[go: up one dir, main page]

Komando Autonomo Antikapitalistak

Komando Autonomo Antikapitalistak
Iraupena: 1970eko hamarkada bukaeratik 1980koaren erdi aldera arte
Ideologia: Antikapitalista,
independentista,
autonomoa,
autogestionarioa
Eremua: Hego Euskal Herria

Komando Autonomo Antikapitalistak edo KAA (gaztelaniaz: Comandos Autónomos Anticapitalistas, CAA edo CCAA) Euskal Herrian aritutako erakunde armatu iraultzaileen multzo bat izan zen, 1970eko hamarkadan sortua. Egitura organikorik eta zuzendaritzarik ez zutenez,[1] ez da erakunde armatu bakartzat hartzen, baizik eta independentziaren aldeko eta kapitalismoaren aurkako borrokan langile borrokak zentraltasuna izan behar zuela uste zuten talde armatu autonomoen multzotzat. Komando bakoitzak autonomia zuen, bere ekintza eta analisien gainean erabakitzeko askatasuna zuen.

Ideologia

aldatu

Nahiz eta militanteak hainbat jatorri politikotakoak izan, KAAen ideologia autonomismoa zen, marxismoaren eta anarkismoaren artekoa. Marxismotik materialismo historikoaren osagaia zuten; eta anarkismotik, berriz, antolamendu hierarkiko ororen gaitzespena. Sindikatu eta alderdi politikoak oro arbuiatzen zituzten, horiek langile batzarrei ekimena oztopatzen zietelakoan, eta asanblearismoa eta langile autonomia ezinbesteko oinarritzat ikusten zituzten egiazko demokrazia eta sozialismorantz joateko. Kapitalismoarekin erabat haustea aldarrikatzen zuten.

Nazio auziari dagokionez, independentziaren aldekoak izan arren ez zuten KAS Alternatiba onartzen, horrek burgesiarekiko ituna onartzen zuelakoan, hau da, EAJk ordezkatutako nazionalismoarekiko ituna. Haien ustez, KAS alternatibak zekartzan puntuak ez ziren aski eta asmo sozialdemokrata bati erantzuten zioten. Horregatik, KASen barneko erakundeak (geroago Herri Batasunan elkartuko ziren alderdiak, EIA, LAK, LAB, ETA politiko-militarra, ETA militarraren kanpotiko atxikimendua...) etapistak zirela esaten zuten. ETAren bi adarren izaera leninista ere kritikatzen zuten, eta haien elitismoa eta hierarkia gaitzetsi. Estaturik gabeko independentzia zen haien ideal politikoa; Euskal Herri independente horretan, parlamentua langile-batzarrek ordezkatuko zuten.

Historia

aldatu
 
Komando Autonomo Antikapitalisten 4 kideren hilketen margo oroigarria Pasaian. Espainiako Polizia Nazionalak hil zituen 1984ko martxoaren 22an.

Taldearen jatorria 1970eko hamarkadan Hego Euskal Herrian indartsu zegoen langile mugimendu asanblearioan eta Europan barrena zebilen mugimendu autonomo libertarioan dago.[1] Haien sorreran eragin handia eduki zuen Gasteizko gertakarietan islatu zen mugimendu asanblearioak. KAAetako kideak, hala ere, jatorri askotakoak ziren: Mugimendu horretan ibilitako marxistak eta anarkistak, ETA politiko-militarretik alde egindako komando berezietako batzuk, LAIA alderdiko eszisio batetik etorritakoak (LAIA ez bezala ezagutzen zirenak), etab. ETAren eszisio akrata zirela esan izan da, nahiz eta ETArekin lotura zuzenik ez eduki.

1980ko hamarkadan barrena, ezker abertzalearekiko eta ETArekiko harremanak gaiztotu egin ziren. KASen inguruan elkartzen ziren sektoreek susmoa agertu zuten komando horien ekintzen atzean Espainiako zerbitzu sekretuen azpikeria-lana zegoela.[2] Haien ustez, talde horiek ezezagunak eta organizazio zentralik gabekoak izanik, Espainiako zerbitzu sekretuek infiltratzeko eta kontrolatzeko errazagoak omen ziren. Jendaurreko adierazpen batzuetan, garai hartan zebiltzan eskuin muturreko "talde inkontrolatu" delakoen antza zutela esatera iritsi ziren.

Herri Batasunak Komando Autonomoen ekintza bat gaitzetsi zuen, hauteskunde kanpainan Enrique Casas PSOEko senataria Mendeku komandoak hil zuenean.[3] KAAetako presoak, era berean, ez ziren ETAko eta ezker abertzaleko presoekin batera kolektibo berean elkartzen. Hainbat herritan, gainera, preso autonomoei laguntzeko talde propioak sortu ziren, Amnistiaren Aldeko Batzordeetatik bereizita.

Beste erakunde armatuekin ere, harremana ez zen beti ona izan. 1980ko ekainaren 11n, Jose Miguel Etxeberria "Naparra" militante autonomo eta etakide ohia Ipar Euskal Herrian desagertu zenean,[4][5] KAAek komunikatu batean[6] sinesgarritasuna kendu zioten Batallon Vasco Español talde ilunaren errebindikazioari. Agirian ziotenez, Naparrak dagoeneko heriotza mehatxuak jaso zituen beste euskal talde armatuen aldetik, eta beste "Pertur kasu bat" ez ote zen susmoa agertu zuten.

Hamarkada horretan zehar zatiketak izan ziren KAAen barnean, nahiz eta talde bakoitzak sigla berak edo antzekoak erabiltzen jarraitu. Funtsean, KAAen historiaren parte izan zen banaketa azaleratu zen. KAAko kide batzuen ikuspegiaren arabera, talde operatibo bakoitzak askatasuna edukitzea eta ekintzen gainean erabakitzeko ahalmena zen autonomismoa; beste batzuek, aldiz, langileen autoorganizazioaren aldarria eta mugimendu autonomoak bilatzen zuen asmo politikoa nabarmentzen zuten, zenbait puntutan anarkismoarekin bat egiten zuena.

Ekintzak

aldatu

Hainbat ekintza armatu burutu zituzten Hego Euskal Herrian, bonbaz nahiz armaz, hainbat pertsona hilez. Haien jomugak patronala eta honekin kolaboratzen zuten langileak, eraikin ofizialak, bankuak, sindikatu batzuk (UGT, CCOO eta ELA, batik bat) eta eta indar polizialak ziren, hauen informatzaileekin batera. Indar polizial eta parapolizialek ere KAAetako kideak hil zituzten, horietan ezagunena Pasaiako segada bezala ezagututako gertaera izanik.

Talde Autonomoek, beren historiaren hasieran, ekintzak bere gain ez hartzeko joera zuten, ekintza armatuekin herri-mugimendu asanblearioari babesa eta arnasa ematea baitzen haien asmoa, komandoek protagonismorik hartu gabe.[7] Talde autonomo batek bere gain hartutako lehen atentatua[8] Comando Autónomo 3 de Marzo izenekoak egina, 1978ko apirilean burutu zen, ADEGI (Asociación Democrática de Empresarios Guipuzcoanos) Gipuzkoako enpresari-elkartearen prentsa bulegoaren kontra. Garai hartan, Adegik metal sektorerako hitzarmen kolektiboa sinatu berria zuen CCOO eta UGT sindikatuekin. Langileen zati batek ez zuen hori begi onez ikusi, hitzarmena sindikatuek beren kontura sinatu baitzuten, langile-batzarren bizkar. Hala, Adegiko bulegoetan bonba lehertu eta egun berean, langile taldeek CCOO eta UGTren egoitzak erasotu zituzten.

Atentatuaren egileek beren burua "komando autonomo independentista eta sozialista" gisa aurkeztu zuten beren komunikatuan. Lehergaia behar baino lehenago zartatu zen, eta Vicente Aldalur komandoko kideak, zaurituta, mugaz beste aldera ihes egin zuen, autoaz aduanako hesia hautsiz. Frantziako jendarmeek atxilotu eta ospitalera eraman zuten,[9] erredura larriekin. Egun gutxira, frantses agintariek Aldalur Espainiako polizien eskutan utzi zuten, dirudienez, azpikerien bitartez militanteari frantsesez idatzitako dokumentu bat sinarazi eta gero. Hori izan zen Frantziak euskal militante bat estraditatu zuen lehenengo aldia. Francisco Letamendia Ortzik, Euskadiko Ezkerrako diputatua zelarik, gertaera hura Espainiako Diputatuen Kongresuan salatu zuen.[10] Komandoko beste kide batek, ospitalean zauriak osatzen zegoela, izarekin egindako soka batez lagunduta ihes egin zuen.

