[go: up one dir, main page]

Diamantea (antzinako grezieraz, ἀδάμας–adámas–"apurezina") karbonoaren alotropo bat da, non karbonoaren atomoak kristal-egitura kubikoaren aldaera batean kokatuta dauden. Aldaera hori “diamantearen sarea” deritzon aldean zentratuta dago. Grafitoaren ondoren, karbonoaren bigarren eiterik egonkorrena da; hala ere, ingurune-baldintzetan, diamantetik grafitora bihurtzeko tasa baztergarria da. Ezagutzen den material naturalik gogorrena da, eta material gogorrenetan hirugarrena, diamantezko nanohagaxka agregatuen eta fullerita ultragogorraren ondoren. Famatua da bere atomoen arteko lotura kobalenteak itzelezko ezaugarriak ematen dizkiolako, are gehiago, diamantea da gizakiak ezagutzen duen gogortasunik, dispertsiorik eta eroankortasun termikorik handiena daukan minerala. Ezaugarri horiek baliatuz mozteko eta leuntzeko tresnak egiteko erabiltzen da diamantea, eta bitxigintzarako ere bai. Gogortasunak eta argiaren dispertsio handiak material egokia bihurtzen dute hainbat aplikazio industrialetarako eta bitxigintzarako.

Infotaula de mineralDiamante
Ezaugarri orokorrak
Kategoriaizaki > objektu > objektu material > physical substance (en) Itzuli > materia > solido > mineral > elementu natibo > karbono-silizio familia
FormulaC
Dana sailkapena1.3.6.1
Nickel-Strunz sailkapena1.CB.10a
Sistema kristalinokristal-sistema kubiko
Talde espazial227 talde espaziala
Talde puntualkubiko-hexaoktaedral
EponimoaInvincible (en) Itzuli
Identifikazioa
Habitoaoktaedroa
Esfoliazioa{111} (en) Itzuli {111} (en) Itzuli
Frakturakonkoidala
Gogortasuna
Mohs eskalan
10
Errefrakzio indizea2,384
Marrazuria
Dentsitate erlatiboa3,51 eta 3,515

Diamantea mineral arraroa da, karbono puruz osatua sistema kubikoan kristalizatua, tetraedroetan, ibaietako metaketetan edota harri-hobietan topatzen da. Bere pisu espezifikoa 3,5ekoa da eta munduan dauden material naturalen artean gogorrena da.

Harribitxi-kalitatea dutenak oso preziatuak dira distirarengatik eta beren alde poligonalek argia errefraktatzeko duten ahalmenagatik. Diamanteen pisua kilatetan neurtzen da (kilate bat 0,2 g dira).

Historia

aldatu

Diamanteak historian

aldatu

Nahiz eta diamante greko zaharreko “ἀδάμας–adámas–” hitzetik etorri, ezagutzen zaion izenik zaharrena “Yiahalom” da, hebraieraz, eta zanpaezina esan nahi du, hau da, menderaezina. Antzina, garaiezina izate horrek egin zuen famatu, eta botere hori zutela uste zutelako janzten zuten pertsonek, garaile-ahalmena bereganatzen zutelakoan; horrez gain, oso harri gutxi zeudenez, bitxiak ziren. Agintariek eta boteredunek baino ezin zituzten eraman, eta horrela, ausardiaren, adorearen, kemenaren, adimenaren eta gizontasunaren ikur bihurtu ziren.

Garai hartan, zinginarri ziren, eta landu gabe erabiltzen ziren, lehenengo aipamen zehatzak antzinako Indiatik datoz, Sanskrito testuetatik. Kristo aurreko IV. mendeko lan budista horietan, oso ospetsua da harria, eta zehatz deskribatzen bada ere, taillaketari buruzko aipu zehatzik ez dago. Mendetan zehar, Penner, Krishna, eta Godavari ibaietako jalkinetan batu ziren aurrenekoak. ´Indian duela 3.000 urte gutxienez ezagunak ziren diamanteak, baina beste leku batzuetan ezagunak omen ziren duela 6.000 urte .

Plinio Zaharra erromatarrak ere “adamas”i buruz hitz egiten zuen. Ez dago oso argi garai hartan zeri deitzen zioten “adamas”; badirudi, gogortasuna zela-eta, apaingarri gisa, eta boterearen sinbolotzat, erabiltzen ziren harriez ari zirela, hala ere, ematen du korindoiekin, espinelekin eta magnetitekin nahasten zituztela. Pliniok idatzi zuen diamante batek pozoiari iruzur egiten diola, zoramena urrun mantentzen duela eta alferrikako beldurrak lurruntzen dituela.

Beste kultura batzuetan, Txinan eta Borneon adibidez, bitxi horiek VI. menderako ezagunak ziren.

Fintzeko eta leuntzeko teknikak X. mendean garatu ziren, Indian.

Liburu zaharren arabera, Frantziako Karlos VII.aren gortean (1403-1461), diamanteak publikoki eraman zituen aurreneko andrea Agnés Sorel izan zen. Erdi Aroan, gizonezkoek baino ez zituzten janzten. Bera izan zen sasoiko edertasunaren mitoa, bere apaintzeko moduak sona handia zuen, eta, erregearen begikoa izanik, Frantziako gortetik, Europako beste lekuetako gorteetara hedatu ziren erregearen maitale ederraren ohitura bitxiak; gainera, oso diamante gutxi zegoenez, estatus baten seinale bihurtu ziren. Karlos VII. erregeak garai hartako 20.600 koro ordaindu omen zizkion bitixigileari Agnèsek adatsean bitxi landu hauek erakuts zitzan.

Eraztunetan erpez lotuta, lehenengoz, XV. mendean agertzen dira, Austriako Maximilianok ezkontzeko hitza emateko diamantezko erantzuna oparitu zionean Borgoinako dukearen Maria alabari.

Beranduago, eskaintza ikaragarri zabaldu zen, Brasilen, XVIII. mendean hobi berriak topatzean, eta orduan, goi mailako burgesia ere hasi zen bitxi horiek eramaten.

Azkenik, 1866. urtean, Hegoafrikan, “Eureka” harria ( 21.15ct) eta “Hegoafrikako Izarra” (83.50ct) aurkitu zituzten. Ordurako, taillaketa nahiko hobetuta zegoen, eta, dirutza irabaz zitekeelakoan, bilatzaile-oldea joan zen Hegoafrikara; euren artean, De Beers anaiak. Hauek “Voorruitzicht” etxaldea erosi zuten eta, urte batzuk igarota, Kimberley eta De Beers meategiak idoro zituzten, eta 1880an, Cecil Rhodesek De Beers Mining Co. Ltd. eratu zuen eta gaur eguneko sistemaren oinarriak ezarri ziren.

Diamante batzuk hain zaharrak izanik oso zaila da, sarritan, historia eta elezaharren arteko bereizketa egitea; dena den, interesgarria da sona handiko diamante batzuk ezagutzea:

Erregentea (140,64 ct)

aldatu

Gaur egun, Erregente harribitxia Frantziako estatuarena da, eta Louvreko Apolo galerian ikusgai dago. 1698. urtean , esklabo batek aurkitu zuen landugabeko gutxi gorabeherako 410-426 kilateko (82g) harria, Kollur meategian (zehazki Indiako Andhra Pradeshn, Guntur distritoan), eta eraman ahal izateko ostendu zuen zaurituta omen zeukan hankan lotuta. Gero, kapitain ingeles bati itsasontziratzeko baimena erosi zion, harriaren prezio erdiaren truke; baina kapitainak hil egin zuen morroia, harribitxia lapurtu eta merkatari bati saldu.

Indiako Madraseko gobernadoreak, Thomas Pittek (William Pitt famatuaren aitona) erosi zuen 1701ean, horregatik “Pitt diamantea” ere deritzo. T. Pittek leuntzera eta fintzera bidali zuen, eta brillante taillako 140 kilateko gema bihurtu zuen.

T. Pittek Orleanseko dukea zen Phillippe II.ari saldu zion, 1717an, gero, 1772an, Franziako Luis XV.aren koroatzerako erabili zuten, eta azkenik, 1775ean, Luis XVI.aren beste koro berri batean. Maria Antonietak ere apaingarri gisa erabiltzen zuen, klase adierazle gisako apaingarritzat, orduko bere balioa oso handia baitzen (gutxi gorabehera 2015eko 67.532.560,50 €).

Frantziako Iraultzan, Erregentea lapurtu zuten, Frantziako koroaren beste bitxi batzuekin batera, 1792-09-17an, eta hamabost hilabetez desagertuta egon zen, Pariseko ganbara batean topatu zuten arte.

Bere balioagatik askotan asegurutzat erabilia izan zen.

Napoleon Bonapartek ere, 1801ean, bere ezpatan jarri zuen enperadore ikur gisa.

Austriako Maria Luisa artxidukesak, Luis XVIII.ak, Karles X.ak eta Napoleon III.ak ere jantzi zuten.

Adolf Hitler Parisen sartu zenean, 1940. urtean, berriro desagertu zen Erregentea, marmolezko tximinia baten igeltsuan gordeta agertu zen kasu honetan. Gaur egun, Louvre museoan ikusgai dago , greziar motako diadema batean erpaturik, MV 1017 inbentario zenbakiarekin.

Urrezko Jubilea 755,50 kilateko harri marroi batetik moztu zuten, Hegoafrikako Premier meatzeko Blue Ground emankorrean, 1985ean. Hasieran, “Izenbako marroia” deitu zioten. De Beersen asmoa kolore gabeko D-kolorea lortzea zen, Mendeurrena (Centenary) diamantearekin Gabriel Tolkoskyk egin zuen bezalaxe, X-izpiekin eta teknika berriekin, baina apurtzeko beldur ziren arrakala sakonak eta inklusio asko zituelako, eta horregatik, dardaretatik babestuko zuen lurrazpiko gela berezi batean moztu zuten.

Harrezkero, ezezaguna zen harria, kuxin-arrosa taillako su koloreko harribitxi ikaragarri polita bihurtu zen. Hala ere, “ Izenbako marroia”k bi urte behar izan zituen merezi zuen ospea lortzeko.

1988an, De Beersek ospatu behar zuen mendeurrenerako ikur gisa aukeratu zuen, eta urte horretan bertan, “Thailandiako Diamante Ekoizleen Elkartea”k Laem Chabangen egin zen “Thailandiako Inbertsio Sektoreko Erakusketa”n erakutsi zuen. Ondoren, Thailandiako Henry Ho buru zuen taldeak erosi zion De Beersi Urrezko Jubilea, 1995ean, eta izena, Golden Jubile ( Urrezko Urteurrena/Jubilea), Bhumibol Adulyadej erregeak jarri zion bere kororatzearen 50.urteurrenean oparitu ziotenean. Hasieran aginte-makilan erpaturik eramatea pentsatu zuen, baina gero iritziz aldatu eta koroaren zigiluan jarri zuen.

Cullinan I edo Afrikako Izarra (530,40 ct)

aldatu

Cullinana da inoiz aurkitu den gema-kalitatezko diamanterik handiena, 3.106,75 kilate zituen landu gabe, hau da, 10,5 cm-ko luzerako harria.

1905eko urtarrileko 26an, Pretoria ondoko Premier meategian, Frederick Wellsek aurkitu zuen.

Frederick Wells kapitainak errondan ari zela topatu zuen. Wells Premier meatzeko superintendentea zen, eta, eguneroko ikuskapenean, eguzkiak hormaren ardatzean argi disdiratsu bat islatzen zuela ikusi zuen, hurbiltzean, haitzean txertatutako kristal zati erraldoia aurkitu zuen. Langile batek txantxarako jarritako kristal zatia izango zelakoan, sakeleko labana hartuta harria hartzen saiatu zen, baina 600 g-ko harria zela ikusi zuenez, inoiz atzemandako handienaren bikoitza, berehala aztertzera eraman zuen.

Ondoren, Sir Wiiliam Crookesek aztertu zuen diamantea, eta 621,20g zituenez, meategiko jabearen omenez, sir Thomas Cullinanen ohorez, Cullinan izena jarri zion. Sir T. Cullinan, meategian, luzaroan ibili zen diamante bila, itxaropena galdu gabe, eta azkenean, bere pazientziak emaitza ona izan zuen.

