Harreman publikoak
Harreman Publikoak gizarte zientzietan aplikatzen den artea da, eta bere helburua gizartearen interes publikoa eta pribatua batzea da. Horretarako, komunikazio korronteak sustatzen dituzte, antolakundearen publiko ezberdinen konfiantza eta sinesgarritasuna lortzeko antolakundearekiko.
Harreman Publikoek (HHPP) kontuan izan behar dute morala eta etika, horiek barik profesionalen lanak ez baitu zentzurik. Enpresaren barnean interes propioa bilatzen denean HPko adituak dira gizartearenganako etika mantentzen dutenak, eta horrela lortzen du komunikazioa. Bestalde, beste hainbat funtzio ere baditu giza-zientzia honek (lan osoan zehar azalduko direnak), eta funtsezkoena komunikazio sistema da; HPak komunikatzeko tresna dira enpresarentzat, eta izen ona lortzen eta mantentzen laguntzen dute; eragina dute gizarteak erakundearekiko duen iritzian. Hala ere, badaude zenbait eragozpen: zaila bada ere, Harreman Publikoek enpresa baten komunikazio ekintzetan proaktibo izaten dakite; horrek esan nahi du arazoa konpontzeko garaian lehenagotik pentsatua izan denez, krisia ekiditeko edota konpontzeko erraztasunak daudela, lana aldez aurretik egin delako: krisiak aurrikusi egiten dira, egoerak irudikatzen dira badaezpada ere.
Hiru aspektuetan pertsuasiorako bidea bilatzen da, eta publikoak biribil batetik bestera bideratu nahi dira, enpresaren helburua bete dadin.
- Kognitiboa: publikoak enpresaren produktua ezagutzen du eta badaki zer den.
- Afektiboa: produktua zer den jakin ondoren, iritzi bat sortzen du pertsona bakoitzak produktuaren inguruan. Enpresak jarrera positiboa bilatzen dute pertsonengan hurrengo pausoan emaitza positiboa izan dadin.
- Konatiboa: pertsonak produktuari buruz duen iritziaren arabera, produktua eskuratu nahiko du edo ez. Emaitza negatiboa baldin bada, enpresek ahaleginak egiten dituzte berriz ere hasieratik hasteko eta prozesu osoa modu positiboan bete dadin.
Historia
aldatuHarreman Publikoen historia erraz laburbildu daiteke: hasiera batean HPek ospe txarra zuten, helburu maltzurrak lortzeko erabiltzen baitziren. Jendea manipulatu nahi zen; garaiko leloak zioenez, gizartea kontrolatuta eta txotxongilo gisa eduki behar zen. Hedabideen bitartez propaganda egiten zen eta gizartea oinarri maltzurra zuten gerren alde egotea nahi zen. Iritzi publikoak ez zuen axola eta mozkinak lortzea zen helburu bakarra.
Geroago iritsi zen informazioaren garaia: enpresetatik publikorantz joaten zen informazioa. Urruti dauden taldeen artean konfiantza giroa sortu nahi zen. Iritzi publikoa garrantzitsua zen eta, are gehiago, enpresaburua langileen artean nahasten hasi zen, ikus zezaten enpresako partaide zela, eta ez jaun eta jabe bakarrik. Horrela hasi zen HPak enpresa barnean jarduten, eta ez kanpoan bakarrik.
Gaur egun Harreman Publikoek ospe hobea lortu dute eta enpresa eta instituzio ia guztietako saila da; euren ekintzak eguneroko lana dira eta gaur egungo adituek etika profesional handiagoa dute. HPek orain komunikazio egonkorra eta iraunkorra lortzen dute enpresa edo erakunde eta publikoaren artean. Horrela, merkatuaren mundua gertuago dago guztientzat.
Historiako aurrekariak
aldatuAntzinatik dator herria pertsuaditzeko beharra. Betidanik publikoaren iritzia moldatu edo bereganatu nahi izan da. Horretarako, jendea informatu beharra dago eta teknika idatzia da eraginkorrena. Egipton, esaterako, apaizek pertsuasio teknikak erabiltzen zituzten publikoak euren erlijioa jarrai zezaten. Mesopotamian, bestalde, nekazaritza teknikak harrietan markatzen ziren iraunkorrak izateko asmoz. Grezian oso ezagunak ziren herria bideratzeko hizlariak, politikariak eta sofistak (aholkulariak). Erdi Aroan, aldiz, ilunpeko garaia bizi izan zuten, herriaren iritzirik ez zen kontuan hartzen Eliza eta Inperioaren botereak zirelako nagusi. Pizkundea heldu zenean berreskuratu zen iritzi publikoaren garrantzia eta Erreforma garaia izan zen. Protestanteen artean, Gregorio XV.ak fede kristaua zabaltzeko helburua betetzeko propaganda institutua sortu zuen.
Industri Iraultza iritsi baino lehen bazeuden zenbait gabezia; esaterako: irudi eta iritzi publikoarekiko hausnarketa sistemikoaren falta nabaria zen, publiko horretan eragiteko tekniketan metodologia eskasia zegoen eta orduko egoera sozio-ekonomikoa zein politikoa ahaztuta utzi zituzten.
Harreman Publikoen eskolak
aldatuBi adar ideologiko nabarmentzen dira diziplina honetan, eta horietkao bakoitzak helburu propioak ditu:
- Eskola estatubatuarra: erakundearen irudiaren zainketaz arduratzen da, sistema sozial-ekonomikoa eta politika kapitalista defendatzen ditu. Eskola honetan azpimarratu behar dira Ivy Lee, Edward Bernays, Philip Lesly, Miller eta Cutlip-Center.
- Eskola europarra: elkarlaguntzako eta konfiantzako harremanak osatzea du helburua. Europako Harreman Publikoetan adituak izan dira Lucien Matrat, Lougovoy, Linon, edota de Urzaiz.
XX. mendea
aldatu- Sam Adams (iraultzailea). AEBtako Independentzia Gerran propaganda antibritanikoa egin zuen, eta komunikazioa zuzendu. 1775. urtean abertzaletasunez beteriko mezuak Koro Britanikoaren aurka jarri zituen. Komunikazio Komiteak sortu zituen horretarako: Sons of Liberty klubak.
- Amos Kendall (kazetaria). Andrew Jackson presidentearen aholkularia izan zen. Diskurtsoak idatzi, Estatuko dokumentuak garatu, mezu anitz prestatu, eta batez ere prentsarekin harremanak antolatzen zituen. The Globe (gobernuaren egunkaria) bultzatu zuen.
- Phineas T. Barnum (enpresaburua). Barnum and Baley zirkuaren jabe izan zen. Azpijoko publizitarioak erabili zituen(161 urteko atsoa…). Helburua negozioak aurrera egitea izan zen, eta horretarako presnta erabili zuen bide gisa; bere leloa: The public be fooled (publikoa engainatu beharra dago).
1930etik gaur egun arte
aldatuDepresio garaia
aldatuEgoera ekonomiko txarra bizi zen eta Harremn publikoetako ekintzak noizbehinkako defentsa ahaleginak izatetik programa positibo iraunkorrak izatera pasatu ziren. II. Mundu Gerra AEBetan izan zenean Harreman Publikoen eragina ezinbestekoa izan zen.
Bigarren Mundu Gerra
aldatuEgoera militar eta politikoa larria zen. Gizarte amerikarra informatzeko, 1935an McArthur generalak HPen sail bat sortu zuen. Ondoren, armadako sail guztiek bazuten HPetako departamentua. 1942an Office of War Information (OWI) sortu zen helburu hauekin: estatu bonoen salmenten sustapena, janari banaketa, militarren erreklutaketa eta fabriketako produktibitate eta efizientziaren bultzada.
Gerraostea
aldatuHarreman Publikoek ospea, onarpena eta profesionaltasuna lortu zuten garai honetan. 1947an Bostongo Unibertsitatean lehenengo HPetako fakultatea ireki zen. Earl Newson izan zen garai honetako profesionalik garrantzitsuena. 1945ean Standard Oil kontratatu zuen eta Henry Ford II.a pertsona publiko bihurtu zuen.
1954an Public Relations Society of Americak (PRSA) lehen etika kodigoa sortu zen HPetako lanbidearen mesedetan. Enpresa eta Gobernuaren arteko harremanek garrantzia irabazi zuten. Garai berriak zetozen: kontsumismoa, ekologismoa, eskubide berdintasuna, energia nuklearra... Vietnamgo Gerra zela eta Harreman Publikoen tekniken berrikuntza azkarra eman zen eta metodología berriak erabiltzeko premia sortu zen: audientziaren neurketa, ingurumenaren azterketa, plangintza estrategiak... HPek statusa lortu zuten.
Gaur egun
aldatuEnpresa eta instituzio guztietako saila da, bere ekintzak eguneroko lana dira eta gainera, iraunkorrak. Programak positiboak dira, eta ez defentsiboak. Profesionalek etika profesional handiagoa dute gaur egun lehen baino.
Etorkizunera begira zenbaitatu aurkeztu behar dira:
- 3.000 enpresa baino gehiago daude HPetako sail propioarekin
- 1.400 HP agentzia
- PRSAk 14.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun.
Harreman Publikoko kanpaina baten egitaraua
aldatuEnpresa batentzako Harreman Publikoko kanpaina bat egiteko modu asko erabili daitezke, baina guztiek badute oinarri amankomun bat. Kanpainaren egitarauak hurrengo urratsak jarraituko ditu:
1. Egoeraren azterketa: lehen puntu honetan ikerketak hartzen du garrantzia; edozein mugimendu egin baino lehenago jakin behar baita enpresaren kokapena eta baliabideak, kanpaina eraginkorragoa eta egonkorragoa izan dadin.
2. Proposamenaren asmoa: kanpainarekin zer lortu nahi den definitu behar da: zer-nolako emaitzak espero diren jakin behar da, egoeraren azterketa kontuan edukiz. Enpresa batek egin dezakeen bidea ez da ahaztu behar, gehiago eskatzen bada emaitza ez delako positiboa suertatuko.
3. Xede taldeak: zein audientzietara zuzenduko den kanpaina. Taldeak bereiztu egiten dira eta horietako bakoitzari kanpaina nola zuzendu determinatzen da.
4. Ikerketa modua: ikerketa lehen mailakoa edota bigarren mailakoa izan daiteke. Lehenengoan informazio-iturria profesionala bera da, inkesten bidez jasotzen dituzte datuak; hau da, adituek egindako informazio bilaketa da. Bigarrenean, ordea, dokumentu edota liburuetatik jasotzen da informazioa: lehenago beste norbaitek bildutako informazioa da.
5. Mezu gakoak: xede taldeak definitu ondoren, horietako bakoitzari zer transmititu nahi den erabaki behar da, eta horietatik zer jasotzea espero den; horrela finkatuko dira esloganak eta enpresa identifikatzeko erabiltzen diren esaldiak.
6. Komunikazio bideak: audientzia bakoitzera zuzentzeko hainbat baliabide erabil daitezke helburuaren arabera: hitzaldiak, ekintza bereziak, dossierrak, gutunak, gonbiteak... Komunikazio baliabide horien bidez enpresa xede taldeetara gerturatzen da eta horiekin harremana lortzen du.
7. Proiektu taldea: kanpainan zein pertsonek egingo duten lan definitzen da. Batzuetan Harreman Publikoko profesionalak bakarrik nahikoak izaten dira; beste batzuetan, berriz, enpresak beste talde batzuk kontratatu behar ditu publikoen interesen arabera. Adibidez, preskriptoreak erabil ditzake publikoak enpresa hobeto identifika dezan.
8. Denbora: Harreman Publikoko proiektu batek denbora jakin bat izan dezake. Kanpainaren iraupena determinatzen da. Erabakia enpresaren interesen arabera hartzen da eta kontutan edukitzen dira proposamenaren asmoa eta audientzien beharrizanak.
9. Aurrekontua: proiektuek gastuak dakartzate eta kostu horiek aurrikusi egin behar dira jakiteko enpresaburu ondo dagokion edota beste aukera batera jo behar den.
Kanpainaren ondoren, hausnarketa egitea komeni da, bai Harreman Publikoko adituen aldetik zein enpresako zuzendarien aldetik ere. Emaitzak nolakoak izan diren ebaluatu behar da eta kanpaina abiarazi baino lehenago espero zena lortu den edo ez.
Kontzeptuak
aldatuHarreman Publikoen zeregina ulertzeko ezinbestekoa da barne eta kanpo egitura ulertzea.
Zuzendaritza funtzio gisa
aldatuArdura orokorrak eta zehatzak ditu. Zenbait ekintza Zuzendaritzako kide guztiekin egin behar ditu; esaterako: barne eta kanpo publikoarekiko komunikazioan denbora asko eman behar du, talde lana bete behar du. Zuzendaritzako kideak helburu, filosofia eta politika definitzea du zereginetako bat. Argi determinatu behar du erakundea zer den, zer egin behar duen eta gizarteak zer nahi duen eta zer espero duen erakundearengandik. Zuzendaritzak egingo ditu aldaketak ingurunera eta gizartera egokitzeko asmoarekin.
Komunikazio gisa
aldatuGuztiek komunikatu behar dute zerbait, baina arduradunak daude esplizituki horretarako.
- Teknika eta gaitasunak: idazteko eta hitz egiteko trebetasuna behar dute. Teknikak, ikerketak, planen formulazioa eta emaitzen gora-beherak menperatzeko gaitasuna ezinbestekoa dute.
Idatzi/hitz egin trebetasuna, teknikak, ikerketak, planak formulatu, emaitzak neurtu
- Eginbeharrak eta ekintzak: prentsa oharrak idatzi, konferentziak prestatu, urtekariak osatu, barne aldizkaria aurrera eraman... Kanpainak egin behar dira komunikazio tresna gisa arazoak baldin badaude.
- Sistemak: Informazioa biltzeko metodo sistematikoak erabili behar dira, medioekin berrezarritako harremanak mantendu eta kontsumitzaile taldeen eraketa egin behar da, ikuspuntu eta perspektibak zabaltzeko komunikazio-sistema osatzen da.
- Sistemen eraginkortasuna: Bide bikoitza duen komunikazio sistematikoa mantendu behar da.
Iritzi publikoan eragiteko medio gisa
aldatuGizartea eta HP elkar ulertzea posible izan dadin plangintza errazak edo konplexuak erabili ohi dira, kasuaren arabera.
- Publikoekiko harremanak ezartzen: Entitatea sentsibilizatu behar da, publikoaren espektatiba eta entitatearen irudiari dagokionez
- Iritzi publikoa interpretatzen: publikoaren informazioa garatu behar da mezurik garrantzitsuenak kontuan hartuz.
- Erantzukizun soziala betetzen: entitateek euren ekintzen ondorioen ardura hartu behar dute. Harlowek zioenez, erakundeak jarrerak moldatu behar ditu, erantzukizun sozial, politiko eta ekonomikoak betetzeko, publikoaren beharrizanak, arauak eta jarrerak aldatzean. Erakundeak erantzukizun soziala erakutsi behar du, onuraren erantzukizunarekin batera.
Publizitatearen eta Harreman Publikoen arteko aldea
aldatuBeti lotu izan dira Publizitatea eta Harreman Publikoak, lehen begiratu batean antzeko lana egiten dutela dirudielako. Baina baliabideak, funtzioak eta baita helburuak ere, desberdinak dira bien artean. Argi eta labur azaltzen du Al Ries adituak zalantza ezabatu dadin puntu gutxi batzuk zenbatuta: <img alt="Al Ries aditua" src="https://web.archive.org/web/20070926061047/http://www.ries.com/images/aboutus-alries1.jpg">
- Publizitatea haizea da. HPak eguzkia = Publizitateak harridura bilatzen du. Zenbat eta gehiago sartu nahi iragarki bat bezero potentzialen buruetan, orduan eta zailagoa izango da helburua lortzea. Gutxitan jartzen dio arreta bezero potentzialak iragarkiari. HPak euren materiala erabilgarria izateaz arduratzen dira. Bezero potentzialak uste du komunikabideek produktu edo zerbitzu berri itzel batez informatzen duela.
- Publizitatea espaziala da. HPak linealak = Publizitate kanpainak data jakin batean ateratzen dira argitara, komunikabide jakin batean (irrati, telebista, etab.). Harridura desagertu denean bezero potentzialaren jokaerak berdin jarraitzen du. HPak pixkanaka eginiko lanak dira. Alegia, batera egin dezakete lan. Publizitatea iragankorra da.
- Publizitateak inpaktu handia bilatzen du. HPek pixkanakako sorrera = Publizitateak lan dena kolpean egiten du, eta ez da horretarako gai. HPek zenbait urrats jarraitzen dituzte lana denboran eta fokoetan banatuz. Pixkanaka eginez gero lana, eragina handiagoa izango da.
- Publizitatea bisuala da. HPak berbazkoak = Iragarkiek irudiak erabiltzen dituzte iragarki batean hitzak ez direlako sinesgarriak. Hala ere, pentsamenduak hitzekin egiten du lan. Bezero potentzialak aukeraketa egiteko hitzak parekatzen ditu. HPek hitzak jartzen dizkio produktuari komunikabideek berriak sortu ditzan produktuaren inguruan.
- Publizitatea guztiengana heltzen da. HPak batzuengana bakarrik = Nahiz eta produktua jende askori erakutsi eta askotan, posible da sinesgarritasunik ez izatea. HPekin inporta duten horiengana iristea da helburua. Kalitatea hartzen da kontutan eta ez maiztasuna.
- Publizitatea autogidatua dago. HPak hirugarren batzuek gidatzen dute = Publizitate enpresak berak hartzen ditu produktuaren inguruko erabakiak. HPetan erabakiak komunikabideen eskuetan uzten dira, ezin baita prentsaren kontra borrokatu. Lehenengoan ez bada arrakastarik lortzen, saiatu beste zerbaitekin.
- Publizitatea hilkorra da. HPak biziraun egiten dute = HPek iraganeko kontuetatik eratorri berriak lortzen dituzte. Garrantzitsua da begiratzea historian lehenago zein lan egin diren planarekin aurrera jarraitu baino lehen.
- Publizitatea garestia da. HPak ekonomikoak = Diru gehiegi uzten da publizitate-kanpainetan. Kalitatea eta diru-kopurua lotuta doaz gizarte honetan. HPetan bezeroak denbora eta diru gehiago utzi beharko du estrategiaren garapenean.
- Publizitateak linea luzapenei laguntzen die. HPek marka berriei = Enpresa batean produktu berri bat sortzeko egokiena marka oso berri bat sortzea da. Nahiz eta diru gehiago kostatzen den marka berri bat sortzen eta bere garapen osoa aurrera eramaten, azkenean etekin gehiago lortzen da.
- Publizitateak gustuko ditu izen zaharrak. HPak berriak = Marka izen berri batek esan nahi du produktua edo zerbitzua berria eta desberdina dela. Sorrera hau egiteko, enpresak izen zaharra eta berria desberdintzen jakin behar du. Bizitasun gehiago eskaintzen dio produktuari marka izen berriak.
- Publizitatea dibertigarria da. HPak serioak = Txisteak eta egoera entretenigarriak eskaintzen dira publizitatean, eta horrela kontsumitzaileak ez du jakiten zein den mezua.
- Publizitatea ez da sortzailea. HPak bai = Publizitateak lehenagotik dauden ideiekin egiten du lan. HPek produktuak edo zerbitzuak berria eta desberdin gisa posizionatzen dituzte originaltasunaren bidez.
- Publizitatea sinesgaitza da. HPak ez = Marka berri bat merkaturatzen denean, kontsumitzaileak ez du zerekin parekatu marka berri hori, eta beraz, sinetsi egiten du. Publizitateak ez du sortzen eta horregatik parekatu daiteke eta sinesgaitza da.
Desberdintasun horiek kontuan edukita, errentagarriago eta eraginkorrago izaten da erakundearentzako Harreman Publikoko profesionalak izatea, Publizitateko langileak baino. HPak iraunkorrak dira, eguneroko lana delako. Enpresa batek bere irudi ona eta gizarteak enpresaz pentsatzen duena positiboa izatea nahi badu, adituek etengabean mantendu behar dute harreman ona kanpoko eta barruko publikoekin. Publizitatea gehigarri bat izan daiteke HPen lanean baina ez lanaren funtsa ezta pisu gehien duena ere, sinesgarritasuna galtzen baitu. Hala ere, esan bezala, Publizitatea eta Harreman Publikoak bateratu daitezke; lehenengoak epe motzean lortzen ditu emaitzak; kostu txikienarekin audientzia maximora iritsi nahi du, norabide bakar bateko mezuak bidaltzen eta edozein formatutan eta hedabidetan. Harreman Publikoek, ordea, norabide bikoitzeko komunikazioa mantentzen du enpresaren eta publikoen artean; mezuak aukeratutako audientziei bidaltzen zaizkie, eta horretarako komunikazio kanalak hautatu egiten dira, publiko edo audientzia bakoitzaren interesen eta beharren arabera. Horrela, HPko kanpaina batean hainbat xede talderentzako ekintza desberdinak antolatzen dira (aurrerago azalduko dira Harreman Publikoko kanpaina bateko urratsak).
Kazetarien eta Harreman Publikoko adituen arteko harremana
aldatuHPko profesionalek euren harremanak publikoekin eta bitartekariekin zaindu egin behar dituzte enpresa edo antolakundearen onurarako. Harreman hori nolakoa izatea komeni den jakiteko, Arturo Pinedoren hitzetan oinarrituko gara.
Lehenengo eta behin, ez da ahaztu behar gezurrak ez duela lekurik Harreman Publikoetan: zerbait ezin bada esan, hobe da onartzea. Gezurrak jakin egiten dira epe batean eta enpresaren irudia kolokan jartzen dute. Bigarren puntua beti kazetarien lanerako prest egotea da, beraien deiak erantzutea eta laguntzeko prest egotea, eta behar dutena eskaintzea bide egokia erabiliz. Garrantzitsua da kazetaritzan erabiltzen den hizkuntza ulertzea eta erabiltzea: gertutasuna dakar. Kazetarien iritziak ere ulertu egin behar dira komunikazio fluxua eraginkorra izan dadin. Mezua edozein dela, hizkuntza egokia erabiltzen bada, esandakoa ez da ukatuko. Pinedok dioen bezala, presioa ez da bidea eta negoziaketan eta elkarrizketan dago funtsa; kazetariaren zuzendariarengana jotzeak ez dakar komunikazio ona.
Zerrendako bosgarren oinarria joko garbian datza: kazetari batek enpresaburu eragozten dion informazioa lortzen duenean, egiaztatu, gezurra dela esan edo isilik geratzea dira aukerak, baina sekula ez zaio albistea lapurtuko. Pinedoren seigarren premisaren arabera, HPko adituak kazetaria ez du gehiegitan deitu behar, eta deitzen duenean, momentu egokietan egin behar du: aldez aurretik pentsatu beharra dago. Kazetariaren askatasuna errespetatzea oinarrizkoa da; ezin zaio esan nola egin bere lana. Bestalde, HPko profesionalak jakin behar du bereizten noiz den informazioa albiste edo ez. Ildo horretatik dator zortzigarren oinarria: kazetariek ez dute HPkoen beharra euren jarduerarako, horregatik erakutsi behar zaie ekarpen on asko egiteko aukera badagoela.
Benetan garrantzitsua da HPek harreman ona izatea kazetaritza munduarekin, horrek esan nahi baitu enpresak ere beharrezko duen harremana baduela kanpoko taldeekin; gainera, enpresaren interesetako bat betetzen da horrela: komunikabideek enpresaren irudi ona zabaltzea, eta horrela gizartearengan eragina izatea.
Krisi egoeretan Harreman Publikoen zeregina
aldatuHarreman Publikoko departamentuak enpresaburu etorkizunean suerta dakizkiokeen krisi egoerak irudikatu behar ditu eta horiek ebaluatu. Ondoren krisi horietan guztietan nola joka daitekeen definitu beharra dago ondorioak ahal bezain gutxien eta positiboen izan daitezen. Lan hori aurreratua edukitzeak krisi egoerak gerturatzean irtenbidea errazagoa jartzen du enpresarentzat. Arazoetan erakundearen erantzunak kudeatu egin behar dira; hainbat bozeramale hautatu behar dira xede taldeen interesetara egokitzeko. Gakoa segurtasuna transmititzean datza: enpresak badaki zer gertatzen den eta ulertzen ditu audientzien kezkak baina jakinarazi behar du krisi egoera kontrolatuta dagoela eta horrela kezkak ezabatuko dira.
Beraz, Harreman Publikoen departamentuaren baitan Krisi Batzordea sortzen da. Batzorde horrek erabiltzen ditu ahal bezain baliabide guztiak (aurreko paragrafoan azaldutakoak) prebentziorako.
Enpresak ez badu lehenago krisi bat planteatu, bat-batean konponbiderik gabe ikusiko du bere burua eta lana gogorragoa izango da. Horregatik, HPek simulazioak egiten ditu, arazoaren momentuan lana handitu daitekeelako eta enpresaren jokabidea neurtu beharra dagoelako pauso bakoitzean. Enpresa edo erakunde guztiek dituzte arazoak bere zikloan zehar, eta errealitate hori onartzeak eta horretan pentsatzeak enpresaren jarraitasuna eta iraupena berma dezake.
Komunikazioa
aldatuIdatzizko komunikazioa
aldatuHarreman Publikoetan lan egiten duenak azkar, argi eta ulergarri idazteko gaitasuna behar du. Horretarako, idazten hasi baino lehen ZIRRIBORROA egitea garrantzitsua da. Testuak ulergarria izan behar du jende gehiagorengan iritsi dadin.
Irakurleak hainbat aukera ditu:
- Materiala aukeratzea
- Idatzitakoa ondo aztertzea
- Irakurketa geratu eta beranduago jarraitu
- ...
Entzuleak, ordea, mezua jasotzeko aukera bakarra du.
Materialik ohikoenak
aldatu- Prentsa komunikatua: albistea behar da izan, estiloa argia eta zehatza
- Biografia: Erakundeko pertsonaia batena
- Background: informazio gehigarria eskaintzea
- Profila: 3 zati: egoeraren deskribapena / azalpena / balorazioa
- Ekintzen zerrenda: erabilgarriak kazetarientzat artikuluak bete ditzaten
- Gertakizun baten narrazioa
- Gonbite gutuna: kazetari jakin bati zuzendua, honen interesa pizteko; ez zaie kazetari guztiei eta gonbidatutako guztiei gutun bera bidaliko
- Posizionamendua: laburra eta zehatza, entitatearen kokapena merkatuan non dagoen azaltzeko
- Prentsa dossierra: prentsa komunikatua + background + argazkiak
- Argazkiak: tentuz aukeratu beharrekoak
- Barne oharra (memorandum): hainbat helburu eta forma
Ahozko komunikazioa
aldatuHITZALDIA (erretorika)
aldatuHPetako aditu batek idaztea komeni da; pertsona horren profila honako hau izango litzateke komenigarri:
- Kazetaritza teknikak ezagutzen dituena
- Errealitatearen ezagutza duena
- Publikoak ezagutzen dituena
- Erakundearen inguruko datuak dakizkiena
IKUS-ENTZUNEZKOAK
aldatuEz dira askotan erabili irratia edota telebista diziplina honetan; hala ere, hurrengokoak dira ezagunenak:
- Elkarrizketak
- Hitzaldiak
- Prentsa oharrak
Albisteak, orokorrean, 30 segundo baino gutxiagokoak izan ohi dira.
Bibliografia
aldatuPINEDO, A.: Issues Consultores de Comunicación (Komunikazio aholkulariak) gabineteko zuzendaria.