[7].

Kaxmirreko bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kshemendra-ren Brihat katha-Manjari eta Somadevaren Kathasaritsagara XI. mendeko sanskritozko elezaharren bi bilduma dira. Biak Brihat katha-Sarit-Sagara izenekoan oinarritzen dira, prakritoz idatzitakoa. Gunadhyako Brihat katha Paishachi lengoaian oinarritu zen. Chanakya-Chandraguptaren kondairak beste pertsonaia bat aurkezten du bilduma horietan, Shakatala izenekoa (IAST: Śakaṭāla)[8].

Mudrarakshasa bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mudrarakshasa (Rakshasako zigilu-eraztuna) sanskritozko Vishakhadattaren obra da. Data ez da ziurra, baina Huna herria aipatzen du, Indiako iparraldea inbaditu zuena Gupta garaian[9]. Beraz, ezin izan zen Gupta garaiaren aurretik egin. IV. mendearen amaieratik[10] VIII. mendera[11] arteko data desberdinak eman zaizkio. Mudrarakshasaren kondairak Chanakya-Chandraguptaren kondairaren beste bertsio batzuetan ez dauden kontakizunak ditu. Hori dela eta, Trautmannek iradokitzen du zatirik handiena fikziozkoa edo istorioak direla eta inolako oinarri historikorik gabea[12].

Nandaren inperioa, aro garaikidearen 325. urtea baino lehen.

Chanakyak, bi lan idatzi omen zituen:

  • Arthashastra: Liburu honetan, Chanakya lider politiko baten ardurak eta betebeharrak definitzen ditu. Halaber arazo politiko desberdinak azaltzen ditu: diruaren inguruko politikak, gerra, ongizatea, nazioarteko harremanak.
  • Neetishastra: Aforismo bilduma bat da. Aditu batzuen ustez, aurretik idatzitako testuen bilduma izan daiteke.[13]

Antzinateko testuetan, Artha-shastra sanskritozko testuaren (estatuaren teoriari buruzko antzinatearen tratatu politiko garrantzitsuenetako bat) egilea identifikatu izan da Vishnú Gupta (ateoa dela dirudien arren, Vishnu jainkoa bihotzean du ezkutatuta) eta Kautilia (faltsua, engainagarria, lizuna, maltzurra, makiavelikoa) izenekin, zeinak, tradizioz, Chanakiaren epiteto gisa identifikatu izan diren, hurrenez hurren, aldekoa eta kontrakoa[14].

Tratatu horren garrantzia bere ikuspuntu originalean datza, estatu ideala deskribatzen baitu, baliagarritasunaren arabera, etika edo eskubide orotatik at. Irabazi politikoak lortzeko, Kautiliak enplegu-bideak iradoki zituen, hala nola bahiketa, armen erabilera sekretua eta pozoia[15].​ Hilketaren aurka neurri zorrotzak hartzea ere gomendatzen zuen, esaterako, janaria probatzea eta pozoia detektatzeko modua landu[16].​ Gainera, erregearen aginduei muzin egiteagatik agindutako heriotza-zigorra pozoia erabiliz ematea gomendatu zuen[17].​ Horregatik, Indiako Nikolas Makiavelo deitzen zaio[18].

Haren planteamendua da erregea estatuen zirkulu baten erdigune bihurtzea dela politikaren helburua, zeren, teoria baten arabera, herrialde bateko auzoko mugakidea etsai naturala da, eta horren alboko estatua, berriz, lehenaren aliatu naturala.

Chanakya ekonomiaren arloan, zientzia gisa, aitzindaria izan zela uste da. Gai horri buruz Ibn Jaldunen garaia baino mila urte lehenago idatzi zuen[19][20][21][22].

Proposatutako sistema ekonomikoa zentralista eta autokratikoa da, eta gizabanakoa ezohiko eszeptizismoarekin eta mesfidantzarekin tratatzen du.

Roger Boesche irakaslearen Lehen politika errealista handia: Kautilya eta haren Artha-shastra liburuan:

« [...] aztoratzailea da Makiavelora itzultzen garenean Kautilyaren idazki militarrak irakurri ondoren. Argi dago Makiavelok ez duela ezer esateko gerrari buruz, berak uste baitzuen antzinateko greziarrek eta erromatarrek bazekitela jakin beharreko guztia, artilleria eta antzeko gauzei buruz izan ezik. »
Roger Boesche[1]

Bertsio budista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira budistaren arabera, Chandraguptaren aurreko Nandako erregeak gobernari bihurtutako lapurrak ziren[23]. Chanakya (IAST:Cāṇakka Mahavamsan) Taksilako (Takshashila) brahmin bat zen. Hiru Vedatan eta politikan oso aditua zen. Zakur-hortzak zituen, eta errege-marka bat zela uste zen. Ama beldur zegoen kasurik egingo ote zion errege bihurtu ondoren[24]. Hura lasaitzeko, Chanakyak hortzak hautsi zituen[25].

Chanakya itsusia zela zioten, hortz hautsiek eta oin okertuek nabarmendua. Egun batean, Dhana Nanda erregeak limosna zeremonia bat antolatu zuen brahmanentzat. Chanakya Pupphapura-ra (Pushpapura) joan zen, ospakizunera. Zuen itxuraz atsekabeturik, erregeak batzarretik botatzeko agindu zuen. Chanakyak bere hari sakratua hautsi zuen, erregeari haserrea eta madarikazioa botaz. Erregeak haren atxiloketa agindu zuen, baina Chanakyak ihes egin zuen Ājīvikara mozorrotuta. Dhananadaren semearen, Pabbataren, lagun egin zen, eta tronua hartzera bultzatu zuen. Printzeak emandako zigilu-eraztun baten laguntzarekin, Chanakyak, jauregitik, ate sekretu batetik egin zuen ihes [25].

Chanakyak Vinjha-ko basora egin zuen ihes. Han, urrezko 800 milioi txanpon (kahapanak) egin zituen, txanpon bat 8 txanpon bihurtzeko teknika sekretua erabiliz. Diru hori ezkutatu ondoren, Dhana Nanda ordezka zezakeen pertsona baten bila hasi zen[25].​ Behin, haur-talde bat ikusi zuen jolasean: Chandragupta gazteak (Chandagutta deitua Mahavamsan) errege-papera betetzen zuen; beste haur batzuek, berriz, basailu, ministro edo lapur izatearen plantak egiten zituzten. Lapurrak Chandraguptaren aurrera eraman zituzten, eta hark gorputz-adarrak mozteko agindu zuen, baina gero, mirariz, berriro elkartu zituen. Chandragupta, izan ere, errege-familia batean jaio zen, baina ehiztari batek hazi zuen, aita usurpatzaile batek hil ondoren, eta devatak ama hura baztertzera bultzatu zuten. Chanakya, harrituta haurraren botere miresgarriengatik, urrezko 1.000 txanpon ordaindu zizkion aitatzakoari, eta Chandagrupta berarekin eraman zuen, lanbide bat erakutsiko ziola hitz emanez[25].

Chanakyak Dhana Nandaren bi oinordeko posible zituen: Pabbata eta Chandragupta. Amuleto bana eman zien, lepoaren inguruan eraman zezaten artilezko hari batetik zintzilikaturik. Egun batean, biei proba bat egitea erabaki zuen. Chandragupta lotan zegoela, Pabbatari eskatu zion artilezko haria kentzeko Chandraguptari, hautsi gabe eta, noski, hura esnatu gabe. Pabbatak ezin izan zuen lan hori egin. Handik denbora batera, Pabbata lotan zegoela, Chanakyak erronka bota zion Chandagruptari lan bera egin zezan. Chandagruptak Pabbataren burua moztuz berreskuratu zuen artilezko haria. Hurrengo zazpi urteetan, Chanakyak gauza errealak egiteko entrenatu zuen Chandragupta. Chandragupta heldu arora iritsi zenean, Chanakyak ezkutatutako urrezko txanponen altxorra lurpetik atera, eta armada bat bildu zuen[26].

Chandragupta eta Chanakyaren armadak Dhana Nandaren erresuma inbaditu zuen, baina, porrot larri bati aurre egin ondoren, desegin zen. Mozorrotuta zebiltzala, emakume baten eta haren semearen arteko elkarrizketa entzun zuten bi gizonek. Mutikoak pastel baten erdiko aldea jan, eta ertzak bota zituen. Emakumeak errieta egin zion, esanez: «janaria jaten ari zera, Chandragupta bezala, zeinak erreinuaren erdialdeari eraso egin zion mugako herrixkak konkistatu beharrean». Chanakya eta Chandragupta beren akatsaz konturatu ziren. Armada berri bat bildu, eta mugako herrixkak konkistatzen hasi ziren. Apurka-apurka, erresumako hiribururantz jo zuten, Pataliputra (Mahavamansan Pāṭaliputta), eta, han, Dhana Nanda erregea hil zuten. Chanakyak arrantzale bati agindu zion Dhana Nandak bere altxorra ezkutatuta zuen lekua aurkitzeko. Arrantzaleak haren kokalekuaren berri eman bezain laster, Chanakyak hilarazi zuen. Chanakyak errege berri gisa jarri zuen Chandragupta, eta, Paniyatappa izeneko gizon bati, erreinuko erreboltari eta lapurrak deuseztatzeko agindu zion[27].

