[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Teleskopioaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Teleskopioaren historia XVII. mendean hasi zen.

1608an, Holandan, Hans Lippershey leiar fabrikatzaile alemaniarrak teleskopioa asmatu zuen. Legendak dio bi haur (Lippersheyren seme-alabak, agian) leiarrekin jolasean zebiltzala haren tailerrean, eta nahi gabe lortutako konbinazio bati esker, urruneko objektuak handiago ikustea lortu zutela[1].

Fenomenoaren garrantziaz ohartuta, asmakizuna Holandako agintariei eskaini zien Lippersheyk, sekretupean. Baina mirari hura erakusteko hainbat demostrazio prestatu zituzten holandarrek. Erakustaldi horietako batean izan zen Jacques Badovere frantziarra, eta bere maisu izandakoari gutun bat idaztea erabaki zuen, asmakizunaren berri emanez. Maisu hura Galileo Galilei zen, eta 1609ko maiatzean jaso zuen eskutitza.[1]

Galileo Galilei

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertan Badoverek zioen, begi hutsez ikus ezin zitezkeen izarrak beha zitezkeela teleskopioari esker, eta tramankuluaren deskribapen labur eta sinplea egin zion. Galileok horrela bere lehen teleskopioa egin zuen, organo zahar baten hodia erabiliz lenteei eusteko. Holandakoa baino askoz hobea zen italiarrak egindakoa: objektuak askoz gehiago handitzen zituen eta formak ez zituen hainbeste desitxuratzen.[1]

1610eko urtarrilaren 6ko gauean, hodi zahar hura Ilargira begira jarri zuen, gero Jupiterrera begira, zenbait izarretara zuzenduta ondoren. Astronomia modernoa jaio zen. Tresnaren eskubideak Veneziako Errepublikari eman zizkion, eta hortxe amaitu ziren Galileoren arazo ekonomikoak: objektu berri haren balizko aplikazio militarrek interes handia piztu zuten Errepublikako agintarien artean, eta esker ona dirutan adierazi zioten.[1]

Baina Galileoren gogoa ez zegoen lurreko kontuetan, zerukoetan baizik. Ilargiaren kraterrak eta ehunka izar ikusten lehena izan zen, baina aurkikuntzarik garrantzitsuena Jupiterren ilargiena izan zen; Kopernikoren teoria heliozentrikoa baieztatu zuen.[1]

Guztira 60 teleskopiotik gora egin zituen Galileok, gehienak nahiko kaxkarrak, urte batzuk geroago Johannes Keplerrek esandakoaren arabera, behintzat. Keplerrek berak, Huygensek, Cassinik eta beste hainbatek asmakizunari hobekuntza nabarmenak erantsi zizkioten berehala.[1]

Gaur egun, hamar metrotik gorako diametroko teleskopioak daude, 100 metrora iristen diren teleskopioak egiteko proiektuak badira, eta espazioan ere badabiltza ale batzuk. Hubble teleskopioak, esaterako, 11.500 milioi argi-urtera dagoen izarra ikustea lortu zuen. Eta merkatuan edozeinek eskura ditzakeen teleskopio merke eta sinpleenek 180 aldiz handitzen dute irudia; Galileoren lehen teleskopioak sei aldiz handitzen zuen, eta Lippersheyrenak hiru aldiz baino ez.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2008-03-02). «400 urte gora begira» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]