[go: up one dir, main page]

Mauritania[1] (arabieraz: موريتانيا‎ Mūrītānyā; amazigeraz: Muritanya edo Agawej; woloferaz: Gànnaar; soninkeraz: Murutaane; fulaz: Moritani; frantsesez: Mauritanie), ofizialki Mauritaniako Errepublika Islamiarra (arabieraz: الجمهورية الإسلامية الموريتانية‎, al-Jumhūriyyah al-ʾIslāmiyyah al-Mūrītāniyyah; frantsesez: République Islamique de Mauritanie), Afrikako ipar-mendebaldeko herrialdea da. Mendebaldean Ozeano Atlantikoarekin egiten du muga, hego-mendebaldean Senegalekin, ekialde eta hego-ekialdean Malirekin, Aljeriarekin ipar-ekialdean, eta ipar-mendebaldean Mendebaldeko Sahararekin (haren zatirik handiena Marokok okupatzen du). Herrialdearen izena Mauretania berbere erresuma zaharretik dator.

Mauritaniako Errepublika Islamiarra
الجمهورية الإسلامية الموريتانية
Ereserkia: National anthem of Mauritania (en) Itzuli
Goiburua: شرف إخاء عدل
("Ohorea, Anaitasuna, Justizia")

flag of Mauritania (en) Itzuli

Seal of Mauritania (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaNuakxot
18°5′9″N 15°58′43″W
Azalera1.030.700 km²
Punturik altuenaKediet ej Jill (en) Itzuli
Punturik sakonenaSebkha de Ndrhamcha (en) Itzuli (−5 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakMendebaldeko Sahara, Aljeria, Mali eta Senegal
Administrazioa
Mauritaniako presidenteaMohamed Ould Ghazouani
LegebiltzarraMauritanian Parliament (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria4.614.974
Dentsitatea4,48 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa4,603 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak451.856 (2015)
Bizi-itxaropena63,238 (2016)
Giniren koefizientea32,6 (2014)
Giza garapen indizea0,556 (2021)
Ekonomia
BPG nominala5.024.705.934,3369 $ (2017)
BPG per capita1.136 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa17.495.352.437 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn3.958,06 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala1,5 % (2016)
Erreserbak873.822.720 $ (2017)
Inflazioa2,8 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1960ko azaroaren 28a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+222
ISO 3166-1 alpha-2MR
ISO 3166-1 alpha-3MRT
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.europar loki
Internet domeinua.mr

Hiriburua eta hiririk handiena Nuakxot da, kostaldean.

1.030.700 km2 ditu.

Geografia

aldatu
 
Mauritania satelite irudian.

Mauritania Afrikako ipar-mendebaldean dago, Ozeano Atlantikoaren itsasertzean. Sahel eskualdean dago, eta bere lurraldearen zatirik handiena Saharako basamortuak betetzen du (herrialdearen bi heren), kostaldeko lerro estuan izan ezik. Lerro horretan kokatzen dira herrialdeko ia hiri garrantzitsu guztiak, Nuakchot (hiriburua) eta Nuadhibu (merkataritza hiri nagusia), esaterako. Barnealdeko hiri nagusiak Tidjikdja, Atar eta Chinguetti dira.

Iparraldea klima lehor-lehorrekoa da, goi-ordoki harritsu eta duna eremu zabalekikoa. Hegoaldera, basamortuak Sahelgo sabanari hezeagoa eta berdeagoa uzten dio lekua.

Senegal ibaiak Senegal eta Mauritaniaren arteko hegoaldeko muga osatzen du. Hura da eremurik euritsuena. Han dago bilduta merkataritza jarduera guztia eta han bizi da jenderik gehiena, salbu artzain nomadak, lurralde osoan barreiatuta.

Banaketa administratiboa

aldatu
 
Mauritaniako eskualdeak.

Mauritania 12 eskualdetan (régions) gehi hiriburuaren barrutian banaturik dago. Horiek, era berean, 44 departamendutan (départements) banatzen dira. Hauek dira eskualdeak eta hiriburu-barrutia, beraien hiriburuekin, hurrenkera alfabetikoaz:

Eskualdea Hiriburua
Adrar Atar
Assaba Kiffa
Brakna Aleg
Dakhlet Nouadhibou Nuadhibu
Gorgol Kaedi
Guidimaka Selibabi
Hodh Ech Chargui Nema
Eskualdea Hiriburua
Hodh El Gharbi Aiun el-Atrus
Inchiri Akjoujt
Nuakxot (hiriburu-barrutia)
Tagant Tidjikdja
Tiris Zemmour Fderik
Trarza Rosso

Biztanleak

aldatu
 
Mauritaniako madrasa bateko ikasleak.

