[go: up one dir, main page]

Karobi

Kisulabe» orritik birbideratua)

Karobia[1] edo gisu-labea karea egiteko erabilitako labeak dira. Kareharria egosteko labeak dira, gehienetan lurrean egindako hobi edo zulo handi batean eraikitakoak. Euskal Herrian, karobi gehienak XVIII. mendetik aurrera eraikitzen hasi ziren, kareharrizko eremuen inguruetan, karea lurra ongarritzeko gai indartsua zela aurkitu ondoren. XX. mendean zehar gelditu ziren karobi gehienak, karea ekoizteko metodo industrialak garatu eta zabaltzearekin batera. Egun, Euskal Herrian antzinako karobien aztarna ugari gelditzen dira; garai bateko landa eta baserri giroko ondare etnografiko gisa aztertu eta zaintzen dira.

Karobia, Astigarragako Santiagomendi mendian.

Kareorea aurkitu izan da Anatolian, 14.000 bat urteko indusketetan. Karobiaren oinarrizko funtzionamendua ―kareharria beroaren indarrez egostea― ez da aldatu hasieratik gaur egungo labe industrialetaraino.

Karea egosteko labeen izenaz

aldatu

Karea kaltzio oxidoa (CaO) da, hauts moduko gai zuria, kareharria egosita lortzen den gaia.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, Iparraldean eta Nafarroan gisu izena ematen zaio; hortik, karobi hitzaren sinonimo da gisu-labe, euskalki batzuetan «kisu-labe» ahoskatzen dena.[2]

Eraikuntza eta egostea

aldatu

Mota desberdinak dauden arren, karobi bat eraikitzeko beti malda handiko leku bat hautatzen zen, inguruan harri eta egur ugari zituena. Lurrean bi edo hiru metro sakoneko zulo bat eginda, harrizko paretak jartzen zitzaizkion zuloari, zirrikitu guztiak buztinez ongi estalita, eltze moduko bat sortzeko. Eltzearen aurrealdean, sarrerako aho bat uzten zen, 1,5-2 metro zabal; gehienetan aterpe batez estalita egoten zen (lehorra izenekoa), euritatik babesteko.[3] Eltzearen goialdean, tximinia zulo bat uzten zen, harri zapal batekin edo harri pila txiki batekin estalita (meta izenekoa),[3] labearen aireztatzea erregulatu ahal izateko.[4] Labearen azpialdean, labetik behera erortzen joaten zen kare hautsa jasotzeko ahoa zegoen (hauskoa izenekoa).[3]

Euskal Herrian eraiki izan diren karobietan mota hauek bereizten dira:

  • Zakarrezkoak: karobi zaharrenak dira. Labean kareharria pilatzen zen, eta azpitik sua pizten zitzaion, gau eta egunez egosten uzteko, sei bat egunez. Labearen azpialdean zegoen sua pizteko eta egurra sartzeko ahoa; garrantzizkoa zen goiko tximinia zuloko harriaren bitartez konbustioa ongi erregulatzea, sua itzal ez zedin eta egosketa lasterregi joan ez zedin. Karobi mota honetan haritza eta pagoa erabiltzen ziren erregai.
  • Arragoak: labe zilindrikoak dira, 5 m inguru garai eta 1,2 m inguru zabal. Aldapatan eraikiak izaten ziren, goiko nahiz beheko ahoak eskura izan zitezen. Kareharria eta egurra goiko ahotik kargatzen ziren, geruzatan banatuta, eta karea azpiko ahotik jasotzen zen, metalezko sare baten bitartez. Hasieran, labea piztu eta berotzeko, otea eta erratzak erretzen ziren hiru bat orduz. Labeak berotasuna hartzen zuen neurrian, haritz ezpalak gehitzen ziren beste 2-3 orduz. Gero, egur lodiagoak erabiltzen has zitekeen. Labea ongi berotuta zegoenean, sagar baten gisako kareharri puskak botatzen ziren, geruza bat osatu arte; gero, egur geruza bat, eta horrela, bi orduz behin, txandaka, labea bete arte. Karobia piztu eta 24-50 ordutara, labearen tenperatura 1000 °C ingurutan egonkortu ohi zen. Karobia 7-15 egun bitarte egoten zen piztuta, sortu beharreko kare kopuruaren arabera.[5]

Karea sortzeko prozesua

aldatu

Karea sortzeko ekuazio kimikoa hauxe da:

CaCO3 + beroa → CaO + CO2

Erreakzio hori 900 °C inguruan hasten da sortzen; erreakzioa lasterrago izatea nahi bada, komeni da karobiak 1000 °C-tan lan egitea. Alabaina, hortik gorako tenperatura kaltegarria izan daiteke, karea «erreta» gelditzen baita, erreaktibitate gutxirekin.[6]

Karearen erabilera

aldatu

Euskal Herrian, XVIII. mendearen hasieran ugaritu zen karea nekazaritzan, oharturik berez hotza zen lurra berotu egiten zuela kareak, eta lurraren goiko geruzak iragazkortasun handiagoa hartzen zuela, beste ongarriei eta urari bidea erraztuta. Hori izan da karearen erabilera nagusia: nekazaritzako lurrak ongarritzea.

Horrekin batera, beste erabilera ugari izan ditu:

  • Eraikuntzan, hormak egiteko eta harriak lotzeko, urarekin eta hondarrarekin nahastuta kareoreak gogortasun handia hartzen baitu.
  • Etxeetako eta baserrietako hormak zuritzeko: kare-esne edo letxeria, hau da, karea urarekin nahasita erabiltzen zen.
  • Gaixotasunen edo izurriteen aurka, desinfektatzaile indartsua zen karea; abelburuen zauriak zaintzeko erabiltzen zen, besteak beste.
  • Arrautzak gehiago iraunarazteko, kareoretan sartuta gordetzen ziren.

Karobien argazkiak

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Lasueneko karobia Urumea ibaiaren eskuinaldean dago, Sarruetako bidearen ondoan. Martuteneko auzoa uholdetatik babesteko lanen barruan, 2020an harriz harri eraman zuten pixka bat beherago. Ikus Aranzadiana, 2019, 140. zk, 104-105. or. Donostia, Aranzadi Zientzia Elkartea. ISSN: 1132-2292.
  2. Langraiz Okako Calero labea da Euskal Herrian osorik zaharberritu den karobi bakarrenetako bat.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Karobi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-04.)
  2. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia, kare sarrera.
  3. a b c Vidal Pérez de Villarreal (1989), 384. or.
  4. Vidal Pérez de Villarreal (1989), 379-380. or.
  5. Migel M. Elosegi (1996), 47. or.
  6. Vidal Pérez de Villarreal (1989), 393. or.

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu