[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Zutoihal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erlijiozko zutoihalak prozesio katoliko batean (Paris).

Zutoihal edo estandartea estatu, erakunde, bazkun edo gudari talde baten[1] ohorezko bandera da, makila batean esekirik zutik eramaten dena.

Oihalezkoak direnez, ikur hauek itxura, tamaina eta kolore askotakoak izan daitezke eta, garaiaren eta tokiaren arabera, erabilera ugari hartu.

Antzinaroan, gerrako zutoihalak erabiltzen ziren, "bandera-antzeko" edo bexiloide gisa sailka daitezkeenak, antzinako Egipton edo Asirian sortuak[2]. Adibideen artean daude sasandarren Derafsh Kaviani gerra zutoihala, Zesar Augustoren X. legioaren arranoa edo sarmaziarren dragoi-zutoihalak. Azken hau, zaldun batek eramaten zuenez, haizeak eragiten zion oihal bat zuen, baina irudikapen batzuen arabera, dragoi-parpaila luze baten antz handiagoa zuen, bandera soil batena baino.

Goi Erdi Aroan, banderak nagusiki guduan erabili ziren erakusgai heraldiko bezala, zaldunak errazago identifikatu ahal izateko ezkutu gainean margotutako armarri soilekin baino. Behe Erdi Aroan, hiri-estatuak eta herrialdeak ere, Suitzako Konfederazio Zaharrekoak kasu, hasi ziren banderak erabiltzen landa-seinale gisa.

Erdi Aroko japoniar sashimono delakoa, oinezko soldaduek eramana, garapen paralelo bat da.

Herrialde batzuetan, armadaren zaldizko gorputzek (zalditeria eta artilleriak) erabiltzen dituzten intsigniei ere zutoihal deritze, hau da, haga batería zintzilik dagoen oihal karratu bat, non errege armarria eta dagokion gorputzarena ipintzen edo brodatzen den. Antzina, infanterian ere erabiltzen zen.

Komunitate erlijioso katolikoek, kofradiek eta anaidiek ere erabili ohi dituzte, prozesioetan esaterako. Oihala laukia edo laukizuzena edo puntaduna izan ohi da, non komunitate edo anaidiaren irudia edo ikurra margotuta dagoen (normalean santu batena edo Ama Birjinarena). Oihala hagatxo horizontal batetik zintzilik egon ohi da, makilarekin gurutzea osatzen duena.

Estatuburu batzuek zutoihal (edo bandera) bereizgarria dute, eta bere presentzia adierazteko erabiltzen da, adibidez eraikin, ontzi edo ibilgailu batean. Estatuaren antolamendu politikoaren arabera, estatuburuaren zutoihal pertsonala izan daiteke errege-zutoihala (errege-erregina edo errege etxea adieraziz, adibidez Espainiako Errege Etxea), enperadore-zutoihala (egun Japoniako enperadorea bakarrik) edo presidente-zutoihala (errepublikatan erabilia, adibidez Estatu Batuetako presidentea).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Estandarte sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2020-06-02)
  2. (Ingelesez)Flag | heraldry. Encyclopedia Britannica. Kontsulta: 2019-2-15.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]