Chanakya, hala, pozoi-dosi txikiak nahasten hasi zen errege berriaren janarian, etsaiak pozoitzeko saiakeren aurrean immune bihurtzeko. Chandragupta, zeina ez baitzen horren jakitun, behin, erditzeko zazpi egunera zegoen erreginarekin partekatu zuen janaria. Erregina pozoitutako mokadua jaten ari zela iritsi zen Chanakya. Hilko zela konturatu zenean, Chanakyak umekia salbatzea erabaki zuen. Erreginari, burua moztu zion, eta sabela ezpataz ireki zion umekia ateratzeko. Hurrengo zazpi egunetan, egunero, ahuntz hil berri baten sabelean jarri zuen umekia. Zazpi egunera, Chandraguptaren semea jaio zen. Bindusara izena jarri zioten, bere gorputza ahuntz-odolez (bindu) zikinduta zegoelako[27].

Puntu horren ondoren, lehen kondaira budistek ez dute Chanakya aipatzen Maurya dinastiaren deskribapenean[26].​ Dhammapalak Theragathari buruz egindako iruzkinak, ordea, Chanakyari buruzko istorio bat eta Subandhu izeneko brahman bat aipatzen ditu. Kontakizun horren arabera, Chanakya beldur zen Subandhu jakintsuak gaindituko ote zuen Chandraguptako gortean. Orduan, Chandraguptak Subandhu kartzelatzea lortu zuen. Haren seme Tekicchakanik, berriz, ihes egin, eta monje budista bihurtu zen[28].​ Taranathak, XVI. mendeko autore budista tibetarrak, Chanakya aipatzen du Bindusararen jaun handietako bat gisa. Haren arabera, Chanakyak 16 hiritako noble eta erregeak ezereztu zituen, eta Bindusara bihurtu zuen lurralde osoko jabe, ekialdeko eta mendebaldeko itsasoen artean (Arabiar itsasoa eta Bengalako badia)[29].

Bertsio jainista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainisten kontakizunaren arabera, Chanakya Chanin eta Chaneshvari izeneko bi jainista laikotatik (shravaka) jaio zen Golla Vishayako eskualdean, Chanaka herrixkan[6]. Gollaren nortasuna ez da segurua, baina Hemachandrak dio Chanakya dramila bat zela; beraz, horrek esan nahi du India hegoaldekoa zela[30].

Chanakya hortzeria osoarekin jaio zen. Monjeen arabera, horrek, etorkizunean, errege bihurtuko zela adierazten zuen. Chaninek ez zuen nahi semea harro bihurtzea, eta hortzak hautsi zizkion. Monjeek profetizatu zuten haurtxoak boterea izango zuela tronuaren atzealdekoan[6]. Chanakya hazi, eta shravaka (erudito) bihurtu zen, eta emakume brahman batekin ezkondu zen. Emaztearen senideek iseka egin zioten gizon pobre batekin ezkontzegatik. Horren ondorioz, Chanakyak Pataliputra bisitatu, eta Nanda erregearen dohaintzak bilatu zuen. Nanda ezaguna zen brahmanenganako eskuzabaltasunagatik. Errege gortean zain zegoela, Chanakya erregearen tronuan eseri zen. Neskame batek, kortesiaz, ondoko jarlekua eskaini zion Chanakyari, baina Chanakyak bere kamandala (ur-eltzea) jarri, eta tronoan eserita jarraitu zuen. Zerbitzariak lau eserleku gehiago eskaini zizkion, baina gero eta artikulu gehiago jartzen zituen eserlekuetan, eta ez zuen tronutik mugitu nahi izan. Azkenik, zerbitzari gogaikarriak ostikoka bota zuen tronutik. Chanakyak, haserre, zin egin zuen Nanda eta bere establezimendu osoa deserrotuko zituela: «haize handi batek zuhaitz bat suntsituko balu gisa»[31].

