[go: up one dir, main page]

Bikingoak Eskandinavia eta Danimarka aldeko gudari, merkatari, pirata eta esploratzaileei VIII-XI. mende bitartean eman izan zaien izena da.[1] Garai hartan, argi ez dauden arrazoiengatik, hego-mendebalderantz eta hego-ekialderantz abiatu ziren gerra eta merkatari-bidaia luzeetan. Gehienetan, branka eta popa garai eta estuko ontzi luze eta meheetan bidaiatzen zuten. Ontzigintzan eta nabigazioan erdietsitako trebeziari esker, adituek diotenez, Kolon baino lehen Ameriketara iritsi ziren, baita Mediterraneora ere.

Itsasontzi bikingo bat.

Hego-mendebalderantz joandakoei normandiar ere deritze. Normandiako erresuma sortu zuten. Hego-ekialderantz joandakoei, aldiz, barego esaten zaie. Azken hauek Errusiar Estatuaren oinarria jarri bide zuten. Haien itsas bidaia luzeetan Ternuaraino iritsi omen ziren, eta beste aldera, ibaietan gora eta behera, Kaspio Itsasoraino. Mediterraneoan ere ibilitakoak dira.

Gerra-espedizio handienetan ehunka ontzik hartzen zuten esku, Bikingo Aroaren bukaeran. Belaontzien ikuste hutsak izua zabaltzen zuen Europako Mendebaldean.

Bikingoen erlijioa erlijio nordiko deritzona zen, indoeuropar jatorrikoa. Odin eta Tor zituzten jainko nagusi.

Gudarien balentriak sagetan kantatu eta harri errunikoetan idazten zituzten, eta ornamentazio arte berezia garatu zuten.

Historia

aldatu
 
Bikingoen lurralde eta bidaiak.

Dokumentatutako bikingoen lehen erasoa Ingalaterrako Portlanden aurka egin zuten 787an, Dorseten. Hurrengoa 793an gertatu zen, Ingalaterra ekialdeko Lindisfarne monasterioa arpilatu zutenean. Hurrengo bi mendeetan bikingoekiko beldurra Europa osora zabaldu zen, haien eraso bortitz eta suntsitzaileak zirela-eta.

Suediar, Norvegiar eta Daniarrak, Europan barrena txikizioan eta harrapakerian eta Bizantziorekin merkataritza harremanetan ibili ondoren, estatuak sortu zituzten eta bultzada handia eman zioten Europako ekonomiari. Bikingoen espedizioek harrapakina bilatzea zuten helburua: leku askorik hartzen ez zuten balio handiko gauzakiak batez ere, eta esklaboak. Urtero, udaberrian, gizonak itsasoratu egiten ziren, eta neguaren hasieran itzultzen ziren harrapakinez beterik. Itzuli ondoren sakrifizioak eskaintzen zizkieten oparotasunaren jainkoei eta bazkari handiak egiten zituzten jainkoei uzta onak eta espedizio onak eskatzeko. Neguan itsasontziak eta armak konpontzen zituzten eta animaliak ehizatzen zituzten haien larruak hartzeko.

Lehenengo erasoaldiekin batera bikingoak konturatu ziren aski zutela egun gutxiko bidaldia babesik gabeko ondasun asko eskura izateko. Talde txiki mugikorretan antolatu ziren beraz, erasoa bat-batean jo eta berehala ihes egiteko. Kristauek, eta batez ere lekaideek, jainkoaren zigortzat zeuzkaten bikingoak, gizonen bekatuak garbitzeko bidaliak. Erresistentzia handirik izaten ez zutela ikusirik, bikingoak negupasa egoten ziren harrapaketan ibiltzen ziren lekuetatik hurbil (840). urteaz geroztik egin zituzten lehenengo neguteak etxetik kanpo). Egoera hark abantaila handiak ekarri zizkien: harrapakina eta esklaboak ondo gordeta edukitzen zituzten, gertu; gotorlekuetan zeudenez, neguan atseden hartzen zuten, eta beraz lehenago hasten ziren udaberriko sarraldiak eta erasoak egiten. Europako sartaldeko kostaldeko hiriei eta monasterioei eraso ondoren ibaietan gora joaten ziren, eta talde etsaiei bidea itxiz eta ibaietako joan-etorria mendean hartuz, berehala iritsi ziren barrualdeko hirietara.

Ordu arte inoiz ez zuten harrapaketa hain kopuru handian eta modu antolatuan egin. Erasoak gehitu ahala, harrapaketaren etekinak gutxiagotu egin ziren, eta haien ordez zergak ordaintzera behartu zituzten mendean hartutako herriak; horretarako itunak egiten zituzten, bai itun horiek erraz hautsi ere. Ordaindu beharreko kopuruetan aldaketa handiak izaten ziren.

Norvegiar bikingoak

aldatu
 
Bikingoen drakkar itsasontzi bat Osloko itsasontzi bikingoen museoan ikusgai.

Norvegiarrak harrapaketa bila eta lurralde berrien bila abiatzen ziren kolono gisa etxaldetan non kokatua aurkitzeko. Islandiara iritsi ziren (870 urteaz geroztik hasi omen ziren han kolonoak kokatzen). 981. urtean Groenlandia aurkitu zuten, eta Erik Gorriak kolonizatu zuen. 1000. urtearen inguruan, haren seme Leif Erikssonk Kanadako kostaldea aurkitu zuen, eta Vinland deitu zuen ("Ardoaren Lurraldea").

Shetlandak eta Orkadak ere kolonizatu zituzten (VIII. mendea), eta Eskoziako iparraldean lehorreratzen saiatu ziren. Hebrida uharteetara eta Man Uhartera iritsi ziren.

Irlandara IX. mendean heldu ziren, kolonia berriak sortu zituzten han eta bertako biztanleekin nahastu ziren. 1014. urtean, gorabehera askoren ondoren, Brian Boru irlandar buruzagiak Clontarfeko guduan garaitu zituen, Bikingoek Irlandan zuten nagusitasuna irlandarren alde galdu zuten, baina ez zuten handik alde egin. Hiri-estatuak sortu zituzten, uharte horretako gaur egungo hirien oinarri izan zirenak. Irlanda zeltaren eta norvegiarren arteko bat egite hark emaitza aipagarriak izan zituen: lehenengo txanponak, lehenengo hiriak, eta Irlandako ontziolen sorrera.

Daniar bikingoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Normandiako dukerria»

Daniarren egintza batzuk gogoangarriak izan ziren Europako Goi Erdi Aroaren historian. Daniarrek beren auzoek baino antolamendu hobea zuten, espedizio handiak prestatzen baitzituzten harrapakin eta lur bila. Haien konkistek hiru aldi izaten zituzten beti: lehenengoa, zuzeneko harrapaketa eta hondamena, oso laburra izaten zen. Bigarren aldian, estatu antolatuekin harremanetan zeudenean, zergak ordaintzera behartzen zituzten hango biztanleak; indarkeria erabiltzen zuten herritarrak beldurtzeko eta ordaintzera behartzeko.

Aldi horrek eragin handia izan zuen Europako ekonomian, printzeek eta monasterioek gordeta zituzten metal preziatuak hara hona ibili baitziren. Hirugarren aldia lurraldea zuzenean ustiatzea zen: gudarosteek herrialde jakin bat beretzen zuten, eta estatu bat sortzen zuten han, hango erregearekin edo agintariekin bat etorri ondoren. Estatu horiek sortu ondoren, kristautu egiten ziren eta Europako Erdi Aroko gainontzeko aristokratekin parekatzen ziren horrela.

Hiru aldi horiek IX. mendearen hasieraren eta X. mendearen hasieraren artean izan ziren, eta bitarte horretan daniarrek estatuak sortu zituzten Alemanian, Frantzian eta Ingalaterran. Ingalaterra daniarren helburu izan zen. IX. mendearen bigarren erdialdean, daniarrek gero eta eraso gehiago jo zituzten Ingalaterran. 865. urtearen inguruan Gudaroste Pagano Handiaren erasoaldia eta gero, Ingalaterra osoa, (Wessex izan ezik), bikingoen esku zegoen.

1066. urtean, tronua eskuratu nahi zuten erregegaien arteko borrokek zatitua eta hondatua zutelarik Ingalaterra, Gilen Konkistazailea normandiar erregeak, jatorriz eskandinaviarrak, Normandiatik Mantxako kanala zehakartu eta Harold II.a Ingalaterrakoari Hastingseko guduan garaitu ostean Ingalaterra beretu zuen.

Karolingiar Inperioak daniarren eta norvegiarren erasoak izan zituen. 799tik 840ra aldi bateko erasoak izan ziren, baina 840etik aurrera han ibili ziren etengabe ehunurtez. 911n Rollon buruzagi bikingoak feudo bat hartu zuen Frantziako erregearengandik, kristau bihurtzeko eta leial izateko zinaren truke. Rollonek bere gizonen artean banatu zuen lur hura, eta Normandiako dukerriak aurrera egin zuen.

XI. mendean bikingoak kristautzen hasi ziren. Europar estatuak indartsuagoak ziren, eta bikingoak beraiek gizarte antolaketa ezberdina zuten. Ingalaterraren konkistarekin 1066an bukatzen da Bikingo Aroa.

Suediar bikingoak: Baregoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Barego»
 
Baregoen Volgako Ibilbidea (gorriz) eta Bizantziorako Ibilbidea (morez) adierazten dituen mapa.

Suediarrek edo baregoek eragin handia izan zuten Errusian, bultzada handia eman zioten Errusiako erdialdeko ekonomiari eta estatu batzuk sortu zituzten; horietan garrantzitsuena Kieveko Printzerria izan zen.

Baregoak ere harrapaketan ibili ziren, baina batez ere merkataritza trukeak egin zituzten Errusiako ibai bideetan barrena, eta 860.urtean Bosforora iritsi ziren. Merkataritza zubi sendo bat egin zuten Ekialdeko Europaren eta Bizantzioren artean.

Bikingoak Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bikingoak Iberiar penintsulan»

816an, Iruñean nafarren alde esku hartu zuten mairuen aurkako gudaldian. 823an eta 825ean Mundakan, Urdaibai kresal-ibaian geratu ziren. 840an daniarrek Inperio Frankoa erasotu zuten Atturri ibaitik. Akitaniaren nolabaiteko kontrola lortu zuten 15 urtetan. Karlos Burusoila enperadoreak Garona ibaiaz hegoaldera galdu zuen agindua.

859an Björn Järnsidak eta Hasteinek zuzendutako 69 itsasontziko bikingoen espedizio batean atxilotu zuten Iruñeko Erresuma zeharkatu zuten Mediterraneorantz, bidenabar Gartzia I.a Eneko Nafarroakoa bahitu eta erreskatea ordaindu zutenean askatu zutelarik.

Bikingoen aginteak 982 arte iraun zuen Gaskonian, noiz Nafarroak gailendu zituen.

Bikingoak telebistan, komikietan eta zineman

aldatu

Vicky bikingoa izan da telebistan egin den bikingoei buruzko telesaila ospetsuenetako bat, kasu honetan, marrazki bizidunetako telesaila. Beste alde batetik, Asterixen komiki bildumetako abenturetako batek, Asterix eta normandoak izenburua du, non, gaur egun, Norvegia eta Danimarkakoak izango liratekeen bikingoak agertzen diren.

Zinema filma ugari bikingoak gaitzat hartu izan dituzte: The Vikings (1958), Alfred the Great (1969), The Island at the Top of the World (1974), Hrafninn flýgur (1984), Pathfinder (1987ko filma) (1987), Erik the Viking (1989), The 13th Warrior (1999), Beowulf (1999ko filma) (1999), Beowulf & Grendel (2005), Pathfinder (2007ko filma) (2007), Beowulf (2007ko filma) (2007), Outlander (2008), Vicky the Viking (2009), Vikings telesaila (2013-2014)...

Erreferentziak

aldatu
  1. SLU, Herritar Berri. (2020-12-10). «Bikingoei buruz jakin beharrekoak: glamourra, adarrik ez, munduari so...» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).

Kanpo estekak

aldatu