[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Unai Laso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Laso

Unai Laso, 2021ean.
Izen osoa: Unai Laso Lizaso
Jaiotza data: 1997ko maiatzaren 13a (27 urte)
Jaioterria: Bizkarreta, Erroibar (Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: Baiko
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,83 m
Pisua: 76 kg
Debutatze data: 2016ko ekainaren 18a
Debutatze pilotalekua: Labrit (Iruñea)

Unai Laso Lizaso, pilota arloan Laso deituraz ezaguna (Bizkarreta, Erroibar, Nafarroa Garaia, 1997ko maiatzaren 13a) esku huskako pilotari profesionala da. 2022an, kirol espezialitate horretako titulu nagusia irabazi zuen: Buruz Buruko Txapelketa, alegia. Aurrelari aritzen da, Baiko enpresarekin (lehen Asegarce deitua). Izaeraz urduria, Lasoren ezaugarri nabarmenenetakoak dira ezker-eskuin indartsuak eta erasoko joko alaia.

Hastapenetan, binaka jokatzen moldatzen zen hobekien. Profesionaletan debutatu aurretik ere, Lasoren dohainek itxaropen handiak pizten zituzten: 18 urte betetzerako, amateurretan jokatutako 80 partidetatik 67 irabaziak zituen; Espainiako Ohorezko Dibisioko buruz buruko txapeldun izan zen; gazte mailako Nafarroa Garaiko buruz buruko txapeldun; GRAVNI txapelketako gazte mailako binakako txapeldun; eta Diario Vasco torneoko txapeldun.[1][2]

2016ko ekainaren 18an debutatu zuen profesionaletan, Asegarce enpresarekin (gero, 2019an, enpresa horrek Baiko izena hartuko zuen).[3]

2020. urtean Baiko enpresan izandako lan gatazkak Laso kontraturik gabe geratzea ekarri zuten, beste hiru pilotarirekin batera: Iosu Eskiroz, Jon Mariezkurrena eta Victor Esteban. Garai hartan, Laso pilotari onenen artean sartuta zegoen: izarretako bat zen, erakutsitako jokoaren, lortutako emaitzen eta erakarritako ikusle andanaren aldetik, baina enpresak soldata eta lan baldintza kaskarrak ezarriak zizkion, eta ez zion hobetzerik onartzen (beste pilotari gazteei bezala; beteranoentzat, ordea, askoz soldata eta lan baldintza hobeak zeuden).[4][5][6] Zortzi hilabetez aritu zen Laso berriro amateurretan, eta jokatutako partida guzti-guztiak irabazi zituen.[7]

2021eko maiatzean berriro Baikorekin kontratua sinatuta,[8] bere tokia berreskuratu zuen, oraingoan soldata eta lan baldintza hobeekin, baina ez bere enpresako izarren pare, nahiz eta haiek baino emaitza hobeak lortu.[9]

2021eko azaroan bertan, lau eta erdiko txapeldunorde izan zen, Jokin Altunaren aurka finala galduta, 22 eta 20.[10]

2022ko binakako txapelketan, Ander Imaz atzelaria lagun, txapeldunorde izan zen, finala Altuna III.a-Martija bikotearen aurka 22 eta 20 galduta. Emozio handiko final gogorra izan zen; Laso-Imaz bikotea 17 eta 11 aurretik joan zen, baina bukaeran sendoago aritu ziren aurkariak.[11]

2022ko maiatzaren 29an, esku huskako pilotako titulu nagusia eskuratu zuen: buruz burukoa. Finalean sartzeko, orduko txapeldun Jokin Altuna mendean hartu zuen, bien artean jokaturiko partidetan lehenengo aldiz: 22 eta 17. Finalean, berriz, 22 eta 7 irabazi zion Joseba Ezkurdiari.[12] Horri esker, Baiko enpresak 2027ra arte berritu zion kontratua;[13] oraingoan, enpresako izarrei dagokien soldatarekin.

Kontratua berritu eta gutxira jokatu zuen bigarrenez Sanferminetako lau eta erdikoaren finala. Galdu egin zuen, eta gainera min hartu zuen eskuin hankako koadrizepsean. Hiru aste egin zituen jokatu gabe. Gero, 2022ko udako torneoetan eta gainerako partidetan ondo aritu zen; baina irail hasieran, Ordizian (Gipuzkoa), ikusle batek lurrera botatako edariarekin irrist eginda, min hartu zuen eskuin aldakan. Hilabete izan zen jokatu gabe. Larri iritsi zen lau eta erdiko nagusia jokatzera, eta ezin izan zuen bere mailarik eman: ez zen sailkatu finalerdietarako.[13]

2023ko binakakoan ere gorabeheratsu aritu zen, baina garaiz suspertu zen, eta, horri esker, hark eta Ander Imazek txapeldunorde izatea lortu zuten bigarrenez jarraian. Titulua erabakitzen zuen partidan, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta nagusitu ziren.[13]

2023ko buruz burukoan ere ez zuen bere mailarik eman: final laurdenetako ligaxkan kanporatu zuen. Gerora txapeldun izango zen Aitor Elordik irabazi zion partida erabakigarria.[13]

2023ko ekainean, partidaz betea zetorkion udako denboraldiari ekitekotan zegoela, bi ebakuntza egin zizkioten hamar egunean: lehenbizi, apendizea kendu behar izan zioten; eta, gero, hautsia zuen eskuin aldakako labrum hezurra osatzeko ebakuntza egin zioten. Binakako txapelketan egin zuen aldakako lesio hori, eta horrek ez zion uzten bete-betean aritzen.[13][14]

Kirol lorpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko finalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Tantoak Pilotalekua
2022 Laso Ezkurdia 22-07 Nafarroa Arena
2024 Altuna III.a Laso 22-05 Bizkaia

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Tantoak Pilotalekua
2022 Altuna III - Martija Laso - Imaz 22-20 Bizkaia
2023 Elordi - Zabaleta Laso - Imaz 22-13 Nafarroa Arena

Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Tantoak Pilotalekua
2021 Altuna III.a Laso 22-20 Bizkaia
  • 2016: 22 urtez azpiko GRAVNI txapelketako binakako txapeldun.
  • 2015: Diario Vasco Promesas txapelketako binakako txapeldun.
  • 2014/2015: Espainiako Ohorezko mailako buruz buruko txapeldun, senior kategorian (berez gazte kategoriakoa izanda).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Unai Laso, un pelotari que se cuela entre los grandes», Noticias de Navarra, 2016-02-13.
  2. (Gaztelaniaz) «Unai Laso ficha por Asegarce», Noticias de Gipuzkoa, 2016-06-10.
  3. (Gaztelaniaz) Deia. «Unai Laso pierde en su debut con Asegarce» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  4. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Unai Laso habla de "dictadura" en el seno de Baiko Pilota» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  5. (Gaztelaniaz) Guinea, Luis. (2020-09-20). «Unai Laso no seguirá en Baiko» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  6. (Gaztelaniaz) Alava, Noticias de. «Unai Laso, finalista del Manomanista, soporta el peso de Baiko» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  7. (Gaztelaniaz) Deia. «Unai Laso vuelve a Baiko» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  8. «Unai Laso Baiko Pilotara itzuliko da» EITB 2021-05-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  9. (Gaztelaniaz) «Laso, mejor rendimiento que contrato» El Diario Vasco 2022-05-23 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  10. «Lau t'erdiko hirugarren txapela Altuna III.arentzat» EITB 2021-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  11. Berastegi, Iñaki. «Lanean eta defentsan oinarritutako txapela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  12. «Unai Laso txapeldun, finalean jaun eta jabe izanda» EITB 2022-05-30 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  13. a b c d e Etxeberria, Julen. (2023-06-13). «Zorigaitzak harrapatu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  14. (Gaztelaniaz) Guinea, Luis. (2023-06-12). «Medio año sin Unai Laso» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]