Opioide
Opioideak minaren estimulua inhibitzen duten sustantziak dira. Beraz, efektu analgesikoa eragiten dute. Nerbio-sistema zentral eta periferikoan eta digestio-hodian dauden hartzaileekin (μ, κ eta δ) bat egiten dute, hala eragin onuragarriak nola kaltegarriak sortuz. Terminologikoki batzuetan nahasten badira ere, opioideek barne hartzen dituzte opiazeo naturalak alde batetik eta eratorritako sustantzia sintetikoak bestetik.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Alkaloideak dira; hau da, aminoazidoen metabolismotik eratorritako konposatu nitrogenatuak. Alkaloideak hainbat landareek sortzen dituzte. Hauek efektu fisiologikoak eragiten dituzte eta drogak sortzeko erabiltzen dira.
Familia honetako farmakoak munduan erabiltzen diren zaharrenen artean ditugu, analgesiko moduan orain dela milaka urte erabiltzen baitira. Albo-ondorioak ere aspaldian ezagutzen dira, beste batzuen artean logura edo sedazioa, arnas depresioa, idorreria eta batzuetan euforia. Azken honek sortu du erabilera ludikoa historian zehar.
Mina tratatzeko erabiltzeaz gain, eztula eta arnasestua kontrolatzeko ere baliagarriak dira. Izan ere, opioideak minaren estimulua inhibitzen duten sustantziak dira.
Jarraian hartuz gero menpekotasuna sor daiteke, eta bat-batean etenez gero abstinentzia-sindromea.
Sailkapena
aldatu- Endogenoak: Endorfinak, entzefalinak, dinorfinak eta endomorfinak.
- Opioaren alkaloideak: Morfina, kodeina, tebaina eta oripabina.
- Erdi sintetikoak: Buprenorfina, oxikodona eta hidromorfona.
- Sintetikoak: Fentanilo, metadona, meperidina edo petidina, tramadol eta tapentadola.
Errezeptoreak
aldatuHauek opioide neurotransmisoreen errezeptore[1] zelularrak dira. Errezeptoreei jatorri exogeno edo endogenoko opioideak lotzen zaizkie, espezifikoki eta era itzulgarrian. Opioidea errezeptorean lotzen denean, errezeptoreak bere funtzio biologikoa burutuko du.[2]
Hiru hartzaile opioide mota daude:
- mu→ Analgesian inplikazio garrantzitsuak ditu. Errezeptore hau morfina bezalako opioideek aktibatzen dute. Hala ere afinitate handia du entzefalinarekin. Arnasketa depresioa, hipotermia eta bradikardia eragin ditzake hau aktibatzeak.
- delta→ Eragin analgesikoan parte hartzen du. Errezeptore hau aktibatzeak euforia eragin dezake. Nagusiki entzefalinekin aktibatzen da.
- kappa→ Dinorfina opioide endogenoak kappa errezeptorearekin afinitate handia du. Errezeptore hauen aktibazioak disforia (ansiedadea eta tristura ezaugarri gisa dituen sentimendua), sedazio handia eta analgesia eragiten ditu.
Eragina zelula mailan
aldatuGure gorputzak mota askotako peptido opioideak sortzen ditu, hauek aminoazidoetatik eratorriak direlarik. Hauek analgesia bultzatzen dute. Opioideak lehen aipatutako hartzaileak aktibatzeko gai dira, mu delta eta kappa hain zuzen ere. Aztertuenak eta ezagunenak endorfinak, entzefalinak eta dinorfinak dira.
Peptido opioide hauetako bakoitzak hartzaile espezifiko bat aktibatuko du. Adibidez, endorfinek mu, entzefalinek delta eta dinorfinek kappa hartzaileak aktibatzen dituzte.
Hartzaile opioideak bikapa lipidikoan txertatzeko gaitasuna ematen duten 6 transmenbrana eremu dituzte,mintz zelularreko bikapa lipidikoa zeharkatzen duten proteinak. Opioide bakoitza bere hartzaile espezifikoarekin elkartzen da eta eta honek AMP ziklikoaren (AMPc, adenosin monofosfato ziklikoa) jetsiera bat eta GMP ziklikoan (GMPc, guanosin monofosfato ziklikoa) igoera eragingo ditu.
Hartzaileen aktibazioak, aldi berean, potasioaren irteera bultzatuko du, potasio kanaletan zehar. Ondorioz, zelulak karga positiboak galduko ditu. Horrez gain, ez du utziko karga positiborik sartzen zelulan.
Peptido opioideen eta farmako opioideen ekintzak ulertzeko bizkarrezur muinean gertatzen diren sinapsiak aztertuko ditugu.
Kanpotik datorren lehenengo inpultsoak, min neuronara iristean, sodio sarrera ahalbidetzen du zelulara sodio kanaletan zehar. Horrek kaltzio kanalak irekiko ditu kaltzioari zitoplasman sartzen utziz. Honi esker glutamatoa askatuko da.
Glutamatoak neurona post sinaptikoa eta bere errezeptore espezifikoak aktibatuko ditu: AMPA eta NMDA. Hauek aktibaturik daudenez, sodio eta kaltzio ioiei sartzen utziko die bigarren min neuronara. Ioi hauek positiboki kargatuta daudenez, mintzaren potentziala induzituko dute eta karga negatiboa gutxituko da. Honela, despolarizazioa gertatuko da eta akzio potentziala sortuko da, inpultsoa transmitituz nerbio sistema zentraleraino.
Mina antzematen duten zuntz ugari ditugu eta mina hartzerakoan nerbio sistema zentralera doazen zelula pila bat alteratzen dira; bertan sumatuko dugu minaren sentsazioa. Opioideek parte hartzen dutenean ordea, glutamatoa askatzen duten neurona kopurua gutxitzen da, gertatzen den sinapsi kopuruarekin batera. Hortaz, mina transmititzen duten neurona kopurua ere txikiagotu egiten da, minaren sentsazioa murriztuz. Hau da, minaren seinale guzti horien kopuru handi bat, opioideek oztopatzen dute analgesia efektua sorraraziz.
Opioideen analgesia efektuak zera eragiten du: nerbio estimulua sinapsia gertatu behar den gunera iristen denean, bulkada ez transmititzea. Izan ere, Ca+ ioien sarrera sinapsi gunera oztopatzen da, ondorioz glutamatoaren jariapena gutxitzen da.
Horrez gain, opioideek estimulua jaso behar duen neuronan ere eragiten dute: μ errezeptorea aktibatzen denean, K+ katioien irteera gertatzen da.
Aurretik aipatutako moduan glutamatoaren zeregina NMDA eta AMPA hartzaileak aktibatzea da. Eta arestian esandako eran, glutamatoaren jariapena gutxitu denez, AMPA eta NMDA hartzaile gutxiago egongo dira aktibatuak.
Horrez gainera, kaltzioaren kanalak inhibituta daude μ errezeptorearen eraginez, horrengatik guztiarengatik, Ca+ eta K+ katioien fluxua neurona barrura nabari gutxitu da, beraz neuronak ez du lortuko karga positibo nahikoa despolarizatzeko.
Efektu analgesikoa
aldatuEstimulu mingarri bat jasatean, neurona nozizeptibo batek pasatzen du mezua, bizkarrezur-muinera doana. Hainbat neuronen sinapsi bidez nerbio sistema zentralera iristen da mezua. Bertan antzematen dugu mina.
Horrez gain, nerbio sistema zentralean Rafe nukleoko neuronak aktibatzen dira, entzefaloko zelula agregatuak direnak, eta hauek bizkarrezur-muinean zehar joan eta sinapsia egiten dute lehenengo eta bigarren neurona nozizeptiboekin. Rafeko nukleoko neuronak serotonina askatuko dute neurotransmisore moduan, baina baita peptido opioideak ere. Azken hauek minaren nerbio bulkaden transmisioa txikiagotuko dute.
Farmakoak
aldatu- Agonista hutsak:
- Agonista partzialak: Buprenorfina.
- Agonista-antagonistak: Pentazozina.
- Antagonistak: Naloxona eta naltrexona.
Albo-ondorioak
aldatuOhikoak eta epe laburrean agertzen direnak:
Beste batzuk, gutxiagotan ditugunak azkura, hipotentsioa eta bradikardia dira. Epe luzean menpekotasuna, sexu disfuntzioa eta abstinentzia-sindromea.
Opiofobia
aldatuMorfina eta familiakideen inguruko errefusa, beldurrak (menpekotasuna, sedazioa eta abar), sinesmen faltsuak eta aurkako jarrerak orokorrean biltzen du kontzeptu honek. Opiofobia hedatuta dago munduan zehar arrazoi kultural, sozial edo erlijio kutusukoak direla-eta, eta honen ondorioa da hainbat pertsonak mina eta bestelako sufrimenduak pairatzea opioideak medikoki indikatuta daudenean. Hau da, estigmatizazio honek eragozten du pertsona guztiek daukaten giza eskubidea orokorrean zainketa aringarriak jasotzeko.
Afrikar kultura askotan norbera minez ez bada hiltzen, behar bezala ez du bizitza amaitzen. Halaber, herrialde batzuetan morfinaren garraioa debekatuta edo oztopatuta dago, lege aldetik arau faltagatik neurri batean.
Txinan eta beste herrialde asiar batzuetan opiofobia guztiz hedatuta dago gizartean ez ezik profesionalen artean ere. Hori dela eta akupuntura eta bestelako teknika tradizionalak erabiltzen dituzte eragin handiagoa duten opioideak baino. Arrazoien artean baliteke zama historikoa egotea, XIX. mendeko "Opioaren Gerrek" eta erabilera ludikoak eragindako kalteak alegia.
Euskal Herrian eta beste herrialde mendebaldar batzuetan 1980ko hamarkadan bereziki kolpatutako heroinaren menpekotasunaren epidemiak ere zerikusia eduki dezake ziur aski.
Baliokidetasunak
aldatu
|
Gaindosia
aldatuOpioideen gaindosia pairatzean honakoa gertatzen da:
Errezeptore ugari modu masiboan aktibatzen dira eta gaixoa kaltetzen du. Horrelako kasuetan errezeptore opioideen kontrako antagonista bat (agonistaren kontrako funtzioa duena) erabiliko dugu, hots, naloxona. Modu honetan antagonistak ez dio opioideari errezeptorea aktibatzen utziko eta opioideen eragina erregulatuko da.
Aipatzekoa da, naloxona gehiegi ematen bada, bortizki neutralizatuko duela opioideen eragina min handiagoa sorraraziz.
Ikerkuntzarako egindako esperimentuak
aldatu1970ko hamarkadan “accumbens” izeneko nukleoetan opioideen efektuak hasi ziren aztertzen. Accumbens nukleoa burbuinean dago eta entzefaloko neuroren kumulu bat da. Ganglio basalen parte dira.
Esperimentu bat gauzatu zuten: arratoi batzuk kaxa batean sartu zituzten eta bertan botoi bat zegoen, klikatuz gero janaria ematen ziena. Beste botoi bat ere jarri zuten ondoren, eta horri klikatuz gero, morfinaren injekzio bat jartzen zitzaien accumbens nukleoan. Ikusi zuten arratoiek morfina jasotzeko botoia klikatzen zutela maiz, janariaz ahaztuz[3]. Esperimentu hau, arratoiak oso argal zeudenean bertan behera utzi zen. Esperimentu honek erakutsi zuen opioide hartzaileak zeudela accumbens nukleoan.
Beste esperimentu bat ere burutu zen: arratoiak superfizie oso bero batean ipini zituzten eta ikusi zuten azkar hasten zirela alde egin nahian. Baina accumbens nukleoan morfina jarri ondoren gehiago jasaten zuten beroa. Esperimentu honek erakutsi zuena opioide farmazeutikoen efektua izan zen.
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez)"Equianalgesic charts. Pain Clinical Manual" (Elsevier)
- https://web.archive.org/web/20190509134801/https://www.easp.es/pepsa/estudios%2By%2Bdocumentos/monografiaopiodes.htm
- https://www.youtube.com/watch?v=J5d2peMwcxo
- https://es.wikipedia.org/wiki/Receptor_opioide
- https://medlineplus.gov/spanish/opioidoverdose.html
- https://www.mayoclinic.org/es-es/diseases-conditions/prescription-drug-abuse/expert-answer
- https://www.cancer.gov/espanol/publicaciones/diccionario/def/opioide
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «Grünenthal Pharma S.A. - I+D - NCQ para el tratamiento del dolor» www.grunenthal.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Álvarez Amo, Francisco Javier. (2018-10-22). «Aspectos del sujeto lírico en el Bajo Barroco» Aspectos actuales del hispanismo mundial (De Gruyter): 582–590. ISBN 9783110450828. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ GABALDÓN LÓPEZ, MARÍA VICTORIA. Estudio de la estructura dinámica de las interacciones funcionales en el hipocampo mediante procesado de registros electrofisiológicos cerebrales en rata.. Universitat Politecnica de Valencia (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).