Hamahiru Arrosak
Hamahiru Arrosak (gaztelaniaz: las Trece Rosas), 1939ko abuztuaren 5ean, Espainiako Gerra Zibila amaitu ostean, erregimen frankistak Madrilen (Espainia) fusilatu zituen hamahiru emakume gazteek osaturiko taldeari —horien artean, erdiak Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) taldeko kideak— gerora ezarri zitzaion izena da. Kideek 18 eta 29 urte bitartean zituzten. Hamahiru Arrosak Carmen Barrero Aguado, Martina Barroso García, Blanca Brisac Vázquez, Pilar Bueno Ibáñez, Julia Conesa Conesa, Adelina García Casillas, Elena Gil Olaya, Virtudes González García, Ana López Gallego, Joaquina López Laffite, Dionisia Manzanero Salas, Victoria Muñoz García eta Luisa Rodríguez de la Fuente dira. Egiatan, hamalau emakume izan ziren, aurrekoez gain, Antonia Torre Yela ere fusilatu baitzuten 1940ko otsailaren 19an.[1] Fusilamendu horretan 50 gizon ere exekutatu zituzten, baina haien hilketak ez zuen hainbesteko oihartzunik sortu.[2]
Historia
aldatuArmada frankistak Madril hartu eta gerra amaitu ostean, Juventudes Socialistas Unificadas ezkutuan berrantolatzen saiatu ziren 21 urteko Jose Pena Brearen agindupean. PCEko eta JSUko buruek Espainiatik alde egin zuten erakundea militante ez oso esanguratsuen esku utziz, gehiegi nabarmenduko ez zirela pentsatuz. JSUko probintzia-batzordeko idazkari nagusia zen Jose Pena salaketa batengatik atxilotua izan zen eta torturen bidez zekizkien izenak ematera eta prestatutako aitortza bat sinatzera behartu zuten.
Erakundean infiltratutako polizia zen Roberto Conesak ere, erakundea eraisten lagundu zuen (ondoren, Conesa Brigada Politiko-Sozial frankistako komisarioa izan zen eta demokraziako lehen urteetan kargu garrantzitsu bat izan zuen politika alorrean). Erakunde ezkutu osoa erori zen, berrantolatzeko aukerarik gabe. Atxilotu gehienek erakunde ezkutuan integratzeko denbora izan zuten edo egin berri zuten. Casado koronelaren estatu kolpearen ondoren, PCE eta JSUko militanteen fitxategiak ez hondatzeak eta Madril hartzean, militante frankistek konfiskatzeak militanteen harrapaketan lagundu zuen. Atxilotuen artean Hamahiru Arrosak zeuden. Atxilotu, eta lehenik instalazio politikoetara eraman zituzten; bertan torturatuta, ondoren, Ventako emakumeen presondegira eraman zituzten. Presondegi hartan, 450 pertsonarentzat eraikia izan arren, 4.000 bat emakume zeuzkaten.
1939ko uztailaren 27an, Isaac Gabaldonek, bere alaba eta gidariarekin batera bidaiatzen zuen autoaren aurkako atentatu bat eman zen, Extremadurako errepidetik zihoala, Talavera de la Reinatik gertu[1]. Gabaldon komandantea, atentatuan hil zena, Madrilgo bosgarren zutabeko kide ohia zen eta, une hartan, kargu garrantzitsua zuen errepresiozko aparatu frankistan, fiskal militarrei errepublikarren aurkako gerrarako aholkuak ematen zizkien masoneria eta komunismoko artxiboen arduraduna baitzen eta, horren ondorioz, erregimenak bere heriotza guztiz suntsituta zegoela uste arren arduradunak modu eredugarri batean zigortzea erabaki zuen aurkari baten erronka gisa interpretatu zuen. Proba guztiek Errepublikako soldadu ohi edo ihes egindakoek egin zutela adierazten zuten arren -ez zen Madril inguruan martxan zegoen auto baten aurkako atentatu bat izaten zen lehen aldia-, erregimenak sare komunista handi bati leporatu zion atentatua[3]. 18 urteko alaba eta gidaria ere atentatuan hil ziren.
Abuztuaren 4an, lehen gerra-kontseilu sumarisimoa ospatu zen Madrilen; bertan, 67 salatuen artetik 65ei heriotza-zigorra ezarri zieten, denak JSUko kideak, eta hurrengo egunean, horien artetik 63 fusilatu zituzten. Abuztuaren 7an, beste epaiketa batean zigortutako beste gizon asko fusilatu zituzten eta, egun gutxiren buruan, beste 24 pertsona kondenatu zituzten- 21 fusilatuak izan ziren, beste 3 gazteak salbatuz, erregimenak gertakari hauek Espainia berriaren aurkako ohiartzuna sor zezaketela uste baitzuen-. Lehen 63 exekutatuen artean 13 emakume gazte zeuden, gerora Hamahiru Arrosak izenez ezagunak.[4]
Beste iturri batzuen arabera, lehen gerra-kontseilua abuztuaren 3an ospatu zen (30.426. espedientea) eta, bertan, JSUko 57 kide, horien artean 14 emakume, epaitu zituzten. Salatuen artean, Gabaldonen 3 hiltzaileak zeuden, besteen arteko gehiengoak atentatuaren aurretik atxilotuak izan ziren bitartean. Epaiketan, 56 heriotza-zigor ezarri ziren, emakumeetako bakarra salbatuz. Gabaldonen aurkako atentatuan zuzenean parte hartu ez zuten salatuak, Espainia berriko gizarte eta alor juridikoen aurka delituzko ekintzak egieko JSU eta PCE berrantolatzeagatik salatuak izan ziren eta erreboltariei atxikitzeagatik kondenatuak. Exekuzio gehienak (Hamahiru Arrosenak barne) 1939ko abuztuaren 5eko goizaldean gauzatu ziren, Madrilgo Almudenako hilerriko hormaren alboan, Ventako presondegitik 2 km-etara. Hurrengo egunean atentatuaren egileak fusilatu zituzten.
Heriotzaren unean fusilatutako 9 gazte adinez beherakoak ziren, adin-nagusitasuna 21 urteetan ezarria baitzegoen[3].
Fusilamenduak geroago heldu ziren nazioarteko prentsara, lehen 63 exekutatuen artean 13 emakume gazte zeudela jakin zenean. Marie Curieren alaba batek Hamahiru Arrosen fusilamenduengatik kexa egiteko kanpaina bat bultzatu zuen Parisen eta, Frantzian eragin handia izan zuen arren, erregimen frankistak ez zuen bere errepresiozko espirala gelditu -Gabaldon komandantearen aurkako atentatuan atxilotuak izan ziren 364 pertsonetatik gehiengoak fusilatu zituztela uste da-.
Hamahiru Arrosak
aldatu- Carmen Barrero Aguado (20 urte, jostuna). 12 urte zituela bere aitaren hil zenetik egiten zuen lan, bere zortzi anai-arrebak (lau, bera baino gazteagoak) mantentzeko. PCEko militantea, gerraren ondoren, alderdiaren emakumezko arduraduna izan zen Madrilen. 1939ko maiatzaren 16an hartu zuten atxilo.
- Martina Barroso García (24 urte, jostuna). Gerra amaitzean, Chamartingo JSUko erakundean parte hartzen hasi zen. Abandonatutako Unibertsitate-hiriko frontera joaten zen, armak eta munizioa bilatzera (debekatuta zegoen). Presondegitik bere mutil-lagunari eta familiari bidalitako jatorrizko gutun batzuk kontserbatzen dira.
- Blanca Brisac Vázquez (29 urte, piano-jotzailea). Hamahiruetatik zaharrena zen. Seme bat zuen. Ez zuen inongo militantzia politikorik. Katolikoa zen, eta eskuin alderdiko boto-emailea. Alderdi Komunistako musikari batekin harremanak izateagatik atxilotu zuten. 1939ko abuztuaren 5eko goizaldean, gutun bat idatzi zion bere semeari; 16 urte geroago eman zioten Blancaren familiari (eskuindarrak). Gutuna kontserbatzen da oraindik.
- Pilar Bueno Ibáñez (27 urte, jostuna). Gerra hastean PCEko kide egin zen, eta haur abandonatuen etxeetan borondatez lan egin zuen (etxe horietan, umezurtzak eta frontera zihoazen militanteen seme-alabak jasotzen ziren). Ipar ekintza-eremuko erakundeko idazle izendatu zuten. Gerra amaitzean, PCE berrantolatzeaz arduratu zen Madrilgo zortzi barrutitan. 1939ko maiatzaren 16an atxilotu zuten.
- Julia Conesa Conesa (19 urte, jostuna). Oviedon jaioa. Madrilen bizi zen, amarekin eta bi ahizpekin. JSU erakundeko kide egin zen 1937 amaieran zituzten kirol instalazioengatik, eta instalazio horiek monotorizatzeaz arduratu zen. Berehala, tranbian kobratzaile hasi zen lanean, bere familiak dirua behar baitzuen, eta JSUrekiko harremana eten zuen. 1939an atxilotu zuten, bere mutil-lagunaren kide batek salatuta. Etxean josten ari zela atxilotu zuten. Fusilatua izan aurretik, honela amaitzen zen gutuna idatzi zion amari:[5]
« | Nire izena ez dadila historiatik ezabatu. | » |
- Adelina Garcia Casillas (19 urte, ekintzailea). JSUko militantea. Guardia zibil baten alaba zen. Gutun bat bidali zioten etxera; ohiko galdeketa bat soilik egin nahi ziotela jakinarazi zioten. Bere borondatez aurkeztu zen, baina ez zen sekula etxera itzuli. 1939ko maiatzaren 18an sartu zuten presondegian.
- Elena Gil Olaya (20 urte, ekintzailea). 1937an sartu zen JSUan. Gerra amaitu zenean, Chamartingo taldean hasi zen lanean.
- Virtudes González García (18 urte, jostuna). Maria del Carmen Cuestaren (15 urte, JSUko partaide, Ventako presondegiko bizirik irtendakoa) adiskidea. 1936an JSUko kide egin zen, eta erakunde horretan bere mutil-lagun izango zen Vicente Ollero ezagutu zuen. 1939ko maiatzaren 16an atxilo hartu zuten, bere lagun batek torturapean salatuta.
- Ana Lopez Gallego (21 urte, jostuna). La Carolinan jaioa, Jaengo probintzian. JSUko militante. Gerra garaian Chamartingo irratiko idazlea izan zen. Bere mutil-lagun komunistak Frantziara ihes egitea proposatu zion, baina berak Madrilen gelditzea erabaki zuen, hiru anaia-arreba gazteekin. Maiatzaren 16an atxilotu zuten, baina ez zuten Ventako kartzelara eraman ekainaren 6ra arte. Diotenez, ez zen lehen deskargan hil, eta hau galdetu omen zuen:[6]
« | Ez al nauzue hil behar? | » |
- Joaquina Lopez Laffite (23 urte, idazkaria). 1936ko irailean JSUko kide egin zen. Probintzia-batzorde ezkutuko emakumezko idazle gisa hasi zen. Severio Rodriguezek (JSUko bigarrena) salatu zuen. 1939ko apirilaren 18an atxilotu zuten bere etxean, bere anaia-arreben alboan. Txalet batera eraman zuten. Komunista izateagatik salatu zuten, baina ez zekiten zer kargu zuen. Joaquinak gerra garaian izan zuen militantzia aitortu zuen, baina ez une horretakoa. Ez zuten Ventara eraman ekainaren 3ra arte, lehenengotariko atxilotua izan arren.
