[go: up one dir, main page]

Jack O'Neill (Denver, Colorado, 1923ko martxoaren 27a - Santa Cruz, Kalifornia, 2017ko ekainaren 2a) estatubatuar enpresaburua izan zen, neoprenoko bainujantzia asmatu zuena.

Jack O'Neill

Bizitza
JaiotzaDenver1923ko martxoaren 27a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaSanta Cruz
HeriotzaSanta Cruz2017ko ekainaren 2a (94 urte)
Hezkuntza
HeziketaSan Francisco State University (en) Itzuli
University of California, San Francisco (en) Itzuli
University of Portland (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakekintzailea, surflaria eta ekintzaile ekologista
Lan nabarmenak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Find a Grave: 179963638 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Jack O'Neill Denverren jaio zen 1923ko martxoaren 27an. Portlanden (Oregon) eta Kaliforniako hegoaldean igaro zuen haurtzaroa. 1930eko hamarkadaren amaieran, surf egiten hasi zen. Bigarren Mundu Gerran, pilotua izan zen.[1][2]

1949 aldean, San Frantziskon finkatu zen, eta arrantzan hasi lanean. Aisialdia ere itsasoan ematen zuen gehienbat, surf egiten, bainujantzi arrunt bat soinean, Ozeano Bareko ur hotzak jasaten urte osoan zehar. Berehala hasi zen uretan bero eusteko zerbait asmatzeko ahaleginetan, eta PVCz egindako jantzia asmatu zuen lehenik. Handik gutxira, hegaldi batean, DC-3 hegazkinean neopreno izeneko materiala erabili zutela ikusi zuen, eta harekin esperimentatzen hasi zen. Neoprenozko jantzia sortu eta pixkanaka hobetu zuen.[3]

Ordura arte, surf dendek oholak baino ez zituzten saltzen baina, 1952an, O’Neill Surf Shop zabaldu zuen eta, oholez gain, parafina eta berak asmatutako jantziak ipini zituen salgai. Ingurukoek porrota aurreikusi arren, O’Neillek surf denda modernoa sortu zuen, eta surf munduko inperio nagusietakoa abiatu. 1959an, Santa Cruzen (Kalifornia) bere izena zeraman surf denda San Frantziskotik 90 milia hegoaldera aldatu zuen, bertan eguraldia epelxeagoa zelako, eta olatuak hobeak.[3]

1960ko hamarkadan, surfak loraldia izan zuen, baita Jacken negozioak ere. Neoprenozko jantziari nylon geruza bat erantsi zion errazago jantzi eta eranzteko, eta atzean lokarri baten bidez ixten zen kremailera ipini zion. 1971n, Jacken seme Pat O’Neillek surflarien orkatila eta ohola lotzen dituen lokarria asmatu zuen; handik gutxira, aitak istripua izan zuen lokarriarekin eta ezkerreko begia galdu zuen.[3].

1980ko hamarkadan, O’Neill arropa ekoizten hasi zen, eta negozioa Europara zabaldu. 1985ean, semeen esku utzi zuen San Frantziskoko garaje batean zabaldutako negozio txiki hura, nazioarteko inperio bihurtua. Gainera, nahi izanez gero, surfaren mundua irauli eta negozioa handitu lezakeen edozein unetan; "surf shop" deituraren eskubideak zituen eta izendapen hori erabiltzen duten enpresa handi nahiz denda txiki guztiak auzipetu zitzakeen.[3].

Azken urteetan, negozioa albo batera utzi zuen. Ingurumenari lotutako hainbat proiektu sortu zituen, baita bera bezalako haur dislexikoentzako eskola bat ere. 50 urte lehenago Santa Cruzeko hondartzan erositako etxe berean bizi izan zen, olatuei begi bakarrez begira. Haren helburua ez zen milioika eta milioika dolar fakturatzea: "Nire asmo bakarra gustukoen dudana barrabilak izoztu gabe (sic) egitea zen". Eta surfean noiznahi eta nonahi aritu ahal izatea ahalbidetu zuen.[3] Santa Cruzen hil zen 2017an, 94 urte zituela.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Roberts, Sam. Jack O’Neill, Surfer Who Made the Wetsuit Famous, Dies at 94. The New York Times, 2017ko ekainak 5, nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
  2. Jack O’Neill. surfline.com (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
  3. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. Surfa berotu zuen gizona. Argia, 2009-09-06, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2014-11-8).