Datu orokorrak

aldatu
  • Biztanleria: 3.069.000 (2009).
  • Bizi itxaropena: 55 urte (2006).
  • Talde etnikoak: %40 arabiar-beltz nahasketa (mestizoak); %30 arabiar; %30 beltz.
  • Erlijioak: %99.84 musulman, gehiengo zabala suniak.

Demografia

aldatu

Mauritaniako biztanleen % 80 mairuak edo mestizoak mairuen eta beltzen arteko nahasketa dira, Erdi Aroan inperio almorabidea sortu zutenen ondorengoak. Mairuak arabiarren, berberiarren eta beste herri batzuen nahasketaren emaitza dira, eta artzain nomadak izan dira betidanik. Mairuez gainerakoak (biztanleen % 40) Afrika hegoaldeko herriren bateko kideak dira: pularra, soninkeak, wolofak, banbarak... Beltzak mairuak baino askoz azkarrago ari dira ugaltzen, eta horrek arazoa sortu dio gobernuari, arabiarren esku baitago, eta harreman gehienak mundu islamiarrarekin dituelako.

Hizkuntza ofiziala arabiera da, baina frantsesa oso erabilia da, eta, horiez gainera, gizatalde bakoitzak berea erabiltzen du: fula, soninkera, wolofera... Etniaz ez bezala, erlijioz ere herrialde homogeneoa da Mauritania, biztanle guztiak musulmanak baitira. Hiriburuaz gainera, hauek dira Mauritaniako hiri nagusiak: Nuadhibu (arrantzagunea eta itsas portua), Kiffa eta Rosso dira hiri nagusiak. XXI. mendearen atarian, Mauritania herrialde behartsua da eta aurrerabide luzea duena oraindik: alfabetizazio maila % 43 ingurukoa eta biztanleriaren hazkunde maila % 2,88koa.

Hizkuntza ofizialak

aldatu

Mauritaniako hizkuntza ofizial bakarra eta nazionala arabiera da (Hassaniya dialektoa), baina de facto frantsesak betetzen du bere papera gizarteko esparru askotan. Legeen arabera, arabiera hizkuntza ofizialarekin batera, ondoko hizkuntzek ere izaera nazionala dute: fula, soninkera eta wolofera.

Ekonomia

aldatu
 
Arrantza Nuakchoten.

Mauritaniako ekonomia munduko atzeratuenetakoa da; kanpoko laguntzaren mendean dago (Frantziaren eta Persiako Golkoko herrien mendean batez ere), eta azken urteetan kanpo zorrak gora egin du, lehorteen eta ekonomiaren kudeaketa kaskarraren eraginez batez ere. Mauritaniaren bezero eta hornitzaile nagusiak Europar Batasuna eta Japonia dira.

Mauritaniako biztanleriaren gehiengoa nekazaritza eta abeltzaintzaz bizi da. Hala ere, 1970 eta 1980ko hamarkadetatik aurrera, nomada nahiz nekazari ugarik hirietara emigratu zuten, Sahelak pairatutako lehorte ugarien eraginez.

Herrialdeak meategi garrantzitsuak baditu, burdinarenak batez ere. Horiek dira Mauritaniako esportazio ia guztiak. Arrantza ere aktibitate ekonomiko esanguratsua da, Kanarietatik (Espainia) hedatzen den arrantzarako eremu aberatsa baitute Mauritaniako itsasaldeak. Munduko arrantza eremurik oparoena du, baina garrantzizko jarduera den arren, herrialdeak ez du behar adina ustiatzen, eta atzerritarren neurriz gaindiko ustiapena dela-eta, baliabide hori arriskuan dago: Japoniako eta Europar Batasuneko (Espainiakoek batez ere) flotek ustiatzen dituzte. Arrantza baliabideei eta gehiegizko ustiatzeari buruzko azterketarik egin ez izanak, Mauritaniako itsas baliabideen etorkizuna kolokan ipini du 2001etik aurrera.

Mauritaniako industria sarean mea erauzteko jarduerak dira nagusi: burdina da aberastasun natural inportanteena. Kobre, gatza eta igeltsu hobiak ere badira. 2001ean petrolioa aurkitu zuten, baina ikusteko dago zenbateraino lagunduko duen Mauritaniako ekonomia egoera hobetzen.

Historia

aldatu
 
Mauritaniako Arguin uharteko gotorleku koloniala (1721).

Frantsesak XIX. mendearen bigarren erdialdean sartu ziren Mauritanian. 1900. urtean, mugak ezartzeko hitzarmena sinatu zuten Frantziak eta Espainiak. 1904. urtean, Frantziako Mendebaleko Afrikaren barruan sartu zen Mauritania, eta 1920an kolonia bihurtu zen.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Mauritania Frantziako probintzia bilakatu zen, eta diputatuak bidaltzen zituen Frantziako Legebiltzarrera.