- Dionisia Manzanero Salas (20 urte, jostuna). 1938ko apirilean Alderdi Komunistako kide egin zen, autobus batek bere ahizpa eta neska-mutil batzuk hil ondoren, eremu batean jolasean zebiltzala. Gerra amaitzean, Madrilgo alderdi komunisten buruen arteko bitartekaria izan zen. 1939ko maiatzaren 16an hartu zuten atxilo.
- Victoria Muñoz Garcia (18 urte, ekintzailea). 15 urte zituela JSUko kide egin zen. Chamartingo taldeko kide. Chamartin de la Rosako sektoreko arduradun militarra zen Gregorio Muñozen arreba zen. Ventara 1939ko ekainaren 6an heldu zen.
- Luisa Rodriguez de la Fuente (18 urte, jostuna). Kargurik gabe sartu zen JSUra, 1937an. Talde bat sortzea proposatu zioten, baina atxilotu zuten unean, oraindik lehengusua besterik ez zuen erakarri taldera. Gerra garaian izan zuen militantzia aitortu zuen, baina ez une horretakoa. Apirilean eraman zuten Ventara, eta Hamahiru Arrosen artetik presondegira sartu zen lehena izan zen.
Oroimen historikoa
aldatuLiteratura
aldatuGertaera 1985ean dagoeneko Jacob Garcia kazetariak aztertu zuen arren, Jesus Ferrero idazleak esnatu zuen berriro haren memoriarenganako arreta bere Las Trece Rosas liburuan (Siruela, 2003, ISBN 84-7844-676-1) nobelatu zuenean.
Urtebete geroago, 2004an, Veronica Vigil eta Jose Maria Almela zuzendariek gertaerei buruzko dokumental bat zuzendu zuten, Que mi nombre no se borre de la historia, zeinaren izenburua kondenatu batek bere familiari idatzitako gutun bateko azken esaldia den.
Urte hartan bertan, Trece rosas rojas (ez fikziozkoa) argitaratu zuen Carlos Fonseca kazetariak (Temas de Hoy, 2004, ISBN 84-8460-361-X); bertan, JSUren berrantolaketarekin lotutako gertaerak eta Hamahiru Arrosen harrapaketa, espetxeratzea eta exekuzioa dokumentatzen dira.
2006an zehar, Angeles Lopez kazetari eta idazleak Martina, la rosa número trece (ISBN 84-322-9672-4) argitaratu zuen, arrosetako bat zen Martina Barrosoren historiari buruzkoa, nobelaren eta zehaztasun historikoaren artekoa.
2004ko urtarrilean, Julian Fernandez del Pozok Homenaje a las trece rosas izeneko olerki bat idatzi zuen haien omenez.
Ikuskizunak
aldatu2005ean, Arrieritos dantza konpainiak emakume horien omenaldiz ikuskizun bat sortu zuen.
2007an, Las 13 rosas deituriko ikuskizunak bi Arte Eszenikoetako Max Sari irabazi zituen, koreografia hoberena eta dantza ikuskizun hoberena.
Filmografia
aldatu2004an, Veronica Vigil eta Jose Maria Almelak Que mi nombre no se borre de la historia («Nire izena ez dadila historiatik ezabatu») izeneko dokumental luze bat ekoitzi eta zuzendu zuten; bertan, Hamahiru Arrosen gertaerak aztertu eta kontatzen dira haien militantziako kideek lehenengo pertsonan kontatuta. 2006an, Emilio Martinez Lazarok, Carlos Lopez Fonsecaren liburuan oinarrituriko film baten filmazioa hasi zuen, Las 13 rosas, Pilar López de Ayala, Veronica Sanchez eta Nadia de Santiago protagonistak izanik. 2007ko urriaren 19an estreinatu zen. Espainiako Zinema Akademiak Hollywoodeko Oscar Sarietarako hautagai posible gisa aukeratu zuen, baina azkenean ez zen Espainia ordezkatzeko aukeratua izan (El Orfanato filma aukeratu zuten).
Omenaldiak
aldatuHamahiru Arrosen erakundeak, Domingo Malagon erakundeak, PCEk eta oroimen historikoa berreskuratzen duten beste hainbat elkarteek urtero, abuztuaren 5ean, Hamahiru Arrosen omenaldian parte hartzen dute 1988tik, Almudenako hilerriko paretan, fusilatuak izan ziren tokitik gertu, lehen oroitzapenezko xafla ezarri zenetik.
2005ean, 12 arrosen erakundea sortu zen PSOEko eta PCEko buruzagiekin eta, gaur egun, Jose Crepeda da burua, oroimen historikoan, berdintasunean eta justizia sozialean sakontzeko helburuaz.
2005eko udan, Zaragozako Vinos Chueca rock taldeak Trece Rosas abestia kaleratu zuen Gente que no sabe nada de la vida diskoaren barnean. Abestiak diskoa azkentzen du eta Fernando Bastosen hitzak daramatza[7].
2006ko maiatzean, Hamahiru Arrosen Iturria inauguratu zen Getafen. Espainiako Etorbidea eta Juan de Brobiko Etorbideen elkartzean kokatzen da. Hamahiru ur-zurrusta taldez osatua dago. Horietako bakoitzak bizitza moztu bat irudikatzen duen eskultura bat, arrosa txertatu bat eta hamahiru emakumeetako bakoitzaren izen enkastratua ditu.
2009ko abuztuaren 5ean, fusilamenduaren 70. urteurrena ospatu zen Almudenako hilerrian, oroitzapenezko xafla ezarri zen tokian, isiltasunezko 70 urteren buruan Hamahiru Arrosen izen-abizenen inskripzioak agertu ziren tokian. Gaur egun, xafla hori, 1988an ezarri zenaren eta berritu zenaren alboan, biak Almudenako hilerriko paretan ezarriak, Madrilgo herriak hilketa hura ordaintzeko itxura da.
2009ko azaroaren 3an Barricada rock taldeak La tierra esta sorda izeneko bere azken lana argitaratu zuen frankismoaren biktimen omenez. Disko horretako hiru abestiek Hamahiru Arrosak gogorarazten dituzte: Hasta siempre, Tensi[8] eta Pétalos.[9]
2011n, Nach espainiar rap-kantariak Disparos de Silencio izeneko abestia argitaratu zuen pertsona askori omenaldia eginez, Las 13 rosas adibidez.[10]
El Bercial deituriko Getafeko (Madril) auzo batean Hamahiru arrosen parkea deituriko parke bat dago, hamahiru emakume gazte haien omenez.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b https://web.archive.org/web/20160526060833/http://www.muyhistoria.es/curiosidades/preguntas-respuestas/quienes-fueron-las-trece-rosas-811407238904
- ↑ Preston, Paul. El holocausto español. Odio y exterminio en la guerra civil y después. Editorial Debate. Bartzelona. 2011. 633. orrialdea.
- ↑ a b http://www.mujeresenlahistoria.com/2014/06/las-flores-arrancadas-las-trece-rosas.html
- ↑ http://elpais.com/diario/2005/12/11/eps/1134286010_850215.html
- ↑ https://web.archive.org/web/20160629211324/http://alternativarepublicana.es/que-mi-nombre-no-se-borre-en-la-historia-75-aniversario-del-asesinato-de-las-trece-rosas/
- ↑ http://www.lavanguardia.com/hemeroteca/20140805/54412209228/trece-rosas-guerra-civil-posguerra-mujeres-fusilamientos-espana-franquismo-menores-de-edad-jsu.html
- ↑ https://www.google.es/webhp?sourceid=chrome-instant&ion=1&espv=2&ie=UTF-8&client=ubuntu#q=13+rosas+vinos+chueca
- ↑ http://www.musica.com/letras.asp?letra=1862975
- ↑ https://www.youtube.com/watch?v=RDuesBF8-gY
- ↑ http://www.musica.com/letras.asp?letra=1958637