Jean François Lyotard
Jean François Lyotard (Versailles, Frantzia, 1924ko abuztuaren 10a - Paris, Frantzia, 1998ko apirilaren 21a) frantses filosofoa izan zen.
Biografia
aldatuFilosofiako lizentzia lortu zuen 1950ean, eta doktoregoa 1971n. Hamar urtez filosofiako irakasle izan zen bigarren mailako hezkuntzan, eta ondoren, unibertsitateko irakasle, Sorbona, Nanterre eta Vincennesen. Irakasle bisitari izan zen Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan. Nazioarteko Filosofia Kolegioaren sortzaile eta presidente izan zen. Horrez gainera, ikertzaile-lana egin zuen Centre National de la Recherche Scientifiquen.
Lyotard, gaztetan, ezkerraldeko taldeetan aritu zen, eta bere pentsamendua marxismo kritikoaren barruan landu zuen. Garai horretan, fenomenologiarenganako ardura erakutsi zuen, eta gai horren inguruan idatzi zuen bere lehenengo lana, Que sais-je ("Nik zer dakit"). Baina 70eko hamarraldian, marxismoa alde batera utzi, eta pentsamendu originala antzeman zitzaion. Garai horretan nahiaren gaia landu zuen, psikoanalisiaren antzeko irizpideekin. Aldi berean, estetikaren inguruko azterketak egin zituen, margolanena, batez ere.
Lyotarden iritziz, gizarte postindustrialetan galdu egiten dira jakintza bateratzaileak, eta jakintza zatikatu moduko bat sortzen da. Jakintzen ugaritasunaren barruan bateratze bat gerta dadin, eta desberdintasunen artean komunikazio harremanak sor daitezen, Lyotardek hizkuntza-jokoek duten garrantzia azpimarratzen zuen.
Lan nagusien artean, aipatzekoak ditu: La Phénoménologie (1954, "Fenomenologia"), Économie libidinale (1974, "Ekonomia libidinala"), La condition postmoderne: rapport sur le savoir (1979, "Izaera postmodernoa"), La partie de peinture (1980, "Pintura-zatia"), Le postmoderne raconté aux enfants (1986, "Postmodernoa umeei kontatua"), Pourquoi philosopher? (1989, "Zergatik filosofatu?") eta Pérégrinations (1990, "Erromesaldiak").
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean François Lyotard |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.