Hiri-gutun
Hiri-gutun (latinez: chartae populationis) Erdi Aroan zehar, zenbait pertsonei emandako eskumen dokumentua zen. Honako honen helburua, penintsulako zenbait lurralderen birpopulaketa ahalbidetzea zen, lur horien jabe ziren agintari jurisdikzional edota dominikalen eskutik. Dokumentu honetan, lur horiek okupatu edota izateko bete beharreko oinarrizko baldintzak agertzen ziren. Zenbait kasutan, lur hauetako bizikidetza ere arautzen zuten. Askotan hiri gutun hauekin batera “Foru Orokorrak” ere ematen ziren. Birbopulaketa amaitzear zegoela, hiri-gutunekin batera foruak eman beharrean, legedi oso bat ezartzen zen, ordenantza munizipalen antzekoa.[1]
Hiri gutuna eta Forua
aldatuForuak aztergai jarriz gero, ordea, beste konplexutasun eta esparru legegile batean ulertu behar dira. Orokorrean, foruak lege edo eskumen bilduma bat bezala antzeman izan dira. Lege bilduma hau zonalde fisiko baten baldintza ezberdinen gainean eraikita zegoen eta esparru geografiko honen baldintza sozial eta kulturalen arabera osatzen zen. Erdi Aroko komunitate bakoitzeko eskubideak jasotzen zituzten dokumentuak ziren. Honako hauek ere, esan bezala birpopulaketa fenomenoarekin estuki lotuak daudelarik. Hala ere, foruak ulertzeko beraien aniztasunean eta konplexutasunean sakondu behar da. Hasteko, foruak denbora espazio zabal batean garatuak izan ziren, esan daiteke X. eta XIII. mendeen artean eman zirela beraien osaketa prozesuak eta hainbat zonaldeta XV. mende arte jarraitu zuten indarrean. [1]
Foru familiak
aldatuHiribildu berriak sortzeko erabilitako hiri-gutunak, beste hiri-gutunetan oinarrituta zeuden, hala Hego Euskal Herrian bi foru-familia daude, Lizarrakoa, Jakatik deribatua, eta Logroñokoa. Bi hiribildu hauen hiri-gutunak eredu bezala erabili ziren Nafarroako Erresumako, Bizkaiko Jaurerriko eta Gipuzkoa eta Arabako lurraldeetako hiribilduen hiri-gutunentzat.
Jakako eredua
aldatuJakak hiri-gutun berezia jaso zuen 1063an Antso V.a Ramiritz, Aragoiko eta Iruñeko erregearen eskutik, ekimen hau oso berritzailea izan zen zeren erregeak bere erresumaren batasun juridikoa apurtu zuen eta herri bateri zenbait pribilegio eman zizkion erreinuko beste herriek ez zituztenak. Hau, Antso erregearen nukleo pribilegiodunak sortzearen iniziatibatik dator, zeinetan hiribildu hauei eta haren biztanleriari askatasunak eta autonomia juridikoa onartzen dizkie, populazio berria erakartzeko xedearekin. Hala ere aipatu beharra dago Jakako hiri-gutuna ez dela pribilegio pertsonala edo indibiduala, baizik eta pribilegio territoriala edo kolektiboa[2].
Hiri-gutun hau oso arrakastatsua izan zen, aitortutako askatasun horiei esker franko asko ailegatu baitziren Jakara merkatari, artisau eta ostalari gisa aritu zirelarik. Hortaz, Nafarroan berdina egitea erabaki zuen erregeak, hots, Lizarran, Jakako hiri-gutuna eskainiz, eta ostean Zangozan eta Iruñean[3]. Hauek Donejakue bidean kokatzen ziren asentamenduak ziren, izan ere bide hau garapen sozio-ekonomikoaren ardatza izan baitzen garai honetan. Gainera, foru hauek, besteak beste, merkatu baimena ematen zien, zeinak bide hauetatik etorritako produktuak saltzeko eta erosteko askatasuna ematen baitzuen.
Jakako hiri-gutuna Gipuzkoara ere ailegatu zen. 1180. urte inguruan Donostiara iritsi zen, Nafarroako Antso VI.a Jakitunaren eskutik. Gipuzkoako lur-antolamenduan aldaketa sakonak eginez eta hiri-gutun eredu hau; hots, Jaka-Lizarra-Donostiakoa, lurraldeko kostatik zabalduz Alfontso VIII.a Gaztelakoa erregea zelarik. Hondarribia, Getaria, Mutriku, Zarautz, Oiartzun, Hernani, Zumaia, Usurbil etab. establimenduak izan ziren hiri-gutun hau jaso zutenak[4].
Logroñoko eredua
aldatuBeste eredua Logroñokoa da, honi bere hiri-gutuna eman zionean, bere eskualdean jada bazegoen beste hiribildu bat, Naiara, bere hiri-gutuna zuena, baina Logroñokoa Naiararena baino garrantzitsuagoa bilakatu zen. Logroñoren fundazioa 1095an izan zen Alfontso VI.a Gaztelakoaren eskutik eta Naiarako kondea zen Gartzia Ordoñezek eskatuta. Honen arrazoia, Errioxan gaztelauen asentamendua bultzatzearen politika, Donejakue bidearen promozioa eta Gaztela eta Nafarroa arteko muga indartzeko xedearekin[5].
Lehen aipatu bezala, Jakako hiri-gutunak emandako askatasunak frankoak erakarri zituen eta Logroñoko hiri-gutunean ere «franko» hitza agertzen da, baina ez termino etniko bezala, baizik eta «aske»-ren sinonimotzat. Izan ere, frankoak gune aske hauetara ailegatu zirenean ofizio askeak okupatu zituztenez, hitz honek esanahi berria hartu zuen, lehen zeukan esanahia ere mantenduz. Horrela Logroñoko hiri-gutunean foro de francos agertzen da, zeinetan status libertatis-era esleitutako askatasunak eta kargen salbuespenak aldarrikatzen ziren[6]. Logroñoko hiri-gutunak Jakakoak eta Lizarrakoak baino askatasun gehiago onartzen zituen, merkataritzaren arloan esaterako[7]. Esan daiteke hiri-gutun hauek bermatzen zituzten askatasunak, Jakakoa foru kolektiboagoa zela eta Logroñokoa aldiz, indibidualagoa.
Logroñoko hiri-gutuna Arabara zabaldu zen eta Gasteizek, besteak beste, Logroñoko pribilegioak jaso zituen 1181an Antso Jakitunaren eskutik. Hala ere honen zergatia erabat militarra izan zen eta hori bizilagunen artean gutunak egiten zuen desberdintasunean nabaria zen; infantzoi eta bilauen artean, Logroñokoarekin kontrajartzen zena. 1200ean Araba Gaztelaren Erresumaren menpe jausi zenean, Gasteizeko hiri-gutuna finkatu zen, eta monarka berriek 1242tik, eredu gasteiztarra Araba osotik eta Gipuzkoatik zabaldu zuten, Nafarroako mugan. Eta ostean Lopitz Harokotarrek, Logroñoko hiri-gutuna Bizkaian ere zabaldu zuten, Bilbo bezalako hiribilduak gutun hau jaso zuen[5].
Aipatzekoa da, hiri-gutun baten zabaltzeak, menpekotasuna sortzen zuela hiri-gutun hori jatorrizko hiribildua eta hiri-gutun berriak jasotako hirien artean; adibidez; Lizarrakoak askotan joan ziren Jakara gutunaren interpretazio bila, eta Logroñoren kasuan berdina gertatu zen[3].
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiribilduak
aldatuAraban 23 hiribildu egotera ailegatu ziren, lehena; Villafranca de Estíbaliz 1100ean Gaztelaren ekimenez, baina XII. mende osoan Nafarroako Erresumak lurralde horretan emandako hiri-gutunak izan ziren nagusi, zortzi eman izan baitzituen, famatuena Nova Victoriarena izanda, Gasteiz herrixkan 1181an. Hala ere hurrengo mendeetan, Gaztelako hiri-gutunak hartuko zuten protagonismoa; XIII. mendean bederatzi hiri-gutun eman zituen, horretako bat, Bastida, jada Nafarroak emandako hiri-gutuna aurretik zuelarik, eta XIV. mendean aldiz, bost, XII. mendean eman zituen bi hiri-gutunekin aldenduta.
Bizkaiko lehen hiribildua 1190an fundatu zen, Balmaseda, XII. mendean eman zen hiri-gutun bakarra izan zen. Besteak XIII. mendean eman ziren eta zazpi izan ziren, Bilbokoa azkena izanda 1300an. Eta XVI. mendean, hamahiru izan ziren.
Gipuzkoako lehena 1180an izango zen, Donostiarako, hau izan zen mende honetan Gipuzkoan eman zen hiri-gutun bakarra. XIII. mendean bederatzi izan ziren eta XIV. mendean hamahiru.
Brañoserako hiri-gutuna
aldatuPalentziako Brañoserako hiri gutunak garrantzi handia du gaur egun, lehena ez bada, lehenetariko hiri-gutuna izan zelako. Honako hau, 824 urteko urriaren 13an, Nuño Nuñez-ek, Alfonso II-aren izenpean eman zela esaten du dokumentuak. Baina, 1921ean, Barrau-Dihigo historialari frantsesak, zalantzan jarri zuen hiri-gutun honen egiazkotasuna; batetik, dokumentuko zenbait esamolde anakronikotzat jo zituelako; eta bestetik, Nuño Nuñez izeneko kondea, lehen aldiz, Alfonso III.aren garaian (852.en urtetik 910.en urtera arte izan zen errege) aipatzen zelako, zehazki, 882-912 bitartean. Historialari frantsesak zioenari jarraiki, dokumentuko egun eta hilabetea egokiak zirela onartuta, hauek ez lukete 824 urteko egutegiarekin bat egingo, 886koarekin baizik.
1949.en urtean, Antonio C. Florianok, XVII. mendeko erreprodukzioei atsiki zizkien aurrekoak aipaturiko hutsegiteak, besteak beste, originaletik data gaizki kopiatua zela azpimarratuz. XVII eta XVIII.en mendean Liciniano Saez aitak eta Luciano Serrano aitak eginikoak baino ez zaizkigu iritsi, baita gerora A.C Florianok eginikoa ere. Bere aburuz, kopia egiterako orduan beste C bat jartzea ahaztu zitzaien, L-a jarri beharrean X-a jartzea eta V-a Ia batekin nahasi zuten. Berantiarragoa dela argudiatzeko beste arrazoi bat: hiri-gutuna eman zenetik bere iloba izan zen Fernan Gonzalezek berretsi arte 144 urte igaro zirela zen. Garai hartan, jendeak ez zuen gaur eguneko bizi itxaropena, seme-alabak gazte izaten zituen, eta ildo honi jarraiki, gaur egungo hirurogei urterekin izan behar izan zituen seme-alabak Nuñezek, ia ezinezko zena.
Hiri-gutunaren edukiari dagokionez, Nuñez-ek bere jabetza pribatupean dauden lurren datio-a, bost familiei egiten die. Dokumentua ez da XI. mendeaz geroztik ikus daitezkeen hiri-gutunen antzerakoa, hain zuzen ere, hemen ez baita lurren inolako dohaintza ez kontseziorik egiten. Bere ur, mendi, fruitu, ehiza etb.-en aprobetxamendua ahalbidetzen dizkie Villakoei eta inguruko herritakoei, baina azken hauek, ordaindu egin beharko dute Villa Brania Ossario-ko bazka lur horiek aprobetxatu nahi izanez gero. Bestetik azpimarratzekoa da, garaia kontuan izanik, (birkonkista eta ondorioz, musulmanen aurkako gerrateak) dokumentuan baldintza bezala “vigilia de castellos” ez agertzea. Horrek adierazten du ez zegoela beharrik eta, beraz, 882 urtea baino beranduagokoa izan behar duela.[8]
Bilboko hiri-gutuna
aldatuBilbok 1300ko ekainaren 15ean jazo zuen hiri-gutuna Bizkaiko jauna zen Diego Lopitz V.a Harokoaren eskumenetik. Honen arrazoia XII. mendean Iberiar penintsulan ipar-hegoalderako ardatzaren agerpena izan zen. Hau agertu baino lehen Kantauri itsasoko ertza marjinaltasunean zegoen, zeren Donejakue bideak, garaian merkataritza eta garapen sozio-ekonomikorako oso garrantzitsua zen elementua, beste guneetan zeukan garrantzia handiagoa eta erromes bide honetako ipar eremuaren garrantzia ahula izango zen seguruenik. Ipar-hego ardatz honekin, Kantauriko zonaldeak garrantzia hartu zuen, penintsula eta Europar Atlantikoko kostako lotura bilakatu baitzen, hemendik izan ere pasatu behar baitziren kanpora zihoazen merkataritza-produktuak[7].
Araban eta Gipuzkoan, hiri-gutunak erregeak emandako pribilegioak ziren, baina Bizkaiaren kasuan, jauna bera zen eskutitza ematearen arduraduna, honek bizkaitar hiribilduak besteekiko pixka bat baztertuta uzten zituen[9]. Hala ere Jaurerrian, hiribilduen fundazio arloan bi etapa bereizten dira Bilboko hiri-gutuna arte, bata Balmasedaren hiri-gutunarekin hasten dena eta Lanestosarenarekin amaitzen dena, hots, 1199tik 1287ra; bigarrena, 1290tik Durangoren fundazioarekin eta Areatzaren hiri-gutunarekin bukatzen dena 1338an. Bigarren etapa hau gehienbat itsasertzeko asentamenduetan zentratu zen, mesetatik kostarako sarrera dibertsifikatu zuen (beste hirugarren etapa bat dago XIV. mendean[7]). Bigarren etapa hau oso garrantzitsua zen, Kantauri paradigma erabat aldatu zuelako, XIII. mendean eta XIV. mendeko lehenengo urteetan Gaztelako produktuak esportatzen egungo Kantabriako Castro, Santander, Laredo eta San Vicente ziren arduradunak, honekin Bizkaitar hiribilduak hartu zuen protagonismoa[9].
Beraz, Bilboren fundazioa, Valladoliden eman zena, arrazoi ekonomikoengatik izan zela esan beharra dago, garai honetako ipar-hego ardatza, Gaztelatik etorritako artilea eta Jaurerriko burdina, haratago esportatzeko eta manufakturak eta oihalak inportatzeko helburuarekin[7]. Eman zitzaion hiri-gutuna Logroñokoa zen; hainbat pribilegio ekonomiko handik pasatzen zen ibaitik esplotatu ziren, eta autonomia munizipal zabalak XV. mendeko garapen ekonomikoaz aprobetxatzeaz lagundu zion. [10]
Baina hiri-gutunera bueltatuz, Bilboko hiribilduak zituen pribilegioak hauexek ziren, besteak beste:
- Jurisdikzio propioa: Bilbori lurralde zabal baten kontzesioa argi mugatua ematen zitzaion zeinetan hango laborariak ere hiribilduko bizilagunak izango ziren eta hau noski, Jaun jurisdikziotik kanpokoa zen.
- Ustiatzeko espazioak normalean Jaunen jabetzan egoten zirenak; Mendiak, urak, landak etab. erabiltzeko eskubidea onartzen zuen hiri-gutunak, hots, zura lortzeko, aberea bazkaltzeko, lurra lantzeko etabarrerako.
- Babes penala eta berme prozesalak: errugabetasun-presuntzioa, egoitzaren bortxaezintasuna eta delituen ardura kolektiboarekin bukatu, orain ardura indibiduala, norberarena, izango zen.
- Jaun zergak eta beste karga batzuk ezabatzea eta betebehar militarren murriztea.
- Jabetza pribatua onartzea, infantzoiekin parekatua.
- Berdintasuna infanzoi eta laborarien artean, biak burguko bizilagunak izanda.
- Merkataritza eta eskulangintza ekintzarako baimenak. Merkataritzaren puntua oso garrantzitsua da, ibaiaren garraioaren monopolioa ematen baitio Bilbori.
Pribilegio hauez aparte, Bilboko hiribilduak pribilegio gehiago jaso zituen 1301, 1310, 1372 eta 1375 urteetan. Aipatzekoa da ere hiribilduen fundazio berriak zenbait liskar ekarri zituela hiribilduen artean. Batetik 1375ko Ugaoren fundazioa begi txarrez ikusi zen Bilbotik haren ekonomia kaltetzen zuelako, hala ere azkenean Ugaori hiri-gutuna eman zitzaion[9]. Ez zuen zorte berbera izan Barakaldok, Bilbo asentamendu honen fundazioa berak zeukan ibaiko monopolioaren aurka zihoala defendatzen zuen, eta azkenean Ezkerraldeko establimenduari ez zitzaion hiri-gutuna eman.[7]
Gasteizko hiri-gutuna
aldatuGasteizek, euskal eremuko hiribildu askok bezala, Logroñoko Foruan aurkitu zuen oinarri juridiko propioa. Garai hauetan Gaztelako erregea Alfontso VI. a lurralde berriak berenganatzearen xedean pribilegio ezberdinen eskaintza egiten ari zen. Logroñoko forua hiribildu ezberdinei eman zen hiri-gutunen bidez, zeinean konzesio berriak gehitu ahal ziren lekuaren arabera. Testuinguru honetan kokatzen da Gasteizko forua eta hiri-gutuna, zeina Logroño-Laguardia-Gasteiz Foruen familiaren barruan baitzegoen.
