[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arabako lautadako landa-ingurunea.

Landa-ingurunea edo nekazaritza-eremua batez ere lehengai eta baliabide naturalak eskaintzen dituen lurraldea da. Haren barruan, hainbat jarduera ekonomiko aurki daitezke, gehienbat nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari eta meatzaritzari lotuak; dena dela, gaur egun, beste hainbat jarduera gehiago ere topa daitezke inguru hauetan.

Biztanleria-dentsitate gutxi eta tamaina mugatuko biziguneak izaten ditu, hau da, herri ez oso handiak; leku hauetan bizi direnek askotan hiri handietan baino lotura handiagoak eta harreman estuagoak izaten dituzte batzuek besteekin, ia denek elkar ezagutzen dutelako. Horrek eragina izaten du haien jokamoldean eta baita mundua ulertzeko moduan ere.

Landa-inguruneetako paisaiak naturalak diren arren, gizakiak neurri handi batean eraldatu egin du goian aipatutako jarduera ekonomikoak garatu ahal izateko.

Landa-ingurunean eragina duten faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tankera askotako landa-inguruneak daude gaur egun, eta gainera landa-eremuak etengabe ari dira aldatzen gizakien jardueren eraginez. Hori dela eta, landa-ingurunearen ezaugarriak azaltzeko orduan, hainbat faktore izan behar ditugu kontuan. Eskuharki, landa-eremua baldintzatzen duten bi faktore-mota bereizi ohi dira:

Faktore fisiko edo naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa-inguruneetako paisaietan eragina duten faktore nagusiak klima, erliebea eta lurzoru motak dira.

  • Klima: landa-eremuetako jarduerak gehien baldintzatzen dituen faktorea da. Izan ere, landare bakoitzak halako tenperatura eta halako hezetasun jakin bat behar izaten du. Adibidez, gariak eta patatak ondo jasaten dute hotza; azukre-kanaberak, aldiz, tenperatura beroak behar ditu. Landare batzuek oso ondo jasaten dute klima lehorra, olibondoak, arbendolondoak eta mahatsak, adibidez); eta beste batzuek, berriz, ur ugari behar izaten dute, hala nola arrozak. Beraz, lurralde bakoitzeko tenperatura eta prezipitazio-maila oso faktore natural garrantzitsuak dira.
  • Erliebea: honek ere oso eragin handia du landa-eremuetako paisaian, goi-mendietan hotzak asko zailtzen dituelako nekazaritza-jarduerak. Altueraz gain, mendietako aldapak ere ez dira oso egokiak izaten nekazaritzarako, ez bakarrik lantzeko zailagoak direlako, baina baita euriak lurraren higadura eragiten duelako ere. Leku menditsu askotan, nekazariek terrazak eraiki dituzte mendi-aldapetan, lursail horizontalak eduki ahal izateko.
  • Lurzoru-mota: faktore hau ere oso garrantzitsua da nekazaritzarako. Lurzorua lurraren azaleko geruza da, eta materia organikoz eta mineralez osatuta dago, hau da, landareek elikatzeko behar dituzten gaiez. Beraz, horrelako nutriente ugari dituzten lurzoruak oso egokiak izaten dira nekazaritzarako. Osaera ez ezik, lurzoruaren testura ere oso garrantzitsua da: garau lodiko lurzorua (zoru hareatsuak edo hondar-lurrak) txarra izaten da landareentzat, ura oso azkar iragazten delako; aldiz, garaua oso fina izanez gero (buztin-lurrak), lurzorua hezetasunarekin asko trinkotzen da, euri-ura azalean pilatzen du eta, lehortzen denean, pitzatu egiten da. Lurzoru naturalik onena garau ertainez osatuta dagoena da, limo, lohi edo lupetza deitzen dena, alegia, lur gizena osatzen duelako, nekazaritzarako egokiena. Ibai-ertzetatik hurbil egoten da eta materia organikoetan aberatsa da.

Giza faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa-eremuetako paisaian eragina duten giza faktoreak presio demografikoa eta garapen teknologikoa dira.

  • Presio demografikoa: leku bateko biztanleria handitzen denean, janarien ekoizpena handitu behar izaten da, jendea elikatzeko edota elikagaiak merkaturatzeko, eta orduak lursail gehiago erabili behar izaten da nekazaritzan. Alderantziz, biztanleria gutxituz gero, nekazaritza-lurrak bertan behera uzten dira, ez direlako behar edo ez dagoelako horiek lantzeko behar adina jenderik. Kasu batean zein bestean, landa-eremuetako paisaiak aldaketa handiak jasaten ditu.
  • Garapen teknologikoa: baliabide teknologiko gutxi duten gizataldeek zailtasun handiak izan ditzakete naturak nekazaritza-jarduerari ipintzen dizkion mugak eta baldintzak gainditzeko; aldiz, baliabide teknologiko garatuak dituzten gizataldeek erraztasun handiagoa dute beren elikadura-beharrak edota merkatuaren eskaera asetzeko, baldintza naturalen gainetik. Baliabide teknologikoak (makinak, ongarriak, ureztatze-sistema artifizialak, hazi hautatuak eta produktu kimikoak) dituzten lekuetan, nekazariek produktibitate handiagoa lortzen dute, klimak, erliebeak edo lurzoruak ezartzen dizkien mugen gainetik.


Landa-eremuetako osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Amurrio, landa-eremuko populaketa kontzentratuaren adibidea.

Landa-inguruneetako paisaiak eratzen dituzten osagai nagusiak populaketa-mota, lursailen ezaugarriak eta nekazaritza-sistemak dira.

Populaketa-mota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Populaketa hitzarekin aditzera ematen da nola biltzen diren lurralde bateko biztanleak hiri, herri edo bestelako biziguneetan; populaketa-motak eragin nabaria izaten du paisaiaren eraketan.

Landa-eremuetan, bi dira populaketa-mota nagusiak:

Aramaioko Gantzaga, populaketa sakabanatuaren adibidea.
  • Populaketa kontzentratua: etxebizitzak multzo bat osatuz elkartuta egoten dira, biziguneak osatuz, nekazaritzan edo abeltzaintzan erabiltzen diren lurretatik aparte. Honelako biziguneetako biztanleek hainbat zerbitzu izaten dituzte eskura.
  • Populaketa sakabanatua: biztanleen etxeak elkarrengandik aparte egoten dira, normalean familia bakoitzaren lurretan, herrigune bat osatu gabe. Euskal Herriko baserriak dira horren adibidea.

Dena dela, Euskal Herrian, leku askotan bi populaketa-mota hauek nahastuta egoten dira: herrigune bat egoten da (tradizionalki "kalea" deitua) eta gero hainbat baserri inguruetan.

Lursailen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bocage, edo paisaia erregular itxia.

Nekazaritzan erabiltzen diren lur-zatiak dira lursailak. Era askotako lursailak daude, tamainari, mugei eta formari erreparatuta.

Tamainari dagokionez, lursailak handiak (latifundioak) edo txikiak (minifundioak) izan daitezke.

Mugak kontuan izanda, lursailak irekiak edo itxiak izan daitezke; irekiak izaten dira mugarri batzuen bidez edota ildo soil batez banatuta daudenean; itxiak izaten dira, berriz, hesi edo harresi batez inguratuta eta banatuta daudenean.

Openfield, edo paisaia irregular irekia.

Formaren aldetik, Erdialdeko Europan ohikoak izaten dira forma erregularra edo geometrikoa duten lursail itxiak; eskualde mediterranearretan, aldiz, forma irregularrekoak eta irekiak izaten dira lursailak, hau da, ez dira mugatuta egoten eta ez dute halako forma geometriko jakin bat izaten.

Honen arabera, bi eratako paisaiak daude:

  • Openfield, edo paisaia itxiak eta erregularrak.
  • Bocage, edo paisaia irekiak eta irregularrak.

Nekazaritza-sistemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza-sistemak beren produktuak lortzeko nekazariek erabiltzen dituzten teknikak dira. Sistema horiek desberdinak izaten dira lurraren aprobetxamenduaren arabera, uraren erabileraren arabera, laborantzen dibertsitatearen arabera eta ekoizpenaren helburuaren arabera (autokontsumorako edo merkaturako den).

Polilaborantza: tipulak eta azenarioak batera.

Nekazaritzan teknika eta sistema desberdinak erabiltzen dira produktuak ekoizteko. Sistema horiek honela sailka daitezke:

  • Produktuen aniztasunaren arabera: polilaborantza eta monolaborantza deritzen sistemak bereizten dira.
    • Polilaborantzan, espezie desberdinak landatzen dira lur-eremu berean. Familiaren kontsumorako eta abereen elikadura eskuratzeko izaten da, eta, soberakinak egonez gero, merkatuan saltzeko. Batez ere barazkiak eta fruituak ekoizten dira.
    • Monolaborantzan, espezie bakarra landatzen da, lursail handietan, eta merkatuan saltzeko ekoizten da batez ere. Sistema honetan, zerealak eta lekaleak ekoizten dira nagusiki, bai eta beste espezie batzuk ere, hala nola kotoia edo kafea.
Lehorreko nekazaritza.
  • Ureztatzearen arabera: lehorreko nekazaritza eta ureztatutako nekazaritza sistemak bereizten dira.
    • Lehorreko nekazaritzan, ez da ureztatze-sistema artifizialik erabiltzen, euri-ura besterik ez. Lekaleak, ekiloreak, soia, zerealak, mahatsa, arbendolak eta olibak izaten dira sistema honetan ekoizten diren elikagaiak.
    • Ureztatutako nekazaritzan, laboreak artifizialki ureztatzen dira, inbertsio handiak eskatzen dituzten sistemak erabiliz. Honela ekoizten dira, adibidez, fruituak, arroza, kotoia, artoa eta barazkiak.
  • Lurra ustiatzeko eraren arabera: nekazaritza intentsiboa eta estentsiboa izan daiteke.
    • Nekazaritza intentsiboan, lur-azalera txikiak lantzen dira, baina ahalik eta produktibitaterik handiena lortu nahi dira, inbertsio handiak eginez. Sistema honetan, ureztatutako nekazaritza sartzen da.
    • Nekazaritza estentsiboan, lur-azalera zabalak lantzen dira, inbertsio gutxiagorekin, eta produktibitate txikiagoak lortzen dira. Lehorreko nekazaritza, adibidez, sistema estentsiboan sartzen da.