[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
360.930
🔎
Azalera
102,32 km²
🌄
Altuera
50 metro
📷
Argazkiak
ikusi
Hiriko ikuspegi ezagun batzuk.

Florentzia Italian dagoen hiri bat da. Historia, arte eta kulturagatik ezaguna da eta Errenazimendu garaian oparotasun handia lortu zuen. Italiar penintsularen erdian dago kokatuta eta Florentzia probintziako hiriburua da, eta baita Toscana izeneko italiar eskualdearena. 2020an 372.000 biztanle inguru zituen.

Florentzian oso garrantzitsuak dira kultura-turismoa eta artisautza. Hiriko artisauek, besteak beste, paperezko lan finak, larruzko gauzak, oihalak, bitxiak eta altzariak egiten dituzte. Gainera, Florentzian artelanen zaharberritzea negozio garrantzitsua da. Hiriaren kanpoaldeko fabriketan altzariak, produktu kimikoak eta elikagaiak egiten dituzte milaka pertsonak.

Hiriko toki interesgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Florentziako lekurik ospetsuena Santa Maria del Fiore katedrala da, Piazza del Duomo izeneko plazan dagoena kokatuta. Eliza honi askotan Duomo bakarrik deitzen diote, italieraz Duomok katedrala esan nahi duelako. Duomoaren kanpoaldea arrosa, berde eta zuri koloreko marmolez estalita dago eta barrualdea Italiako artista handienetako batzuen margolanez eta beirateez. Eraikinaren kupula ospetsua hiri guztiaren erreferentzia puntua da. Katedrala 1436. urtean amaitu zuten. Duomoaren ondoan Giotto margolari eta arkitektoak diseinatutako kanpandorrea dago. Kanpandorrea 80 metro altu da eta hau ere arrosa, berde eta zuri koloreko marmolez estalita dago. Duomoaren aurrean bataiotegia dago, hiriko eraikinik zaharrenetariko bat, orain dela mila bat urtekoa eta atean irudikatuta dauden erlijio-eszenengatik da ospetsua. Eszena hauek 1400. urte inguruan gehitu ziren.

Ospetsua den beste eliza Santa Croce eliza da. Eliza hau 1200. urtean eraiki zen eta Florentziako jende ospetsu asko daude bertan lurperatuta, horietako bat Michelangelo artista errenazentista. Ponte Vecchio dendaz beteta dagoen zubi oso ezagun bat da.

Florentziako irudi ezaguna.

Hiriak duen arte-bikaina dela eta, Florentziak hainbat museo ditu. Museo horietako bat Uffizi Galeria da, hasiera batean hiriko gobernuaren bulegoak izateko diseinatutako eraikin handi batean dagoena. Gaur egun, Uffizi arte galerian italiar Errenazimenduko obren munduko erakusketarik handienetakoa dago ikusgai. Margolan ospetsuenak Botticelliren Venusen Jaiotza eta Leonardo da Vinciren Deikundea dira. Florentziako beste erreferentzia puntua Pitti Jauregia da. Bertan artea, apaindutako gelak eta beirateriak, zilarra eta bitxiak daude ikusgai. Arte-Akademiaren Galerian dago Michelangeloren David eskultura ospetsua.

K.a. I. mendean, Florentzia soldadu-kolonia izateko eraiki zuten erromatarrek. Kolonia handituz joan zen eta III. mendean merkataritza-gune oparo bat izan zen. Erdi Aroan, Florentzia hiri oso garrantzitsua bihurtu zen. Merkatari, bankari eta langile espezializatuek aurrera egin zuten hirian.

Izurri Beltza izeneko gaixotasunak Florentziako biztanleria erdia hil zuen 1348an. Goseteak eta plagaren agerraldi berriak egon ziren XIV. mendean zehar. Honek eta arazo ekonomikoek hiriaren gainbehera eragin zuen Medici familiak hiriaren kontrola hartu arte XV. mendean. Bankari-familia aberats honek hiriaren kontrola izan zuen 1434tik 1737ra arte urte batzuetan izan ezik. Medici familiak beraien diruarekin politikariei eta artistei lagundu zieten. Lorenzo Mediciren agindupean, XV. mendearen amaiera aldera, Florentzia Errenazimenduko hiri kultural handienetakoa bihurtu zen. Lorenzo Bikainak -horrela zen ezaguna- Michelangelo, Leonardo da Vinci edo Botticeli, besteak beste, lagundu zituen.

Florentzia Toscanako Dukerri Handiaren barruan sartu zen 1537an. Azken Mediciaren heriotzaren ondoren 1737an, Toscanako eskualdea eta Florentziako hiria Austriako Habsburgo familiaren eskuetara igaro zen, eta XIX. mende hasieran frantziar gobernuaren eskuetara denbora labur batez. 1860an Florentzia zuela gutxi sortutako Italiako  erreinu berrian sartu zen, eta erreinuaren hiriburua izan zen 1865etik 1870era.

Ponte Vecchio zubia Arno ibaiaren gainean.

Bigarren Mundu Gerra bitartean (1939-1945), alemaniar tropek hiria okupatu zuten. Aliatuek aurrera egin zutenean 1944ean, alemanek atzera egin zuten eta hiriko zubi denak suntsitu zituzten Ponte Vecchio izan ezik, eta baita hiriko hainbat eraikin ere. Aliatuek eraikin kaltetuak konpontzen lagundu zuten. 1966an Arno ibaiak gainezka egin zuen eta leku batzuetan 6 metrotara iritsi zen ura. Hainbat artelan eta eraikin kaltetuak edo suntsituak izan ziren. Hala ere, mundu guztiko jendea hurbildu zen artelanak konpontzen laguntzera eta gaur egun Florentzia arte-zaharberritze tekniketan buru da.