Chanakyak bazekien profetizatuta zegoela tronuaren atzealdeko botere bihurtuko zela. Orduan, errege izateko moduko pertsona baten bila hasi zen. Noraezean zebilela, mesede bat egin zion herrixkako buru baten alaba haurdunari, baldin eta semea berarentzat utziz gero. Chandragupta emakume horretatik jaio zen. Chandragupta hazi zenean, Chanakya bere herrixkara iritsi, eta, haur talde baten artean, errege izatera jolasean ikusi zuen. Proba egiteko, Chanakyak dohaintza bat eskatu zion. Haurrak behiak hurbil eramateko esan zion Chanakyari, eta batek ere ez zuela bere agindua bete gabe utziko. Botere-erakustaldi horrek konbentzitu zuen Chanakya errege izateko pertsona bakarra Chandragupta zela[6].

Chanakyak Pataliputra (Nandaren hiriburua) konkistatzeko eraman zuen Chandragupta. Armada bat eratu zuen dhatuvada -visaradan (alkimia) bidez lortutako aberastasuna erabiliz. Armadak porrot handia jasan, eta horrek borroka-eremutik ihes egitera behartu zituen Chanakya eta Chandragupta. Ofizial etsai bat atzetik zutela iritsi ziren aintzira batera. Chanakyak aintzirara jauzi egiteko eskatu, eta gogoeta egiten duen aszetaz mozorroteko esan zion Chandraguptari. Soldadu etsaia aintzirara iritsi zenean, Chandragupta ikusi ote zuen galdetu zion aszetari, eta Chanakyak aintzira seinalatu zuen. Soldaduak armadura kendu eta aintzirara jauzi egin zuenean, Chanakyak ezpata hartu, eta hil egin zuen. Chandragupta uretatik atera zenean, Chanakyak galdetu zion: «Zer pentsatu duzu etsaiari non zeunden azaldu diodanean?» Chandraguptak erantzun zion bazekiela bere maisuak erabakirik onena hartuko zuela. Horrek Chanakya asebete zuen eta Chandragupta bere eraginpean egongo zela baita errege bihurtu ondoren ere. Beste batean, antzera, Chanakyak etsaiarengandik ihes egin zuen garbitzaile bat uxatuz eta hura bezala mozorrotuz. Behin, bazkaldu berri zuen brahman baten sabela ireki, eta Chandragupta goseti bat elikatzeko janaria atera zuen[32].

Egun batean, Chanakyak eta Chandraguptak emakume bat entzun zuten semeari errieta egiten. Mutikoak atzamarra erre zuen ahi beroz betetako ontzi batean sartuta. Emakumeak semeari esan zion ezen Chanakya bezalako tontoa zela ertz hotzenetatik ez abiatzeagatik, hark hiriburuari eraso egin baitzion eskualde mugakideak konkistatu aurretik. Chanakya bere akatsez konturatu, eta beste plan bat asmatu zuen Nanda garaitzeko. Aliantza bat osatu zuen Parvatakarekin, Himavatkuta izeneko erresuma menditsu bateko erregearekin, Nandaren erresumaren erdia eskainiz[32].

Parvatakaren laguntza lortu ondoren, Chanakya eta Chandragupta, Pataliputra ez ezik, beste hiriak setiatzen hasi ziren. Bereziki hiri batek eskaini zuen erresistentzia handia. Chanakya eskale shaibiz mozorrotuta sartu zen hirian, eta, zazpi amen idoloak hiriko tenplutik kenduz gero, setioa bukatuko zela esan zuen. Defendatzaile superstiziosoek tenpluko idoloak atera bezain laster, Chanakyak setioari amaiera emateko agindu zion bere armadari, eta, defendatzaileak garaipena ospatzen hasi zirenean, Chanakyako armadak ustekabeko erasoa jo, eta hiria harrapatu zuen[32].

Pixkanaka, Chanakyak eta Chandraguptak hiriburutik kanpoko eskualde guztiak menderatu zituzten. Azkenik, Pataliputra harrapatu, eta Chandragupta errege bihurtu zen. Nanda erregea erbesteratzea baimendu zuten, eta gurdi batean eraman zituen ondasun guztiak. Nanda eta haren familia hiritik gurdi batean ateratzerakoan, alaba, Chandragupta ikusi, eta errege berriaz maitemindu zen. Emakumeak senartzat aukeratu zuen, svayamvara tradizioari jarraituz. Gurditik jaisten ari zela, orgaren gurpilaren 9 erradio hautsi ziren. Hori seinale gisa interpretatuz, Chanakyak esan zuen Chandraguptaren dinastiak 9 belaunaldi iraungo zuela[32].

Bien bitartean, Nandaren bishakanya (dontzeila maltzurra) batekin maitemindu zen Parvataka. Chanakyak ezkontza onartu zuen, eta, ezkontzan, Parvataka erori egin zen neskatoa ukitu zuenean. Chanakyak medikuari ez deitzeko eskatu zion Chandraguptari. Hala, Parvataka hil, eta Chandragupta Nandako lurraldeetako gobernari bakarra bihurtu zen[33].

Chanakya, gero, boterea sendotzen hasi zen, Nandaren leialak kanporatuz, erreinuko hainbat lekutan herritarrak jazartzen aritu baitziren. Chanakyak ehule baten berri izan zuen, zeinek labezomorroz josita zegon bere etxeko edozein zati erreko zuen. Chanakyak matxinatuak zapaltzeko ardura ehule horri eman zion. Handik gutxira, erresuma matxinatuetatik aske geratu zen. Chanakyak, iraganean janaria ukatu zion herrixka bat ere, erre zuen. Errege-altxorra merkatari aberatsak bere etxera gonbidatuz bete zuen mozkortu eta kargatutako dado batekin apustu eginez[33].

Behin, erresumak 12 urteko gosetea jasan zuen. Bi monje gazte jainista erregearen plateretik jaten hasi ziren ukendu magiko batekin ikusezin bihurtu ondoren. Chanakyak bere presentzia sumatu zuen jauregiko zorua hauts batez estaliz eta aztarnak marraztuz. Hurrengo bazkarian harrapatu zituen jantokia ke lodi batekin betez, horrek monjeen begiak busti eta pomada garbitzera behartu baitzituen. Chanakya, monje gazteen portaeraz, Acharya Susthita monje nagusiaren aurrean kexatu zen. Acharyak zioen errua jendearena zela ez baitziren eskuzabal monjeekin, eta Chanakya monjeei limosna oparoak ematen hasi zen[33].

Bien bitartean, Chandragupta monje ez jainistei laguntzen aritu zen. Chanakyak erabaki zuen gizon horiek ez zirela bere babesletzaren merezidun. Emakumeen gelen inguruko jauregiaren zorua hauts batekin estali zuen, eta bertan kokatu zituen jainistak ez ziren monjeak. Haien aztarnek erakusten zuten emakumeen gelen leihoetara, modu isilean, hurbildu zirela barrura begiratzeko. Metodo berarekin ebaluatu ziren monje jainistak, ordea, emakumeen geletatik urrun mantendu ziren. Hori ikusi ondoren, Chandraguptak bere aholkulari espiritual izendatu zituen monje jainistak[34].

Chanakyak pozoi-dosi txikiak nahasten zituen Chandraguptaren janarian, pozoitze-ahaleginekiko immune bihurtzeko. Erregeak, horretaz ohartu gabe, behin Durdhara erreginarekin bazkaldu zuen. Chanakya, gelan, hil zen unean sartu zen. Erreginaren sabela ireki, eta umea atera zuen. Pozoinaren tanta batek (bindu) ukitu zuen umeak Bindusara izena hartu zuen[34].

Chandragupta erregetzatik abdikatu eta monje jainista bihurtu ondoren, Chanakyak Bindusara errege berritzat gantzatu zuen[34].​ Chanakyak Subandhu izeneko gizon bat bere ministro gisa izendatzeko eskatu zion Bindusarari. Hala ere, Subandhuk goi-mailako ministro izan nahi zuen, eta jeloskor jarri zen Chanakyarekin. Hala, Bindusarari esan zion amaren heriotzaren arduraduna Chanakya zela. Salaketak erizainekin baieztatu zituen Bindusarak, eta Chanakyak amari sabela ireki ziola esan zioten. Bindusara, haserre, Chanakya gorrotatzen hasi zen. Ondorioz, Chanakya, dagoeneko zahartua, erretiratu, eta gosez hiltzea erabaki zuen. Bien bitartean, Bindusarak bere jaiotzaren xehetasun guztien berri izan zuen, eta Chanakyari erregutu zion bere ministerio-lanei berriro ekin ziezaion. Chanakya ezin baketu ondoren, enperadoreak agindu zion Subandhuri, bere buruaz beste egiteko plana bertan behera utz zezala konbentzitzeko Chanakya. Subandhuk, Chanakya baketu nahian zebilela, hil arte erre zuen. Gero, Subandhuk Chanakyaren etxearen jabetza hartu zuen. Chanakyak gertatuko zena aurreikusia zuen, eta, erretiratu aurretik, tranpa madarikatu bat jarri zuen Subandhurentzat. Ehun sarraila zituen kutxa bat utzi zuen. Subandhuk sarrailak hautsi zituen bitxi ederrak aurkitzeko itxaropenarekin. Usain gozoko lurrin bat aurkitu, eta berehala arnastu zuen. Baina gero, begiak urki-azalaren ohar batean pausatu ziren, bertan maldizio bat idatzita zuena. Oharraren arabera, lurrina usaintzen zuen edonork monje bihurtu, edo heriotzari aurre egin beharko zion. Subandhuk lurrina beste gizon batekin probatu zuen, eta, ondoren, luxuzko bazkari bat eman zion (monjeek abstenitu egiten diren zerbait). Gizona hil egin zen, eta Subandhu monje bihurtu behar izan zen heriotza saihesteko[35][36].

Beste testu jainista baten arabera, Rajavali-Katha, Chanakyak basora lagundu zion Chandraguptari erretiratzera, Bindusara errege bihurtu ondoren.

Kaxmirreko bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honela dio kondairaren Kaxmirreko bertsioak: Vararuchi (Katyayanarekin identifikatua), Indradatta eta Vyadi, izan ere, Varsha jakintsuaren hiru jarraitzaile ziren. Behin, Varsha guruaren izenean, Ayodhyara joan ziren Nanda erregearen gurudakshina (guruaren tarifa) bila. Nandarekin elkartzera iritsi zirenean, erregea hil egin zen. Yogaren botereak erabiliz, Indradatta, alabaina, Nandaren gorputzean sartu zen, eta Vararuchiren eskaera onartu zuen 10 milioi dinarren truke (urrezko txanponak). Shakatala errege-ministroak gertatzen ari zenaz ohartu, eta Indradattaren gorpua erre zuen. Baina errege faltsuaren aurka neurriren bat hartu aurretik (Indradatta Nandaren gorputzean, Yogananda ere deitua), erregeak atxilotu egin zuen. Shakatala eta haren 100 seme-alabak kartzelan sartu zituzten, eta pertsona bakar batentzat adina janari eman zien, eta, aitak mendeku hartzeko aukera izan zezan, Shakatalaren 100 seme-alabak gosez hil ziren[37].

Bien bitartean, errege faltsuak ministro izendatu zuen Vararuchi. Erregearen izaerak okerrera egin ahala, atsekabetutako Vararuchi basora joan zen aszeta gisa. Gero, Shakatala ministro gisa berrezarri zuten, baina mendekua prestatzen jarraitu zuen. Egun batean, Shakatala topo egin zuen Chanakyarekin, belar suhar batek oina zulatu ziolako bere bidean zegoen belar guztia ateratzen ari zen brahmanarekin. Shakatala konturatu zen gizon mendekati bat erabil zezakeela errege faltsua suntsitzeko, eta Chanakya erregearen batzarrera gonbidatu zuen, aginduz erritu-zeremonia bateko buru izateagatik 100.000 urrezko txanpon mango zizkiola[37].

Shakatalak Chanakya hartu zuen bere etxean eta errespetuz tratatu zuen. Baina Chanakya erregearen gortera iritsi zen egunean, Shakatalak lortu zuen Subandhu izeneko beste brahman bat izatea zeremoniaren buru. Chanakya irainduta sentitu zen, baina Shakatalak desohorearen errua erregeari egotzi zion. Chanakyak gero sikha (mototsa) askatu, eta erregea ezereztu arte berriro ez lotzeko zin egin zuen. Erregeak bere atxiloketa agindu zuen, baina ihes egin zuen Shakatalaren etxera. Han, Shakatalak emandako materialak erabiliz, erregea gaixotu zuen erritu magiko bat egin zuen, eta erregea, 7 egun geroago, sukarrez hil zen[38].

Shakatalak, gero, Hiranyagupta errege faltsuaren semea exekutatu zuen. Chandragupta, Nanda benetako erregearen semea, Shakatalak gantzutu zuen errege berri gisa (Kshemendra bertsioan, Chanakya da Chandragupta errege berri gisa ezartzen duena). Shakatalak benetako purohita (apaiz) ere izendatu zuen Chanakya. Mendekua lortuta, basora joan zen aszeta gisa.

Mudrarakshasako bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mudrarakshasako bertsioaren arabera, Nanda erregeak, behin, erresumako lehen jarlekutik kendu zuen Chanakya (hori, ziur aski, Chanakya erregearen batzarretik kanporatzeari buruzkoa izan daiteke). Hori dela eta, Chanakyak zin egin zuen sikha (mototsa) ez zuela lotuko Nanda erabat deuseztu arte. Chanakyak plan bat asmatu zuen Nanda kendu eta Chandragupta (erregina txiki batekin izandako semea) jartzeko. Chanakyak Chandraguptaren eta beste errege boteretsu baten, Parvateshvara (edo Parvata), arteko aliantza diseinatu zuen, eta, hura azpiratu ondoren, Nandaren lurraldea bi agintarien artean zatitzea erabaki zuten. Beren armada aliatuak Bahlika, Kirata, Parasika, Kamboja, Shaka eta Yavanako soldaduak zituen. Armadak Pataliputra (Kusumapura) inbaditu, eta nandarrak garaitu zituen[39] . Aditu batzuek Parvata, bestalde, Porus erregearekin identifikatzen dute[40].

Nandako lehen ministroak, Rakshasak, Pataliputratik ihes egin, eta inbaditzaileei aurre egiten jarraitu zuen. Vishakanya (dontzeila maltzurra) bat bidali zuen Chandragupta hiltzera. Chanakyak, berriz, haren ordez, dontzeila horrek Parvata hiltzea eragin zuen, Rakshasa errudun agerraraziz. Hala ere, Parvataren semeak, Malayaketuk, aitaren heriotzaren egia jakin, eta Rakshasako kanpamendura joan zen. Chanakyaren espioia, Bhagurayana, lagun planta eginez, Malayaketurekin joan zen[41].

Rakshasak Chandragupta hil nahian jarraitu zuen, baina Chanakyak plan guztiak zapuztu zizkion. Adibidez, behin, Rakshasak eskatu zuen hiltzaileak Chandraguptaren gelara tunel baten bidez eramateko. Chanakya konturatu zen janariaren hondakinak zeramatzaten inurri-arrasto bat sumatzean. Gero, hiltzaileak hil arte erretzea erabaki zuen[42].

Bien bitartean, Parvataren anaia, Vairodhaka, erresumako gobernari bihurtu zen. Chanakyak konbentzitu zuen Rakshasak hil zuela bere anaia, eta Nandako erreinuaren erdia harekin partekatzea erabaki zuen. Baina, ezkutuan, Chanakyak plan bat asmatu zuen Vairodhaka hiltzeko. Bazekien Pataliputrako arkitekto nagusia Rakshasaren leiala zela. Arkitektoari, Chandraguptaren errege-jauregirainoko segiziorako, garaipen-arku bat eraikitzeko eskatu zion. Segizioa gauerdian egiteko antolatu zuen, arrazoi astrologikoak aipatuz, baina, benetako arrazoia ikusgaitasun txarra bermatzea zen. Ondoren, Chandraguptaren elefantean segizioaren buru izatera gonbidatu zuen Vairodhaka, Chandraguptaren bizkartzainak lagun zituela. Espero zen gisa, Rakshasaren leialek arkua Chandraguptaren gainean erortzeko antolatu zuten ekintza, baina Vairodhaka hil zuten, eta, beste behin ere, errua Rakshasaren gainera erori zen[41].