Hamar urte geroago, barne autonomia lortu zuen, eta 1960an burujabetasuna. Estatu berriak, baina, ez zuen inolako azpiegiturarik ez bere burua administratzeko ahalmenik; pertsona gutxi batzuk besterik ez zituen unibertsitate ikasketak egiten. Biztanle gehienak truketik bizi ziren, eta gaur egun ere herri nomada da neurri handi batean. Enpresa trasnazional bat (MIFERMA), frantses kapitalarekin sortua, estatua bera baino ahaltsuagoa zen. Bere burdin meek esportazioen % 80 hartzen zuten eta herriko soldatapekoen % 25 enplegatzen zituzten. Mauritaniako Alderdi Popularreko sektore progresista Moktar Ould Daddahren gidaritzapean nazioaren burujabetasunerako benetako oinarriak jartzen hasi zen pixkanaka.

1965ean Mauritaniak bertan behera utzi zuen OCAM erakundea, Frantziak bere kolonia izandako herrialdeak kontrolpean edukitzeko sortutakoa. 1966an SOMITEX sortu zen kontsumo produktuen inportazioaren elkarte monopolizatzailea, frantses salerosleen monopolioa hausteko. Arabiar kultura aintzat hartzen hasi ziren ostera; aduanak ezarri ziren Senegaletik bereizteko; Arabia eta Mauritaniako Bankuak kanpoko operazioen monopolioa eskuratu zuen; eta Mauritaniak bere dirua izan zuen lehenengo aldiz.

1974an burdin meak nazionalizatu egin zituzten. Frantziaren eragina alde batera utzita, Mauritania herri musulmanetara hurbiltzen hasi zen, eta Arabiar Ligako kide egin zen. Saudi Arabiak, Kuwait eta Marokok laguntza ekonomikoa eskaini zioten. 1975ean, Mendebaldeko Sahararen zati bat bereganatzeko interesak bultzatuta, bat egin zuen Marokorekin Espainiaren mendean zegoen lurralde hura banatzeko asmoan. Frantziaren laguntza logistiko eta militarra baliatuz, Mauritaniako hiru mila soldaduk eta Marokoko hamar milak Sahara okupatu zuten. Ould Daddahren gobernuak garesti ordaindu zuen hura. Mauritaniak Fronte Polisarioren eraso gogorrak pairatu zituen eta Marokok laguntzeko bidalitako gudarosteen mendean geratu zen lurraldea. Krisi ekonomikoa areagotu egin zen, eta herria gobernuaren erabakiaren aurka azaldu zen. Izan ere, mauritaniarrek lotura handiak dituzte sahararrekin, eta Mauritaniako oposizioak gogor salatu zuen Sahararen burujabetasunaren aurkako esku-hartze hura.

1978an krisiak eztanda egin zuen, eta sei urteko epean bost estatu kolpe izan ziren. Herrialdea osotara arabiar kulturaren mendean jartzeko ahalegina egin zen, hegoaldean bizi ziren gainerako herriak aintzat hartu gabe. Azkenik, baina, gobernuak alde batera utzi zituen herria arabiartzeko eta Sahara hartzeko asmoak, eta 1979ko abuztuan bake hitzarmena izenpetu zuen Fronte Polisarioarekin. Aldi berean, eta ezkerreko ofizialek bultzaturik, gobernuak esklabotasuna abolitu zuen.

1984an Maawiya Ould Sid Ahmed Taya koronelak hartu zuen aginpidea. Honek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ezagutu zuen. 1985ean Nazioarteko Diru Funtsak 12 milioi dolarretako mailegua eman zion, oso baldintza gogorretan, basamortuaren zabaltzeari aurre egin behar dion eta ale defizit izugarria (12 mila tona urtean) duen herri batentzako. Mauritaniako lurraldeak desertu eremu handiak ditu, klima tropikal beroa eta lehorra, eta euri gutxi. Egoera ekonomiko sozialak okerrera egin zuen: hegoaldean, nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen ziren lurrak urrituz joan ziren desertua zabaldu ahala. Nomadek, pobreturik, hirietara jo behar izan zuten. 1987az geroztik arazoak izan dira nekazarien eta abeltzainen artean hegoaldeko mugan, Senegal ibaiaren aldean.

1989an egoerak okerrera egin zuen, hiriburuan, mauritaniar talde haserretu batzuek makilez eta harriz eraso zietenean ehunka senegaldar armagabetuei. Mauritaniatik itzulitako senegaldar batzuek mauritaniarrek bere herrikide asko hil izana salatu zuten. Mendekuz, Mauritaniako talde erradikalek Senegalgo salerosleak lapurtu eta hil zituzten. Gatazka horretan ehunka pertsona hil ziren, eta azkenik, 1989ko abuztuan, bi herrialdeek harremanak eten zituzten. Mauritania barruan ere arazo larriak izan ziren hegoko mauritaniarren eta herrialdeko gainerako arabiar eta berberiarren artean. Gudarostea azken horien alde atera zen, eta istiluetan ehunka pertsona hil ziren.

1991ko uztailean mauritaniarrek alderdi aniztasunaren eta gobernu demokratiko baten alde egitea onartu zuten erreferendum bidez. Oposizioa aspaldidanik ari zen gobernua horretara bultzatzen, baina 1991 arte gobernuaren erantzun bakarra errepresioa izan zen. Konstituzioaren erreforma gorabehera, tentsio soziala ez zen baretu, eta borrokak, manifestazioak eta grebak izan ziren. Alderdi guztiak onartu ziren lehenengo hauteskundeetan, 1992ko urtarrilean, Maawiya Ould Sid Ahmed Tayak karguari eutsi zion. Oposizioak eta nazioarteko begiraleek, baina, iruzur egin izana leporatu zioten. Tayak botoen % 63 eskuratu zituen eta honen aurkari nagusiak, Ahmed Oul Daddahk, % 33. Martxoan, legebiltzarrerako hauteskundeetan, gobernuko alderdia izan zen garaile, 79 aulkietatik 67 eskuratuta. Oposizioko sei alderdik boikot egin zuten eta iruzurra salatu zuten. Apirilean, Mauritania eta Senegal harremanetan hasi ziren berriro, muga aldeko eta errefuxiatuen arazoak konpontzearren. Txina eta Frantziaren diru laguntzak bultzada handia eman zion Tayaren gobernu ospe txarrekoari. Nazioarteko Diru Funtsak erabakitako egokitze plangintza bat indarrean jartzeak oinarrizko produktuen prezioa handitzea ekarri zuen eta egoerak okerrera egin zuen berriro ere.

1995eko urtarrilean milaka manifestarik hankaz gora jarri zuten hiriburua autoak erre, dendak lapurtu, balio erantsiaren gaineko zerga ezartzeak gauzen prezioa igoarazi ondoren. 1996ko urtarrilean lehendakariak Lehen Ministro izendatu zuen El Afia Ould Mohamed Khouna. Apirilean, oposizioak ez zuen parte hartu Senatu berri bat aukeratzeko hauteskundeetan. Gobernuaren Alderdi Errepublikano Sozial eta Demokratikoak eskuratu zituen aulki gehienak. Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere, urrian, 79 aulkietatik 71 eskuratu zituen. 1996ko ekainean, Europar Batasunarekin egindako hitzarmen batean, Mauritaniak bost urteko kreditu kuota finkoak lortu zituen bere itsas eremuan munduko aberatsenetakoa arrantza egiteko baimenaren truke. Hala ere, munduko herrialde behartsuenetako bat da oraindik. 1997ko abenduan, lehendakaritzarako hauteskundeetan, Taya izan zen garaile berriro, botoen % 90 eskuratuta. Lehendakariak Mohamed Lemine Ould Guig izendatu zuen Lehen Ministro.

 
Sidi Mohamed Ould Cheikh Abdallahi.

2005ean militarrek Tayaren kontrako estatu kolpea eman zuten, eta Ely Ould Mohamed Vall izendatu zuten lehendakari. 2006an erreferenduma egin zen konstituzioa berritzeko, eta gobernuen agintaldiaren iraupena mugatu zen. Urte berean legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren; eta 2007an, lehendakaritzako hauteskundeak: Sidi Ould Cheij Abdallahi izan zen garaile. Esklabotasuna 1980an debekatu bazuten ere, 1998ko apirilean, giza eskubideen aldeko erakundeek Mauritanian oraindik esklaboak zeudela salatu zuten; hala, 2007an gobernuak esklabotasuna zigortzen zuen lege bat jarri zuen indarrean. 2008an militarrek beste estatu kolpe bat eman, eta beren karguetatik kendu zituzten Sidi Ould Cheij Abdallahi lehendakaria eta Yahya Ould Ahmed Waghf Lehen Ministroa. Mohamed Uld Abdelaziz eta Mulay Uld Mohamed Laghdaf jarri zituzten haien ordezko, hurrenez hurren. Nazioarteko komunitateak (Nazio Batuak, Europar Batasuna...) gogor gaitzetsi zuen estatu kolpea, baita Mauritaniarekin harreman estuenak zituzten estatuek ere (Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Aljeria...).

2015eko urtarrilaren 15ean, esklabotzaren aurkako mugimenduko buruzagia kartzelan sartu zuten Mauritanian[2].

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu