[go: up one dir, main page]

Jean Sibelius, jaiotzez Johan Julius Christian Sibelius[oh 1][2] (Hämeenlinna, Finlandia, 1865eko abenduaren 8a - Järvenpää, 1957ko irailaren 20a) finlandiar musikagile eta biolin-jolea zen, Erromantizismo berantiarrekoa, eta eragin nabaria izan zuen Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen.

Jean Sibelius

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJohan Julius Christian Sibelius
JaiotzaHämeenlinna1865eko abenduaren 8a
Herrialdea Finlandia
BizilekuaAinola (en) Itzuli
Lehen hizkuntzasuediera
HeriotzaAinola (en) Itzuli eta Järvenpää (mul) Itzuli1957ko irailaren 20a (91 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: garuneko odoljarioa
garuneko infartua
Familia
AitaChristian Gustaf Sibelius
AmaMaria Charlotta Sibelius
Ezkontidea(k)Aino Sibelius  (1892ko ekainaren 10a -  1957ko irailaren 20a)
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaHelsinkiko Unibertsitatea
Sibelius Academy (en) Itzuli
(1885 - 1889)
Hizkuntzakerrusiera
suediera
finlandiera
Irakaslea(k)Martin Wegelius
Albert Becker
Karl Goldmark
Robert Fuchs
Robert Kajanus
Karl Flodin
Hermann Csillag (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, orkestra zuzendaria, musikologoa, unibertsitateko irakaslea eta biolin-jotzailea
Lantokia(k)Helsinki
Enplegatzailea(k)Helsinkiko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAlemaniako Errepublika Demokratikoko Artearen Akademia
Grand Lodge of Finland (en) Itzuli
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Lake Tuusula Artist Community (en) Itzuli
Izengoitia(k)Jean Sibelius
Genero artistikoamusika klasikoa
opera
sinfonia
incidental music (en) Itzuli
XX. mendeko musika klasikoa
art song (en) Itzuli
Musika instrumentuabiolina
pianoa

sibelius.fi
IMDB: nm0006292 Allocine: 150483 Allmovie: p111374
Spotify: 7jzR5qj8vFnSu5JHaXgFEr iTunes: 239117 Last fm: Jean+Sibelius Musicbrainz: 691b0e9d-9e57-41cf-932d-a3d21b068e75 Songkick: 211403 Discogs: 627442 IMSLP: Category:Sibelius,_Jean Allmusic: mn0000690353 Find a Grave: 1376 Edit the value on Wikidata

Sibeliusen lanaren funtsa zazpi sinfoniatan biltzen da. Beethovenek bezala, Sibeliusek ere horietako bakoitza bere estiloa garatzeko erabili zuen, baina Beethovenek ez bezala —hark sinfoniak aldarri publikoak egiteko erabiltzen zituen eta bere sentimendurik ezkutuenak lan txikietarako gordetzen zituen—, Sibeliusek bere sentimendu pertsonalak sinfonietan kanporatu zituen. Haren lanak sarri jo eta maiz grabatzen dira gaur egun ere.

Sinfoniak alde batera utzita, Sibeliusen konposiziorik ezagunenak Finlandia, Bals Tristea, biolin kontzertua, Karelia suitea eta Tuonelako beltxarga (Lemminkäinen suitearen lau mugimenduetako bat) dira. Beste lan batzuen artean Kalevala oinarri hartutako zenbait pieza daude, ahots eta pianorako ehundik gora abesti, 13 antzezlanetarako musika, Jungfrun i tornet opera ("Dontzeila Dorrean"), ganbera musika, piano musika, 21 musika koral argitalpen eta musika erritual masonikoa. Sibelius musikagile emankorra izan zen 1920ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala ere, bere Zazpigarren Sinfonia (1924), Ekaitza (1926) eta Tapiola (1926) bukatu bezain laster, ez zuen maila handiko lanik egin bizitzako azken hogeita hamar urtean. Garai horri «Järvenpääko isiltasuna» deitu izan zaio. Musika sortzen saiatu zen, bai, baita zortzigarren sinfonia bat ere, baina emaitzarik gabe. Bere bizitzaren azken aldian musika masonikoa idatzi zuen, eta hasierako zenbait lan berrargitaratu egin zituen. Halaber, musikaren garapena arretaz segitu zuen, nahiz eta beti ez zuen musika modernoa begi onez ikusi.

Bizitza eta lana

aldatu

Johan Julius Christian Sibelius Hämeenlinna herrian jaio zen, Finlandiako Dukerri Handian, suediera hitz egiten zuen familia batean. Aita Christian Gustaf Sibelius izan zuen, eta ama Maria Charlotta Sibelius. Abizena ekialdeko Uusimaako Sibbe lurretatik dator, aitaren aldeko birraitonaren jabetzakoak.[3] Aita sukar tifoideak jota hil zen 1868an, eta familia zorpetuta utzi zuenez gero, Maria Charlottak—haurdun—bere ama Katarina Borgekin bizitzera joatea erabaki zuen, Hämeenlinnan bertan.[2] Bertan jaio zen Christian Sibelius, "Kitti", Finlandian ezaguna izan zen psikiatra.[4] Hala, Sibelius emakumez inguratuta hazi izan zen; garai hartan jaso zuen eragin maskulino bakarra bere osaba Pehr Ferdinand Sibelius izan zen. Osabak interes handia zuen musikan, biolinean bereziki, eta hamar urte zituela biolin bat oparitu zion Sibelius gazteari, konposizioak harengan pizten zuen jakinmina ere mantendu nahian, besteak beste.[5] Pehrek, aitaren hutsunea betetzeaz gain, garrantzia handia izan zuen Sibeliusen musika hastapenetan.[6] Zazpi urte zituenetik bere izeba Juliarekin piano klaseak jaso bazituen ere,[7] biolina gehiago gustatzen zitzaion, eta arreba Lindak pianoa eta anaia Christianek biolontxeloa jota piano trioak jo ohi zituzten.

Horiek izan zen Sibeliusen lehen pausoak ganbera musikan, laster inguruko familiekin laukoteetan jotzen hasi baitzen, eta garaiko zenbait ganbera lanen zatiak badira, hala nola trio bat, piano laukote bat eta biolin eta pianorako suite bat Re minorren.[8] 1881 inguruko lan bati Vattendroppar («Ur tantak») deitu zion: biolin eta biolontxelorako idatzia dago, pizzicato moduan, baina baliteke ariketa soila izatea.[6][9] Konposizio bati buruzko lehenengo erreferentzia 1883ko abuztuko gutun bat da, trio bat idatzi zuela eta beste bat lantzen ari zela esateko: «Ez dira oso onak, baina egun euritsuetan zerbait egitea gustatzen zait».[10] 1881ean inguruko orkestra zuzendariaren, Gustav Levanderren, eskutik biolin eskolak jasotzen hasi zen, eta berehala handitu zen Sibeliusek instrumentuarekiko sentitzen zuen interesa.[11] Denbora oso laburrean maila handiko musikaria izatea lortu zuen, 1886ean Ferdinand Daviden biolin kontzertua eta hurrengo urtean Mendelssohnen biolin kontzertuaren azken bi mugimenduak jo zituelarik, esate baterako. Musikari gisa arrakasta izan bazuen ere, azkenean konposizioa aukeratu zuen etorkizuntzat.[12][13]

Nahiz eta suediera zuen ama hizkuntza gisa, 1874an eskolak finlandieraz ematen zituen Lucina Hagmanen eskolara joan zen Sibelius. Bi urte beranduago Hämeenlinna Lizeo Normalean jarraitu zituen ikasketak finlandieraz, 1885era arte; bertan ikasle nahiko adigalkorra izan zen, baina matematiketan eta botanikan emaitza onak lortu zituen.[10] Gainera, ikasturte bat errepikatu behar izan zuen, baina hurrengo urtean bigarren hezkuntzako azterketa gainditu eta Alexander Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zen, Finlandian bertan (egun, Helsinkiko Unibertsitatea).[14] Nahiz eta familian “Janne” esaten zioten (Johan izenaren lagunarteko forma), ikasle zela hasi zen bere izenaren frantses aldaera, “Jean”, erabiltzen: bere osaba Johan Sibelius marinelak aldaera hori erabiltzen zuen bisita txarteletan, eta unibertsitatean izen artistiko gisa erabiltzea erabaki zuen.[15] Gaur egun mundu osoan Jean Sibelius izen-deiturez da ezaguna.

Dena dela, musikaz interes handiagoa zuenez, ikasketak laster utzi zituen. 1885etik 1889ra, Sibeliusek musika ikasi zuen Helsinkiko Musika Eskolan (egun, Sibelius Akademia). Bertan, Martin Wegelius izan zuen irakasle, besteak beste. Musika ikasten segitu zuen, Berlinen lehenengo (1889tik 1890era) eta Vienan gero (1890etik 1891ra). Jean Sibelius eta Aino Järnefelt (1871-1969) Maxmon ezkondu ziren 1892ko ekainaren 10ean. Etxe bat eraiki zuten Ainola izenarekin Tuusula lakuaren ondoan, eta hantxe bizi izan ziren hil arte. 64 urte bizi izan ziren ezkonduta, eta sei alaba izan zituzten: Eva, Ruth, Kirsti (oso gazte hil zen), Katarina, Margareta eta Heidi.

