Nazik al-Malaika
Nazik al-Malaika (arabieraz: نازك الملائكة; Bagdad, 1923ko abuztuaren 23a - Kairo, 2007ko ekainaren 20a) poeta irakiarra izan zen. Adituen arabera, poesia arabiarrean eragin handiena izan duten poeta garaikideetako bat da; besteak beste, lerro askea erabili zuen lehen poeta arabiarra izan zen.
Nazik al-Malaika | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bagdad, 1922ko abuztuaren 23a |
Herrialdea | Irak |
Heriotza | Kairo, 2007ko ekainaren 20a (84 urte) |
Familia | |
Ama | Salma Al-Malaika |
Ezkontidea(k) | Abdel Hadi Mahbooba (en) |
Haurrideak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Wisconsingo Unibertsitatea Madisonen |
Hizkuntzak | arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, unibertsitateko irakaslea, literatura-kritikaria eta kritikaria |
Enplegatzailea(k) | Kuwaiteko Unibertsitatea Bagdadeko Unibertsitatea University of Basrah (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | islama |
nazek.net |
Biografia
aldatuNazik al-Malaika Bagdaden jaio zen, kultura handiko familia batean. Ama ere poeta zuen, eta aita, berriz, gramatika-irakaslea. Bagdadeko Goi Mailako Irakasle Eskolako Pedagogia Fakultatean ikasi zuen, eta 1944an gramatika-eskola ezberdinei buruzko tesia aurkeztu zuen. Aldi berean, formakuntza moderno eta aurreratua jaso zuen, ingelesa ikasi zuen Eskola Britainiarrean eta arabiar musika garaikidearen eta interpretazioaren eremuko ikasketak egin zituen Arte Ederretako Institutuan.
1954an AEBetara joan zen bi urterako, eta literatura-kritikaren eta literatura konparatuaren alorreko ikasketak egin zituen. 1958an, Irakeko Errepublika aldarrikatzean, bere Beirutera alde egin zuen.
1970ean, Baath Alderdi Sozialista boterera iritsi zenean, Nazik al-Malaikak Kuwaitera alde egin zuen Abdel Hadi Mahbooba senarrarekin eta bien familiarekin. Han, literatura-irakasle jardun zuen unibertsitatean. Bi hamarkadaz Kuwaiten bizi ostean (1970-1990), Saddam Husseinek herrialdea inbaditu eta boterea erdietsi zuenean Kairora joan zen bizitzera, eta geroztik han bizi izan zen, 2007ko ekainaren 20an hil zen arte.
Ibilbide poetikoa
aldatuNazik al-Malaikaren lana hiru garaitan bana daiteke.
1947-1957
aldatuLehenengo hamarkada honetan bere lehenengo hiru poema-bildumak argitaratu zituen. Bizitasun espiritual eta liriko handiko konposizioak idatzi zituen, eta forma klasikeotatik urruntzen hasi zen. Hiru gai nagusi landu zituen: banakotasuna eta naturarekiko grina intimista, poesia eta heriotza. Garai honetakoak dira bere lanik ausart eta berritzaileenak: Gaueko maitalea (1947) eta Eskailak eta errautsak (1949). 1952 eta 1954 bitartean AEBetan bizi izan zen eta hango unibertsitateak eta idazle modernistak ezagutu zituen, eta 1957an Olatuaren barnealdea argitaratu zuen.
1958-1978
aldatuGarai honetan, Irakeko gizartean aurrerapena, itxaropena eta, aldi berean, etsipena dira nagusi. Al-Malaikak bere poesia-lanetan aztertzen duen errealitateak idealismoa eta eraldaketa —bai eta norbanakoaren nahasmena eta samina ere— ditu ezaugarri nagusi.
1968an Ilargiko zuhaitza (1968) argitaratu zuen. Aitzinsolasean bere ibilbide poetiko aztertzen du; poemetan, ostera, eduki nazionalista eta nortasunaren berrespena dira nagusi. Bizitzaren drama eta gizonaren abestia (1974) ere sasoi honetan argitaratu zuen.
1978-2007
aldatuNazik al-Malaika bere baitan bildu zen behin betiko. Egitura poetiko tradizionala berreskuratu zuen, eta eduki filosofiko era erlijiosoa daukaten obrak idatzi zituen. Kairon bizi zela, Otoitzerako eta iraultzarako (1979) eta Itsasoak koloreak mudatzen ditu (1999) lanak argitaratu zituen. Saiakerak eta hitzaldiak ere idatzi zituen, lerro askearen erabileraren abantailak goraipatuz.
Lanaren ezaugarri funtsezkoak
aldatuAl-Malaikaren obra Iraken azken urteetako historiaren isla dela esan daiteke. Batik bat idealismoaz, itxaropenaz, desengainuaz eta erbesteaz hitz egiten du. Ezaugarririk behinenak lerro askearen erabilera eta poesia erromantiko eta modernistaren elementu bereizgarrien erabilera dira. Nolanahi ere den, ez ditu eskema tradizionalak erabat baztertzen; izan ere, garrantzi handia ematen dio bertsoen musikaltasunari. Bestalde, literatura modernoa eta arabiar hizkuntza oso ondo ezagutzen zituenez, hiztegi zabal eta askotarikoa erabiltzen zuen. Labur esanda, lerro askea eta metrika tradizionala (errimadun oinarekin) uztartu zituen, hartara ordura arte ezohikoak ziren gaiak jaso ahal izateko.
Literaturaren ezagutza sakonak eta AEBetako hainbat unibertsitatetan egon izanak aukera eman zion herentzia erromantikoa (Thomas Gray, Lord Byron, Rupert Brooke, John Keats, Allan Poe), sinbolismoa eta modernismo amerikarra (Ezra Pound, T.S. Elliot) ezagutzeko. Bere konposizio batzuetan John Keats, Byron, Rupert Brooke eta Thomas Gray poeten lanetan oinarritutako irudi eta sinbologiak erabili zituen —zeinak itzuli egin baitzituen—, bai eta Ilargiko zuhaitza lanean parafraseatu ere.
Badr Shakir al-Sayyab eta Lewis Awad poetekin batera, lerro askearen sustatzaile nagusietako bat da, eta literatura-korronte angloamerikarrak etxeratu zituen, mila urte lehenagotik arabiar poesian nagusi ziren egituren bazterketa ekarri zutenak.
Argitalpenak
aldatu- A'shiqat Al-Layl, 1947
- Shazaya wa ramad, 1949
- Al-mar'a baina 'ltarafain, al-salbiyya wa 'l-akh-laq, 1953
- Al-tajzi'iyya fi 'l-mujtama' al-Arabi, 1954
- Qarárat al-mawya, 1957
- Qadaya 'l-shi'r al-mu'asir, 1962
- Al-Sawma'a wal-Shurfa Al-Hamraa, 1965
- Shaýarat al-qamar, 1968
- Ma'sát al-hayát wa ugniya li-l-insán, 1970
- Al-taýzi'iyya fi-l-muýtama' al-'arabi, 1974
- Li-l-salat wa-l-tawra, 1978
- Sykolojia Al-Shi'r, 1979
- Youghiyar Alouanah Al-Bahr, 1999