[go: up one dir, main page]

Namibia, ofizialki Namibiako Errepublika (Republic of Namibia ingelesez), hegoaldeko Afrikako estatua da. Iparraldean Angola eta Zambia, ekialdean Botswana eta hegoaldean Hegoafrika mugakide ditu. Mendebaldean Ozeano Atlantikoa du.

Namibiako Errepublika
Republic of Namibia
Ereserkia: Namibia, Land of the Brave (en) Itzuli
Goiburua: Unity, Liberty, Justice
("Batasuna, Askatasuna, Justizia")

flag of Namibia (en) Itzuli

coat of arms of Namibia (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaWindhoek
22°34′12″S 17°5′1″E
Azalera825.615 km²
Punturik altuenaBrandberg (en) Itzuli
Punturik sakonenaOzeano Atlantikoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakAngola, Zambia, Botswana eta Hegoafrika
Administrazioa
Namibiako Errepublikako presidenteaNangolo Mbumba
Namibiako Lehen MinistroaSaara Kuugongelwa
LegebiltzarraParliament of Namibia (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria2.533.794
Dentsitatea3,07 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 21
Emankortasun-tasa3,522 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak91.819 (2007)
Bizi-itxaropena64,388 (2016)
Giniren koefizientea59,1 (2015)
Giza garapen indizea0,615 (2021)
Ekonomia
BPG nominala13.244.597.345,432 $ (2017)
BPG per capita5.230 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa26.531.051.579 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn10.470,879 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala0,1 % (2016)
Erreserbak2.432.221.196 $ (2017)
Inflazioa7,3 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1990
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+264
ISO 3166-1 alpha-2NA
ISO 3166-1 alpha-3NAM
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli eta BS 546 (en) Itzuli
Internet domeinua.na
gov.na

Hiriburua Windhoek da.

Afrikako herrialdetan, handienetakoa da (824.000 km2), baina biztanleria urria du oso, basamortua dela eta. Bazter txundigarriak ditu, horietako bat Fish River arroila da, hego muturrean: munduko bigarren handiena da (160 km luze, 27 km zabal eta 550 m sakon). Arroilaren hego amaieran, Ai Ais iturri termalak daude, batez beste 60 graduko tenperatura duten ur beroak isurtzen dituztenak. 1903-1907 bitartean Nama herria kolonoen aurka altxa zenean, leku hori alemaniarrek oinarrizko kanpaleku gisa erabili zuten.[1]

Geografia

aldatu
 
Namibia satelite irudian
 
Namibiako desertua

Namibiako paisaia nagusiki erdialdeko lur garaiez osaturik dago: Brandeberg mendigunea punturik garaiena (2.606 metro) da. Erdiko goi ordokia iparraldetik hegoaldera zabaltzen da, Namib basamortua eta haren itsasertzeko lautadak mendebaldean, Orange ibaia) hegoaldean eta Kalahari basamortua ekialdean dituela.

Ipar-ekialdean, Capriviko Zerrenda lursaila Zambezi ibaira iristeko Alemaniar Inperioaren korridore estuaren aztarna da. Windhoek hiriburuaz gain —estatuko erdialdean dago—, Walvis Bay eta Swakopmund portu-hiriak, Oshakati, Grootfontein, Tsumeb eta Keetmanshoop hiri garrantzitsuenak dira.

Namibiako klima basamortukotik tropikalera aldatzen da. Uda (urritik apirilera) euri-sasoia da: beroa handia da (eta gauak, freskoak) barnealdean eta tenperatura askoz atseginagoak itsasertzean. Hegoalderantz abiatzen den neurrian, euri-sasoia gero eta urriagoa da. Negua (maiatzetik irailera) sasoi lehorra da: egunez tenperatura atseginak dira eta gau freskoak dira beti.

Orografia eta hidrografia

aldatu

Namibia ia osoa goi-ordoki zabal bat da, 975-2.000 m bitarteko garaiera duena, eta sartaldetik sortaldera apalduz doana; goi-ordokiaren erdialdea menditsua da eta 2.500 m inguruko mendiak daude hiriburutik hurbil. Goi-ordokiaren alboetan bi basamortu daude: mendebalean Namib basamortua, itsasaldea bere luzera osoan hartzen duena (1.600 km), eta Kalahariko basamortua ekialdean. Namibian ez da ibairik, iparraldean Angolarekin (Kunene eta Okavango ibaiak) eta hegoaldean Hegoafrikarekin (Orange ibaia) mugatzen dutenak eta euria egiten duenean eratzen direnak besterik.

Klima eta landaretza

aldatu

Namibiako klima beroa eta guztiz idorra da. Oso euri gutxi egiten du, azarotik martxora bitartean bakarrik, iparraldean batez ere, eta beroak lurruntzen du gehiena. Lehorteek luzaro irauten dute askotan. Horrenbestez, oso landare gutxi izaten da, eta izaten dena lurraldearen idortasunari egokitua da. Hala ere, ipar-ekialdean sabana eta hegoaldeko muturrean baso tropikalak dira.

Biztanleak eta gizartea

aldatu
 
Herero emakumeak

Namibiako biztanleria, batik bat, iparraldean da, euri gehien egiten duen aldean. Bantu familiako etniak jendetsuenak dira: ovanboak, kavangoak eta hereroak. Namak hotentoteak jatorriz dira, eta beste herri bat dute mendean, erdi esklabotasunean: damara herria. Damarak namaz mintzatzen dira, beren nagusien hizkuntzaz. Boskimanoak etnia antzinakoena dira, nahiz eta, egun, oso gutxi diren. Botswanako boskimanoekin batera, boerrek sarraskitu zituzten Afrika hegoaldeko lehen biztanle haien azken ondorengoak dira. Khoisan familiako klik hizkuntzez mintzatzen dira (baita hotentoteak ere), eta egungo boskimanoen arbasoak ziren Namibiako labarretako pintura ospetsuen egileak.

Arraza zurikoak 100.000 inguru ziren independentziaren aurretik, eta gehienak Namibian geratu ziren. Kolono alemaniarren, afrikanerren eta britainiar jatorriko hegoafrikarren ondorengoak dira. Adinari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 44 dira; 15-64 urte bitartekoak, % 52; eta 65 urtez gorakoak, % 4 baizik ez. Namibiarrek batez besteko bizi itxaropena oso laburra dute: gizonezkoek, 41 urtekoa eta emakumezkoek, 40koa. Emankortasun adierazlea 4,9 haurrekoa da emakumeko. Biztanle dentsitatea oso eskasa da: 2 biztanle km2-ko.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Namibiako historia»
 
Antzinako san edo boskimanoen labar artea, Twifelfontein-en.

K. a. 26.000an boskimanoen (Namibiako lehen biztanleak) aitzinekoek labar-pinturak egin zituzten, Afrikako antzinakoenak. Mendeetan zehar migrazio ugari egon ziren, hasieran khoisan etniakoak eta gero bantu etniakoak (egungo biztanleriaren gehiengoa). Namibiara iritsitako lehen europarrak portugaldarrak izan ziren XVI. mendean, baina Namib eta Kalahari basamortuak hesi handiak ziren europarren esplorazio eta kolonizaziorako. XIX. mendean ingeles eta alemaniarrak lekutzen hasi ziren han, eta azkenik 1884an alemaniar kolonia bilakatu zen. 1904an hereroak, bantu herri bat, alemaniarren aurka altxatu ziren. Hereroak sarraskituak izan ziren, lehen Waterberg-eko batailan eta gero kontzentrazio-esparruetan. Hereroak gerraren aurretik 80.000 inguru ziren baina 1911n, 15.000 baino ez. Huraxe izan zen XX. mendeko lehen genozidioa.

1915ean, Lehen Mundu Gerran, hegoafrikarrek Namibia hartu zuten, eta 1920an Nazioen Elkarteak Hegoafrikari agindua eman zion Namibia administratzeko. Hurrengo urteetan Hegoafrikatik etorkin zuri ugari bertaratu ziren, beltzak baztertzeko legeak indartu ziren eta haien matxinadak oso gogor zapaldu ziren.

1946an Hegoafrikak Namibiaren anexioa aldarrikatu zuen. NBEkak gaitzetsi zuen, baina Hegoafrikak ez zuen NBEren agintea onartu. 1959an Windhoeken apartheidaren aurkako manifestazio bat zapaltzean, 57 beltz hil zituzten. 1960an SWAPO (South-West African People's Organisation edo Hego-Mendebaldeko Afrikar Herriaren Erakundea) sortu zen eta 1967an hegoafrikarren aurkako gerrilla- borroka hasi. 1968an, NBEak Namibia izena eman zion herrialdeari (ordu arte Hego-Mendebaldeko Afrika deitzen zen). 1979an apartheida indargabetu zen. 1989an, SWAPOk lehen hauteskunde benetan demokratikoak irabazi zituen; 1990ean, Namibiak independentzia lortu zuen eta 1994an Walvis Bay (Hegoafrikako esklabea) berreskuratu.

Ekonomia

aldatu

Biztanleria aktiboaren ia erdiak (% 49) lehen sektoreko jardueretan dihardu: abere hazkuntzan (ahuntzak, abelgorriak eta karakul ardiak) eta iraupeneko nekazaritzan (artoa, artatxikia), lurraldearen idortasunak ez baitu ematen beste ezer askotarako aukerarik. Kolonoen garaian, karakul ardien hazkuntza zen inguru hartako nekazaritza jarduera nagusia, baina gaur egun ez du garrantzirik ia Namibiako ekonomian. Zurien etxaldeetan esportaziorako hazten den abelgorria, aldiz, negozio oparoa da. Lehen sektoreari, hala ere, BPGren % 11 besterik ez dagokio. Baina, baliabide naturalei dagokienez, herrialde aberatsa da Namibia, lurpeko baliabideetan batez ere: badira diamanteak, kobrea, uranioa, urrea, beruna, eztainua, litioa, kadmioa, zinka, gatza, banadioa, gas naturala, zilarra, tungstenoa. Horregatik, ez da harritzekoa Namibiako ekonomia esportazioko meatzaritzaren hain mendean egotea. BPGren % 34 dagokio meatzaritzari eta horrexen inguruko industriari. Bitxigintzarako diamante produkzioak mea produkzio osoaren balioaren bi heren hartzen ditu: milioi eta erdi kilate inguru urtean, kostako hondartzetatik eta itsaspeko hondoetatik atereak. Garrantzi handikoak dira, orobat, uranio eta kobre ekoizpenak, munduko meategi handienetakoak baitaude Namibian, baina, azken urteotan, uranioaren eta kobrearen prezioek behera egin dute merkatuan, eta horrek ekoizpena ere jaistea ekarri du.

Bengelako ur-lasterrari hotzari esker, itsasertzeko urak mota askotako arrainetan oso aberatsak ditu; arrain mota nagusiak sardina, antxoa eta berdela dira. Independentziaren aurretik, namibiar uretan mundu guztiko ontziek egiten zuten arrantzan eta arrantza kopuruak asko jaitsi ziren. Burujabetasuna lortu ondoren, Namibiako gobernuak debekatu egin zien kanpoko ontziei bere uretan arrantza egitea eta, horri esker, berriro ere ugaldu dira asko urriturik zeuden hainbat arrain mota.

Aberastasun natural handiak gorabehera, Namibiaren merkataritza balantza defizitarioa da, eta Hegoafrikarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Industria gutxi du eta biztanleria aktiboaren ia % 40 lanik gabe dago. Namibiako gobernuak, ekonomia suspertzeko beste hainbat neurriren artean, Walvis Bayko portuan eremu franko bat ezartzea erabaki du. 1993 arte, dirua Hegoafrikako randa ofiziala izan zen; baina urte hartatik aurrera, namibiako dolarra da, randa ere onartzen bada ere. Bi garraiobide nagusi dira Namibian: errepidea eta burdinbidea. 55.000 km-ko errepide sarea du, eta 2.380 km-ko burdinbidea. Itsas portu bakarrak, berriz, Walvis Bay eta Lüderitz dira. Nazioarteko aireportua dago Windhoeken. Namibiako ekologia arazo nagusiak ia etengabeko idortearen ingurukoak dira: ur iturri natural oso mugatuak (ez du ibairik lurraldearen barruan) eta basamortuaren zabaltze atergabea.

Politika

aldatu

Namibia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea bost urteko eperako hautatua da, eta bi aldiz berriztagarri da. Benetako exekutiboaren burua da. Presidenteak lehen ministroa izendatzen du. Independentziaz geroztik, lehen indar politikoa SWAPO da.

Parlamentua ganbarabikoa da. Konstituzioa aipagarria da, bere testuan ingurumenaren babesa xedatu duten lehenetakoa baita.

1990eko martxoaren 21ean independentzia erdietsi ondoren, konstituzio berria onartu zuten eta, haren indarrez, bi ganberako parlamentua, sistema alderdi-askotarikoa eta lehendekaria buru duen errepublika demokratikoa indarrean jarri zen. Hauteskundeak bost urtetik behin egiten dira, eta 18 urtez gorako pertsona guztiek botoa emateko eskubidea dute. Errepublikako lehendakaria estatuburua eta gobernuko burua da, aldi berean. Legegintza eskumena 72 diputatuz osatutako Batzar Nazionalean datza, goiko ganberak edo Kontseilu Nazionalak (26 kontseilariz osatua) ez baitu erabakitzeko eskumenik. Gobernuko ministroak lehendakariak aukeratzen ditu Batzar Nazionaleko diputatuen artetik. Administrazio aldetik, herrialdea hamahiru eskualdetan banatuta dago: Caprivi, Erongo, Hardap, Karas, Khomas, Kunene, Ohangwena, Okavango, Omaheke, Omusati, Oshana, Oshikoto eta Otjozondjupa. Alderdi politiko nagusiak hauek dira: Afrikako Hego Mendebaldeko Herri Erakundea (SWAPO); Justiziarako Alderdi Demokratiko Nazionala (NDPFJ); Turnhalle Itun Demokratikoa (DTA); Fronte Batu Demokratikoa (UDF); Monitoreen Ekintza Taldea (MAG); Namibiako Koalizio Demokratikoa (DCN).

Banaketa administratiboa

aldatu
 
Namibiako eskualdeak

Namibiak 14 eskualdetan banaturik dago, behin 2013an Kavango bitan zatitu zuten:

Ekonomia

aldatu
 
Etosha-ko Parke Nazionala

Namibiako ekonomia oso loturik dago Hegoafrikakoarekin. Meatzaritza oso garrantzitsua da. Uranioaren eta diamanteen erauzpena aipagarriena da, baina, besteak beste, berunarena, zinkarena, eztainuaren, zilarrarena eta wolframiosrena ere munta handikoak dira.

Nahiz eta nekazaritza Namibiako BPGren % 12 baino ez den, biztanleriaren gehiengoak jarduera honetan lan egiten du, batez ere iraute-sektorean, lur gehienak zuri gutxiren esku daude eta. Artatxikia, basartoa eta kakahueteak hazte nagusiak dira eta abereen artean, behiak eta ahuntzak. Ostruka ere garrantzitsua da. Namibiako kostaldeko ur garbi eta hotzak arraintsuak dira: bereziki, sardinak, antxoak, legatzak dituzte.

Turismoa gero eta garrantzitsuagoa da ekonomian, naturaren edertasuna eta fauna autoktonoari esker.

Afrikako estatu gehienekin alderatuta, Namibia aberatsa da, baina alde ekonomiko handiko estatua da: zuriak beltzak baino askoz aberatsagoak dira oraindik, eta langabeziaren tasa % 30 eta % 40 bitartekoa da.

Demografia

aldatu
 
Himba etniako gizakiak

Afrikako beste estatu batzuen aldean, Namibiak biztanle dentsitate baxuenetarikoa du. Gehiengoa (% 84) beltza da. Etnia nagusia ovambo da, biztanleriaren erdia. Zuriak % 8 dira (Afrika Beltzean, bigarren proportzioa, hegoafrikarren atzetik), herbeheretar, alemaniar, britainiar, frantziar eta portugaldarren ondorengoak. Mestizoak % 8 dira.

Hizkuntza ofizial bakarra ingelesa da. Namibiarren erdiaren lehen hizkuntza oshivambo (ovamboen hizkuntza) da, eta gehien ulertzen den hizkuntza afrikaansa da (gazteen artean ingelesa da, hezkuntzaren ondorioz). Zurien artean, afrikaansa eta alemana (independentzia arte hizkuntza ofizialak) mintzatuenak dira. Kristautasuna erlijio nagusia da.

Namibian hiesaren tasa munduko altuenetakoa da, eta horren ondorioz, bizitza itxaropena 20 urte inguru jaitsi da azken urteotan.

Kultura

aldatu
 
Boskimanoen labar-pintura Spitzkoppe-n

Namibiako literaturak bi adar ditu: etnia beltzen ahozko tradizioa (ipuin eta kondairak) eta zurien literatura (alemanez nagusiki), orokorrean lurralde bitxi eta gogor hartan bizi izandakoari buruzkoa.

Labar-pintura oso interesgarria da eta lurraldeko zenbait lekutan margolan ederrak ikusgai daude. Orokorrean, zuriek beraien lanetan paisaiak, flora edota fauna islatzen dituzte.

Erreferentziak

aldatu
  1. Izagirre, Xabat. (2019). «Namibia: Hondartza infinituen basamortua» Gaztezulo (Gazrezulo) (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).

Sakonago irakurtzeko

aldatu
  • Vedder, Heinrich (1997). Das alte Südwestafrika. Südwestafrikas Geschichte bis zum Tode Mahareros 1890 [The old South-West Africa. South-West Africa's history until Maharero's death 1890] (in German) (7th ed.). Windhoek: Namibia Scientific Society. ISBN 978-0-949995-33-9.
  • Olusoga, David; Erichsen, Casper W. (2010). The Kaiser's Holocaust: Germany's Forgotten Genocide. London, England: Farber and Farber. ISBN 978-0-571-23142-3.
  • Besenyo, Molnar (2013). "UN peacekeeping in Namibia" (PDF). Tradecraft Review. Budapest, Hungary: Military National Security Service (2013/1. Special Issue): 93–109. Archived from the original (PDF) on 17 December 2014. Retrieved 8 November 2014.
  • Christy, S. A. (2007). Namibian Travel Photography.
  • Horn, N/Bösl, A (eds.). Human rights and the rule of law in Namibia, Macmillan Namibia, 2008.
  • Horn, N/Bösl, A (eds.). The independence of the judiciary in Namibia, Macmillan Namibia, 2008.
  • KAS Factbook Namibia, Facts and figures about the status and development of Namibia, Ed. Konrad-Adenauer-Stiftung e.V.
  • Fritz, Jean-Claude. La Namibie indépendante. Les coûts d'une décolonisation retardée, Paris: L'Harmattan, 1991.
  • World Almanac. 2004. New York, NY: World Almanac Books.

Kanpo estekak

aldatu