Dromedario
Dromedarioa (Camelus dromedarius) Camelus generoko bi espezieetako bat da, gameluarekin batera. Gaur egun, 13 milioi dromedario daude, denak etxekotuak, izan ere modu basatian bizi direnak galduta baitaude dagoeneko. Dromedarioa Afrikako iparraldean eta Asiako mendebaldean bizi da, baina bestelako tokietan ere azkar hedatu da zama-animalia gisa. Australiako basamortuan esate baterako 700.000 dromedario bizi dira.
Dromedario | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Camelidae |
Generoa | Camelus |
Espeziea | Camelus dromedarius Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 12,5 hilabete |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | camel milk (en) , camel meat (en) eta camel hair (en) |
Masa | 37 kg arra: 500 kg emea: 450 kg |
Kumaldiaren tamaina | 1 |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… eta ensembl.org… |
Desertuan bizitzeko oso ondo egokituta daude, bai uraren beharrari dagokionez, bai eta haren morfologiari dagokionez ere. Gameluak baino azkarragoak dira eta denbora luzeagoan ibil daitezke gelditu gabe. Hori dela eta, dromedarioen sarrerarekin bat hasi ziren Sahara zeharkatzen dituzten karabanak.
Etimologia
aldatuDromedario izena latinezko dromedarius izenetik dator, eta hau grezierazko dromas, δρομάς, edo dromados, δρομάδος hitzetatik, "korrikalaria" esan nahi du[1].
Taxonomia
aldatuLama eta Vicugna generoekin batera, Camelidae familiako ordezkari bakarrak dira[2]. Aristoteles izan zen K.a. IV mendean Camelus generoa deskribatu zuen aurrena eta bi motatako gameluak zeudela esan zuen, Arabiako gamelua (dromedario esaten zaiona), konkor bakarrekoa, eta gamelu baktriarra (gamelu esaten zaiona), bi konkor dituena[3].
Dromedarioaren deskribapen zientifikoa Lineo suediarrak egin zuen 1758. urtean eta Camelus dromedarius izena ezarri zion[4].
2007an Peng Cui txinatarraren taldeak ikerketa filogenetikoak egin ondoren Cameini eta Lamini leinuen arteko erlazioak finkatu zituen. Leinu biak duela 25 milioi urte banat zirela zehaztu zuen.
Gaur egun ohikoa da dromedarioaren eta gameluaren arteko gurutzaketak gertatzea eta espezie bien arteko distantzia laburtzen ari da.
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Eboluzioa
aldatuEozeno Garaian izan zen Protylopus izeneko gamelu bat, ezagutzen den zaharrena[5]. Ipar Amerikan bizi zen eta tamainaz txikia zen. Pliozenotik Pleitozenorako bidean ugaztun ugariren iraungipena gertatu bazen ere gameluek irradiazio handia izan zuten, Bering itsasartea zeharkatu eta Asiara, Europa ekialdera eta azkenik Afrikara iritsi ziren[6]. Pleistozenorako dromedarioen arbasoak Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean zeuden jadanik[5].
Dromedarioa dirudienez Asia mendebaldeko eremu beroetan agertu zen gameluetatik bereizita. Hipotesi honen alde egiten du dromedarioaren fetuak bi konkor izateak eta ar helduetan ere konkor bakarraren aurrean konkor bestigial bat ageri da.
Deskribapena
aldatuExistitzen diren hiru gamelu espezieen artean garaienak dira. Ar heldu batek 1'8 eta 2'4 metro arteko altuera hartzen du sorbaldetan, emeak txikiagoak dira, 1'7-1'9 m. Arren pisua 400-690 kg artekoa da eta emeena 300-540 artekoa[7].
Gorputzari dagokionez deigarriena konkor bakarra izatea da, horrek bereizten baititu gameluetatik. Konkorrak 20 cm-ko altuera hartzen du gutxienez[8]. Lepo luzea du, kurbatua, eta bularra estua da. Hanka luze eta indartsuak ditu eta oin bakoitzean bi hatz. Jirafek egiten duten antzera alde bereko hanka biak batera mugitzen dituzte ibiltzerakoan[9].
Gameluen itxurako burua du, begietan bi betile ilara[8] eta bekain sarriak. Belarriak txikiak eta borobiltsuak dira. Ikusmen zorrotza du eta usaimen bikaina[10]. Ahosabai biguna du, 18 cm luzera duena, eta korteiatzerakoan puztu eta atera egiten du mihia balitz bezala[11].
Gorputzaren ilajearen kolorea marroia da, baina aldaerak izan ditzake, oso iluna izatetik ia zuria izaterainokoa[8]. Ile luzea eztarrian, sorbaldetan eta konkorrean dute batez ere, gainerako tokietan ilea laburragoa da.
Ekologia
aldatuJokaera
aldatuDromedarioa egunargiz da aktiboa. Egunean zehar elikatzen dira alde batetik bestera mugituz doazela, ordurik beroenetan ordea atseden hartzen dute. 20 ale inguruko taldeak osatzen dituzte, hainbat dromedario eme ar dominante batek gidaturik. Emeek ere txandaka gidatzen dute taldea batzuetan[8]. Ar gazteek ere taldeak osatzen dituzte eta batzu bakarrik ere ibiltzen dira. Ar dominanteen lana da ar gazteen eta bere emeen artean harremanik ez izatea. Normalean ez dira animalia agresiboak ugal garaia ez bada behintzat. Batzuetan elkar jotzen dute, hozka egin gabe, edota hankekin lurra kolpatzen dute gustora ez daudela adierazteko.
Araldian (urtarrila eta apirila artean) arren gorputzetan androgeno maila igotzen da eta elkar borrokatzen dute. Emeak erakartzeko ahosabaia puztu, ahotik atera eta dantzatzen dute, soinuak bokalizatzen dituzte eta gorputzaren atzealdera pisa jaurtitzen dute[12]. Hankekin edo hortzekin gorputzean hazka egiten dute edota zuhaitzen kontra igurzten dira eta hondarretan zilipurdika ibiltzen dira[8].
Migrazio aldietan edo desastre natural bat gertatzen denean dromedario taldeek bat egiten dute ehundaka ale biltzeraino. Badirudi haien etxea gogoratzen dutela eta emeek lehenengo aldiz non erditu ziren ere bai[8].
Elikadura
aldatuDromedarioak belarjaleak eta hausnarkariak dira. Hostoak, belar lehorrak eta desertuko landare arantzatsuak jaten dituzte. Dromedarioen dietan batazbeste %47'5 sastrakak dira, %29'9 zuhaitzaren zatiak, %11'2 belarrak eta %11 fruituak. Guztira 332 espezie sailkatu dira dromedarioen dietan esate baterako; Aristida pungens, Acacia tortilis, Panicum turgidum, Launaea arborescens eta Balanites aegyptiaca[13]. Aukera dutenean Acacia, Atriplex eta Salsola ere bai. Australiako dromedarioek Trichodesma zeylanicum eta Euphorbia tannensis kontsumitzen dute eta Indiakoek Vigna aconitifolia, V. mungo, Cyamopsis tetragonolaba, Melilotus parviflora, Eruca sativa, Trifolium espezieak eta Brassica campestris.
Eguneron 8-12 orduz bazkatzen dira eta beste hainbeste pasatzen dute hausnarrean[8].
Ugalketa
aldatuHazkuntza motela duten animaliak dira eta sexu heldutasuna ere berandu lortzen dute. 3-5 urteko adinarekin lortzen dute heldutasuna baina ugalketa arrakastatsua beranduago izaten da. Dromedario arrek urte guztian zehar produzitzen dituzte espermatozoideak baina araldian kopuru handiagoak izaten dituzte. Emeekin urtean behin elkartzen dira, pikoa urtaro euritsuan izaten da.
Arrak emearen alua usaintzen du prest dagoen jakiteko eta hozka egiten dio atzealdean[14]. Emea eseri arazten du orduan eta kopula gertatzen da[15]. 15 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren kume bakarra jaiotzen da eta lehenengo egunaren amaieran laguntzarik gabe ibiltzeko gai da. Urte bat edo bi ematen ditu amak kumea zaintzen.
Bizilekua
aldatuHabitata eta moldaerak
aldatuDromedarioaren habitat naturala basamortua da. Urtaro lehor luzea eta urtaro heze laburra duten eremuak atsegin ditu[16]. Hotzarekiko eta hezetasunarekiko kalteberak dira normalean[17].
Basamortuan bizitzeko moldaerak garatu ditu. Ura gordetzeko gaitasuna du eta gorputzeko tenperatura erregilatu dezake. Betile eta bekain sarriek haretaik babestek dituzte begiak, bai eta eguzkien izpietatik ere[18]. Sudurzuloak ixteko gaitasuna ere badu, hareatatik babesteko eta urak ihes egin ez dezan[19]. Giltzurrunak ere ur kopuru ahalik eta txikiena galtzeko moldaturik daude. Ura aurkitzen duenean berhidratatzeko gaitasun handia du eta 20-40 litro edan dezake minutuko[8].
Konkorrak 36 kg gantz pilatzen ditu eta elikagaiak lortzeko zailtasunak daudenean gantz horiek erabiltzen ditu energia eskuratzeko.
Banaketa geografikoa
aldatuAfrikako eremu bero eta lehorrak kolonizatu ditu, Sahara basamortu osoa hain zuzen ere. Etiopian ere aurkitzen da. Ekialde Hurbilean eta Erdialdeko Asian ere bai[20].
Gizakiarekin harremana
aldatuEtxekotzea eta hedapena
aldatuDirudienez dromedarioa Somalian edo Arabiar penintsulan etxekotu zen duela 4.000 urte[21]. K.a. IX. eta X. mendeetan Ekialde Hurbilean asko erabili zen eta Kanbises II.a pertsiarrak Egipto inbaditzerakoan gameluak iritsi ziren Afrikara, baina hauek ez ziren egokiak Sahara basamortua zeharkatzeko. Arabiar penintsulatik iritsi ziren dromedarioak ordea gaitasun hori bazuten eta VIII. mendean islamiarrek Afrika iparraldea konkistatzeko erabili ondoren Saharan zeharreko karabanak luzeak eratu ziren.
X. mendetik aurrera dromedarioak itsasontzi bidez mundu zabalera eraman zituzten; Espainiara (1020 urtean), Frantziara, Italiara, Siziliara (1059an), Turkiara eta beranduago Kanariar uhartetara (1405ean). XVII eta XIX. mendeen artean Amerikara eraman zituzten (Karibe, Kolonbia, Peru, Bolivia, Brasil, Estatu Batuak...) baina ez zuten arrakastarik izan. 1900 inguruan Namibian ere sartu zituzten baina kopuru txikian mantentzen dira.
1840. urtean Tenerifetik sei dromedario Australia hegoaldeko Adelaide hirira bidali zituzten baina bakarra iristi zen bizirik. Australian sartzeko bigarren saiakera 1860an egin zuten eta 1907 artean 12.000 dromedario eraman zituzten. Garraiorako erabili ziren batez ere[22]. Gaur egun 700.000 dromedario inguru daude Australian.
Erabilera
aldatuOso gutxi populaturik dauden eremu zabaletan garraiobide gisa erabiltzen dira nagusiki dromedarioak. Arabiar munduan dromedario lasterketek tradizio handia dute eta arraza ugari garatu dira helburu horrekin Sudanen eta Eritrean besteak beste. Kargak eramateko ere erabiltzen dira.
Dromedarioetatik hainbat elikagai ateratzen dira, garrantzitsuenak esnea eta haragia dira. Gameluaren ilea ere aipatzeko produktua da. Ilearekin izarak, kanpindendako ehunak eta alfonbrak egiten dira. Gameu gazteetatik edo basatietatik eskuratzen da ile gehiena[23].
Sinbologia
aldatuDromedarioa bizi den eremuetan erakunde ugariren sinbolo bihurtu da. Esate baterako Eritreako armarrian dromedario bat agertzen da[24], Pakistango Balutxistan probintzian ere bai[25]. Britainiarren Ekialde Hurbilerako armadaren enblema ere dromedarioa zen[26].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, δρομ-άς» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Groves, Colin P.. (2011). Ungulate taxonomy. Johns Hopkins University Press ISBN 978-1-4214-0329-8. PMC 1202771597. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Buffon, Georges Louis Leclerc; Smellie, William. Natural history, general and particular. (2nd ed.. argitaraldia) Printed for W. Strahan and T. Cadell (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Impensis Direct. Laurentii Salvii (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ a b Mikesell, Marvin W.. (1955-10-01). «Notes on the Dispersal of the Dromedary» Southwestern Journal of Anthropology 11 (3): 231–245. doi: . ISSN 0038-4801. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Williamson, G.. (1978). An introduction to animal husbandry in the tropics. (3rd edition. argitaraldia) Longman ISBN 0-582-46813-2. PMC 2968723. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) «Largest species of camel» Guinness World Records (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ a b c d e f g h academic.oup.com doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Grazers. (1st ed. argitaraldia) Britannica Educational Pub 2011 ISBN 978-1-61530-465-3. PMC 694772410. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Nowak, Ronald M.. (1999). Walker's mammals of the world. (Sixth edition. argitaraldia) Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-5789-9. PMC 39045218. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Lee, Donald G.; Schmidt-Nielsen, Knut. (1962-05). «The skin, sweat glands and hair follicles of the camel (camelus dromedarius)» The Anatomical Record 143 (1): 71–77. doi: . ISSN 0003-276X. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Yagil, R.; Etzion, Z.. (1980-01-01). «Hormonal and behavioural patterns in the male camel (Camelus dromedarius)» Reproduction 58 (1): 61–65. doi: . ISSN 0022-4251. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Gauthier-Pilters, Hilde. (1981). The camel, its evolution, ecology, behavior, and relationship to man. University of Chicago Press ISBN 0-226-28453-0. PMC 6579663. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Khan, A. A.; Kohli, I. S.. (1973-12). «A note on the sexual behaviour of male camel (Camelus dromedarius)» The Indian Journal of Animal Sciences 43 (12): 1092–1094. ISSN 0367-8318. PMID 4806534. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Hartley, B.J.. (1979). The dromedary of the Horn of Africa. Paper Presented at Workshop on Camels. Stockholm: International Foundation for Science, 77–97 or..
- ↑ Bourzat, D.; Wilson, R. T.. (1987-06). «Research on the dromedary in Africa» Revue Scientifique Et Technique (International Office of Epizootics) 6 (2): 375–389. doi: . ISSN 0253-1933. PMID 32370330. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Wilson, R. T.. (1984). The camel. Longman ISBN 0-582-77512-4. PMC 8451586. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ King, Scott Alexander. (2007). Animal dreaming : the spiritual and symbolic language of the Australasian animals. (New ed., revised and expanded. argitaraldia) Blue Angel Gallery ISBN 978-0-9803983-0-4. PMC 244737427. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ «150-year-old Diorama Surprises Scientists With Human Remains» web.archive.org 2017-04-23 (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Science, Journal Of Camel; Wardeh, M. F.. (2004). Table of Contents. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ Near Eastern archaeology : a reader. Eisenbrauns 2003 ISBN 978-1-57506-547-2. PMC 784964774. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ «The Introduction of camels into Australia» www.burkeandwills.net.au (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Singh, U. B.; Bharadwaj, M. B.. (1978). «Anatomical, histological and histochemical observations and changes in the poll glands of the camel (Camelus dromedarius)» Cells Tissues Organs 102 (1): 74–83. doi: . ISSN 1422-6405. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ «Embassy of Eritrea in Stockholm» web.archive.org 2012-03-06 (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) «Balochistan» Vexillology Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
- ↑ (Ingelesez) «WW2 British Middle East Command Patch in General» www.militariazone.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).