[go: up one dir, main page]

Bokal ahots-korden bibrazioaz sortu eta glotisgaineko barrunbetik trabarik gabe igaroz gauzatzen den fonema da[1]. Beste definizio batek dio bokala dela aire-etorriari traba gutxien egiten dion hots mota[2]. Kontsonanteak ahoskatzean, berriz, ahots-traktuan traba edo itxiera bat dute. Bokalak silabikoak dira, silaba osa dezaketen hots irekienak dira[2]: haiek bezalako soinua baina silabikoa ez denak erdibokal du izena.

Nazioarteko IPA sistemaren araberako bokalak: aitzinekoak, erdikoak eta atzekoak. Ahoaren zabalera eta mihiaren kokapenari begira egindako sailkapena.
Aurreko bokal batzuk. Aho-kordek dar-dar egin eta airea botatzean, mihiaren irekiduraren arabera, halako bokalak ahoskatzen dira.
Atzeko bokal batzuk.
Nazioarteko Alfabeto Fonetikoko bokalak.

Hitza latinezko vocalisetik ("ahotsarekin") dator: hizkuntza gehienetan, hitzak ezinezkoak dira bokalik gabe. Hitzak bai soinuak bai idatzizko zeinuak izendatzeko balio du[3].

Suediera bezalako hizkuntzetan dozena bat bokal baino gehiago bereizten dira, fonemak dira. Mingainaren malgutasunari esker, ahoska daitezkeen bokalak infinitu dira. Hizkuntza bakoitzak, baina, bere fonema bokaliko bereizten ditu, beti oso kopuru mugatuan. Latinez, esate baterako, garai klasikoetan hamar bokal bereizi ziren: bost luze eta beste bost labur. Gaurko hizkuntza erromanikoetan, hamar horiek baino gutxiago bereizten dira, frantsesez salbu.

Bokalen sailkapena

aldatu
 
Bokalak ahoskatzerakoan, hitz egiterakoan, aireari trabarik gabe irteten utziko zaio fonazio-organoen artean. Fonazio-aparatua gehiago edo gutxiago irekiko da, ahoaren alde batetik edo bestetik.

Ahoaren zabalera eta mihiaren kokapena begiratzeaz gain (ikus eskuineko bigarren diagrama), bokalak sailkatzerakoan, ahotsaren indarrari eta doinuari erreparatzen zaie, baita bokalaren iraupenari ere.

Azentuari dagokionez, bokal ahulak eta bokal azentudunak-edo bereizten dira. Bestalde, Asiako zenbait hizkuntzaz (txineraz, vietnameraz, birmanieraz, thailandieraz, kasu), doinuari lotutako bokal bereizketak egiten dira.

Bokalak ahokariak ala sudurkariak dira. Ahokariak ahoaz soilik ahoskatzen dira (euskarazkoak horrelakoak dira); sudurkarietan, ordea, erresonantzia sudurraren barrunbean ere gauzatzen da. Frantsesak halakoak ditu: mai ahokaria (maiatza) eta main sudurkaria (eskua) bereizten dira, hurrenez hurren, /me/ eta /mɛ̃/ ahoskatzen direlako.

Azkenik, beste hizkuntza batzuetan iraupenak du garrantzia eta bokal luzeak eta bokal laburragoak bereizten dira. Horrela, latin klasikoan, esate baterako, bokal luzeak eta laburrak zeuden.

Euskararen bokal sistema

aldatu
 
Euskal bokalen diagrama bat. Ahoaren irekiera eta mihiaren kokapenari begira egindako sailkapena.
 
Gaztelaniazko bost bokalak, euskalki gehienetan dauden bostetatik oso hurbil.

Euskarak bost fonema bokaliko ditu egun eta gaztelaniazko sistema bokalikoarekin harreman handia izan arren, bokal horien gauzatzeak desberdinak dira bi sistemetan[1]. Zubereraz seigarren fonema bokalikoa agertu da: /y/, grafian ü zeinuaz irudikatua: goiko bokala da, aitzinekoa, baina ezpainak apurtxo bat biribilduz ahoskatua. Bilakaera historiko horiek antzeman izan dira zubererazko zenbait testuingurutan: /u/ > /y/ > /i/.

Bokalak egun ahokariak dira, oro har, baina zubereraz badago sudurkaririk. Erronkarieraz ere —XX. mendean galdutako euskalkia— halakoak zeuden eta bizkaiera zaharrak ere ba omen zituen[4][5].

Egun, ez dugu bokal ahul eta indarturik bereizten, ezta bokal luze eta laburrik ere. Horrez gain, ez dago doinuaren balio fonologikorik: fonologikoki antzeman beharreko ezaugarriak ahoaren zabalera eta mihiaren kokapena dira.

Diptongoak eta hiatoak

aldatu

Bi soinu bokaliko elkarren ondoan suertatzen direnean diptongoa edo hiatoa sortzen da.

Diptongoetan bi soinu bokalikoak silaba berean elkartu egiten dira. Haietako bat laburragoa da eta erdibokal esaten zaio, bokalaren ondoren badator (adibidez, gai, gau, goi monosilaboetako beheranzko diptongoak) ala erdikontsonante, bokalaren aurretik baldin badoa (jan eta jo goranzko diptongoak, euskara batuaren arabera ahoskatuz gero, edo higuin, eguena). Erdibokal horiek goiko bokal itxietatik oso gertu daude. Euskaraz berezko diptongoak dauzkagu, aurreko adibideetakoak bezala, eta sortuak, kontsonante baten galeraren ondorioz sortuak (eguna > euna; lagunari > lagunai).

Hiatoetan bi bokal elkarren ondoan agertzen dira baina ez dira biak silaba bakarrean elkartzen, silaba banatan bereizita baizik: adibidez, ia, hiatoa.

Ikus, baita

aldatu


Erreferentziak

aldatu
  1. a b Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Bokal. .
  2. a b Miren Lourdes Oñederra Olaizola: Fonetika fonologia hitzez hitz. EHU. 2004. (60. or.)
  3. Johnson, Keith. (2003). Acoustic & Auditory Phonetics. Blackwell ISBN 1-4051-0123-7..
  4. Ikus: Koldo Mitxelena: Fonética histórica vasca. [1961, 1977]. 1985.
  5. Joseba Andoni Lakarra: Refranes y Sentencias (1596), Ikerketak eta edizioa. Euskaltzaindia. 1996. Bilbo.


Kanpo estekak

aldatu


Hizkuntzalaritza  Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.