Hiri-gutun hauek dispertsatutako biztanleria batu eta orden administratiboa eta ekonomikoa bultzatzea zuten helburu eta erregeak eskeintzen zituen. Horrela, askotan foruen bitarteko hiri-gutunen ematea transformazio bat bezala ulertu beharko genuke bere aplikazio praktikan, hiribildu baten landa ohitura oinarri urbanizatu batean bihurtuz. Honen adibide argia dugu Gasteiz, euskal eremuko zonalde askotako herriak bezala, herrixka bat zen. Horrela, ez dugu soilik nukleo urbanizatu baten garapena bezala ulertu behar, baizik eta salto kualitatibo bat zeinean landa eremuko entitate bat hiribildu batean bihurtzen den, hainbat pribilegio eta mesede eskuratuz. Aldaketa determinantea izan zen Gasteizek 1181. urtean hiri-gutun hau jaso izana Logroñoko eskumen osoak jasoz:
“Os dono y concedo el que en todos vuestros juicios, asuntos y negocios tengáis y conservéis siempre el mismo Fuero que tienen y disfrutan los burgueses de Logroño”.
Aldaketa handiak ekarri zituen arlo sozialean, adibidez eliz gizonak eta infanzoiak gizartearen beste klaseen mailan jarriz, tributatzera behartuz. Horrela Antso nafar erregeak erdi eta behe klaseen faborea irabazi zuen eta populaketaren bultzada handitu zuen. Hala ere, eliz gizonek bere faborean joango ziren salbuespenak jaso zituzten ere bai, adibidez jasotzen zituzten hamarrenak handituz.
Biztanletzearen aldeko neurriak hartu ziren baita ere biztanleei edozein larre, lur eta ura erabiltzen utziz. Horrela, beraien aktibidade produktiborako ekarpena ere bazen. Gainera, biztanleriaren segurtasuna bermatzeko babes penalak eta prozesurako garantiak ere aitortu ziren.
Ekonomikoki, hainbat aldaketa ekarri zituen jaunen kargak arinduz, marino eta sajonen protekzioa bultzatuz eta obligazio militarrak txikituz. Gainera, komertzioaren eta industriaren pizgarri bihurtu zen salerosketaren asktasuna emanez eta produktu ezberdinen saltzea legalizatuz. Oso garrantzitsua da gainera, biztanle berrien eta zaharren artean eman zen lurraren bidezko banaketa, berdintasuna sortuz beraien artean.
Horrela, hurrengo urteetan bere handitzea eta zabalkuntza bizitu zuen, ikusi ditugun aldaketa eta hobekuntzen bitartez eta aurrerakuntza handia suposatuko zuen ondorengo hiri-gutun eta foruen egituraketan.
Lizarrako hiri-gutuna
aldatuGaur egun Lizarra gisa ezagutzen dugun hiria, "fisikoki" behintzat 1084rako existitzen zen badakigu. Hala ere, ez dakigu ziur noiz jaio zen, baina 1076ko Iratxeko abadeak idatzitako gutun batean, “Lizarrara” alboan dagoen ezarmendu batez hitz egiten du, gure Lizarra izan daitkeena. Modu honetan, adituen ustez, 1076rako Lizarrako “burgoaz” hitz egin daiteke. Izan ere, gaur egun Lizarra edo Estella gisa ezagutzen dugun hiriaren lehen ezarmendua, aurretik aipatu dugun “Lizarrara” izeneko herrixkaren lurretan ezarri zen. Hala ere, ez dira “Lizarra” eta “Lizarrara” nahastu behar. [11]
“Lizarra” hiriaren “jaiotza juridikoa” 1090ean kokatzen da, hala ziurtatzen da behintzat San Juan de la Peñako abadian agerturiko dokumentu batean. Eskumen hau Sancho Ramírez Aragoiko eta Iruñeko erregearen eskutik heldu zitzaion hiriari. Titulu honek barnebiltzen zituen eskubideen artean, herriak ordaintzen zituen zerga guztien hamarrena aipatu berri dugun abadiarentzat izatea onartzen zen. [11]
Hiriaren jatorriari dagokionez, San Juan de la Peña-ko abadiako monjeek “Zarapuz” izeneko herrixkan frankoz osaturiko talde bat finkatu nahi zutela esan behar da (gure Lizarratik gertu zegoen herrixka bat). Done Jakue bidea herrixka honetatik igarotzen zen. Hala ere, Sancho Ramírezek, Lizarrara herrixkara desbideratu nahi zuen ibilbide sakratua. Horretarako bazekien baimena eskatu behar ziela abadiako monjeei, eta gatazkarik ez sortzeko, hiri-gutun gisa ezagutzen dugun eskubide-sorta eskeini zien[11]. Honekin batera, 1092an, Sancho Ramírez-ek eta Iruñeko gotzainak, aurrerantzean Lizarran eraikiko ziren eliza guztien eskumena edukitzeko pribilegioa eman zioten de la Peñako abadiari. [12]
Hala, esan daiteke, Lizarra herria jatorri frankoa zuten gizon askeez osaturiko talde txiki bat finkatzeko sortu zela. Egilearen esanetan, talde franko hau “protoburges” gisa definitu daiteke. Horren harira, ezarmendu honek bilduko zituen pertsonen ezaugarriak kontuan izanik, inguruko ekonomiari bultzada on bat jasotzeko eta hura dibertsifikatzelo aukera sortu zitzaion[11].
Hiri honen fundazio-juridikoa baieztatzen duen hiri-gutuna ez da kontserbatu, kopia bat ere ez. Hala ere, bertako edukia, “bilduma” foralean txertatu zen. [11]
Guardiako hiri-gutuna
aldatu« | Nik, Antso VI.ak, Jainkoari esker iruindarren erregeak, gutun hau ematen dizuet Guardiako oraingo biztanleei nahiz ondorengoei [...].
Eta, larreak aurkituz gero, erabili bazkatzeko [...]. Eta basoak egurretarako edo etxerako erabili, isunik ordaindu gabe.
Gutun hau 1165eko maiatzaren 25ean egin da, Antso VI.a Nafarroako erregea izanik. Gutun hau, foruak eta ohiturak hausten dituena madarika, Jainkoagandik urrun eta infernura kondena dezatela. |
» |
Iturria: Joaquín José Landazuriren bertsioa, Los compendios históricos de la ciudad y villas de la Muy Noble y Muy Leal provincia de Álava, 1798. Moldatua. |
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Artola, M. (1991) Enciclopedia De Historia De España, V. liburuki. Madril: Alianza Editorial
- ↑ Molho, M. 1960. “Difusión del derecho pirenaico (Fuero de Jaca) en el reino de Aragón” Boletín de la Real Academia de Buenas Letras de Barcelona.
- ↑ a b Lacarra, J.M. 1969. Fueros derivados de Jaca 1 Estella-San Sebastián. Iruña
- ↑ Ayerbe Iribar, M.R. 2020. “Notas acerca del fuero de San Sebastián su expansión, vigencia y modernidad y análisis de sus textos” Los fueros de Estella y San Sebastián.
- ↑ a b Granado Hijelmo, I. & Fernández de la Pradilla Mayorial, M.C. 2009. “Los fueros de La Rioja” Revista de la CECEL, 9 zbk. 59-120 orr.
- ↑ Ramos y Loscertales, J.M. 1947. “El derecho de los francos de Logroño en 1095” Berceo. 4 zbk. 347-378 orr.
- ↑ a b c d e Arizaga Bolumburu, B. & Martínez Martínez, S. 2006. Atlas de villas medievales de Vasconia. Bizkaia. Donostia. Eusko Ikaskuntza.
- ↑ · García-Gallo de Diego, A. 2018. En torno a la carta de población de Brañosera., Historia. Instituciones. Documentos, (11)
- ↑ a b c Zabala, M.J. 1995. “La creación de las villas en el Señorío de Bizkaia: los fueros y las cartas pueblas” Cuaderno de Sección. Historia-Geografía. 23. zbk. 9-29 orr.
- ↑ Catalán Martínez, E. 2003. “La propiedad urbana en Bilbao durante el siglo XVIII” Bidebarrieta. Revista de Humanidades y Ciencias sociales de Bilbao. 12 Zbk. 441-461 orr.
- ↑ a b c d e Duque, Ángel J. Martín. (2002). «La fundación del primer burgo navarro: Estella» Príncipe de Viana 63 (227): 761–772. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).
- ↑ Martinena, Ricardo Cierbide. (1988). «En torno a las denominaciones de la ciudad de Estella» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 20 (51): 53–58. ISSN 0046-435X. (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).