 
Jean Sibelius 1913an

1911n ebakuntza handia egin zioten, ustez eztarrian minbizia zuelako. Heriotza hain hurbil ikusteak utzi zuen arrastorik egileak garai hartan egindako zenbait lanetan, adibidez, Luonnotar eta Laugarren Sinfonia.

Nazionalismo erromantikoa elementu erabakigarria izan zen Sibeliusen ekoizpen artistikoan eta bilakaera politikoan. Sibeliusek natura maite zuen, eta Finlandiako paisajeak bere musika egiteko sarri erabili zituen. Behin, horrela idatzi zuen bere Seigarren Sinfoniaz: "Beti ekartzen dit gogora lehen elurraren usaina". Askotan esan da Ainola inguruko basoek inspiratu zutela Tapiola konposizioa.

1926an Sibeliusen ekoizpena nabarmen jaitsi zen, aldi luze baterako: Zazpigarren Sinfonia egin ostean, lan gutxi batzuk soilik egin zituen, goi mailakoak. Horietatik, Shakespeareren Ekaitza lanerako egindako musika eta Tapiola poema musikatua aipagarrienak dira. Bere bizitzako azken hogeita hamar urtean, ez zuen bere musikaz hitz egiterik ere nahi izan.

Froga ziur samarrak daude Sibelius aritu zela zortzigarren sinfonia lantzen. 1931n eta 1932an Serge Koussevitzky bere lagunari agindu zion estreinatuko zuela, eta 1933an iragarri ere egin zen emanaldi bat Londresen, Basil Cameronen zuzendaritzapean. Dena dela, froga zehatz bakarra zortzigarren sinfoniarena faktura bat da, lehen mugimenduaren kopia batekoa. Sibelius beti izan zen oso kritikoa bere buruarekin; behin baino gehiagotan azpimarratu zien bere lagun minei: “Gai ez banaiz Zazpigarrena baino sinfonia hobea idazteko, orduan hura izango da nire azkena”. Zelan ez den gorde hurrengoaren eskuizkriburik, askok uste dute Sibeliusek berak suntsitu zituela partiturak, seguruenik 1945ean, jakina baita urte hartan paper asko bota zituela sutara, bere emaztea aurrean zela.

1939ko urtarrilaren 1ean nazioarteko irrati emanaldi batean parte hartu zuen, eta bertan egileak berak bere Andante Festivo pieza zuzendu zuen. Ekitaldi hura grabatu eta argitaratu egin zen, lehendabizi diskoetan eta gero CD bidez. Seguruenik adibide bakarra da, non musikagilea bera bere musika zuzentzen agertzen baita.

 
Sibelius 1939an

1955ean, 90 urte bete zituenean, musika ekitaldi bereziak egin ziren Finlandian, eta Columbia Records eta EMI diskoetxeek album bereziak atera zituzten haren omenez. Bi urte geroago, 1957ko irailaren 20an, 91 urte zituela, hil egin zen, garuneko odoljario batek jota. Ainolan bertan lurperatu zuten, lorategian. Egun berean, Finlandiako beste musikagile ezagun bat hil zen, Heino Kaski. Aino, berriz, hamabi urte gehiago bizi izan zen, 1969ko ekainaren 8an hil zen arte; senarraren ondoan lurperatu zuten. Sibeliusen heriotzaz honako anekdota hau kontatzen du Erik Tawastjerna biografoak:

“Pozez zoratzen itzuli omen zen eguneroko pasieratik, eta esan omen zion bere emazteari ikusi zuela kurrilo talde bat hurbiltzen. ‘Hementxe datoz, nire gaztaroko txoriak’, esan omen zuen. Bat-batean, txori haietako bat taldetik urrutiratu, eta zirkulu bat marraztu zuen Ainola gainean. Ondoren, bat egin zuen berriz taldearekin, aurrera egiteko”.

1972an, Sibeliusen ondorengoek Ainola Finlandiako estatuari saldu zioten. Bi urte geroago, 1974an, Finlandiako Hezkuntza Ministerioak eta Sibelius Elkarteak museo gisa ireki zuten.

Musika estiloa eta onespena

aldatu

Haren lanaren muina zazpi sinfonien bilduma da. Beethovenek bezala, horietako bakoitza ideia musikal bat garatu eta bere-berea zuen estiloan aurrera egiteko erabili zuen. Gaur ere, sinfoniak oso ezagunak dira, eta sarri jotzen dira kontzertuetan, bai Finlandian bertan, eta baita handik kanpo ere.

Johan Ludvig Runeberg-ekin batera, Finlandiaren kultur sinboloetariko bat izan zen, biek ala biek eragin handia izan baitzuten Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen, nahiz eta, harrigarria bada ere, biak ziren suediar jatorriko familietakoak.

Haren lanik ezagunenen artean daude.

  • Finlandia poema sinfonikoa.
  • Balts tristea.
  • Biolin kontzertua.
  • Karelia suitea
  • Lemminkäinen suitea, bereziki bere lau mugimenduetako bat, Tuonelako beltxarga.

Beste musikagile askok bezala, Sibeliusek ere XIX. mendeko konposizio arauak bere egin zituen. Bere garaikide askok bezala, berak ere Wagner miretsi egin zuen, baina aldi baterako soilik, geroago beste musika eredu bat hautatu baitzuen. Ferruccio Busoni eta Txaikovskiren eragina ere jaso zuen. Azken horrena bereziki nabaria izan zen Kullervo sinfonia koralean (1891) eta baita Biolin kontzertuan ere, zenbait urte geroago, 1903an.

Sibelius musikaren barne eraikuntza erabat sinplifikatzen saiatu zen. Antonin Dvořaki bezala, horrek eraman zuen melodiak bilatzera, nazioaren izaerarekin bat etorri zirenak. Mahlerek bezala, berak ere folklore nazionala eta literatura bere konposizioak eraikitzeko sarri erabili zituen. Bere Bigarren sinfoniaren bigarren mugimendua hartuta dago Don Juan liburuko pasarte batetik, non estatua bat agertzen baita ilargiaren argipean. Laugarren sinfonian, ostera, sinfonia baterako aurreikusitako lana (Mendia) poema batekin uztartzen du: hori Edgar Allan Poe idazlearen Belea lanean oinarritzen da.

Poema musikatuak ere idatzi zituen, Finlandiako poesian oinarrituak, En saga poemarekin hasi eta Tapiolarekin amaitu (1926), haren azken lan handia.

Sibelius modan egon izan da, eta modatik joanda, bietan. Bera izan zen XX. mendeko sinfonia egilerik ezagunena, eta behin eta berriro eskaini izan zaizkio ziklo osoak. Munduko orkestra zuzendaririk onenak haren musika interesatu dira, bai eta jo ere.

Oharrak

aldatu
  1. Jaiotzez izena Johan Christian Julius bazuen ere, 1890 inguruan ordena aldatu eta Johan Julius Christian erabiltzen hasi zen Sibelius, eta hala ageri da iturri gehienetan.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. Tawaststjerna, 1992, 39 or.
  2. a b Goss, 2009, 19 or.
  3. Ringbom, 1950, 8 or.
  4. (Suedieraz) «Sibelius» Nordisk Familjebok. , 281 or. (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  5. Goss, 2009, 53 or.
  6. a b Murtomäki, 2000
  7. Barnett, 2007, 4 or.
  8. Ringbom, 1950, 10-13 or.
  9. (Ingelesez) «Music becomes a serious pursuit 1881-1885» Jean Sibelius (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  10. a b (Ingelesez) «Childhood 1865-1881» Jean Sibelius (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  11. Barnett, 2007, 6 or.
  12. Grimley, 2004, 67 or.
  13. (Ingelesez) «Studies in Helsinki 1885-1888» Jean Sibelius (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  14. Ringbom, 1950, 14 or.
  15. Ekman, 1972, 11 or.

Bibliografia

aldatu
  • (Ingelesez) Barnett, Andrew. (2007). Sibelius. Yale University Press ISBN 978-0-300-11159-0. (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  • (Ingelesez) Ekman, Karl. (1972). Jean Sibelius, his Life and Personality. Greenwood Press ISBN 978-0-8371-6027-6. (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
  • (Ingelesez) Goss, Glenda Dawn. (2009). Sibelius: a composer's life and the awakening of Finland. The University of Chicago Press ISBN 978-0-226-30477-9. (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  • (Ingelesez) Grimley, Daniel M.. (2004). The Cambridge Companion to Sibelius. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-89460-9. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  • (Finlandieraz) Murtomäki, Veijo. (2000). «Sibelius, Jean (1865-1957)» in Ulpu Marjomaa 100 Faces from Finland: A Biographical Kaleidoscope. [Roderick Fletcherrek ingelesera itzulia] Suomalaisen Kirjallisuuden Seura [Finlandiako Literatura Elkartea] ISBN 978-951-746-215-0. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  • (Danieraz) Ringbom, Nils-Eric. (1950). Sibelius. Nyt Nordisk Forlag Arnold Busck (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  • (Suedieraz) Tawaststjerna, Erik. (1992). Jean Sibelius: Åren 1865–1893. Söderström & C:o ISBN 978-9-515-21445-4. (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).

Kanpo estekak

aldatu