Santa Maria eliza (Bermeo)
Santa Maria eliza Bermeoko eliza berriena da, XIX. mende erdialdean Silvestre Perez arkitektoak eraikia.
Santa Maria eliza | |
---|---|
Kultura ondasuna Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Bermeoko hirigune historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bermeo |
Koordenatuak | 43°25′14″N 2°43′18″W / 43.4206°N 2.72167°W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Mariaren Jasokunde |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Bilboko elizbarrutia |
Arkitektura | |
Estiloa | Arkitektura neoklasikoa Neorromanikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0005149 |
EJren ondarea | 13 |
Eliza hau Talako Santa Maria eliza bota egin behar izan zutelako eraiki zen, haren egoera kaxkarra zelako, eta Bermeoko fededun kopuru handia hartzeko beste bi elizak ez zirelako nahikorik. Obrak 1823an hasi ziren eta 1858an bukatu baziren ere, ez zuten inauguratu 1866. urtera arte. Hala eta guztiz, estreinakoan bukatu gabe zegoen bai kanpotik bai barrutik. Dorrea esate baterako, 1899an bukatu zuten.
Ezaugarriak
aldatuEraikina neoklasikoa da, alboetan bi dorrez hornitua. Eskuinekoak kanpaiak ditu, eta eskerrezkoa ez zen amaitu. Fatxada nagusian portikoa du, doriar kolomek eusten duten frontoi klasiko batez osatua. Oinplanoa greziar gurutze itxurakoa da, erdialdean kupula oktogonal batek estalia. Kupula eusten duten arkuen artean lau erretaula daude eta sarreran alboetan bi kapera.
Erretaula
aldatuErretaula neoklasikoen multzo bateratua da. Bere egitura arkitektonikoak predela, gorputza eta atikoa ditu; Bermeoko Santa Mariaren tenpluko nabearen angeluetako xedretan daude. Pedro Belauntzaren trazaren arabera egin zituzten 1869 eta 1871 bitartean; José Alcoberroren eskulturak ditu. Oinplano mugitua du, aurrealde ganbila du. Exedrak, aldiz, hondo ahurra du eta alboetan euskarri diagonalak ditu. San Joanen erretaulan etzanda dagoen eskultura bat dago kutxatila barruan; hori kenduta, predelean sagrarioak daude erdiko aldearen harmailetan; Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Josefen kasuan, gainera, sagrarioak eta erretaulak garaikideak dira. Gorputz bakarrean erdi-puntuko hormakonka dago, giltzarrian dekorazioa du eta alboetan zutabe korintiarrak eta ordena bereko traspilastrak. Taulamendua zutabeen aurrean zabaltzen da, eta hortxe hasten da gero frontoia. Taulamendua eta frontoia, biak zabaltzen dira aurrealdean. Frontoi triangeluarrak tinpano dekoratua du gainean, akrotera moduko txarroak alde banatan eta koroa modukoa gailurrean, hodeiz eta izpiz inguratuta eta erdian triangelua duela. Erretaulen albo banatan, diagonaleko euskarrien gainean, tailak daude multzo bakarraren inguruan.
Ebanjelioaren aldean San Joan Bataiatzailea eta Andre Maria Arrosariokoren erretaulak daude. San Joan Bataiatzailearen erretaulak titularra du eta alboetan San Sebastian eta San Rokeren mukuluak; horiek kutxatila baten gainean daude eta kutxatilaren barruan Balentin Berriotxoa sainduaren irudi etzana. Andre Mari Arrosariokorenean, taila titularrarekin batera, San Isidro eta Maria de Cervelló mesedetako Santuaren irudiak daude. Gutunaren aldean, Sortzez Garbiaren erretaulak titularraren irudi barrokoa erakusten du erdian; eta alboetan, San Luis Gontzaga eta San Antolinen irudiak; San Josefen erretaulan, horren irudiaz gain San Andres Avelino eta San Erramun Jaiogabearen irudiak daude.
Polikromia neoklasikoa da, dekorazio-elementuetan doratuak ditu, eta gainontzekoan marmoreatua nahastu egiten da zutabe, pilastra eta hormakonkaren beix kolorearekin. Tailek oihal lisoak dituzte eta haragi-kolorea leunduraz lortu zuten.
Erretaulok aro neoklasikoaren eskultura-programarik osoena dute. Hamaika irudi daude, eta, formari dagokionez, oso ondo eginak Josep Alcoverro eskultore katalanaren eskutik. Eskultura-multzo horrek Bizkaiko erretaulagintza neoklasikoan osoena da. Garrantzitsuak dira, gainera, Bizkaian dagoen erretaula-multzorik ugariena delako, arkitektura eta eskulturaren artean osotasuna erakusten dutelako eta tenpluarekin bat egiten dutelako harmonian.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
aldatu- Erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn
- Andre Maria eliza[Betiko hautsitako esteka] Bermeoko Udalaren webgunean