W. Crookesek oso gardena zela esan zuen, baina, zoritxarrez, aldi berean, erdi erdian, orban beltz bat zeukala tentsio handiez ingururaturik; bere ustez, oktaedro handiago baten zatia izan zitekeen eta arrazoi naturalengatik zegoen apurtuta.

Wellsi £3,500 libera eman zizkioten eta Transvaal Colonyk, edo gaur egungo Hegoafrikako Batasuna izeneko eskualdeak, £150,000 irabazi zuen. Gobernuak asegururako balore hori hamar aldiz zeukala finkatu zuen.

Louis Botha lehen ministroak Eduardo VII.ari Transvaaleko jendearen leialtasunaren adierazle gisa ematea proposatu zuen, Boersekin eta kolonoekin desadostasunak izan arren.

Erregeari oparia bere urtebetetzean eman zioten, gonbidatu askoren aurrean, besteak beste, Norwegiako Erregina, Espainiako Maria Cristina Erregina, Bendor Westmister eta Lord Revelstoke. Estatuko Idazkaria zen Lord Elginek, iragarri zuen Erregeak onartu egin zuela oparia, eta diamante hori “berarentzat eta bere oinordekoentzat” izango zela, eta gainera, Erresuma Batuko koroaren bitxien parte izango zela. Nolanahi ere, Amsterdamera bidali zuten moztera eta han Asscher anaiek hiru zati handi egin zituzten lehenbizi, eta ondoren, gema-kalitatezko 9 harri handi eta hainbat diamante txiki lortu zituzten.

Garai hartako tresnen kalitatea ez zen gaur egunekoa, eta arrisku handia zegoen mozketan, ardura ikaragarria zen. Joseph Asscherrek lehengo kolpea eman ondoren konortea galdu omen zuen, baina orbana zegoen lekutik bi harri eder atera zituen. Handienetik Cullinan I.a (530,40 ct) edo Afrikako Izarra atera zuten, Britainia erresumako gurutzearen aginte-makilan dagoena. Bestetik, Cullinan II.a (317,40 ct) Estatuko Inperioko koroan erpaturik dagoena. Beste txikiago zazpi harri daude, denek dute Cullinan izena. Londreseko Dorrean ikusgai daude.

Mogol Handia (280,00 ct)

aldatu

1650. urtean, Kollur meategian, Golcondan, Indian, idoro zuten. Jean-Baptiste Tavernierrek zioen erditik moztutako arrautzaren itxura zuen diamante urdina zela.

Jemla Emirrak Shah Jahan enperadore Mogolari oparitu zion senide bien arteko diplomaziaren ikur gisa. Neurriz eta kolorez paregabea zela adierazi zuen.

Veneziako Ortensio Borgio izendatu zuten moztaile. O. Borgio jaunak inklusio asko zituela adierazi zuen eta, harri txikitan moztu beharrean, komenigarriagoa zela araztasuna lortu arte zikinkeria ehotzea kanpora ateratzeko.

Shah Jahan enperadoreak emaitza ikusi zuenean, ezuste itzela hartu zuen, gainera, diamanteak pisu handia galdu zuen, eta, haserrearen haserrez, Borgioren burua eskatu zuen, baina, azkenean, O. Borgio ezgai hutsa iruditu zitzaionez, errukituta, bizia barkatu zion 10.000 errupiaren truke –zeukan diru guztia– .

1665 inguruan, Shahren semeak, Shah Aurangzebek, harria erakutsi zion Tavernier bidaiari eta bitxigile famatuari. Tavernierrek “Sei Bidaia” liburuan kontatzen du nola Akel Khanek –Erregearen bitxi zaintzailea– bere eskuan arrosa tailla zeukan diamante handi bat jarri zuen. Bitxiak alde bat oso pisutsua zeukan, eta beheko ardatzean, arrakala txikitxo batean inklusio bat. Gainera, 280 kilate pisatzen zuela esan zuen.

Beranduago, Persiako Nadir Shahk India inbaditu zuenean, eta Delhi arpilatu zutenean, Mogol Handia sari berezia bilakatu zen eta Nadir Shah, 1739an, bitxiarekin itzuli zen etxera, Isfahanera, baina Nadir Shahri gutxi iraun zion jabegoak, hamar urte beranduago, 1747an, hil baitzen, eta berarekin batera harria desagertu zen.

Mogol handiaren patuari buruzko kondaira anitz dago, batzuek Koh-i-Noor edo beharbada Darve-ye-Noor diamanteak Mogol handiaren tailla berriak izan litezkeela diote, baina osperik handien duen teoriak gaurko Orlova lehengo Mogola dela dio, kolorea eta eitea antzekoa dutelako.

Azalpenik ziurrena da lapurtu eta berriro harri txikietan moztu zutela, arrastoa eta jatorria estaltzeko asmoarekin.

Odolezko diamanteak

aldatu

Afrika erdialdeko eta mendebaldeko zenbait herrialdetan gatazka garrantzitsuak gertatzen ari dira diamanteak tarteko direla, are gehiago, herrialdeen arteko borrokarako armak lortzen dituzte diamanteen truke, batzuetan zuzenean, besteetan dirua baliatuz. Diamante horiek “Odolezko diamanteak” dute izena, horrela agertzen baitziren Eduard Zwickek 2006an egindako “Blood Diamond” filmean. Kontua da harrien jatorria jakitea ez dela erraza izaten, eta diamanteen salmentako korporazioek beti ez daudela salerosketa ilun horietatik salbu.

Izen ona zaindu nahian, eta iritzi publikoari erantzunez, diamanteen merkataritzako enpresa handiek Kimberley Prozesua abian jarri zuten 2002an, The Kimberley Process Certification Scheme (KPCS) sistema sortuz, agiri horiekin ziurtatu nahi da salerosketarako dauden diamanteak giza eskubideen urraketetatik kanpo dauden harriak direla.

Arazo nagusi bi daude ziurtasunerako: batetik harribitxien kontrabandoa garrantzitsua dela oraindik; eta bestetik, benetako gerran nortzuk dauden jakitea zaila dela. Horregatik sarritan “garbiak” izan arren ez dago bermerik, mineralak beste nonbaitetik ekarrita batu daitezkeelako liskarrik gabeko herrialdeetan.

Canadako gobernuak “Canadian Diamond Code” izeneko beste label bat asmatu du, nahiz eta harrien jarraipena egiteko sistema oso zurruna izan, bertako harrien kalitatea bermatzen du, hau da, arazoetatik at daudela eta jatorriz garbi daudela ziurtatzen du.

Izena duten beste zenbait diamante

aldatu

Dresdeko diamante berdea, Hope edo Frantziako Urdina, Mendeurrena, Nizam, Jubilee, Orlov, Burton-Taylor, Izar larrosa, PremierRose diamantea, Grisogonoko espiritua, Portugesa, Nizam, Koh-i-Noor, AkbarShah, Sancy

Historia naturala

aldatu

Naturan, mineral berezi hau eratzeko baldintza zehatz batzuk bete behar dira: presio handia (45-60 kb), baina, aldi berean, ez oso tenperatura altua (900-1.300 °C). Baldintza horiek lurraren bi leku berezitan daude: bat, litosferan, egonkortasuna duten plaka tektonikoen azpian eta, bi, meteorito batek jo duen lekuan.

Sorrera Kratoietan

aldatu

Diamanteak sortzeko behar diren tenperatura eta presio baldintzak litosferako mantuan nahiko sakon gertatzen dira, gehienetan 140-190 km bitartean, inoiz 300 kilometroko sakoneran eratzen badira ere. Lurrean barneratzean, sakonera handitu ahala, tenperaturaren igoeraren ratioa oso desberdina izan daiteke lurreko leku desberdinetan.

Tenperatura eta presioaren arteko konbinazio egokia bakarrik aurki daiteke plaka kontinental zahar eta egonkor mehetan, hau da, kratoi izena duten litosferako leku jakin batzuetan; gainera, litosferako kratoietan luzaroan egoteak kristal handiagoak eratu ahal izatea dakar.

Karbonoaren isotopoekin egindako ikerketa zorrotzek (karbono bidezko datazioen antzeko metodologiarekin, baina C-12 eta C-13 isotopo egonkorrekin) erakusten dute diamanteetan agertzen den karbonoa iturri inorganiko zein organikoetatik datorrela. Karbonoaren iturri desberdin bi horietan C-12 eta C-13 isotopoak neur daitezke.

Lurrazalera heltzen diren harribitxiak nahiko zaharrak izan ohi dira, alegia, 1.000 milioi eta 3.300 milioi urte artekoak, eta hori lurraren adinaren % 22-% 73 da.

Diamanteak azaleratzen dira magmaren hondoko erupzioen bitartez, “pipe” izeneko sumendietako tximinia batzuetan. Oso sakoneko magma izan daiteke irteten dena, eta igotzean hozten joaten da, horrela, kimberlita eta lamproita izeneko arroka igneoak sortzen ditu. Diamanteak horiekin batera agertu ohi dira.

Askotan, harriak maklatan agertzen dira, hau da, euhedral edo oktaedro bikoitzetan, zein anitzetan. Diamantearen kristalaren estruktura kubikoa da, baina ager daiteke oktaedriko, rombikosidodekaedriko, tetrakishexaedriko edo exaquisoktaedriko egiturekin ere. Eite eta habitu kristalino desberdinak kanpo-baldintzen aldaeren ondorio dira.

Eman dezake munduan agertzen diren diamante guztiak lurrean sortuak direla, ez da horrela ordea, espazioan eratutakoak ere etortzen baitira izarrarteko ingurutik, zenbait asteroideren bitartez. Eta hala ikusi da Hegoafrikan eta Hego Amerikan agertu diren karbonatatuak izeneko mineraletan batez ere, eta baliteke, gainera, duela 3.000 milioi urte eratuak izatea.

Harvard-Smithsonianeko Astrofisikako Zentroan, deskribatu dute 4.000 km-ko zabalera duen diamantezko izar-nukleoa, Lucy izenaz ezaguna, Beatlesen "Lucy in the Sky With Diamonds" kantaren omenez, beraz, ziurta daiteke izarrartean diamanteak badaudela.

Meteoritoak lurreratzean ere nanodiamanteak sor daitezke, eta horiexek dira erabiltzen direnak aspaldiko talkak antzemateko. Adibidez, “Popigai” kraterra, Errusian, munduko metarik handiena dela uste da, bilioi bat kilatekoa –1.000.000 milioi–, eta meteorito baten talkaren ondorioz eratu omen zen.

Gaur egun, pentsaezina dela ematen duen arren, gizakiak ere, naturako baldintzak laborategietan irudikatuz, diamante sintetikoak egiteko gaitasuna du; prozesu desberdinak daude gaur egun, eta duela 50 urte baino gehiago egiten dira.

Ezaugarriak

aldatu

Gogortasuna

aldatu

Diamantea da ezagutzen den material naturalik gogorrena, 10 Mohs eskalan, eta antzinatik da ezaguna ezaugarri hori dela-eta; izena ere hortik datorkio.

Diamanterik gogorrenak Australiako Hegoaldeko Gales Berriko Copetonen inguruan daude, Ingalaterra Berrian. Anbereseko moztaileek “cannifare” izena jarri zieten, 1870ean heltzen hasi zirenean (“can” ingelesez, “ni” italieraz eta frantsesez “faire”), hau da, alferrikakoa dela ezer egiten saiatzea. Horregatik harri horiek beste diamante batzuk leuntzeko erabiltzen dira, nahiko oktaedro perfektuak izaten direlako, eta gainera txikiak, oso erabilgarriak.

Hain gogorrak dira kristala hazteko eragatik, behin baino ez dutelako egiten, eta horrek ematen dio zailtasuna eta distira iraunkor bikain hori.

Honako substantziek marratzen dituzte diamanteak:

Diamante gehienak isolatzaileak izan arren, diamante urdin batzuk erdieroale elektriko gisa erabiltzen hasi dira. Boroari zor diote eroankortasun elektriko hori(eta urdintasuna); boroak, zenbaitetan, sarean, karbono-atomoen lekua hartzen du, eta balentzia-bandari uzten dio libre lekua.

Sarritan, nolabaiteko eroankortasuna ikusten da lurrun-kutsadura kimikoan hazi diren dopatu bako diamanteetan, azalean xurgatutako hidrogenoagatik izan ohi da eta zenbait tratamendurekin ken daiteke, adibidez, berregosita.

Kolorea

aldatu

Grisak, zuriak, horiak, urdinak, laranjak, gorriak, berdeak, moreak, marroiak eta beltzak izan daitezke, baina izatez koloregabekoak izan behar lukete, izan ere, margoa akats kristalografikoei edota ezpurutasunei zor diete. Narrioak karantzan duen eraginaren arabera, talde bitan banatzen dira:

I mota

aldatu

Nitrogenoa dute % 0,1 konzentrazioan. Espektroan 320nm inguruan agertzen dira eta fluoreszentzia dute.

  • Ia.- Hegoafrikako Lurmutur ingurukoak, Ia motako diamanteen % 98 Hegoafrikako Lurmuturrean dagoenez “Lurmuturreko seriea” deritzote. Serie horretan IaA eta IaB motakoak antzeko proportzioetan agertzen dira. IaA taldekoak N atomoak bikotetan dituzte, eta kolorea ez da aldatzen. IaB taldekoetan, N atomoak bakarka edo zenbaki bakoitian daude antolatuta, eta horregatik hartzen dute kolore beilegia edo marroi kolorea.
  • Ib.- N atomoak kristal-egituran sakabanaturik badaude (ez taldeka, ez bikoteka), harriek kolore hori edo marroi bizia hartzen dute, adibidez, Kanariar diamante bitxiek eta zenbait sintetikok. Munduko ekoizpenaren % 0,1 baino ez dira.

II mota

aldatu

Puruak dira edo ia guztiz aratzak. Espektro elektromagnetikoan, 225eko marraren azpitik egoten dira, beraz, ikusezina den aldean.

  • IIa taldekoek arrosak, gorriak edo marroiak izan daitezke haztean izandako irregulartasunen ondorioz hartzen duten itxuragatik, itxuragabetze plastikoagatik. Nahiz eta ezohikoak izan, Australiako ekoizpenaren zati garrantzitsua dira, % 1,8 alegia.
  • IIb (% 0,1), kolore urdin argia edo grisa dute, boroaren atomoek eragindako dispertsioagatik, eta,gainera, erdieroale elektrikoak dira.

Hidrogeno gehiegi edukitzeak urdintasuna eman dezake, baina harri horiek ez lirateke IIb taldekoak.

Kolorea modu artifizialean ere sor daiteke, eta tonu desberdinak lortzen dira, hala nola, urdinak, berdeak, horiak, nabarrak, gorriak eta beltzak. Gehienetan, irradiazioz egiten da, ziklotroietan deuterioz eta protoiz bonbardatuz; neutroien bonbardaketak erreaktore nuklearretan egiten dira, eta elektroi-bonbardaketak Van de Graaff generadoreetan. Energia handiko partikula horiek karbono-atomoak lekutik mugitzen dituzte, eta egitura kristalinoa eraldatzean sortzen dituzte karantzak. Kolorea erradiazioaren energia-kopuruaren eta denboraren araberakoa izango da, izan ere, batzuk erradioaktiboak dira.

Dena den, irradiazioa naturala ere izan daiteke, adibidez, Dresdeneko diamantearena.

Bestalde, diamante beltzak ez dira beltz kolorekoak izaten, ezpurutasunek karantza iluna sortzen diete eta deitu egiten zaie beltz. Zalantzarik gabe, kolorerik bitxiena gorria da, eta jakina, diamanterik garestienak izaten dira.

2008. urtean, Espainiako koroarena omen zen Wittelsbach diamante urdina (35,56 kilate) 24 milioiUS$ean saldu zuten Christie'sen.

2009an, diamante urdin bat saldu zen inoizko preziorik altuenean, 6,97 milioi €, 7,03 kilate zeukala (1, 41 g).

Egonkortasun kimikoa

aldatu

Diamanteak ez dira oso erreaktiboak, ingurumen-balditzetan ez dute erreakzionatzen, ez azidoekin ez baseekin; azalera baino ezin daiteke oxidatu, eta, gainera, oso tenperatura altuetan.

Azaleraren ezaugarriak

aldatu

Diamanteak lipofilikoak eta hidrofobikoak dira, hau da, gantza erraz hartzen dute, eta, aldi berean, ura gorroto dute. Beste era batean esanda, urak laban egiten die, eta koipea itsatsita geratzen zaie.

Talka batean osorik irauteko gaitasuna da. Diamante naturalak 2,0 MP zailtasuna du, eta 3,4 MNko tentsio-muga kritikoa. Nahiz eta zenbaki horiek altuak iruditu, ingeniaritzarako beste material batzuekin alderatuta txikiak dira.

Haustura planotik ederto apurtzen da. Moztaileek, aldeak leundu baino lehen, egitura aztertzen dute eta mozketa-lana nondik hasi pentsatzen dute; ardura handiko erabakia da ondorio itzulezinak dituelako.

Industria eta merkataritza

aldatu

Diamanteen nolakotasuna kontuan izanik, antzematen direnetik erabili arte egiten duten ibilbidea oso desberdina izan daiteke: batzuk harribitxiak izango dira, eta gainontzekoak industriarako erabiliko dira.

Harribitxien merkataritza

aldatu

Harribitxien merkataritza ez da lehengaien merkataritza, askok hala uste izan arren. Moztuta eta leunduta daudenez, landutako harriak dira, eta landutako edozein produkturen antzeko legeak eta banaketa-sistemak erabiltzen dituzte.

Gema-kalitatezko diamanteen merkataritza ondo antolatuta egon da orain arte, eskaria eta eskaintza kontrolpean eduki da merkatuan (biltegi erraldoiak daude behar den salneurrian atera ahal izateko). Mozketa eta banaketa oso leku jakinetan egiten da; fabrikazioaren % 92 Indian, Gujarateko Suraten edo, bestela, Amberesen, Londresen, New Yorken, Tel Aviven eta Amsterdamen.

Duela gutxi arte konpainia handi bat saiatu da kontrolatzen merkatuaren zati esanguratsu bat, De Beers alegia, nagusiki Johannesburgon eta Londresen. Gaur egun, Errusia eta Asiaren eragina mundu zabalean oraindik ondo kuantifikatu gabe dago, eta merkatua bizkor aldatzen ari da, beraz, ez dago argi nork duen nagusitasuna.

Ekoizpena eta banaketa oso esku gutxiren artean dago. Anberesek munduko landugabeko harrien % 80, landutakoen % 50, eta industriarako % 50 maneiatzen ditu, hala ere, salmentaren % 80 New Yorken egiten da.

Hein handi batean, De Beers korporazioa da munduko instalazioak eta harrigintza kontrolatzen duena. Adibidez, De Beersen Bostwanako Jwaneng meategia oso emankorra da; kimberlitaz betetako pipe handi bat du, urtean 12,5 edo 15 milioi kilate ateratzen du, eta horrela izan da 1888an CecilRhodesek eratu zuenetik.

Garai batean, De Beersek munduko diamantegintzaren % 80 kontrolatzen zuen, Diamond Trading Companyko (DTC) zatia baitzen. Orain, aldiz, diamantegintzaren % 40 baino ez duela kontrolatzen uste da. Errusian, Brasilen, Australian (Argyle 1986), eta Angolan korporazio berriak dauzkate, eta DTC Txinako korporazioetan ere agertzen da De Beers, baina meategi erraldoi askoren kontrola ez da eurena.

Gainera, lur alubialetako diamanteak biltzea zailagoa izan ohi da, hainbat kilometrotan sakabanaturik egon daitezkeelako. Brasilen, adibidez, oso jardule desberdinek hartzen dute parte horrelako harrobietan, eta horren merkatu-eragina zaila da neurtzen.

AEBetako beste hiri handi batzuk, Ekialde Hurbila eta Asia lekua hartzen ari dira diamante-gemen merkatuan.

Industriarako merkataritza

aldatu

Gogortasuna eta eroankortaun termikoa dira industriarako kontuan hartzen diren ezaugarriak. Beste ezaugarriek ez dute axola, horregatik harrigintzaren % 80a industriara bideratzen da, 100 miloi kilate edo 20.000 kg.

1950ean, diamante sintetikoak lortzeko teknikak garatu ondoren, industrian erabiltzen hasi ziren; gaur egun, 3.000 milioi kilate edo 600 t urtean ekoizten omen dira. Esaterako, lixak egiteko erabiltzen diren material urragarrien % 90 sintetikoa da.

Industrian, zulatzeko, lixatzeko, leuntzeko eta mozteko baliatzen dira; horrelako teknologietarako ez dira harri handiak behar. Gehienetan, zulagailuen puntetan, zerretan, lixatzeko tresnetan eta leuntzekoetan ikusten ditugu batez ere, baina errendimendu handiko errodamenduetan eta espezializatutako leihoetan ere bai.

Diamantea etorkizuneko aplikazioetatik inoiz baino hurbilago dagoen minerala da, mikrotxipetan erdieroale gisa edo elektronikan bero-disipadoretzat erabiltzeko itxaropen handia dago.

Diamante-gemen eta industriarako egokiak diren diamanteen arteko muga nahiko lausoa da. Sarritan, merkatu-balioak erabakitzen du norabidea, zeren eta mineral eskasak tratamenduekin hobetzen baitira, eta, bestalde, puntako teknologian ona izateak garrantzia baitu. Dena den, industrian gehien erabiltzen direnak kalitatez eskasagokoak dira, opakuak izaten dira eta “bort” dute izena, harri arruntaren itxura dutelako.

Meategiak eta ekoizpena

aldatu

Hornidura globalaren % 90 50 meategi handienek ematen dute.

1870ean, Hegoafrikako zelaiak aurkitu ondoren hasi zen sorrerako biltegietako erauzketa (kimberlitatik eta lanproitatik). Harrezkero, ekoizpena biderkatu egin da. Azkeneko bost urteetan, bederatzi hobi zabaldu dira eta lau irekitzeko daude, gehienak Errusian badaude ere, Kanadan, Zimbabwen eta Angolan ere bai.

Bestalde, mineral guztia ez dator meatzetatik, eta ez da komeni ahaztea badaudela harrobi alubialak, non harriak lurrek, urek eta eguraldiak higatuta sakabanaturik agertzen diren. Kristo aurreko IX.mendetik XVIII.mendeko erdialdera arte, India izan zen horrelako harrobi bakarra, Brasilek eklipsatu zuen arte.

State Parkeko Diamonds Craterra ere alubiala da, Arkansaseko estatu-parkean dago, bisitariek urtean 600 harribitxi baino gehiago topatzen dituzte bertan barreiaturik, eta gainera, daukaten balioa kontuan hartu gabe beregana ditzakete.

2004an, Montanan eta Coloradon ere diamanteak topatu zituzten.

Historian zehar, meatoki asko zarratu izan dira aire zabaleko mea-zulotik jarraitzea garestiegia zelako, produkzioa, ordurako, errentagarria ez zelako, edo beste meatze batzuk onuragarriagoak zirelako.

Munduko dirua mugitzen duten korporazio desberdinen interes handiak kontuan hartuta, oraingo diamante-hobiek (ez-alubialak) ikaragarrizko ekoizpena dute. Horrek merkatuaren erregulazioa zaildu egiten du eta, ondorioz, korporazio handiek ez dute kontrola.

Ikus ditzagun neurtutako gordekin lorgarrien araberako 10 diamante-meatzerik handienak:

Munduko hobirik handienean 1986. urtean hasi ziren lanean bertan, eta 2013an, “Joint Ore Reserves Commitee”en (JORC) iritziz, 153 milioi kilateko (Mct) edukina zeukan, gehi 51 Mct aurreikusitako gordekinean. Alrosa Errusiako konpainia estatalak ustiatzen du. 200 metroko zeru zabaleko meazuloa da.

Udachny, Yakutia, Errusia.

aldatu

1955ean aurkitua. Alrosa da jabea, eta kimberlitazko Udachinaya izeneko pipea dauka. 152 MctJORCen arabera, eta aurreikusitako gordekina 120 Mct-koa da; beraz, Yubilenyk baino gehiago, orotara. 2011. urtean, 10 Mct atera zuten hobitik. 2014an itxi zuten aire zabaleko meazuloa, eta lur azpian martxa horretan beste 30 urtetan esplotatzen jarraituko dute.

Mirny, Yakutia, Errusia.

aldatu

1955ean hasi zen ustiaketa. Daukan errendimendua, 3,29 kilate tonako. 2012an, 497.000 t atera ziren, eta 2014an, 1 milioi. 141 Mctko edena dauka eta Alrosak kudeatzen du. Kalkulatzen diren gordekinak: 29,5 Mct (JORC). 2009. urtetik zorupean dago.

Argyle, Kimberley, mendebaldeko Australia.

aldatu

1983tik dago lanean, eta jabea Rio Tinto konpainia da. JORCen arabera 140 Mct-ko edukia du, eta gehien ekoiztu dutenean 20 Mct/urtean atera dute. Daukan errendimendua: 2,1 ct/t. Uste da 2020. urtera arte egongo dela erabilgarri, edo beranduago arte.

Catoca, Saurimo, Angola.

aldatu

Kudeaketa partekatua du: % 32,8 estatuko Endiama konpainiak, % 32,8 Alrosak, % 18 ChinaSonagolek, eta % 16,4 Brasileko Oderrek. 2012an, 6,5 Mct ekoiztu zuen. Zeru zabaleko 200 metroko meazuloa da. 30 urteko onuragarritasuna du.

Venetia, Limpopo, Hegoafrika.

aldatu

102 Mct. Zeru zabalean 32,8 Mct (JORC). 2021. urtera arte.

2014an lanean hasita, urtean 4 Mct emango duela pentsatzen da. 16 urtez zeru zabalean arituko dira eta, ondoren, lurpera.

Balioa kontuan hartuta, munduko garrantzitsuena, egun. 88,3 Mct (JORC), errendimendua 1,26 ct/t-koa, 325 metroko zeru zabaleko meategia, eta, 2017an, 650 metrora heltzea espero da. Errentagarria izango da 2027a baino beranduago arte.

85,7 Mct, 1971tik Debswanak baliatzen du.

Botuobinskaya, Yakutia, Errusia.

aldatu

2015ean hasiko da lanean. 70,9 Mct (JORC).Alrosaren Nyurbak kudeatzen du. 40 urteko biziraupena omen du.


Bereizketa, sintetikoak, [[imitazioak] eta hobekuntzak

Bereizketa

aldatu

Harri bat diamantea dela jakin daiteke eroankortasun termiko altuari begiratuta. Errefrakzio-indizeari so eginez ere eskuratu daitezke datuak, baina magnitude hori altua bada ere, beste material batzuek ere antzekoa dute eta ez da erabakigarria. Diamanteek beste diamante batzuk marratzen dituztenez, bereizketarako baliatzen dituzte; baina, tamalez, kaltetu egiten dira. Bereizketarako laborategiak ikerbide desberdinez balia daitezke, esaterako fisikoez, likido astunez, edota berezko ezaugarriak ikusteko tresna espezializatuez. Duela urte batzuk, eroankortasun termikoa neurtzen zuen tresna oso baliagarria lortu zuten, balio baitzuen beste gema gardenetatik bereizteko, adibidez moissanitatik; batez ere egokia zen ezagutza gemologikorik ez zeukaten pertsonentzat, zeren eta harriaren azaleran jarrita, eroankortasun termikoa neurtzen zuen, eta diamanteen neurrien barnean bazegoen, argi berdea pizten zuen. Zoritxarrez, moissanita izeneko imitazioak (silizio-karburoa) agertu zirenean, tresna horien erabilgarritasuna zalantzan geratu zen, eroankortasun berdintsua duelako. Aditu batentzat hurbileko behaketa da tresnarik garrantzitsuena. Diamante natural pururik ezagutzen ez denez, barne-inklusioek datu baliotsu asko eman diezaiokete gemologoari, eta horrela ikus dezake diamantearen berezko ezaugarriak diren ala ez. Horretarako daude, gaur egun, mikroskopio gemologikoak; baina 10 handiagotzeko lupa hirukoitzak edo triplet 10x izenekoak dira gehien erabiltzen direnak mundu osoan, zeren eta onartutako neurriak ikusgai jartzen baitituzte, eta merkeak izateaz gain, eroateko oso errazak dira. Gardentasuna da zenbait imitazio bereizteko baliatzen den ezaugarria. Gemologo adituek, tresna egokiekin, naturalak eta sintetikoak desberdintzen dituzte, eta hainbat tratamenduri ere antzeman diezaiokete. Ez dagoenez harri perfekturik, bere barnean hazitako prozesuaren aztarnak dira diamantearen jatorriaren adierazle garbiak. Laborategietako tresnak eta teknikak ezinbestekoak dira haiek bereiztu ahal izateko, hau da, espektroskopia, mikroskopia eta ultramoreen luminiszentzia garrantzitsuak izan daitezke abiapuntua jakiteko. GIAk (Gemological Institute ofAmerica) sortu ditu zenbait tresna oso espezifikoak lan horietarako; adibidez, “DiamondSure” eta “DiamondView” izenekoak, edo SwissGemological Institutek egindako “DiamondSpoter” delakoa.

Sintetikoak

aldatu

Diamante sintetikoak laborategietan eratzen dira, ez naturan. Duela mende erdi inguru, laborategietan fabrikatzen dira dagoen eskaria asetzeko asmoz, eta baliagarritasun gemologikoa zein industriala dute; prozedura desberdinak daude sortzeko eta, azken urteetan, gema-kalitatezko neurri esanguratsukoak lortu dituzte. Merkaturako gehienak horiak dira, eta presio eta tenperatura handiko prozesuetan egiten dira (HTHP). Beilegia nitrogenoari zor diote. Boroa gehitzen zaienean urdinak, berdeak edo arrosak dira. Sintetizatu ondoren irradiatzen badira urdin bihurtzen dira. Diamante sintetikoa hazteko lurrun kimiko bidezko jalkitzea (CVD) da ohiko modua. Hazkundea presio baxuan egiten da (atmosferakoa baino txikiagoan); ganbara-edukiontzi batean gas-nahastura jakin bat sartzen da (1:99 metano:hidrogeno) eta kimikoki aktiboak diren erradikalen bitartez desegiten da, mikrouhinen, deskarga elektrikoen, harizpi beroen, weldingtorchen edo laserren bitartez hazitako plasma bihurtu arte. Metodo hori, gehienetan, estalduretarako erabili ohi da. Egun, zenbait mila kilateko harri sintetiko eratzen da; naturalen erauzketa, aldiz, 120 Mct-koa da. Hala ere, koloreko diamante baten bila doan bezeroak, sarritan, sintetikoa topatzen du, fantasiako koloreak edo karantza biziak naturan oso bitxiak baitira (% 0,01) Harri sintetiko handien ekoizpena mehatxua da diamanteen industriarako, ezin bailiteke aurreikusi nolako eragina izango duten kostu txikiko, gertutasun handiko eta gema-kalitatezko harribitxiek merkatuan. Harriaren kolorearen eta hazkuntza-prozesuaren arabera, patroi batzuk erabil daitezke diamante sintetikoak ezagutzeko. Esaterako, CVD sintetikoek fluoreszentzia gorria dute; Swiss Gemological Institutek egindako Diamond Spotter tresnarekin, argi antzematen dira C-J margotutako diamanteak; D-Z koloreko harriak, berriz, espektrometroarekin ikus daitezke, ikusgai den eremuan baitaude. Era bereko bideak baliatuz, inklusioek eta arrakala txikiek erakusten dituzte nagusiki naturaren lorratzak, laborategietan nekez eskura daitezkeenak.

Imitazioak

aldatu

Diamante itxura duen, baina beste materialez osatuta dagoen harriari imitaziozko diamantea deritzogu. Batzuetan, ingelesaren eraginez, “simulanteak” deitzen zaie, baina imitaziorako harriak dira. Ezagunena zirkonio-oxidoa (ZrO2) da, zirkonita izenaz ezagunagoa. Material gogorra da, ez dauka arrakala optikorik eta, gehienetan, kolore gabea izaten da, nahiz eta hainbat kolore izan ditzakeen. Ez da komeni [zirkoi]]arekin nahastea, hori silikatoa baita (ZrSiO4). Merkea, iraunkorra eta itxura batean antzekoa denez, 1976tik da imitaziorik arruntena. Moissanita diamantea imitatzeko erabiltzen den beste gema bat da, silizio-karburoa da, naturalak oso arraroak eta garestiak izaten dira, horregatik, sintetikoa izan ohi da erabiliena.

Hobekuntzak

aldatu

Hobekuntzak diamanteek kalitate handiagoa lortzeko egiten diren tratamenduak dira; hala nola, inklusioak garbitzeko laserrez egindako zulaketak, arrakalak ixteko estaldurak, edota kolore-tonua hobetzeko irradiazioak eta beste teknika batzuk. Tratamendu horiek harri naturaletan zein sintetikoetan egin ohi dira, harriaren beharrizanen arabera. CVD diamante sintetiko marroiak, berregosi-prozesu baten bitartez, koloregabe bihurtzen omen dira; dena den, dagoeneko ez dago frogatuta ezin direla desberdindu diamante naturaletatik. Mesedegarria da horrelako baieztapenak behar bezala dokumentatzea, zeren eta edozein imitazio ala sintetiko berri kaleratzen den bakoitzean horrelakoak esatea ohikoa baita.

Aipamen berezia merezi du diamantearen moduko karbonoa deritzon tratamenduak. Gehienetan beste material batzuk estaltzeko erabiltzen da; adibidez, altzairuari jartzen zaio higadura urragarritik babesteko, eta oso eraginkorra da. Raman-espektropia moduko teknikek atzeman dezakete.



Bibliografia

aldatu

• J.M. Bosch y L.Mones (1979).Diamantes: Génesis, talla, clasificación y síntesis. Madril. Entasa.

• Chaim Evevn-Zohar (2007). From Mine to Mistress: Corporate Strategies and Government Policies in the International Diamond Industry. Erresuma Batua. Mining Communications Ltd. ISBN 10: 0954689321

• M. O'Donoghue (2006). Gems. Elsevier. ISBN 0-75-065856-8.

• G. Davies (1994). Properties and growth of diamond. Michigan. INSPEC. ISBN 0852968752

• M. O'Donoghue, M (2006). Gems. Elsevier. ISBN 0-7506-5856-8.

• O'Donoghue, Michael, and Joyner, Louise (2003). Identification of gemstones. Erresuma Batua. Butterworth-Heinemann. ISBN 0-7506-5512-7.

• A. Feldman and L. H. Robins (1991). Applications of Diamond Films and Related Materials. Elsevier Sci.

• J.E. Field (1979). The Properties of Diamond. Londres. Academic Press.

• J.E. Field (1992). The Properties of Natural and Synthetic Diamond. Londres. Academic Press.

• W. Hershey (1940). The Book of Diamonds. New York. Hearthside Press.

• S. Koizumi, C. E. Nebel and M. Nesladek (2008). Physics and Applications of CVD Diamond. Wiley VCH. ISBN 3527408010

• L.S. Pan and D.R. Kania (1995). Diamond: Electronic Properties and Applications. Kluwer Academic Publishers.

• Pagel - Theisen, Verena (2001). Diamond Grading ABC: the Manual Rubin & Son. Amberes, Belgika. ISBN 3-9800434-6-0

• Radovic, Ljubisa R.; Walker, Philip M.; Thrower, Peter A. (1965). Chemistry and physics of carbon: a series of advances. New York. Marcel Dekker. ISBN 0-8247-0987-X

• Tolkowsky, Marcel (1919). Diamond Design: A Study of the Reflection and Refractionof Light in a Diamond. London: E. & F.N. Spon, Ltd. (Web edizioa Jasper Paulsenek egin zuen, Seattle, 2001)

• Wise, Richard W. "Secrets Of The Gem Trade, The Connoisseur's Guide To Precious Gemstones"(2003). Brunswick House Press. Websiteof book: Secrets of the Gem Trade

• A. M. Zaitsev (2001).Optical Properties of Diamond : A Data Handbook. Springer.

Ikus, gainera

aldatu

• Diamanteen zerrenda • Mineralen zerrenda


Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu