Energia zerbait egiteko behar den indarra da; Fisikarentzat, magnitude fisiko bat da; hari esker, gorputzek edo sistema materialek beren buruan edo beste gorputz batean aldaketak eragiteko gaitasuna dute.
Gutxi gorabehera lanerako indarra esan nahi duen grezierazko energeia hitzetik dator. Gaur egun duen zentzuan, berriz, XIX. mendearen hasieran hasi zen erabiltzen zientzian.
Gure gorputzak ere energia behar du edozein mugimendu egin ahal izateko: zutitzeko, ibiltzeko, pisu bat jasotzeko... Eguzkiak izaki bizidun guztiek bizi ahal izateko behar duten energia (beroa) ematen du. Edo telefono mugikor batek energia ematen dion bateria bat behar du funtzionatu ahal izateko.
Energia mota desberdinak daude?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energia zerbait abstraktua da, ezin da ikusi ezta ukitu ere; bakarrik, haren ondorioak ikus ditzakegu. Ondorio horiek nola gertatzen diren edo zergatik gertatzen diren kontuan hartuta esaten dugu energia mota desberdinak daudela. Izan ere, energia leku desberdinetatik ateratzen da eta modu desberdinean funtzionatzen du.
Horren arabera, energia-mota desberdinak bereizten ditugu, modu askotara esan daitekeelako energia nolakoa den; batzuetan, nondik datorren aipatzen da: adibidez, energia hidraulikoa urak emandako energia da; eta energia eolikoa, berriz, haizetik ateratakoa da; baina, beste batzuetan, berriz, energia hori nola transmititzen den edo nola funtzionatzen duen adierazten da: adibidez, mugimendutik ateratakoari energia zinetikoa deitzen zaio, eta mugimendu hori urarena izan daiteke, haizearena, ibilgailu batena, etab.
Hori kontuan izanik, modu desberdinak daude energia deskribatzeko:
- Energia mekanikoa: Gorputz batek bere mugimenduagatik, (lurrarekiko) kokapenagatik edo bere deformazioagatik duen energia da. Energia mekanikoak dira, beraz, gorputz batek mugitzen denean duena (energia zinetikoa), altuera batean egonda grabitatearen bidez duena (energia potentziala) eta gorputz elastikoak deformatzen direnean dutena (energia potentzial elastikoa).
- Energia zinetikoa: Mugimenduarekin zerikusia duen energia. Mugitzen den zerbaitek duen energia da. Adibidez, mugitzen den bola batek beste bola bat jotzen duenean, lehendabiziko bolak duen energia bigarren bolari transferitzen zaio eta hau ere mugitzen da.
- Energia potentziala: Gorputz baten kokapenarekin zerikusia duen energia. Geldirik egon arren, gorputz batek eduki dezake lan bat egiteko gaitasuna. Adibidez, errusiar mendi bateko gurdia hasierako goiko puntura iristen den momentuan energia potentziala dauka, energia zinetiko bihurtzeko eta, horrela, halako distantzia bat egiteko beherantz eta baita gorantz ere; eta gurdiak goranzko bidea hartzen duenean, energia zinetiko hori berriro ere energia potentzial bihurtzen da.
- Energia termikoa: Beroarekin zerikusia duen energia da. Demagun tenperatura desberdina duten bi gorputz daudela; bada, bi gorputz horiek elkar ukitzen badute, orduan beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera transferituko da energia hori, beroa, alegia. Horren ondorioz, batak beroa edo energia termikoa galduko du, eta besteak irabazi. Hori gertatzen denean, bi gorputz horien tenperaturak berdindu egingo dira azkenik. Horri oreka termikoa deitzen zaio.