[go: up one dir, main page]

Lili jauregia

eraikitako euskal ondare nabaria Zestoa

Lili jauregia Zestoa udalerrian (Urola Kosta, Gipuzkoa) dagoen jauregi bat da, XV. mendean gotiko estiloan eraikia. Jauregiaren eraikina multzo handiago baten parte da, bi burdinola, Lilibea etxea, bi errota eta urtegitxo bat lagun dituela.

Lili jauregia
Lili Jauregia
Kultura ondasuna
Lili jauregiaren irudia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZestoa
Koordenatuak43°14′17″N 2°15′38″W / 43.23793°N 2.26057°W / 43.23793; -2.26057
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XV. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
pizkundetar arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0001487
27

Gipuzkoako kultura ondasuna izendatua dago.

Ezaugarriak

aldatu

Lili jauregia Erdi Aroko arkitektura zibilaren eredu bikaina da, bere eraikuntza XV. mendearen bukaeran kokatu behar da, aurretikako aipamen dokumentalak ere badiren arren. Estilo gotikoan eraiki zen, Domenja Liliren ekimenez. Erdiko patioaren inguruan antolaturiko jauregi eredu bikaina da. Erdi Aroko dorretxeen zenbait ezaugarri ditu: erlaitzeko gailurreria, kuboak, eta gezi leihoen eta almenen bilakaera. Eraikin hau multzo konplexuago baten parte da, multzo hori jauregiak berak, Lilibea etxeak, Errotatxo eta Errotazar errotek, gaur egun mantentzen ez den kaperak eta Liliko burdinola nagusiak eta txikiak eta haietara ura bideratzeko eraikitako urtegiak osatzen dute. 1984an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen.

 
Lili jauregia, 1970eko hamarkadan

Lili jauregiaren eraikin multzoa bi eraikinek osatzen dute: batetik jauregiak berak eta alboan duen eta komunikatuta dagoen beste eraikin batek bestetik, Lilibea izenekoa eta aurrekoa baino txikiagoa dena. Lilibea harlangaitzezko eraikuntza da, angeluetan harlanduz inguratua, oin laukizuzenekoa, hiru solairu ditu eta bi isurialdeko teilatuarekin estaltzen da. Lilitarren hasierako orubea eta jauregia Lilibean kokatuko zen, baina oso denbora gutxian zaharkituta gelditu zen eta alboan gaur egungo eraikina jaso zen, Aro Modernoko gizarte behar berrietarako egokiagoa. Lilibea jauregiko zerbitzarientzat egoitza bezala lehendabizi eta baserri bezala ondoren erabili izan zen. Gaur egun oraindik ere baserri bezala funtzionatzen du.

Denboran zehar Lili jauregiak aldaketa ugari izan ditu bere itxuran eta funtzionalitatean, antzinako moldearen arrastoak badituen arren, hala nola sarrera-atea eta zenbait leiho tarte bikoitz maineldunak. Jauregiaren jatorrizko banaketa hondaturik dago, barruko patioa argi ikusi daiteke, baina ez bera inguratzen zuten egurrezko galeria eta egiturak, oin laukizuzenaren arrastoak ditu. Bi erreken artean dagoen harkaitz baten gainean eraiki zen, erreken uraldietatik babesteko leku estrategikoan.

Lili Jauregia oso kontserbazio egoera txarrean zen, hainbat eraldaketaren eta mantentze lan ezaren ondorioz, behin betiko galtzeko arrisku larrian. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen, eta denborarekin zaharberritze zientifiko bat bultzatu. Zaharberritze lan horiek 2010 urtean egin ziren, Ekainberri Fundazioaren eskutik (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zestoako Udalak osatua).

2013 urteko martxoan, Lili Jauregiak ateak ireki zituen bisitarientzat, eraikinaren barrualdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Telmo Museoak dituzten XVII. mendeko elementuekin jantzi da, haietako asko Lilitarren testamentuetan ageri diren altzariak. Ingurugiro paregabe horretan, Magdalena Amilibia Elekaraeta andreak Lili Jauregian bizi izan zuen azken eguna ekartzen digu gogora, publikoaren konplizitatea bilatzen duen bakarrizketa antzeztuz.

Kanpoaldea

aldatu
 
Fatxada nagusia

Fatxada nagusia Erdi Aroko euskal jauregien eredu interesgarrienetako bat da. Gaur egungo fatxada nagusi horretan hainbat apaingarri daude, multzo eder eta dotore hori hutsarte, angelu eta inguruetan oso era harmonikoan antolatzen dutenak. Harlanduz eraikia da eta 2010ean harlandu horri garbiketa prozesu sakon bat burutu zitzaion.

Beheko solairuak sarrera hutsarte bat du, puntu erdiko arkuarekin, ezkerraldean zorrotza, tiro egiteko prestatuak diruditen hiru gezi-leiho ditu. Solairu nagusian, sarrerako hutsartearen gainean, ezkutu heraldiko baten atala osatzen duen lan bat dago, erabat garbia eta txikia, eta gorago, osakera ederreko hutsarte bat, arku zorrotza, molduraduna, kalatuekin eta martinelekin.

Fatxada nagusiko angeluetatik edo izkinetatik, bigarren solairuaren parean gutxi gorabehera, danbor batzuk sortzen dira, buruan pinakuluak dituztenak; bakoitzak gorputz bakarra osatzen du, hiru lobuluko errezelekin. Fatxadaren errematea aldatuta eta hondatuta dago, jatorrizko gurutzadura eta ura teilatutik erortzeko moduak ia desagertuta, bertan pinakuluen artean igarotzen den moldura ikus daiteke, habe buru eta gargolekin. Moldurak gurutze eta lili lorez osatutako gailurreriari eusten zion. Gaur egun moldura horren arrasto batzuk besterik ez dira gelditzen.

Barrualdea

aldatu

Barruko patio baten inguruan antolaturiko hiru solairuk osatzen dute Lili jauregiaren barrualdea, horietatik lehengo bi dira gaur egun bisitagarriak. Beheko mailan ikuilua, gurdien sarrera eta burdinolarako pasabidea daude, garai batean hor izango ziren sagarrarentzat dolarea eta sagardoarentzat upategia ere. Bigarren solairura iristeko eskailerak barruko patioan zeuden, patio hau egurrez eraikitako galeria multzo batek janzten zuen, gaur egun kontserbatzen ez dena. Bertan logela, etxearen bihotza zen areto nagusia, idazmahai komertziala eta sukaldea kokatzen dira. Hirugarren solairua ganbara da, ez da bisitagarria, garai batean biltegia izango zen, agian zerbitzarien gelak ere hor egon zitezkeen.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu