[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Uroilo arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uroilo arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaGruiformes
FamiliaRallidae
GeneroaGallinula
Espeziea Gallinula chloropus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa348 g
Zabalera52 cm
Kumaldiaren tamaina5,8
Uroiloa, Korsikan

Uroilo arrunta (Gallinula chloropus) rallidae familiako hegaztia da[1]. Eurasian eta Afrikan aurkitzen da eta Euskal Herrian sedentarioa da.

30-38 zentimetroko luzera eta 50-62 zentimetroko hego-zabalera dituen oilo itxurako hegaztia da, hortik bere izena. Pisua 192 eta 500 gramo artekoa izan dezake[2]. Kolore gris iluna du, azpialdean urdinagoa eta bizkarrean beltzagoa. Hegoen azpiak luma zuri batzuk azaltzen ditu eta buztanaren ertzean ere luma zuri deigarriak ditu, buztanari ezkutu itxura ematen diotenak. Mokoa gorria da, eta puntan orbain hori bat du. Hankak hori-berdeak dira, eta belaunean orbain gorria dute. Hatzak oso luzeak dira.[3]

Euskal Herrian sedentarioa bada ere neguan Europa iparraldetik datozenekin populazioa handitu egiten da. Hegalari eskasa da baina edozein eremu kolonizatzeko gaitasun handia du, edozein dela ere hezegunearen kontserbazio maila. Hori dela eta padura eta aintzirez gain hirietan ere erraz aurkitzen da.[4][5] Euskal Herriko ibai, erreka eta hezeguneetan aurkitu dezakegun espezierik arruntenetakoa da. Habiagile arrunta, urte osoan zehar ikusi dezakegu.[6]

Orojalea da eta urtaroaren arabera landareen eta animalien arteko proportzioa aldatzen du. Ihiak, ur azpiko landareak, fruituak eta zekaleak jaten ditu, bai eta ornogabe ugari ere. Ornodun txiki batzuk ere jaten ditu eta hirietan sarraskia eta zaborra ere bai. Elikagaiaren arabera teknika desberdinak jorratzen ditu, ur azpian murgiduz, ur ertzetako limoetan bilatuz edota inguruko landa eremutan haziak janez[4].

Neguan hegazti taldekoia bada ere ugalketa garaian bikoteak bakartiak izaten dira eta oso lurraldekoiak. Bikotekide biek egiten dute habia uretako landare, zurtoin eta makilatxoekin eta ur ertzetako landaretzan ezkutaturik eraikitzen dute. Sarritan beste hegazti batek utzitakoa erabiltzen dute. 2-13 arrautza ipini eta biek txitatzen dituzte 21-22 egunetan zehar. Txitak lumatxaz estalirik jaiotzen dira eta berehala dira gai helduen atzetik zelaietan ibiltzeko. 40 egun behar dituzte hegan egiten hasteko. Hurrengo txitaldian oraindik helduekin egoten dira eta habia dagoen eremua babesten laguntzen dute[4].

Uroilo arrunta

Carl von Linneok deskribatu zuen aurreneko aldiz 1758 urtean Systema Naturae liburuan eta Fulica chloropus izena eman zion[7]. 1760 urtean Mathurin Jacques Brisson zoologo frantsesak Gallinula generoa sortu zuen eta bertan kokatu zuen uroiloa[8]. Gallinula izenak "oilo txikia" esan nahi du eta Chloropus grekerazko χλωρός (khlōros) "hori-berde" eta πούς (pous) "hanka" hitzen elkarketaz sortu da.

Antzina Uroilo amerikarraren espezie berekoa kontsideratu bazen ere ADN analisiek ezaugarri desberdinak dituztela egiaztatu dute.

Uroilo arruntak 12 azpiespezie ditu[9]:

  • Gallinula chloropus barbadensis (Bond, 1954)
  • Gallinula chloropus cachinnans (Bangs, 1915)
  • Gallinula chloropus cerceris (Bangs, 1910)
  • Gallinula chloropus chloropus (Linnaeus, 1758)
  • Gallinula chloropus galeata (Lichtenstein, 1818)
  • Gallinula chloropus garmani (Allen, 1876)
  • Gallinula chloropus guami (Hartert, 1917)
  • Gallinula chloropus meridionalis (Brehm, C.L., 1831)
  • Gallinula chloropus orientalis (Horsfield, 1821)
  • Gallinula chloropus pauxilla (Bangs, 1915)
  • Gallinula chloropus pyrrhorrhoa (Newton, A., 1861)
  • Gallinula chloropus sandvicensis (Streets, 1877)

Euskal Herrian dituen izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako izen hauek ematen zaizkio uroiloari[6]:

  • Uroilo
  • Uroilanda, Urpaitoa (Arratia)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Takano, Leilani L. eta Haig, Susan M. (2004): Distribution and Abundance of the Mariana Subspecies of the Common Moorhen. Waterbirds 27(2): 245-250. HTML
  2. (Ingelesez) «Common Gallinule Life History, All About Birds, Cornell Lab of Ornithology» www.allaboutbirds.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  3. Larrañaga, Jon. (1996). Euskal herriko fauna : (ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea ISBN 84-87114-09-1. PMC 431668363. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  4. a b c «Gallineta común» SEO/BirdLife.
  5. BiObserva. «BiObserva» www.biobserva.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  6. a b «Uroiloa» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  7. Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  8. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  9. Clements, J. F., T. S. Schulenberg, M. J. Iliff, B.L. Sullivan, and C. L. Wood. 2009. The Clements checklist of birds of the world: Version 6.4. Cornell University Press