[go: up one dir, main page]

Hatxe letraren eztabaida euskara batua sortzeko garaian euskaltzaleen artean egondako eztabaida eta liskar handi bat izan zen. Batuaren sorreraren testuinguruan, H hizkiak karga politiko handia hartu zuen, ez baitzegoen adostasunik haren erabileraren inguruan. Kontu filologiko hutsa izatetik urrun, eztabaidak euskal gizarteak hartu beharreko norabideari buruzko iritzi ezberdinak barnebiltzen zituen. Kontua asko sinplifikatuz, "H"aren aurkakoak EAJren mendebaldeko eskuin nazionalismoaren girokoak ziren gehien bat; aldekoak, berriz, ENAMen inguruan zebilen belaunaldi gaztea.

Sarrera

aldatu

XX. mendeko 60ko hamarkada aldaketa sakoneko garaia izan zen euskal gizartearentzat. Politikoki, belaunaldi berri bat gerra aurreko nazionalismo aranista atzerakoiarekin hausten ari zen. Aldi berean, Francoren diktadurak zapaldutako langile borroka indarra hartzen ari zen berriro ere. Munduan zehar ere, aldaketa politiko sakonak gertatzen ari ziren: Aljeriako independentzia gerra, AEBko eskubide zibilen aldeko borroka eta Frantziako 1968ko maiatzeko protestak aipatu litezke, besteak beste[1] .

Testuinguru gatazkatsu horretan sortu zen euskara batua, baina prozesu erraza eta baketsua izatetik urrun, batasunaren aldeko borroka garaiko eztabaida politikoen isla izan zen. Batuaren alde eta kontrako tirabiran “H” letra sinbolo gisa hartu zen. Letra honen erabileraren inguruko eztabaiden atzean, ordea, euskal gizartea eta euskal nazioa ulertzeko ikuspuntu ezberdinak ezkutatzen ziren.

Historia

aldatu

Frankismoak euskararen aurkako errepresio politiko gogorra ezarri zuen Hego Euskal Herrian, (ikus euskararen jazarpena XX. mendean), eta euskal kulturarekin nahiz euskal abertzaletasunarekin lotutako alderdi eta erakunde gehienak legez kanpo jarri ziren Espainiako Estatuan. Euskaltzaindia, ordea, ez zen sekula legez kanpo utzi, besteak beste, errege-akademia izateak ematen zion babesagatik eta haren buruak eliz-gizon zirelako gehien bat edo bestela, Julio Urkixo kasu, Elkarte Tradizionalistakoa frankismoarentzat errespetuzko gizonak zirelako. Gainera, Pedro Sainz Rodriguez ministroak haren egoitza konfiskatua zegoenaren ustea zabaldu zuen[1].

1941ean, gerra amaitu eta bi urtera, Resurreción Maria Azkuek, frankisten eskutan zegoen Bizkaiko Aldundiaren baimenarekin, Euskaltzaindia berriz abian jarriko zela adierazi zuen. Pixkanaka, jende berria hasi zen bertan sartzen, besteak beste, Federiko Krutwig (26 urterekin, inoiz izendatutako Euskaltzain gazteena) eta Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi”. 1950ean Julio Urkixo hil zen, eta Krutwigen eskakizunei jarraituz Euskaltzaindiaren bilerak euskaraz egiten hasi ziren, lehenago ez bezala. Pixkanaka, jaialdiak, kongresuak eta literatura lehiaketak antolatzen hasi ziren berriro.

Euskaltzaindiak, ordea, muzin egiten zion ziur aski bere erronka handiena zenari: euskara batzeari, hain zuzen ere. Akademiaren immobilismoaren aurrean, 1963an Txillardegik beste idazle eta kultura figurekin batera Hizkuntza Saila sortu zuen Baionan, Eusko Idazkaritzaren baitan. Bertan ETA, Enbata, EAJ eta eliza katolikoaren ordezkariak bildu ziren zortzi hilabetez; besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” (ETA), Eneko Irigarai (ETA), Jean-Louis Davant (Enbata), Telesforo Monzón (EAJ), Jesus Solaun (EAJ) eta Pierre Andiazabal eta Roger Idiart apaizak [1].

1965ean, Euskal Herriko osoko kulturgile eta irakasleak elkartu zituen bilera irekia egin ostean, txosten bat atera zen Jakin aldizkarian euskararen ortografia arautzeko oinarri batzuk ezartzen zituena. Erabakien artean, euskaraz  idaztean “H” batzuk erabiliko zirela. Hiru urte beranduago Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarra egin zuen euskara batuaren inguruko erabakiak hartzeko. Bertan Koldo Mitxelenak Baionako Biltzarreko erabakietan oinarritu zela aitortu zuen[2].

1968an Koldo Mitxelenak Arantzazuko Batzarrean hatxe letraren kontu polemikoan nolabait erdiko bidetik jotzea proposatu zuen. Bokalen aurrean eta bokalen artean ekialdeko tradizio idatzian finkatuta zeuden hatxeak mantentzea proposatu zuen, eta ekialdean kontsonante batzuei lotuta idazten ziren hatxeak ez idaztea. Horrela, <lh>, <nh>, <rh> eta <ph>, <th>, <kh> (leherkari hasperendunak eta /ph, th, kh, ch/)... ipar-ekialdeko kontsonante hasperendunak euskara batuaren ortografiatik at uztea proposatu zuen Mitxelenak 1968an.

Handik urte batzuetara, Luis Villasantek gaztelaniaz liburu bat eman zuen argitara kontu polemiko hau argitzeko: La H en la ortografía vasca[3]. Villasantek behin baino gehiagotan[4] kontatu zuen H letraren auziak zelako polemikak sortzen zituen bere garaian eta nola horrelako eztabaida batean Piarres Lafitte apaiza oso apal H letra horri grafian uko egiteko prest agertu zela, mendebaldekoen nagusitasuna apal-apal onartuz, eta bide batez adieraziz H horiek idatzi edo ez idatzi, ekialdekoek ahoskatzen segituko zutela... Hortxe aldatu ziren, nonbait, mendebaldeko batzuen gogoak eta Mitxelenaren proposamenak aurrera egin zuen, Luis Villasante beraren eta beste batzuen laguntzaz.

Euskara garbia eta euskara mordoiloa

aldatu

Orokorrean, aranismoarekin lotutako belaunaldi tradizionalista eta erlijiosoa euskara batuaren aurka posizionatu zen. Hauek euskara “garbiaren” alde zeuden,  etimologikoki puruak ziren hitzak soilik onartu nahi zituzten, euskaratik zetozenak, beste hizkuntzetatik hartutako maileguak baztertuz. Abertzale hauei “garbizale” esan ohi zitzaien. Euskaran errotuak zeuden baina beste hizkuntzetatik zetozen hitzak ordezkatzeko hitz berriak asmatzen zituzten, adibidez, “arraza, aingeru eta mundu” hitzen lekuan “enda, gotzon eta ludi”. Hego Euskal Herrian “H”-a erabiltzeko ohiturarik ez zegoenez, hasieratik letra arrotz gisa ikusi zuten.

Kontrako aldean euskara “mordoilo”-aren aldekoak zeuden, belaunaldi berria, laikoa, politikoki aurrerakoia, eta askotan, euskaldun berria. Hauek euskaran sustraitutako hitzak onartzearen alde zeuden, baita “H”-ren alde ere. Besteak beste, “H”-a Ipar Euskal Herrian erabiltzen zela argudiatzen zuten, eta bere lekua zuela bertoko tradizio literario luzean, (Bernart Etxeparek eta Joanes Leizarragak, esaterako, erabiltzen zuten, idatzizko tradizioaren hasiera-hasieratik, eta lehenago ere idatzi zela gauza jakina zen, ahoskatuko zenaren seinale). Gabriel Aresti, Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” eta Xabier Kintana ditugu euskara batuaren alde egin zuten belaunaldi berri honetako kide batzuk[1].

Aresti berak euskara “klaroa” defendatu zuen (propio erabiliz erdaratik hartutako hitza), eta bere hizkuntzarekiko posizioak bere ideologiarekin bat egiten zuen: euskara argi bat nahi zuen, jendeak ulertuko zuena, jendeak ikasi ahalko zuena[1].

Batuaren eta “H”-aren alde eta aurka zeudenen baitan talde ideologikoak zeudela defendatu da, baina ezin da ahaztu ezin direla Luis Villasante eta Koldo Mitxelena bezalako hizkuntzalariak, euskara batua hatxedunaren aldekoak biak, Aresti eta Txillardegiren multzo ideologikoetan kokatu[1].

Aurkako erreakzioak

aldatu

Euskal gizartearen sektore batzuek Euskaltzaindia Baionako Biltzarraren aurrean makurtu zela interpretatu zuten, eta taxutzen ari zen euskara batua Sabino Aranaren nazionalismo erlijiosoaren aurkako eraso gisa ulertu zuten. Horren adibide dugu 1982an Bixente Latiegi eta Dunixi Onatibiak argitaratutako liburua, Euskaltzaindiari epaiketa (1982) izenekoa. Bertan, Manuel Lekuona Euskaltzaindiaren buru zenaren hitzak aipatzen dituzte:  

“Iru gauza burutu zituala Arana-Goiri’k (...), eta iru gauza oiek auek diala: Jaungoikoari dagokion sinismena, Elizaganako leialtasuna, eta Euskal-idazkeraren batasuna. Iru gauza orien aurka jeiki zirala ETA’ren asieran iraultzalleak Laburdi’n, Jaungoikoa kenduta Euskadira sozialismua ekarri naiean. Eta iraultza berri honen ikurrintzat H-a hartu zutela. Gorrototik jaioa dala, beraz, euskeraren barruan sortu zaigun iskamil au guzia: Arana-Goiri’tar  Sabin’eri iraultzalari auek zioten gorrototik jaioa”[5]

Ez ziren bakarrak izan. Urte batzuk lehenago José Arenazak Tus hijos y el euskera: el mito del “batua” (1974) liburua argitaratu zuen. Haren azalean, gorri koloreko “H” batetik ateratako tximistak baserri bat pitzatzen zuen.

“La h es un símbolo político aunque lo nieguen muy sesudos señores, aunque vayan vestidos de seráficos hábitos. Tan político como puede ser la hoz y el martillo, la cruz gamada o las dos a la vez. Hemos mantenido la tesis de que la ortografía achista no es más que el intento de politizar el euskera, rompiendo los moldes tradicionales, como una rama más de lo que se intenta romper: la familia, el derecho a la educación cristiana, nuestras costumbres peculiares, nuestra personalidad etc., como medio para conseguir una juventud sin moral, sin sentimientos ni conciencia de pertenecer a un pueblo con unas costumbres discutibles pero indiscutiblemente mejores de las que nos proponen a juzgar por las muestras que vemos (...) no hay duda de que todos los amigos (abiertos o camuflados) de la iglesia utilizan la h de cuya utilización son propugnadores y forzadores” [6].

60ko hamarkadan, euskara batuan idazten zuten idazleek zentsura jasan behar izan zuten beraien posizio linguistiko-politikoak zirela eta. Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkariek, adibidez, Arestiren artikuluak argitaratzeari utzi zioten, edo ortografia eta morfologia aldatzen zioten. Lur argitaletxeko idazleei ez zieten utzi 1965eko lehenengo Durangoko Azokan posturik jartzen. Argitaletxea euskara batuaren alde zegoen, eta bertan argitaratzen zituzten liburuak Arestik, Ramon Saizarbitoriak, Arantxa Urretabizkaiak eta Ibon Sarasolak, besteak beste[1].

Denborarekin, ordea, euskara batua eta beraz “H”-aren alde zeudenak gailendu ziren, eta 1970ean batuaren aurkako Manuel Lekuonak Euskaltzainburutza utzi zuen (edo bota egin zuten, bertsioaren arabera). Haren lekua Luis Villasante euskara batuaren aldeko fraide frantziskotarrak hartu zuen. 1981ean EAJ-k batuaren aurkako sektorea bota zuen alderditik[1]. Ezin ahaztu Koldo Mitxelena EAJ alderdian itzal oso handiko gizontzat zutela, Juan Ajuriagerraren idazkaria izandakoa[7], eta ELA eta EAJ inguruko militantziagatik urteak espetxean igarota ere, sekulako karrera akademikoa aitortzen zitzaion; bere garaian, ideologiak ideologia, Mitxelena izan zen euskal hizkuntzalaritza kontuetan erreferente nagusia.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h Amezaga, Etxebarria, A. (2016). Harritik herrira. Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014. EHU.
  2. Alvarez Enparantza, J.L. (1995). Euskal Herria helburu. Amaiur.
  3. (Gaztelaniaz) Villasante, Luis. (D.L. 1980). La h en la ortografía vasca : razones y motivos, reglas : catálogo de voces con comentario. Edit. Franciscana Aránzazu ISBN 84-7240-119-7. PMC 9083349. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. (Gaztelaniaz) Villasante, Luis. (1980). Hacia la lengua literaria común. (3a. ed. argitaraldia) Ed. Aranzazu ISBN 84-7240-117-0. PMC 249509900. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  5. Latiegi, B.; Oñatibia, D. (1982). Euskaltzaindiari epaiketa.
  6. Arenaza, J. (1974). (Gaztelaniaz) Tus hijos y el euskera: el mito del “batua”. Editorial Vizcaína.
  7. (Gaztelaniaz) Ibarzábal, Eugenio. (1977). Koldo Mitxelena. Erein ISBN 84-85324-02-1. PMC 4497755. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Kanpo estekak

aldatu