Legea agintariek ezartzen duten araua da, gauzak nola egin behar diren, eta zer egin daitekeen eta zer ez esaten duena. Hortaz, legeek jendea bakean bizitzen laguntzeko balio dute. Adibidez, legea betetzen ez baduzu eta beste pertsona bati kalte egiten badiozu, zigorra jasoko duzu. Zigortzeko modua ere legeetan zehaztuta dago.
Legeak parlamentuan eztabaidatu eta erabakitzen dira herrialde demokratikoetan. Ondoren, gobernuak lege horiek argitaratzen ditu eta funtzionatzen dutela ziurtatzen du. Estatuek botere judiziala dute, hau da, justizia, erabakitzeko ea norbaitek benetan legea hautsi ote duen, eta horrela izatekotan, nola zigortu behar duten. Hala ere, herritarrek justiziaren aurrean euren errugabetasuna defendatzeko eskubidea dute.
Kontuan izan behar dugu herrialde bakoitzak bere lege propioak dituela, eta, horregatik, herrialde batean debekatuta egon daiteke beste batean onartzen den zerbait. Zenbait lege orokorrak eta oinarrizkoak dira herrialde bateko herritar eta lurralde guztientzat; beste batzuk, berriz, lurralde jakin batzuetan bakarrik aplikatzen dira. Adibidez, Eusko Legebiltzarrak onartzen dituen legeak Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik aplikatzen dira.
Konstituzioa lege berezi bat da, Estatuko lege garrantzitsuena, gainera: Konstituzioak zehazten du estatuak nola funtzionatzen duen eta gizartearen funtzionamendurako beharrezkoak diren legeak zein diren. Herrialde batzuek ez dute konstituziorik; ez, behintzat, lege idatzi moduan. Hala ere, antzeko funtzioa duten lege garrantzitsu batzuk dituzte.
Zer da zuzenbidea?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitza eta pertsonen arteko harremanak arautzen dituen lege eta arau multzoari zuzenbidea deritzo.
Zuzenbidean bi adar desberdin daude: zigor-zuzenbidea eta zuzenbide zibila. Zigor-zuzenbidea delituez eta krimenez arduratzen da. Estatuak epaileak eta justizia-auzitegiak ditu zigor-zuzenbideko arauak hausteagatik akusatuta daudenak epaitzeko; hau da, delitu edo krimenak egin dituztenak epaitzeko. Epaileak akusatua erruduna dela erabakitzen badu, zigortu egingo dute. Zigorra diru-isuna edo kartzela-zigorra izan daiteke. Munduan, zoritxarrez, heriotza zigorra ezartzen duten herrialdeak ere badaude.
Bestalde, zuzenbide zibila pertsonen arteko desadostasunez arduratzen da. Pertsona batek epaitegi zibilean demanda aurkeztu dezake norbaitek bidegabe tratatu duela uste badu (adibidez, zor bat ordaindu ez badio). Demanda aurkezten duen pertsona auzi-jartzailea da. Orokorrean, auzi-jartzaileen helburua beste pertsonak dirua ordaintzea da, ustezko kalteak konpentsatzeko.