Chanakya pentsalari eta diplomatiko bikaina gisa hartzen da Indian. Indiar nazionalista askok indiar azpikontinente osoan India elkartutako bat irudikatu zuten lehenengoetakotzat jotzen dute. Shiv Shankar Menon Indiako Gobernuko Segurtasun kontseilari ohiak Arthashastra goraipatu zuen botere zehatz eta intenporalen deskribapenengatik. Gainera, liburu hori irakurtzea gomendatu zuen, gai estrategikoei buruzko ikuspegia zabaltzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Roger Boesche: «Kautilya’s “Arthaśāstra” on war and diplomacy in ancient India» (en inglés); en The Journal of Military History, 67 (1): págs. 9-37, enero de 2003, DOI:10.1353/jmh.2003.0006. ISSN 0899-3718.
  2. Etimología de Chanakia, según el Pariśiṣṭa-parvan de Jema Chandra, citado en el Sanskrit-English Dictionary del sanscritólogo británico Monier Monier-Williams (1819-1899)
  3. Roger Boesche: «Kautilya’s “Arthaśāstra” on war and diplomacy in ancient India»; The Journal of Military History, 67 (1): 9-37 or., 2003ko urtarrila, DOI:10.1353/jmh.2003.0006. ISSN 0899-3718.
  4. Namita Sanjay Sugandhi (2008). Between the Patterns of History: Rethinking Mauryan Imperial Interaction in the Southern Deccan[Betiko hautsitako esteka]. ProQuest. pp. 88-89. ISBN 978-0-549-74441-2. Consultado el 6 de junio de 2012
  5. a b Trautmann 1971, 18 orr. .
  6. a b c d Trautmann 1971, 21 orr. .
  7. a b Trautmann 1971, 29 orr. .
  8. Trautmann 1971, 31-33 orr. .
  9. Trautmann 1971, 41-43 orr. .
  10. Varadpande 2005, 223 orr. .
  11. Upinder Singh 2016, 30 orr. .
  12. Trautmann 1971, 43 orr. .
  13. https://es.ripleybelieves.com/biography-of-chanakya-great-diplomat-of-ancient-india-6604
  14. I. W. Mabbett: «The date of the “Arthaśhāstra”»; en Journal of the American Oriental Society, volumen 84, número 2, págs. 162-169, abril de 1964. ISSN 0003-0279, DOI 10.2307/597102.
  15. Chamola, S.D. (207). Kautilya Arthshastra and the science of management: relevance for the contemporary society. Gurgaon: Hope India Publications. p. 40. ISBN 8-178-71126-5
  16. (Ingelesez) Boesche, Roger. (2002-02-18). «Moderate Machiavelli? Contrasting The Prince with the Arthashastra of Kautilya» Critical Horizons 3 (2): 253–276.  doi:10.1163/156851602760586671. ISSN 1440-9917. (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  17. Christon I. Archer; John R. Ferris; Holger H. Herwig; Timothy H. E. Travers. (2002-10-01). World History of Warfare (Tactics & Strategies). University of Nebraska Press ISBN 978-0-8032-4423-8. (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  18. Herbert H. Gowen: «The indian Machiavelli, or political theory in India two thousand years ago»; en Political Science Quarterly, 44 (2), págs. 173-192, 1929.
  19. L. K. Jha, y K. N. Jha: «Chanakya: the pioneer economist of the world»; en International Journal of Social Economics, 25 (2-4), págs. 267-282, 1998.
  20. C. Waldauer, W. J. Zahka, y S. Pal: «Kautilya’s “Arthashastra”: a neglected precursor to classical economics»; en Indian Economic Review, volumen 31, número 1, págs. 101-108, 1996.
  21. C. Tisdell: «A western perspective of Kautilya’s “Arthasastra”: does it provide a basis for economic science?»; en Economic Theory, Applications and Issues Working Paper No. 18. Brisbane: School of Economics, The University of Queensland, 2003.
  22. B. S. Sihag: «Kautilya on institutions, governance, knowledge, ethics and prosperity»; en Humanomics, 23 (1): 5-28, 2007.
  23. Trautmann 1971, 11 orr. .
  24. Trautmann 1971, 12 orr. .
  25. a b c d Trautmann 1971, 13 orr. .
  26. a b Trautmann 1971, 14 orr. .
  27. a b Trautmann 1971, 15 orr. .
  28. Trautmann 1971, 28 orr. .
  29. Upinder Singh 2016, 331 orr. .
  30. (Ingelesez) Sastri, Kallidaikurichi Aiyah Nilakanta. (1988). Age of the Nandas and Mauryas. Motilal Banarsidass ISBN 978-81-208-0465-4. (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  31. Trautmann 1971, 22 orr. .
  32. a b c d Trautmann 1971, 23 orr. .
  33. a b c Trautmann 1971, 24 orr. .
  34. a b c Trautmann 1971, 25 orr. .
  35. (Ingelesez) Granoff, Phyllis. (1993). The Clever Adulteress and Other Stories: A Treasury of Jaina Literature. Motilal Banarsidass Publ. ISBN 978-81-208-1150-8. (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  36. Hemacandra. (1891). Sthavirâvalîi Charita; or, Pariśishṭaparvan: being an appendix of the Trishashṭisálâkâ Purusha Charita .... Asiatic Society (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  37. a b Trautmann 1971, 31 orr. .
  38. Trautmann 1971, 32 orr. .
  39. Trautmann 1971, 36–37 orr. .
  40. Varadpande 2005, 227–230 orr. .
  41. a b Trautmann 1971, 37 orr. .
  42. Trautmann 1971, 38 orr. .

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]