Behin baino gehiagotan, ETA militarrak komunikatuen bitartez komando autonomoen ekintzak beregain hartu zituen.[11] Horrela gertatu zen Gasteizko Michelin enpresako langileak greban zeudela, komando batek Jesus Casanova bulegaria tirokatu zuenean.

1990eko hamarkadan sartzearekin batera, ez zuten ekintza armatu gehiagorik egin, nahiz eta hainbat kide preso edo erbestean izan.

Borrokan hildako KAAetako militanteak

aldatu
Artikulu hau serie honen zatia da:
Euskal
abertzaletasuna
 

Pasaiako segadan eraildakoa lau gizonː

Komandoak

aldatu

Honako hauek dira, besteak beste, talde autonomoen artean aurkitzen ditugun izenak:[13]

  • Comandos Autónomos Anticapitalistas 21 de Septiembre
  • Comandos Autónomos y Autogestionarios 23 de Octubre
  • Comandos Autónomos Zapa-Roberto
  • Comandos Autónomos 3 de Marzo
  • Comandos Autónomos Iparraguirre
  • Comandos Autónomos Independentistas Herri Armatua
  • Zuzen Ekintza, Organización Militar Autónoma
  • Comandos Autónomos 27 de Septiembre
  • Grupo Autónomo Txikia
  • Comandos Autónomos Libertarios
  • Comado Autónomo Independentista y Socialista
  • Comandos Autónomos Talde
  • Talde Autonomoak
  • Comado Autónomo Herri Armatua
  • Gatazka
  • Comandos Autónomos Txindoki
  • Comandos Autónomos Mendeku
  • Comandos Autónomos San Sebastián
  • Comandos Autónomos Bereterretxe
  • Talde Autónomo Independentista Anticapitalista y Autogestionario
  • Comandos Autónomos Anticapitalistas.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Harluxet hiztegi entziklopedikoa. Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA)
  2. (Gaztelaniaz) Askoren artean (1996), Un anticapitalismo iconoclasta, Comandos Autónomos. Felix Likiniano Kultur Elkartea: Bilbo. 25. or. ESBren komunikatua KA batek German Gonzalez hil ondoren
  3. (Gaztelaniaz) «Los Comandos Autónomos y el grupo 'Mendeku' se responsabilizan del asesinato del senador y candidato socialista Enrique Casas», El País, 1984ko otsailaren 24a.
  4. Petxarroman, Iñaki. (2016-10-02). «Autonomoetako 'Bakunin'» Berria.
  5. Azurmendi, Mikel. (2000-06-18). «Duela hogei urte desagertu zen "Naparra" Iparraldean» Argia (1766).
  6. Komunikatua, 1980-07-11.[Betiko hautsitako esteka]
  7. (Gaztelaniaz) Askoren artean (1996), Un anticapitalismo iconoclasta, Comandos Autónomos. 14-15. or. "la actividad armada durante los dos primeros años de actividad, se aleja de los conceptos como el de protagonismo o centralidad, para concebirse como un refuerzo de las actividades del movimiento popular y asambleario. En este periodo se rehuye la reivindicación de las acciones y en este se van incorporando personas que habiendo vehiculado su rabia en alguna de las ramas de ETA, van siendo conscientes de los derroteros militaristas o liquidacionistas, y del alejamiento progresivo entre la lucha social y las reconducciones políticas de las vanguardias armadas".
  8. (Gaztelaniaz) Askoren artean (1996), Un anticapitalismo iconoclasta, Comandos Autónomos. 18. or. Taldearen komunikatua
  9. (Gaztelaniaz) «Orden público: El autor del atentado a las oficinas de Adegui, hospitalizado en Burdeos», La Vanguardia egunkaria, 1978ko apirilaren 15a.
  10. (Gaztelaniaz) «Detención en territorio español de Don Vicente Aldalur», Diario de sesiones del Congreso de los Diputados, 1978-10-18, 5017. orrialdea.
  11. idem. 29-30. or. ETAren komunikatua eta Komando Autonomoarena
  12. a b c d Pasaiako badian Polizia Nazionalak eginiko sarekadan hil zituzten.
  13. (Gaztelaniaz) Askoren artean (1996), Un anticapitalismo iconoclasta, Comandos Autónomos. Felix Likiniano Kultur Elkartea: Bilbo. 26. or

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu