Nawaz Xarif
Mian Muhammad Nawaz Xarif (urduz eta punjaberaz: میاں محمد نواز شریف, nəˈʋaːz ʃəˈriːf ahoskatua; Lahore, 1949ko abenduaren 25a) pakistandar politikaria da.
Biografia
aldatuPunjabeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak; ikasketak amaitu, eta enpresa eta negozioen munduan aritu ondoren hasi zen politikagintzan. Pakistango azken aldiko historiako politikaririk eraginkorrena izan da; 1997an iritsi zuen maila gorena, Pakistango Liga Musulmaneko (PML) kideek legebiltzarrean Lehen Ministro hautatu zutenean. Sharif izan zen Pakistanen 1988an demokrazia berrezarri zenetik laugarren gobernu zibileko burua. Bere lehen agintaldian arazo larriei aurre egin behar izan zien, besteak beste, kanpo-zor handiari eta jarraitzaile talde edo koalizio indartsurik ez izateak ekarritako zailtasunei. Farooq Leghari lehendakariak aurreko Lehen Ministroa, Benazir Bhutto, dimititzera behartu ondoren hartu zuen Sharifek kargu hura lehenengo aldiz, 1990ean, baina 1993an bera ere dimisioa ematera behartu zuen lehendakariak. Bhuto jarri zuten Lehen Ministro berriro, eta 1997an berreskuratu zuen kargua Sharifek, bere jarraitzaileen botoei esker. Sharifek lehendakariaren ahalak murriztu zituen agintaldi hartan, besteak beste; eskumen hura izan zen bera aurretik kargutik bota zuena eta gorabehera politiko larriak eragin zituena. Zailtasun handiak izan zituen, ekonomian eta baita beste alorretan ere, ustelkeria, indarkeria eta inguruko herriekiko gatazkak direla-eta.
1999. urtean Pervez Musharraf jeneralak estatu-kolpea eman zuen Sharifen gobernuaren kontra, eta horren ondorioz, Sharifek Saudi Arabiara erbesteratu egin behar izan zuen. 2007an, Musharrafen gobernua ahulduta zegoela, itzuli zen Sharif Pakistanera. 2008ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta oposizioko alderdietako bat osatzen du.
Ustelkeria leporatuta, 2018an hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Urtebete geroago, baimen bat jaso zuen Londresen osasun arreta jaso ahal izateko, eta han bizi izan da hurrengo urteetan. Bizi guztirako inhabilitatua ere izan zen aurrez, baina haren anaia Xahbaz lehen ministro izan zen garaian (2022-2023) legedia moldatu zuten inhabilitazioa bost urtera murrizteko. Islamabadeko Auzitegi Nagusiak emandako behin-behineko baimen bati esker ez zuten atxilotu eta erbestetik itzuli zen 2024ko urtarrilean egitekoak diren hauteskunde orokorretan Musulmanen Liga-Nawaz alderdiko hautagaia izateko intentzioarekin.[1]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Pakistango lehen ministro ohi Xarif erbestetik itzuli da» Berria 2023-10-22 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.