[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Testaccio mendia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Testaccio mendia 1625ko auzoko marrazki batean

Testaccio edo Monte dei Cocci Erroma hirian, Tiber ibaia eta Aventino mendien artean, K.o. I. eta III. mendeen artean eraikitako mendixka artifiziala da. 

Gutxi gorabehera kilometro bateko perimetroa du eta 50 metro inguruko altuera. Garai inperial erromatarreko zabortegia da, milioika anforaren hondarren pilaketaz osatua. Anfora horiek olioa zuten, eta Betikaren (Andaluzia) % 80tik gora iritsi ziren. Gainerakoak Afrikako iparraldeko anfora olearioak (olioa garraiatzeko anfora) dira, eta neurri txikiagoan Inperioko ekialdeko zatikoak.

Aureliar Harresiaren barruan zegoen eta gaur egun landaretzak estaltzen du. Testaccioa beti izan zen erromatarren bizitzaren parte, bere tradizio eta festen parte, baina XIX. mendearen amaiera arte ez zen ezagutu bere garrantzi zientifikoa, Luigi Bruzza eta H. Dressel-en lanei esker.[1]

Muinoaren garrantzia arkeologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfora horien gainean inskripzio batzuk gorde dira, etiketa modernoen antzera, antzinaroko olioaren ekoizpenaren eta banaketaren antolaketaren alderdi asko argitzen dizkigutenak. Epigrafe horiek olioaren ekoizpenaren antolamenduari buruzko informazioa ematen digute (anfora labean egosi baino lehen inprimatutako inskripzioak: zigiluak eta grafitoak), bai eta haren merkaturatzeari eta banaketari buruzkoa ere (anforaren gainean margotutako inskripzioak: tituli picti). Horrela bildutako informazioa oso aberatsa da; izan ere, anfora bakoitzaren epigrafeak Erromara eraman zuen merkatariaren edo garraiolariaren izena adierazten digu, baita kontrol fiskal konplexu bat ere, anfora eman zen urte zehatza eskaintzen duena. Horrek berebiziko garrantzia duen artxibo fiskal bihurtzen du Testaccio, Erromatar Inperioko olio betikoaren eta afrikarraren ekoizpenaren eta merkataritzaren historia ez ezik, merkataritzaren egitura orokorra eta Estatuaren esku-hartzea ulertzen laguntzeko ere.

Artxibo hau, europar arkeologiarako iturri nagusi bihurtzen du beste elementu batek : Betikako olio-anforak Erromatar Inperio osoan zehar hedatu ziren eta, Testacciotik kanpo pintatutako inskripzioak (tituli picti) aurkitzea arraroa den arren, ohikoa da, ordea, anforetan estanpatutako edo esgrafiatutako inskripzioak aurkitzea (zigiluak eta grafitoak). Hori dela eta, Testaccio-ko dokumentazioa fosil zuzentzaile bihurtu da gaur egun Europan egiten diren erromatar menderatzearen garaiko ia indusketa guztietarako. Testaccio-ko anforetan idatziriko inskripzioek haietan inprimatutako zigiluen kronologia zehaztu dezakete; eta beraz, zigiluek, era berean, indusketak dauden tokian datatzeko balio dezakete.[1]

Aztarnategiaren deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromako Testaccio mendian aurkitutako anfora bateko heldulekuan egindako erromatar tituli picti. Marrazkia hemen: H. Dressel, (1878) "Ricerche sul Monte Testaccio", Annali dell'Instituto di Directenza Archeologica. L plaka.

Muino triangeluarra 53 milioi anfora hautsien hondakinez osatuta dago; Olioa Erromara eramateko anforak ziren, batez ere, Betikakoak (guztizkoaren % 80 inguru) edo Tripolitaniakoak (guztizkoaren % 17). Gainerako % 3a Galiatik dator, italiar penintsulako beste eskualde batzuetatik, eta ekialdeko anfora batzuk ere dokumentatu dira.

Anforak Erromako portura iristen ziren, eta han hustu eta puskatu egiten ziren. Hondarrak Testaccio mendian uzten zituzten, eta, ondoren, karea botatzen zuten ontzien gainean, usain txarrik egon ez zedin; prozesu hori egiten zen ontziak garbitzea eta Betikara eta beste eskualde batzuetara bueltan bidaltzea ez zelako errentagarria.

Indusketa arkeologikoek erakusten dutenez, muinoa ez zen izan ustekabeko edo ordenarik gabeko zabortegia, baizik eta diziplinaz kudeatutako egitura bat, zeramika zatiez egindako eustorma bidezko terrazen bidez eraikia. 3 fase ezar daitezke egitura hori eraikitzeko. Lehenengoak K. a. 74 eta 149 egun bitartekoa da, bigarrena 149tik 230ra, eta hirugarrena gaur gaurkoz ikertzen ari dira.

Testaccio mendian aurkitutako anforek informazio ugari eman dute Erromako ibai-portuaren bilakaerari buruz eta hainbat alderdiri buruz, hala nola iberiar penintsularen eta Afrikako iparraldearen arteko merkataritzari eta Erromatar Inperioko hiriburuari buruz. Arkeologoen kalkuluen arabera, ontzi horietan garraiatutako olioari esker, urteko dietaren erdia oliba olioz —sei litro inguru— hornitu ahal izan zuten 250 urtez milioi bat lagunek.

Lehen ikerketa arkeologikoak XIX. mendearen amaieran egin zituen Henrich Dresselek. Berak anforak ikertu zituen, horien formak sailkatu zituen sistematikoki eta tipologiak ezarri. Hori dela eta, gaur egun, beste leku batzuetan ikerlariek aurkitzen dituzten anforak identifikatzeko, Dresselek sailkatutako zer forma den adierazten dute beraien txostenetan. Ondoren, George Edward Bonsor Saint Martin arkeologoak aztarnategi horretan Betikako zeramika ugari zegoela ikusi zuen. Emilio Rodríguez Almeida, Jose Maria Blazquez eta Jose Remesal arkeologoek ere egin zituzten ikerketak, Erromako Unibertsitateko Dipartamento di Scienze della Terrarekin elkarlanean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Investigación: Testaccio [ES»] ceipac.ub.edu (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]